HALLEY kometa datorrela eta...

Halley kometaren lehenengo aipamen baieztatua Txinatarren K.a. 239. urteko analeetan agertzen dena dugu.

...Historia pixka bat

Halley kometaren lehenengo aipamen baieztatua Txinatarren K.a. 239. urteko analeetan agertzen dena dugu. Gaur egun, Halley kometaren orbita eta periheliotik iragatedatak zehaztasun handiz ezagutzen ditugu T. Kiang -ek eginiko kalkuluei esker. Kalkulu hauen arabera kometa urte hartako martxoaren 30ean pasatu zen periheliotik; beraz, ez dago bere identitatearekiko zalantzarik. Europarren arteko aipamen fidagarriak askoz ere geroagokoak dira, nahiz eta zenbait aipamen eztabaidagarri ere izan, batzuk Txinatarren analeetan aurkikutakoa baino lehenagokoak.

Dena den, mende askotan zehar erreferentzia horiek egin zituztenek ez zuten jakin ikusten zuten kometa lehenagotik ere agertua eta Eguzkiaren inguruan ibilia zenik. Edmund Halley (1656-1742)astronomilari britainiarra izan zen horretaz konturatu zena 1682.ean kometari behatu ondoren egin zituen kalkuluetan oinarrituz.

Antzinako zibilizazioetan kometak ez ziren Ilargia eta planeten mailan kontsideratzen, ez ziren objektu astronomikotzat hartzen; edo horrela kontsideratzen ziren kasuetan ez zen uste besteak bezalako jokaera periodiko ezaguna hartzen zutenik. Aitzitik, beraien agerpenak zeharo arbitrarioak zirela pentsatzen zuten eta generalean gertakizun atsekabegarrien seinaletzat jotzen ziren.

Berpizkundeko astronomoek, prejuizioak neurri handi batean alde batera utziz, ikusteko aukera izan zuten. Kometen azterketa egin eta beraien ibilbideak nolabait mugatzen saiatu ziren. Lan hau ez zen serioski desarroilatu E. Halley -k Newton -ek grabitate-legea erabiliz ordurarte behatutako kometen ibilbideak arakatuz beraien ekuazioak lortzen saiatu zen arte. Newton -ek eman zituen, bada bere legeen bidez, ibilbideak kalkulatzeko tresnak.

Esan dugunez, E. Halley -k egin zuen lehenengo aldiz lan hori, ordurarte eginiko espekulazio guztak baztertuz, kometen orbitak ere eliptikoak zirela frogatuz. Halley , berak, 1682.ean behatzeko aukera izan zuen kometari buruz jasotako datuak eta beste astronomo batzuren lehenagoko lanak erabiliz. 1705.urtean argitaratu zuen berria 1682.ean ikusitako kometaren ibilbidea emanez eta 1758.ean berriz itzuliko zela esanez. Aurresan hau nahikoa zehatz bete zen, kometa 1758.eko martxoaren 13an pasa zen periheliotik eta.

Ordutik aurrera deitu ohi zaio Halley kometa 76 urte inguruko periodoa duen kometa honi. Badirudi E. Halley -k 1682.ean behatu zion kometaren ibilbidea aurreko mendeetan beste astronomo batzuren lanetan agertzen zirenekin konparatuz 1456.ean, 1531.ean eta 1607.ean ikusitako batzurekin oso antz haundia zuela eta urte horien arteko denbora-tarteak oso antzekoak zirela ikusi zuenean konturatu zela Halley kometaren periodikotasunaz.

Halley-ren ezaugarriak komentatzen

Orbitaren bereiztasunak eman baino lehen garrantzitsua da kometak ez duela bere orbita Lurra eta planeta guztiek beraienak ibiltzen dituzten norantzan egiten esatea, alderantzizkoan baizik. Horretaz gain, interesgarria da kometaren ezaugarriek izaten dituzten aldaketak aipatzea ere. Halley-ren masa, kometa guztiena bezala, planetena baino askoz ere txikiagoa da. Horregatik haien eragina nabaria egiten da eta orbitak aldaketak jasaten ditu kometaren bidaian zehar.

Horretaz aparte, periodoa aldaraz dezakeen beste efektu txiki bat ere kontuan izan behar dugu. Eguzki aldera dagoen kometaren aldea bestea baino gehiago berotzen da; beraz, gasen igorpena handiagoa da alde horretatik bestetik baino. Horrek bere buruaren inguruko biraketaren norantzarekin batera kometaren dezelerazioa edo azelerazio txiki bat sortzen du.

Orohar, lehenengo deskribatu dugun fenomenoa da aldaketa handienen arrazoia. Dena den, Halley-ren orbitaren eliptikarekiko planeten eragina ez da hain handia. Aldaketa hauek nolakoak diren ezagutzeko, Halley kometaren periodoaren ezagutzen diren balio handiena eta txikiena emango ditugu: lehenengoa, 79,1 urte; bigarrena, 74,9 urte.

1. taula.

Orbitaren ezaugarriak aldakorrak direnez, 1. taulan otsailaren 9an periheliotik pasatzen beteko duen azkeneko biraketarenak ematen dira.

Kometen izaerari buruzko zenbait ohar

Jarra diezaiogun orain kometari bere bidaia eliptiko luze horretan biraketa betetzen duen neurrian jasatzen dituen aldaketak aztertuz eta, bere izaerari buruz gordetzen dituen sekretuetako batzuk agerian jartzeko asmoz.

Hasteko, kometa bere orbitaren afelioan dagoenean duen itxuraz arduratuko gara. Afelioan daudenean, kometa gehienek Eguzkitik oso urrun daude –Halley-ren kasuan Neptuno baino urrunago oraindik– beraien osagai guztiak izoztuta egonik. F.L. Whipple -en hitzetan, kometa elur zikinez osoturiko bola bat izango litzateke. Elurra ura, karbono ( IV ) oxidoa, azido zianhidrikoa eta beste zenbait konposatu izoztuk osatuko lukete; zikinkeria , izotzean tartekatuak dauden hauts (silikatoak) eta zenbait metaleen zatikiak osatzen dute (ikus 2. taula). Deskribatu dugun bola honen diametroa kilometro batzutakoa bakarrik izango litzateke eta hain txikia izanik eta hain urrun egonik ikustezina litzateke.

Kometa Eguzkirantz hurbiltzen den neurrian berotu egiten da eta orduan hasten dira bere itxura berezia emango dioten aldaketak. Lehenengo, gainaldeko izotzak sublimatu eta kometaren gorputzetik urrundu egiten dira, lurrindu diren gasek hautsa narraz eramaten dutelarik. Kometan, orain, bi zati bereiz daitezke: barruan izozturik jarraitzen duen nukleoa eta inguruan gasek eta hautsek osatzen duten hodeia; koma deituko dioguna.

2. taula.

Koma hau handiago egiten da kometa Eguzkirantz hurbiltzen den neurrian –ehundako milioi km-koa egin daiteke– eta honela, kometa ikusgarri bihurtzen da. Kometatik datorkigun argia bi prozesu desberdinez sortua da: bata, Eguzkiaren argi ultramoreak ionizatzen dituen gasen fluoreszentziaz; bestea, hauts-zatikien isladapenaz.

Baina oraindik ez dugu kometen berezitasunik nabariena aipatu: isatsa. Isatsa Eguzkitiko haizeak sortua da. Eguzkitik jaurtikiak datozen zatikiak eta erradiazioaren presioak kometaren komako hautsa kanpo aldera bultzatzen dute Eguzkitik urrundu araziz. Horregatik, isatsa beti Eguzkiaren aurkako norantzan luzatzen da. Hori dela eta, kometa Eguzkitik urruntzen hasten denean isatsa bere aurretik doa. Orohar ikustezina izaten bada ere, hautsezko isatsaz gain Eguzkitik datozen elektroiek sortzen duten eremu magnetiko aleatorioek kanporatzen dituzten gasezko atomo ionizatuek, beste isasts bat osatzen dute.

Kometa Eguzkitik urrundu eta planeta handien eskualde hotzetara itzultzen denean, berriz ere afeliorantz doalarik, hasieran zuen itxura hartzen du. Isatseko eta komeko materia gehiena galdu egiten da eta hurrengo bira materia gutxiagorekin hasiko du. Pentsa daitekenez, bada, kometak tona materia asko galtzen ditu bira bakoitzean eta hauxe dugu, hain zuzen ere, kometa bere heriotzera eramango duen prozesua.

La Palma-ko behategiak lortutako Halley-ren bi argazki. Ordubeteko diferentzia dago bien artean.

Beraz, ematen dituen biren ondorioz, lehentxeago edo beranduxeago, Eguzkitik pasatzen den distantziaren arabera, kometa hauts bihurtuko litzateke bere nukleoa arkaitzezkoa den kasuetan izan ezik. Kasu horietan arkaitza asteroide bezala geratzen da kometaren grabitate-indarraren eraginez, zati bakoitzak ama-kometak egiten zuen ibilbide bera abiadura desberdinez eginez.

Halley hurbiltzen ari den heinean, datu gehiago eskainten die behatu dioten astronomilariei. Halley-ren konposaketari buruz egin diren behaketen ondorioz, kometa ia osorik izotzez osatuta dagoela dirudi. La Palman dagoen Isaac Newton teleskopioaren bidez nabari gelditu da Halley-ren koman CN,C 2 eta C 3 taldeak daudela. Halere, astronomilarien ustetan hauek kometa osatzen duen elur zikinaren zati txikia besterik ez dira izango.

Frantziako Nantay-ko irrati-astronomilariek egindako behaketetan hidroxilo taldeak nabari dira. Hidroxilo talde hauek, Eguzkiaren erradiaziopeko uraren deskonposaketaz sortzen dira. Gainera, Halley Eguzkira hurbildu ahala, hidroxilo taldeek irratitesleskopioetan ematen duten seinalea intentsitatez handituz doa. Honek gero eta izotz-kantitate handiagoa lurrintzen ari dela esan nahi du.

Kometen isatsaren jokabidea Eguzki inguruan.

Halley-ren bidea, IUE (International Ultraviolet Explorer: nazioarteko ultramore-esploratzailea)satelitearen bidez jarraitzen duten zientzilariek ondorio beretsura iritsi dira. Gainera, hidroxilo taldeaz aparte posible izan dituzte hidrogeno atomoak detektatzea; uraren deskonposaketan hidroxiloekin batera sortzen den beste produktua. Bestalde, Halley-k bere nukleoko izotza zein abiaduraz kontsumatzen duen ere kalkulatu ahal izan dute. 1985.-eko Irailaren bukaera aldean 100.000 tona izotz eguneko lurrintzen zen. Jakina, kantitate honek ikaragarri egingo du gora Eguzkirantz hurbildu ahala.

Zergatik hainbesterainoko iguripena Halley-ren inguruan?

Halley kometa azkeneko aldiz ikusi zenetik gaur arte, zientzilariek kometa asko ikusteko aukera izan dute. Urtero-urtero hogeitamar eta berro-geitamar kometa berri inguru aurkitzen dira eta lehenagotik ezagutzen diren periodo laburrekoei jarraitzen zaizkie.

Zein da orduan Halleyren inguruan sortu den iskanbilaren arrazoia? Ugari izan badira ere, azken urteetan ikusteko aukera eskaini duten kometak txikiegiak izan dira eta ez dute azterketa sakonik egiteko posibilitaterik eskaini. 1973.ean aurkitu en Kohoutek kometak ere ez zien hasiera batez jaso zituen iguripenei erantzun eta ez zen kometeta informazio berri handiegirik lortu. Halley kometa, haatik, asko ere handiagoa da eta azterketarako aukera handiago ematen du.

Halley, (gezitxoak adierazten du), 1985.eko uda bukaeran hurbiltzen.

Bestalde, bere orbita ongi ezagutzen denez, denbora aski izan da berarekin topo egitera doazen espazialuntziak gertatzeko. Sobietar Batasunak, Japoniak eta Europak misio koordinatuak antolatu dituzte. ESA -k ( European SPACIAL Agency ) bidali duena, Giotto sonda, kometaren nukleotik 500 km-ra pasako da informazioa bidaliz komako zatikiekin izango dituen talken ondorioz hondatu arte.

Eguzki-sistemaren sorreraren gaur egungo teoria onartuenaren arabera, Eguzki-sistema izar arteko gas eta hautsezko hodei baten uzkurpenaren ondorioz sortu zen. Hodeia oso handia izanik, uzkurpena intentsitate desberdinez gertatu zen zentrutik distantzia desberdinetara. Uzkurpen handiena hodeiaren erdigunean gertatu zen, noski. Bertan Eguzkia sortu zen eta bere inguruan biratzen geratu ziren materi zati handienek planetak sortu zituzten, inguruko materia jaso eta beraien arteko talkak izan zirela.

Hodeiaren kanpo aldeko materiak, jasaten zuen grabitatearen eragina eta sistema guztiaren inguruan, bat edo bi argi-urte bitartean, oskol esferiko bat geratu zen. Oskol hau izango litzateke, hain zuzen ere, kometak deitzen ditugun arkaitzez osaturik egongo litzatekeena. Kometen hodei honen existentzia lehenengo proposatu zuena Jan H.Oort astronomilaria izan zen eta horregatik bere izena ematen zaio: Oort-en hodeia. Guk ikusten ditugun kometak, inguruko izarren baten eraginaren edo beraien arteko talken ondorioz Eguzkiaren inguruko orbita txikiagoak hartu dituztenak izango lirateke.

Giotto zunda europarra.

Guzti hau uste den bezala bada, Oort-en hodeian dauden kometek Eguzki-sistema eratu zen garaiko konposaketa eta bereiztasunak izango dituztela uste da, Eguzkiaren erakarpenaren eta erradiazioaren eragin nabaririk jasan ez dutelako. Halley kometa aspaldidanik ari da Eguzkiaren inguruan biratzen (txinatarren analeetan agertu zenetik 30 bira bete ditu); baina hala ere, oraindik ez duela aldaketa handiegirik jasan uste da eta Lurretik eta espazialuntzien bidez jasoko den informazioa oso lagungarria izan daitekeela uste da Eguzki-sistemaren jatorriaren teoria baieztatzeko.

Halleyren inguruan gertatutako zenbait anekdota

Tradizionalki gizarteak hondamenen edo gertaera kaltegarrien iragarkitzat hartu du kometen agerpena. Jokaera honen arrazoia kometen izaera ez ezagutzea bilatu behar da. Jakina denez, aintzinako zibilizazioek jakingura handia agertzen zuten fenomeno zerutiarrekiko, Lurreko bizitzarekin lotuak zeudela uste zutelako. Honela, historiaren hasierako zibilizazioek nahiko ezagunak zituzten fenomeno astronomiko arruntenak: izarrak finkotzat jotzen zituzten eta Eguzkiak, Ilargiak eta begi hutsez ikus daitezkeen planetek beti itxura eta posizio berdina ez bazuten ere, beraien higiduren periodikotasuna ezagutzen zuten.

Lehen garbi utzi dugunez, kometekin ez zen gauza bera gertatzen; beraien agerpenak ez zutelako, itxuraz, inolako araurik errespetatzen. Komentatzen genuenez, kometen jokaeraren ziurtasunik ez honek astro horiek gertaera bereziak, normalean kaltegarriak, iragartzen zituztela pentsarazi zien. Uste honen ondorioz kometen agerpenek, eta konkretuki Halley-renak, egoera berezi eta harrigarriak sorterazi zituzten.

Halley-ren ezagutzen den lehenengo adierazpena, 684.ean agertu zenean egina da, Nurenberg Hiriko Kronikatan. Orduan ere, uzta txarren eta izurritearen iragarkitzat hartu zuten.

Berri gehien dugun agerpenetako bat 1066. urtekoa dugu. Urte hartan normandiarrek Inglaterrari eraso behar zioten eta kometaren etorrera beraien asmotarako seinale ontzat jo zuten. Bai eta asmoak bete ere. Hasting-go batailan normandarrek garaile atera ziren eta Harold II .a, ingelesen erregea, hilik suertatu zen. Gertaera guzti hauen oroigarri bezala tapiz bat egin zen. Bayeux-en gordetzen den tapiz honetan Halley-ren beste adierazpen bat gordetzen da.

Beste bat ere badugu, 1301.ean agertu zenean Giotto de Bondone -k egin zuena. Garai hartan, Giotto Scrovegniko Kapila pintatzen ari zen. Bertan agertzen den Erregeen Izarra Halley-n inspiratua dela uste da. Hori dela eta, ESA -k Giotto izenez bataiatu du lehen aipatu dugun espazialuntzia.

Kometa 1456.ean agertu zenean Europa turkoen erasoen beldur zen. Calixto III. Aita Santuak Angelus-a eguerdian ere errezatzea agindu zuen, ordurarte goizez eta arratsaldez egiten zen bezalaxe. Agindu hau argitaratzeko Calixto III.ak atera zuen bulan Halley aipatzen ez bada ere, erabaki horretan eragin handia izan zuela uste da.

Hurrengo agerpenetan astronomilariak kometa aztertzen saiatu ziren eta lehen esan dugunez, 1682.ean Halley-k behatu zion azaldutako ondorio guztiak lortu zituelarik.

Azkeneko aldi agertu zenean ere, 1910.ean, oso polemika handia sortu zen bere inguruan. Orbitaren kalkuluen arabera urte haren maiatzaren 18an Lurrak kometaren isatsaren barnetik pasatu behar zuen. Ordurako, jadanik, kometaren osagai batzuk ezagunak ziren eta tartean oso pozointsuak zirenak ere baziren. Honek, garaiko aldizkarien informazio sentsazionalistekin batera jendearengan ikara handia sortu zuen nahiz eta astronomoek beldur horren arraoigabekeria ukatzen saiatu isatsaren gasen presioaren balio txikiak eta eguratsean sartu eta berotzean jasango zituzten aldaketak aipatuz. Baina hala ere, asko izan ziren gau hartan hirietatik mendi aldera joan zirenak " apokalipsi "hori ikustearren. Izan ere, egun horretan zetorrenaren beldurrez, bere burua hil zuten banaka batzuk ere izan ziren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila