Hego-haizearekin batera ... uso-ehiztarien eromena

Normalean eguraldiaren iragarpenek diotenari buruz konfidantza handirik ez badugu ere, badago urriaren hasieratik aurrera erne baino erneago entzuten dituen jendea: uso-ehiztarien taldea, hain zuzen. Urtea joan, urtea etorri, hortxe segitzen dute usoa barra-barra pasatzen deneko egun horietako bat harrapatzeko itxaropenez. Eta ehizaldirik hoberenak hego-haizearekin egiten dituztenez, horixe egingo duela entzun nahi izaten dute albiste-saioaren bukaeran. Zein dugu bada, hutsik egin gabe udazkenero gure zeruan saldoka agertzen den animalia hau?

Itxura hain sendoa eta hegaldi indartsua duen hegazti bikain honek 40-42 cm-ko luzera du, eta bere pisua 500 gramo ingurukoa da.

Pagausoa (Columba palumbus) usorik handiena dugu. Itxura hain sendoa eta hegaldi indartsua duen hegazti bikain honek 40-42 cm-ko luzera du, eta bere pisua 500 gramo ingurukoa da. Kolore gris-urdinska dauka eta, bai lepoaren bi aldeetan, eta bai hegaletan, marra zuri nabarmenak ditu. Bularralde gorriska du, begi horiskak eta burua txikia. Punta beltza duen isats luzea bereiz daiteke gertu samarretik ikusi ahal izanez gero. Sexu biak berdinak dira. Gazteak, berriz, helduak baino grisagoak dira, eta ez dute lepoaren bi aldeetako luma zuri eta berdeen arrastorik ageri.

Elikadurari dagokionez, zitu-garauez eta landareen zati berde eta haziez elikatzen dira pagausoak urtean zehar. Udazkenean pinu-hazi, pago-, arte- eta haritz-ezkurrek osatzen dute animaliaren dieta. Aipatutako haziak jateko zaletasunak alor eta soroetara eramaten ditu uso-taldeak, nekazariak haserraraziz.

Beste hegaztiek ez bezala, pagausoak usakumeak ez ditu animali proteinaz osatutako dietaz elikatzen jaio eta ondorengo lehen egunetan. Izan ere, helduek beren paparreko birapoan ekoiztutako ugaztunen esnearen antzeko likido bat ematen baitiete usakumeei lehen egun horietan.

Habia zuhaitzetan eraikitako zotz eta zirinez osatutako egitura ahul samarra izaten da, eta bertan emeak bi arrautza zuri jartzen ditu apiriletik aurrera. Usakumeak 17-19 egunen buruan jaioko dira, garapena nahiko atzeratua dutelarik, baina beste 20 bat egunetan, habia uzteko moduan izango dira. Txitoak aurrera ateratzeko azkartasun horri esker, bi eta hiru errutaldi izan ditzake, azkeneko errutaldia, uda bukaerako zitu uztak prest daudenekoa, arrakastatsuena delarik.

Urtero bezala, uso gehienak egu gutxi batzuetan joaten dira, zenbait lekutan ikuskizun zoragarria eskainiz, pasatzen direnak zenbatu egiten direlarik.

Pagausoak banaketa zabala du Europan zehar, Iberiar penintsula eta Marokotik hasi eta Eskandinavia eta Errusiaraino heltzen da eta. Euskal Herrian oso arrunta ez bada ere, Europako hainbat herrialdetan pagausoa herri eta hirietako parke eta lorategietako animalia lasai eta ugaria dugu, zenbait kasutan jendartean eskutik jatera ohitu delarik. Zein urruti dagoela iruditzen zaigun irudi hori migrazio garaian tirokatzen dugun animalia izu eta basati horretatik!

Normalean taldeka ibiltzen den uso hau, gure lurraldetik pasatzen deneko migrazio garaian ikusten dugu batez ere, baina Europako hegoaldean, Erresuma Batuan, eta Holanda eta Belgikan sedentarioa da, negua ere bertan ematen duelarik. Hanketan jarritako eraztunen bidez jakin ahal izan denez, Iberiar penintsulako hegoaldera Pirinioetako lepoak zeharkatuz negua pasatzera etortzen diren 5-8 milioi usoetatik gehienak, Eskandinavia, Errusiako iparmendebalde, Polonia, eta Alemaniatik datoz, azken urte hauetan negua beren jatorrizko herrietan pasatzeko joera ikusten baldin bazaie ere.

Negua Toledo, Madril, Extremadura, eta Andaluziako artadi- eta artelatz-angioetako ezkurrez elikatuz pasa ondoren, udaberriko migrazioa edo “kontrapasa” eztabaidatsua martxoan izaten da, urrikoa bezain ikusgarria ez bada ere.

Elikadurari dagokionez, zitu-garauez eta landareen zati berde eta haziez elikatzen dira pagausoak urtean zehar.

Uso-ehizak tradizio handia du Euskal Herrian eta urtero milaka eskopeta abiatzen da gure mendietako lepoetara usoren bat etxeratzeko itxaropenez. Baina zalaparta, aitzakia eta tiro-hotsa ugari eta uso gutxi izaten da gehienetan. Urtero bezala, uso gehienak egun gutxi batzuetan joaten dira, zenbait lekutan ikuskizun zoragarria eskainiz, pasatzen direnak zenbatu egiten direlarik. Sahadarko behatokian adibidez, 450.000 uso zenbatu ziren 1993an, gehienak (350.000), egun bakar batean joan zirelarik.

Sara eta Etxalar aldeko pasalekuak oso ezagunak dira, sareen bidez egiten den ehiza motaren jatorria oso antzinakoa delarik.

Datorren udazkenean berriz ere, Euskal Herri osoko ehiztariak biharamuneko eguraldia eta uso-pasa igartzen saiatuko dira. Eta hego-haizeak jotzen badu... eromena izango da nagusi.

FITXA TEKNIKOA

Pagausoa

Espeziea: Columba palumbus
Familia: kolubridoak
Ordena: kolunbiformeak
Klasea: hegaztiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila