Higidurak, inertzia eta abar

Martxan doan trenetik bere burua botatzen

Edozein laguni trenetik saltatzerakoan aurrera begiratuz, hau da, trenaren noranzkoaren aldera ala atzera jauzi egin behar ote dugun galdetzen badiogu, honek "inertziaren legearen arabera, aurrera begiratuz" esango digu ezbairik gabe. Baina pixka bat gehiago sakonduz, honek inertziaren legearekin zer erlazio daukan edo nola adierazten duen galdetzen bazaio, ziuraski bere ideia erabat garbi uzteko mintzatzen hasiko da, baina mozten ez badiogu, puntu batera iritsitakoan mutututa geldituko zaigu: inertziaren legearen arabera… saltoa atzera begira egin beharko litzatekeela, hau da, trenak daukan noranzkoaren aurka ondorioztatuko du, eta ez hasieran esan duen bezala.

Azaldutako kasu honetan inertziaren legeak bigarren mailako eginkizuna baino ez dauka, zio edo arrazoi nagusia bestea baita. Noski, benetako arrazoia dena alde batera uzten badugu eta inertziaren legeari soilik heltzen badiogu, ondorio okerrera iritsiko gara, bere emaitza negargarriarekin gero teoriak esandakoa praktikara eraman nahi badugu, behintzat.

Pentsa dezagun bere bidetik doan trenetik jauzi egin behar dugula. Zer gertatuko da?
Trenetik saltoa egin bezain laster inertzia dela eta, gure gorputzak lurrarekiko trenaren abiadura bera izango duela; baita aurrera jarraitzeko joera ere. Baina saltoa trenaren martxaren kontra, hots, atzera begira, eta indartsu egiten badugu, inertziaren bidez daukagun abiadurari guk saltoaren bidez egindako atzera aldekoa kenduko zaio eta, beraz, lurrarekiko izango dugun abiadura lehenengo kasukoa baino txikiagoa izango da. Honen ondorioz geure buruak lurrera erortzeko izango duen arriskua ez da hainbestekoa izango.

Martxan doan ibilgailutik denok aurrera begira egiten dugu salto Zergatik?
CAF

Hala eta guztiz ere, martxan doan ibilgailutik saltatzean denok aurrera begira egiten dugu saltoa (nahiz eta gure gorputza atzera bota). Ezbairik gabe, hau da bide zuzena eta gure irakurleari bihotzez gomendatzen dioguna.

Baina nola izan daiteke hori? Aurrean eman dugun adierazpena zuzena ez delako, eta osoa ere ez delako. Edonora begiratuz saltoa egin ondoren erortzeko daukagun zioa honakoa da: gure gorputzaren goi-parteak trenaren arabera higitzen jarraitu nahi duen bitartean, oinek lurra ukitutakoan gelditzeko joera hartzen du. Baina geure burua aurrera begiratuz botatzen badugu, egin ohi dugun bezala, hanka bat eta gero bestea, hots, urrats batzuk egiteko aukera izango dugu eta erortzea saihestu egingo dugu. Jarduera-mota hau egunero oinez gabiltzanean egiten duguna da. Oinez ibiltzea, fisikaren ikuspegitik, aurrera alderako sasierorketa-andana baino ez da: benetako erorketa saihestu egiten dugu behar den hanka aurreratzen dugulako.

Aldiz, geure burua trenetik atzera begiratuta botako bagenu, nahiz eta inertziaren ikuspegi logikoagoa izan, pausoak emateko aukerarik ez genuke izango eta erori egingo ginateke. Bestalde, erori behar badugu beti da egokiagoa aurrera erortzea eta eskuekin kolpearen ondorioak nola edo hala leuntzea.

Honetatik ondorio garbi bat aterako dugu: aurrera begira egindako saltoaren segurtasun handiagoa, inertziari baino gehiago urratsak egiteko daukagun ahalmenari dagokiola. Horregatik, arau hau ez da objektuekin betetzen. Trenetik objektu hauskorra bota behar badugu (botila, esaterako) hobe izango da atzera botatzea aurrera botatzea baino, horrela hausteko probabilitatea txikiagoa izango baita. Horregatik, eta trenetik alde egiteko bide egokiena hau geldirik egotea dela jakin ondoren, aldez edo moldez egunen batean martxan doanetik alde egin behar baduzue, lehenengo zuen fardeleria edo ekipajea atzera bota eta ondoren zeuen burua aurrera begiratuz dela (eta atzera alderako bultzadarekin) jauzi egin. Horrela, alde batetik inertzia dela eta, gorputzak daukan abiadura moteldu egingo duzue eta, bestetik, hankaz gora erortzeko arriskua saihestu egingo duzue.

Eskuarekin tiratako balari heldu

Lehen Mundu Gerran egunkari batean agertutako albiste baten arabera, hegazkinlari frantsez bati gauza bitxia gertatu zitzaion. Lurretik bi kilometrora hegazkin batean zihoan bitartean bere aurpegiaren ondoan objektu txiki bat higitzen ari zela konturatu zen. Zomorroren bat izango zela pentsatuz, ziplo eskuarekin harrapatu zuen. Eta … hara, harrituta geratu zen harrapatutakoa fusil aleman baten bala zela ikusi zuenean.

Honek Münchhausen baroiaren ipuinak ekartzen dizkigu burura, baroi honek tiratako kainoi-bala bati heldu ziola esaten baitzuen. Baina ipuinak alde batera utzita, esandako albistea ez da inola ere ezinezkoa.

Balak ez doaz beti beren hasierako abiadurarekin, hau da, mila metro segundoko abiadurarekin, gutxi gorabehera; aldiz, airearen eragozpena dela eta, gero eta motelago doaz eta erortzen hasi aurretik berrogei metro segundoko abiadura baino ez daukate. Abiadura hori, garai hartako hegazkinek izan zezaketen; beraz, nahiz txiripaz izan, balak eta hegazkinak aldiune batean abiadura berdintsua izan zezaketen eta orduan bala hegazkinlariarekiko ia geldirik egongo litzateke. Beraz, honek eskuarekin erraz har zezaken; eskularruarekin, noski, balak airearekin izandako marruskaduragatik asko berotzen dira eta.

Hegaztien arriskua

Egoera egokian tiratako bala arriskugabeko zerbait bihurtzen bada, kontrakoa ere izan dezakegu, hau da, "gorputz baketsuaren" abiadura txikiak ondorio kaltegarriak eragin ditzake.

Azken urte hauetan erreakzio-hegazkinek lortu dituzten abiadura ikaragarriak direla eta, zenbait kasutan hegazkinen eta hegaztien artean izandako talken ondorioz matxurak (eta batzuetan istripuak) gertatu dira. Baten batek honakoa galde dezake: txoritxo arin batek zer arrisku sor diezaioke ehun bidaiari baino gehiago eraman dezakeen hegazkinari? Baina bostehun metro segundoko abiadurarekin doan hegazkinaren aurka txoriak talka egiten duenean, metalezko estaldura edo pilotuaren kabinaren beira puska dezake. Eta zer esango dugu aldez edo moldez motorraren toberatik sartzen bada? Horrelako talkaren ondorioz, orain dela hogeita bost bat urte, Theodore Erymann izeneko hegazkinlari iparramerikarra erreakzio-hegazkinean entrenamendu-hegaldia egiten ari zela hil egin zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila