Hondakin organikoak ere birziklatzen

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Gizartean birziklapenaren aldeko kontzientzia indartzeko ekimenak gero eta ugariagoak dira. Horren harira, hiri-hondakin solidoen frakzio organikoa kudeatzeko zenbait egitasmo jarri dituzte martxan Bizkaian: konposta eta tratamendu mekaniko biologikoa egiteko instalazioak, besteak beste.
Hondakin organikoak ere birziklatzen
2008/10/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa; MEC)

Papera eta plastikoa birziklatzeko ohitura nahiko zabaldua dagoela esan liteke. Etxeko zaborrean, lorategietan, zenbait enpresatan eta abarretan sortzen diren hondakin organikoak, berriz, zuzenean zabortegira botatzen dira askotan, oraindik ere. Gauzak aldatzen ari dira, ordea. Gaur egun, hondakin horiek berrerabiltzeko joera sortzen ari da, eta modu industrialean erabiltzen hasi dira. Horren adibide besterik ez dira, beste askoren artean, Bizkaiko bi egitasmo hauek.

Konposta

Bizkaian eraikiko den Artigasko konpostaje-instalazioak Bizkaiko inausketa eta lorezaintzan geratzen diren hondakin organikoak tratatuko ditu nagusiki. Instalazio horretako konposta lorezaintzarako eta nekazaritzarako erabiliko dute. Horren eta lurraldeko beste eskualde batzuetan egingo diren instalazio txikiagoen bidez, Bizkaian sortzen diren lehen mailako hondakinen % 4 konpost bihurtzea jarri dute helburu 2016. urterako (32.463 eta 36.277 tona artean, urtean).

Baina, zertan datza konposta lortzeko prozesua? Lehendabizi, instalazio horretara heltzen diren kamioiak erregistratu egiten dira, datuen kontrola osatzeko. Instalazioko langileen jarraibideen arabera, kamioiek horretarako prestatutako tokietan uzten dituzte hondakinak. Ezertan hasi aurretik, material hori guztia deskonprimitu eta berrikusi egiten dute. Hala, jasotako material desegokia dagokien edukiontzietara bideratzen dute, jarraian haren kudeaketa behar bezala egin ahal izateko.

Hondakinak kudeatzeko instalazioan onartuko diren hondakinen kalitatea erregulatzeko, irizpideen katalogo bat egingo da. Palatik makina birrintzailera eramango dira hondakinak, eta han birrindu egingo dira, nahi den tamaina eskuratu arte. Hondakinak txikitzean material horien azalera asko handitzen da, eta, hala, geroko konpostaje-prozesua errazten da. Makina birrintzailetik irteterako, bereizgailu magnetiko batek materialean egon daitezkeen osagai magnetikoak erakartzen ditu.

Konpostak nekazaritzako oinarrizko ongarrien % 8 ordezka dezake. Hala, fosfatodun erreserbak zaindu --gero eta gutxiago daude-- eta ongarri mineralak ekoiztean sortzen diren berotegi-gasak gutxitzen dira, besteak beste. Gainera, konpostari esker, lurzoruetako substantzia organikoa etengabe gehitzen da.

Konpostajea aspalditik egiten da hainbat lorategi eta mintegitan.
E. Imaz

Aurreikuspenen arabera, datozen urteetan konpostaren eskaria asko gehituko da. Konposta lurzoruaren goiko geruzen kalitatea hobetzeko aukera ona da. Alemanian 90eko hamarkadaren hasieran egindako proba batzuen bidez egiaztatu zuten konposta ondo erabil daitekeela 50 cm-ra arteko sakoneretan ere. Lurzoruaren goiko geruzaren egitura hobetzen du --sakonera gutxiko sustraiak dituzten landareei on egiten die horrek--, eta, epe luzera, metano-igorpenak murrizten laguntzen du.

Tratamendu mekaniko biologikoa

Tratamendu mekaniko biologikoa, berriz, hiri-hondakin solidoen frakzio organikoei aurretratamendua emateko eta horiek modu berezian erabiltzeko teknologia da. Helburu nagusia da hondakinak geldotzea, alegia, atmosferara (biogasa) eta lurzorura (lixibiatuak) egindako kutsadurak ezabatzea.

Bizkaian diseinatu duten tratamendu mekaniko biologikorako instalazioak 180.000 tona tratatu ahal izango ditu urtean. Prozesuak lau urrats izango ditu: hondakinak hartzea, tratamendu mekanikoa, lehortzea edo ontzea eta geldoak bereiztea.

Ziklo osoak sei eta hamar egun bitartean irauten du. Zaborrak jasotzen direnean, hondakinak irauli eta biltegian gorde egiten dira, ikusizko lehenengo kontrola eta material desegokiak kentzeko banaketa egin artean.

Material desegokien eta balioztatu ahal diren materialen bereizketa egin ostean, materiala tratatu egiten da, lehortu eta ondu aurretik. Tratamendu mekanikoan materiala uhal garraiatzaile baten bidez mugitzen da, eta, han, tamainaren araberako sailkapena egiten da.

Hondakinak biltegian gordetzen dira materialen bereizketa egiten hasi aurretik.
Bizkaiko Foru Aldundia

Ondoren, argi infragorrien bidez, material plastikoa bereizten da, eta irakurgailu optiko baten bidez materialak dentsitatearen eta kolorearen arabera bereizten dira. Hondakin plastikoak haize-kolpeen bidez bereizten dira. Halaber, imanen bidez burdinazko materialak beste guztietatik bereizten dira. Ondoren, eskuz egiten da azken sailkapena.

Lehortzea edo ontzea hormigoizko tuneletan egiten da. Materialak sei eta hamar egun bitartean egoten dira erreaktore batzuetan, horien osagaiak lehortzeko eta degradatzeko. Katearen amaieran, lur mugikorra eta saretxoa dituen tunel batera eramaten da zaborra, eta, han, airea sartzen da. Horrela, hondakinaren geldotzea edo hartzidura bizkortu egiten da, eta bolumenaren % 20 galtzen du. Gutxi gorabehera astebete igaro ondoren, tratatu diren hondakinak erraustegira eramaten dira.

Konpostaje-instalazioaren eta tratamendu mekaniko biologikoaren proiektuak Bizkaiko hiri-hondakin solidoak kudeatzeko egitasmoaren barruan sartzen dira. Helburu nagusia da hondakin-kopurua gutxitzea, eta, ahal dela, hondakin horiek berrerabiltzea.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
246
2008
10
034
Birziklatzea; Ingurumena
Artikulua
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila