Hamar urte sariak banatzen

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

CAF-Elhuyar sariak banatu ziren urtarrilaren 16an, urtero legez, Lasarteko Txitxardin Beltxa jatetxean. Aurtengoa X. edizioa izan da, eta, dibulgazio-artikuluez gain, urtebete barru argia ikusiko duen liburu bat idazteko beka ere izan da jokoan. Sari berezia Gorka Azkunerentzat

CAF-Elhuyar sarien irabazleak. Aurten, taldean egindako lanak izan dira nagusi. (Argazkia: Argazkipress).

Beka Kepa Altonagarentzat

Dibulgazio-liburua idazteko beka Kepa Altonaga biologo eta dibulgatzaileak jaso du, Etxepare, Aldudeko medikua liburu-proiektuarengatik. Epaimahaiak aho batez erabaki zuen proiektuak saria merezi zuela, “lagina eta lanaren azalpena biribila izateaz gainera, abiapuntutik beretik erakargarria egiten baita proposamena. Gure historian toki nabarmena baina oraindaino nahikoa ezezaguna izan duen pertsonaia sakonki ezagutzera gonbidatzen gaitu. Eta ez hori bakarrik, pertsonaren ibilbideaz eta pentsamenduaz baliaturik, zientziaren aspektu orokor batzuk, garaiko Euskal Herriaren nondik norakoa eta beste zenbait jakingarri, guztiak ere interesgarriak oso, emango zaizkigu liburuan”. Epaimahaiaren iritziz, lan osatu, aberats eta entretenigarria izango da Keparena.

Kepa Altonagak 2001eko bekaren irabazlearen eskutik jaso zuen saria. Iñaki Peñak Euskal Herriko mikroenpresei buruz idatzi du liburua eta dagoeneko kalean da. (Argazkia: Argazkipress).

Kepa Altonagaren ibilbidea ikusita, ez dirudi iragarpenak hutsik egingo duenik, zientziaren dibulgazioan eskarmentu handia baitu. Bi dibulgazio-liburu idatzi ditu dagoeneko, bietan ere pertsonaia ezezagun bezain interesgarriak ardatz hartuta. Oraingoan, ordea, aspaldiko ezagunari heldu nahi izan dio, Jean Etxepare mediku eta idazleari. Hiru liburuetan zailena hau izango dela iritzi dio Kepak. “Etxeparerekin, pertsonaia landuz gero, arriskua dago liburu oso naturalistikoa ez egiteko. Eta buruan ditudan hainbat gai ukituz gero, gerta daiteke Etxepare bera eklipsatuta geratzea liburuan”.

Meandroetako mina , artikuluen sailean garaile

Dibulgazio-artikuluei dagokionez, Oihana Izagirre eta Oihane Lakar biologoen lanak jaso du lehen saria, “gure ibaien, gure lurraren zainen, osasun-egoeraren jarraipena nola egin hitz apalez azalduz zientzia eta dibulgazioa maisuki uztartzen dituelako”.

Meandroetako mina izenburua eman diote ibaien ekologia aztergai izan duen lanari. Ibai osasuntsua zer den deskribatzeaz gain, Euskal Herrian egoera zertan den azaldu dute, eta ibaien egoera sistematikoki neurtu ahal izateko metodologia garatzen egindako lanen berri eman dute. Metodologia horiek garatzea oso garrantzitsua izango da, Europako Uren Arteztaraua bete ahal izateko. Arteztarauak agindutakoaren arabera, Europako ibaiek egoera ekologiko onean egon behar dute 2015erako, eta, gureen egungo egoera ikusita, “hori betetzeak Euskal Herriko biologo guztientzat bezainbeste lan emango luke”.

Bigarren saria Replikantearen jazz-arima lanak irabazi du. Aitzol Ezeiza, Karmele López de Ipiña eta Montxo López de Ipiñak konputagailuen adimena eta sentimena garatzeko jarraitzen ari diren bideak aztertu dituzte, eta etorkizunera begira leihatila bat ireki. Epaimahaiak gaiaren gaurkotasuna, eduki zientifikoaren kalitatea, erabilitako idazkeraren estiloa eta gai gogor eta astun bat era sinple eta ulerkorrean aurkeztea baloratu du.

Hirugarren saria, berriz, behar bihur daitekeen plazera -ri eman dio, kafeinari. Epaimahaiaren ustez, artikuluak ongi eta txukun adierazten ditu kafeinari buruzko alderdi interesgarriak, hala nola, arlo historikoak, eraginaren mekanismo fisiologikoak eta horren ondorioz sortzen diren menpekotasun- eta abstinentzia-egoera guztiak. Aitziber Mendiguren, Luis F. Callado eta Joseba Pineda dira lanaren egileak.

Aspertzerik ez

Hemeretzi artikulu izan dira lehian aurtengo CAF-Elhuyar sarietan, eta, epaimahaiak adierazitakoaren arabera, barietate handia izan da gaiei eta jorratzeko moduei dagokienez. Ez omen dira batere aspertu, eta, lan guztiek erabat gogobete ez dituzten arren, azpimarratu dute oro har lanak kalitate handikoak izan direla.

Epaimahaia bost lagun hauek osatu dute: Koldo Nuñez-Betelu, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Pili Kaltzada, kazetaria eta zientzia-dibulgatzailea; Mikel Alvarez, medikua eta Basurtuko Ospitaleko zuzendari nagusia; Jesus Ugalde, Kimika katedraduna eta Ikerketako Euskadi sariaren aurtengo irabazlea; eta Julián Florez, Industria Ingeniaritzan doktorea, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea eta VICOMTech ikerketa-zentroko kudeatzailea.

Dibulgatzaile gazteentzako sari berezia Gorka Azkunek irabazi du aurten ere, Izarren energiaren bila artikuluarengatik. Gorkak Fisika atsegin du, eta, gai zailak erraz azaltzeko abileziari esker, dagoeneko hirutan jaso du CAF-Elhuyar sariren bat. Oraingoan fusio nuklearrari heldu dio, gaurkotasun beteko gaia inondik ere. Izarretan gertatzen den erreakzioa kontrolpean egin eta ustiatzeko asmoak zertan diren esplikatu du, fusio nuklearraren oinarria azalduz lehenengo, ITER izeneko nazioarteko egitasmoaren azkeneko aurrerapenen berri eman arte. “Dotore idatzitako artikulua” delako jaso du saria, “erraz irakurtzen da, baina gaiari dagokion zehaztasuna galdu gabe”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.