Asko, eta alde eta ikuspuntu desberdin ugaritik, hitz egin da Doñanako hondamendiaren gainean. Gertatutakoari garrantzia kendu, eman; hartutako neurriak kritikatu, txalotu; bertara joan kalteak ikusteko, hanka egin deklaraziorik egin behar ez izateko… denetarik.
Ezin orrialde hauetan guztiaren berri eman, baina gutxienez, adituez osatutako talde batek argitaratutako txostenen inguruko zertzelada batzuk emateko moduan bagara.
Kontuan hartu txostenak Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak osatutako Batzordeak eginak direla, beraz, beti ere mezu ofizialetik gertu izango dira. Dena den, ur-toxikoa garbitzeko erabakian, ez zaio Kontseilu honek karea erabiltzeko esanez eman zuen aholkuari jaramonik egin, horren ordez karbonato toxikoa erabiltzea erabaki zuten. Batzordea, 18 pertsonek osatu zuten, adituak denak (kimikariak, biologoak, perito agronomoak, natur parkeetako zuzendariak…). Aznalcóllarreko presa apurtzeak eragin zuen egoera, eta egoerari aurre egiteko zer egin aztertu zuen. Hona hemen, bada, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Batzordeak ateratako ondorio nagusiak:
Larrialdi-egoerari aurre egiteko hartutako neurriak egokiak izan dira ingurugiro-arazoa handiagoa izan ez zedin (apirilak 29).
Ingurugiro Ministerioak eta Ingurugiro Kontseilaritzak hartutako neurriek, arazoaren muga geografikoa markatzeaz gain, inguruan zabaldutako hondakinak ezabatzea erraztu egin dute (maiatzak 5).
Uraren pH-a gehituz gero, metalen prezipitazioa eta sedimentuan ibilgetzea lortuko litzateke. Hori, errekaren goialderaino egin beharko litzateke. Behin ur-kopurua gutxituta, metal-kontzentrazio txikiagoarekin, lohia tresna mekanikoak erabiliz kentzeko modua legoke (apirilak 29).
Presako urari tratamendu kimikorik egin ez zaionez, uraren azidotasunaren gorakada nabarmendu da. Goitik urak dakarren lohiaren lixibatzearekin lotu da azidotasunaren gorakada hori. Behin lohiak mugituta, lixibatzea bertan behera geratuko dela espero da, eta horren arabera, bildutako uraren azidotasuna estabilizatu egin beharko litzateke. Berriro ere, ura kimikoki tratatzea gomendatzen da; euri-sasoia iritsi baino lehen gordetako uraren 2,5 hektometro kubiko hustu beharko lirateke, goialdean dagoen lohi dena kendu ahal izateko. Ur-kantitate horren tratamenduak 2.000 tona kaltzido oxikoa botatzea eskatuko luke, zatikatuta, presan bertan ura zati desberdinetan mugatuz. Dekantazio bidez ateratako ura, iragazki-lana egingo lukeen kararrizko kanal batera eraman beharko litzateke (maiatzak 5).
Uraren pH-a gehitu den arren, metalen kontzentrazioa ez da gutxitu, beraz tratatu aurretik egin gabe ez litzateke bota beharko Gualdalquivir ibaira, oso arriskutsua izango litzateke eta. Lehen esan bezala, ura isurtzea erabakiko balitz, derrigorrez beharko luke aurretik tratamendu kimikoa, metalen dekantaziorako ohiko metodoak erabiliz (maiatzak 22).
Larrialdi-neurri horiek hartutakoan, kaltetutako urak garbitzeko depuradora jarri beharko litzateke (maiatzak 5).
Presan bertan dagoen lohi eta ura prozedura kimikoen bidez tratatu beharko lirateke, bertatik ezer atera gabe (apirilak 29).
Ur horrek metal astunak eta azidotasun handia dituenez, Guadalquivir ibaira botatzeak ekosistemari kalte handia eragingo lioke (maiatzak 5).
Lohiak kentzeko, lehenik kontuan hartu behar da oso toxikoak direla, beraz segurtasun-neurri zorrotzak hartu behar dira.
Bigarrengoz, kontuan hartu behar da, ezinezkoa izango dela poluitutako dena udazkena baino lehen ateratzea, beraz lehentasuna eman behar zaio gizakiarentzat eta urarentzat kaltegarrien izan daitezkeen guneen garbiketari (maiatzak 5).
Pirita-lohiaren zati handi bat partikula oso txikiek osatzen dute, harnasketaren bidez har daitezkeenak, beraz oso arriskutsuak. Ondorioz behar-beharrezkoa da lohia ateratzen ari diren langileak segurtasun-neurri guztiak behar bezala betetzea.
Lohiaren lixibatze-froga denek erakusten dute mugikortasun handiko metalak direla, horrek baieztatzen du lohiak ahalik eta azkarren kentzeko beharra (maiatzak 12).
Behar-beharrezkoa da elementu poluitzaileen jarraipena egitea, bai ekosistemarena eta baita kontsumora bideratuta dauden urarena eta janariena ere (apirilak 29).
Poluitutako dena ezin ezabatuko da, beraz beharrezkoa da jarraipena egitea (maiatzak 5).
Epe motz eta ertainean, egin behar dena egiteko beti teknologia bigunak erabili beharko lirateke, ingurugiroa errespetatuko dutenak (apirilak 29).
Aznalcóllarreko meatze zaharra toki egokia izan daiteke, ateratzen den lohiari behin-behineko kokapena emateko (maiatzak 5).