Eta horrek guztiak, gainera, ezustean harrapatu ditu asko eta asko. Astronomoak buru belarri ari ziren azken mendeetako ikuskizunik ederrenetakoa eskainiko duen Hale-Bopp kometaren ibilera aztertzen; bat-batean berriz, Yuji Hyakutake japoniarrak milaka lagun zerurantz begira jarri dituen kometa aurkitu zuen pasa den urtarrilean.
Artikulu hau argitaratzen denerako, kometaren inguruko albisteak aski ezagunak izango dira zuetariko askorentzat; baliteke irakurle askok zuzenean ikusita ere izatea Hyakutake. Leku ilunen batetik kometa ikusi duena gurekin bat etorriko da kometak eskainitako ikuskizuna ederra izan zela esatean. Begi-bistaz ikusterik izan dugu bere isats luzea eta, harrigarriagoa dena, hirietan ere ikusterik izan da batere instrumenturik erabili gabe, nahiz eta hiriaren argitasunak kometaren isatsa ezkutatu zuen.
Hyakutake kometa martxoaren 25ean pasa zen Lurretik hurbilen, 15 mila kilometro ingurura. Bere isatsa 500 mila kilometrokoa zen, hau da, Lurretik Ilargirainoko distantzia baino luzeagoa. Martxoko azken egunetan behaketak behar bezala egitea zailagoa izan zen, ilargia betetzen zihoan heinean ikuskizuna lausotu egiten baitzen. Aranzadiko Astronomia Sailak deiturik, Donostiako Paseo Berrian elkartu zen jendea kometa behatzeko asmoz; 4.000 lagun inguru elkartu zen bertan. Mundu osoan berebiziko arreta piztu zuen Hyakutake kometak eta estatu espainoleko astronomia taldeek antolatutako irteerak Kanarietako Astrofisika Institutuak koordinatu zituen. Donostian teleskopioak jarri genituen jendeak kometa ikus zezan, baina leku ilunago batetik begi-bistaz ikusterik bazegoela jakinarazi zitzaion bertara hurbildu zen orori. Horixe egin zezaten gomendatzen genuen, halaber.
Bura eta begiak Hyakutaken genituelarik oraindik, apirilaren 3tik 4erako gauean, Ilargi betearekin, ilargi-eklipse osoa ikusteko parada izan genuen. Gipuzkoan lainoek ez zuten hutsik egin eta eklipsea behar bezala behatzeko, Aranzadiko taldeak Nafarroa aldera jo behar izan zuen. Ikuskizuna ederra izan zen benetan: argia eta kolorez beterik, argazkietan isladatzen saiatu garen legez.
Izan ere, ortziari begira emandako ordu luze horien testigantza gisa, ondoko argazkiak ekarri ditugu. Kometaren argazkiak teleobjektibo txikiekin egin dira, 28-20 mm-koak, isatsa hartu ahal izateko. Eklipsearen irudia jasotzeko berriz, teleobjektibo handia erabili genuen, Ilargia bere osotasun eta edertasunean ager zedin. Argazkiaz ari garenez gero, Donostiako Fotokai dendak emandako laguntza eskertu nahiko genuke, berak emana baita argazki-erreportaje hau bideratzeko behar izan dugun materiala.
Arestian esan bezala, berebiziko ikuskizuna eskaini digu ortziak. Zorionez, aurten bertan aukera gehiago izango dugu eta, batere ohizkoa ez izan arren, kometa eta ilargi-eklipse gehiago izango da aurki.
Gu bisitatzera etorriko den hurrengo kometa ezaguna izango zaizu, irakurle, otsaileko alean luze samar hitz egin baikenuen Hale-Bopp kometari buruz. Orduan esan genuenez, 9ko magnitudea izango duela uste dute adituek eta azken behaketek baieztatu dutenez, hori baino distiratsuagoa izango omen da. Hyakutake txikia gera daiteke horren parean! Nolanahi ere, hori horrela izango ote den ez dugu aldez aurretik jakiterik eta, beraz, izan gaitezen zuhur.
Kometa ikusgarria izango dela aurrez esatea ez da erraza, baina Hale-Bopp-ek itxura ederra eskaini du orain arte. Abuztuan jakingo dugu bere berri zehatzago, ura sublimatzen hastean izango duen garapena aztertu ondoren. Edozein kasutan, astronomoek gutxienez Hyakutake-ren neurriko ikuskizuna izango dela iragarri dute.
Eta ilargi-eklipsea irailaren 27an izango da. Itxura guztien arabera, apirilean izandakoaren oso antzekoa izango da. Argazki eder gehiago egiteko aukera franko izango dugu, beraz.