Hermes, bidean dago

Nahiz eta alemanak oraindik guztiz ados ez egon, abioi espazial europarra eraikia izango da. Abioi espazial honek europarren jaurtigailua izan nahi du. Dassault-aérospatiale enpresen "cockail"al eraikitako jaurtigailuak, hamar urteren buruan hegan egin beharko du lehenengo aldiz. Honela, europarren independentzia espaziala guztiz ziurtatuko da.
Europarrok espazioaren esplorazioaren gailurrean jar gaitezke Ariane-5/Hermes proiektuari esker.

Hamar urte barru, Kourou-ko base espazialean espazionauta europearrez osatutako ekipo batek, bere lekuak beteko ditu Hermes abioi espazialaren kabinan. Ariane V koheteak bultzaturik, abioi espazialaren lehenego hegalaldi tripulatuari hasiera emango zaio.

Abentura hasia da jadanik. Hermes projektua martxan jartzeko, bi enpresa frantsesek, Aérospatiale eta Marcel Dassault -ek, beren indarrak bat egin dituzte. Hermes abioi espazialak 10 m-ko hegal-zabalera eta 16 m-ko luzera du. Bere pisua berriz, hutsik dagoenean, 9 tonakoa da.

Orbitan egongo denean, bere masa 16 tonakoa izatera irits liteke, zeren eta 2,5 tona erregai eta 9,5 tona karga garraiatzeko diseinatua egongo bait da.

Nahiz eta Alemaniak oraindik oztopoak jarri (herri honek proiektuan izango duen parte hartzea bere industria pribatuaren esku egongo da), Hermes -a ESK -ren programen barnean aurki sartuko dela espero da. Orain arte, Suedia, Danimarka, Belgika, Herbeherak, Suitza, Austria, Italia, Espainia eta Eirek eman diote baiezkoa proiektuari.

Hermes jaurtigailuaren bi ale eraikiko dira. Hauetako bakoitza 30-50 hegalaldi egiteko gai izango da. Hasieran, urteko bi hegalaldi izango dituela pentsatzen da. Amerikarren jaurtigailuaren antzera, Hermesa itzuli-mitzulika ibiliko da Lurraren inguruan eta bere barnean hainbat saio eta ikerketa burutuko da. Hala ere, Hermesen lanaren zatirik handiena Lurra eta estazio orbitalen arteko garraio-lana izango da. Beraz, estazio amerikarra izango da orbitan, eta europarra eraikitze-bidean.

Nahiz eta programa amerikarraren antz handia izan, badira desberdintasunak. Jaurtigailu amerikarraren kasuan, tripulazio eta ekipaia batera garraiatzen dira. Hermes programan aitzitik, jaurtigailuak tripulazioa orbitan jarriko du misioa betetzeko beharrezkoa duen tresneriarekin batera, baina sateliteak (komunikazio-sateliteak esaterako) aparteko Ariane-5 batek jarriko ditu orbitan. Sateliteak kohetearen muturrean, non diametroa 5,7 m-koa bait da, kokatuko dira. Amerikarren jaurtigailuak ezin du 4,5 m diametroko objektua baino handiagorik espazioan jarri. Abantaila izango dugu horretaz europearrok, zeren eta estazio europarraren moduluak amerikarrenak baino handiago izango bait dira.

Beste aldetik ordea, badira amerikarren jaurtigailuak egin ditzakeen eta Hermesak egiterik izango ez dituen misio batzuk. Zama handiagoak eraman ahal izatea eta orbitan dauden sateliteak jaso eta lurreratu ahal izatea dira horietako bi.

Material berriak

Amerikarren jaurtigailuaren istripuak erraztu egingo du, ziurki, Hermesaren garapena.

Material berriek eta sistema "espertoek" zeregin garrantzitsua izango dute Hermesaren garapenean.

Sistema "espertoak", hau da, beren kalkulu-funtzioak bikoizteko inferentzia logikoak egiteko diren ordenadoreak, edonon izango dira Hermesen. Pantaila konbertsazionalen erabilpena, ugaria izango da gainera.

Abioien eraikuntzan material berriak inportantzia handia hartzen ari baldin badira, are garrantzitsuagoak izango dira Hermesen. Uste denez, Hermesaren masaren %80a material berriez osatuta egongo da. Kabina bakarrik eraikiko da ohizko materialez.

Zein materialez emango diote Hermesi babes termikoa? Muturrerako, hegalen eraso-ertzerako eta generalean 1400°C-1600°C tarteko tenperaturak jasan behar dituzten zonetarako material zeramikoak erabiliko dira. Hauetako batzuk frogatuak izan dira jadanik propultsagailu txikitan, estatorreaktore eta turborreaktoretan. Matriz zeramiko baten (silizio karburotan) uztartutako zuntz zeramikoek "composite"en jokaera mekanikoa dute eta zeramiken jokaera termikoa.

Hegalak eta fuselaia osatuko dituen materiala aukeratu gabe dago oraindik. Hala ere jakina dena zera da; Hermesa ez dela amerikarren jaurtigailuak dituen ezkata erregogorren moduko materialez estaliko. Jaurtigailuan, ezkaten artean tartetxo bat uzten da zabalkuntzarik izan dezaten. Honela, ezkatak aurpegi bakarrez lotzen zaizkio fuselaiari eta nahiko erraz askatzen dira. Ezkata erregogorrak ordezkatzea da jaurtigailuen mantenu-lanaren zati handi bat.

Hermesaren kasuan fuselaia bera izango da egitura babeslea. Zeramika erabiliko da eta ondorioz ultrarina izateaz gain termikoki eta mekanikoki erresistentzia handikoa izango da. Apostu arriskutsua izan liteke horrelako egitura proposatua, zeren eta gainazalaren hondatze orok egitura osorena berekin izango bait du.

Hermesaren tamaina amerikarren jaurtigailuarena baino txikiagoa izango denez, hark beroa xahutzeko arazo txikiagoa izango du.

Hermes programaren arazo asko, ebazteko dago oraindik. Hala ere, datorren hamarkadaren bukaeran europarrok gure jaurtigailu propia izan dezakegu hegan espazioan.

OHARRA: Badago Hermes bezalako ibilgailu espazialen nomenklaturari buruz nahikoa nahasmendua. Amerikarrek beren ibilgailuari Shutle esaten diote. Gazteleraz bi eratara adierazten da: lanzadera eta transbordador espacial gisa. Frantsesez navette esaten diote. Frantsesek ibilgailu europearrari avion spatial izena jarri diote. Izenei dagokionez, badirudi ibilgailu amerikarrak eta europarrak bereizi egin nahi direla, nahiz eta funtsean gauza berbera izan. Hortaz, euskaraz hauek izendatzerakoan bereiztu egingo ditugu; Amerikarrenari jaurtigailu edo transbordadore esango diogu. Europarrenari berriz, abioi espazial. Ibilgailuak dituen funtzioak kontutan hartuz, azken honek dirudi izenik egokiena honelakoak izendatzeko.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila