Hotzikarak

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Seguruenik ez da inor munduan gaur aipatuko dugun sentsazioa inoiz jasan ez duenik. Munduko biztanle guztiek sentituko zuten noizbait hotzikararen bat.

Nahikoa zaila da hitzen bidez sentsazio hau deskribatzea: bizkarrean behera doakigun deskarga elektrikoaren antzeko zerbait da, edo baita urdail-inguruan nabari den sastada moduko bat ere. Dena den, bada sentsazioari lotua doan agerpen bat: larruazala zutitu edo tentetu egiten da, eta horri normalean oilo-ipurdia deitzen diogu. Bestelako funtsezko zeinu bat, hotzikararen bapatekotasuna eta kontrolaezintasuna da. Aldez aurrertiko inolako abisurik gabe azaltzen da hotza dugunean, edota beldurra, urduritasuna edo maitasun-zirrara gogor samarren bat sentitzen dugunean: hotzikara agertu egiten da, eta ezer gutxi egin dezakegu.

Hotzikara eta sukarra. XVIII. mendeko J. Rowlandson-en karikatura.

Azken finean zutitu edo tentetzen dena ez da larruazala bera; larruazaleko biloa baizik, hori gertatzeko azken arrazoiak oraindik oso argi ez dauden arren. Zergatik gertatzen da, bada, larruazaleko bikortadura fin hori eta ileen zutitzea? Beldurrak, hotzak, etab.ek sortutako sentsazioa nerbio-sistemaren goimailako zentruetara iristen da, eta zentru hauek larruazala estaltzen duten ile bakoitzera bereziki zuzendutako seinale nerbiosoa bidaltzen dute.

Hori horrela gertatzen dela gauza frogatua da, baina bada izaera nerbiosoaz gain, ile-zutitzean faktore hormonalen zeregina ere aipatzen duen zenbait autore. Sentsazioa gertatu bezain pronto, giltzurrungaineko muinak adrenalina jariatzen du eta odolean zehar barreiatzen da. Bestalde, nerbio-zuntzen bukaeran odoleko adrenalinaren antzeko beste bitartekari kimiko bat jariatzen da. Bi erreakzio horiek aldi berean gertatzen direnean, hotzikara abiatu egingo da.

Eta zertarako hotzikara, galdetuko du batek baino gehiagok? Gorputza hotzez dagoenean bero-apur bat esperimentatzeko bide bezala onar dezakegu hotzikara, oro har. Animaliekin egindako saio eta esperimentu ezberdinak erakusten dutenez, animaliek hotz dutenean defentsa-mekanismo bezala automatikoki ilea zutitu egiten dute. Horrela gorputz osoko termorregulazioa mantentzen saiatzen dira, h. d. kanpoko hotza eta are gehiago larruazalean sentitzen duten hotza gorputzera sar ez dadin saiatzen dira. Bide honetaz baliaturik beren gorputza kanpoko tenperatura hotzetatik babesten dute.

Airea, hotzaren eta beroaren oso eroale txarra da. Animaliaren ilea tentetzen denean, larruazal gainean doan airea atxilotzen du, gorputzeko beroa gal ez dadin kamara moduko bat sortuz. Azken finean, ile zutituak hesi bat eratzen du, kanpoko hotza gorputzaren barnealdera sar ez dadin.

Hala ere, ez da hotza erreakzio hori sortzen duen eragile bakarra. Nork ez du ikusi katua aurrean zakurra duelako bizkarra konkortuta eta ile guztiak erabat tente dituela?. Ileak zutik jartzen zaizkionean, katuak tamaina handiagoa hartzen du eta itxuraz indartsuago eta mehatxugarriago agertzen da bere etsaien aurrean.

Arrazoi bategatik edo besteagatik, mekanismoa hortxe dago eta hotzikara gaur arte iritsi da. Eta XX. mendeko gizakiak, seguru ez dagoen egoera baten aurrean edota beldur, hotz, etab. denean, hotzikarak izaten ditu, eta izerdi hotzetan bustita larruazalak oilo-ipurdi itxura hartzen du.

Lehen esan bezala, ustekabean agertzen da hotzikara: mekanismo erreflexu bat da eta hiru sentsazio-mota nagusiren aurrean jartzen da martxan: hotzagatik, lehenik; arriskutan gaudenean edo beldurraren ondorioz bigarren, eta maitasunaren inguruko sentsazioren batekin lotua

laztanak, begiradaren bat, etab.

Hotzikarak prebenitzeak, beraz, hiru egoera horiek ebitatzea suposatuko luke eta hori ia ezinezkoa da, eta hirugarren kasuan ezta gomendagarria ere. Kontutan eduki beharra dago, bestalde, hotzikara ez dela kezkatzeko moduko ezer. Ez du inolako kalterik sortzen eta kasurik okerrenean ere, agertu bezain azkar joaten den sentsazio molesto baina iheskor bat besterik ez da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila