Gipuzkoako uren horniketa eta garbiketarako plan integrala

Ordezkari politikoek maiz definitu dutenez, gaur egun Gipuzkoako uren horniketa eta garbiketa hirugarren mundukoen parekoa da.

Ordezkari politikoek maiz definitu dutenez, gaur egun Gipuzkoako uren horniketa eta garbiketa hirugarren mundukoen parekoa dela esan genezake gutxienez.

Hori horrela dela frogatzeko, nahikoa da planoak ikustea. Jendetzaren %50-ak ez du urik eguneko 24 orduetan bere etxean. Bestalde, lurraldeko ibai nagusienek jasaten duten kutsadura hain handia izanik, uretako bizitza ezinezkoa gertatzen da.

Gainera, ura duen jendetzak ere erabat edangarria ez duela edaten azpimarratzea komeni da. Kasu gehienetan onargarri edo jasankorra bada ere, ez da estatu espainoleko legeriak dioen edateko uraren kategoria kimikora iristen. Izan ere ez bait dago, orohar, gure erreka edo iturburuetatik bildutako ura edateko ur bihur dezakeen tratamendu-zentrurik.

Bestalde, gizakiak, nekazaritzak edo industriak sortutako hondakin-ur guztiak, ibaietara edo itsasora, zuzenean isurtzen dira. Horrela kutsadura nabaria sortzen da ibai nagusi eta kostaldeko zenbait zonetan. Egoera honen arrazoiak asko dira eta aztertzea merezi dute.

Alde batetik arazo klimatiko naturalak daude: urtean zeharreko eurien banaketa oso irregularra. Ondorioz ibaietako emaria oso aldakorra izaten da. Agorraldian oso txikia; urteko batezbesteko emaria baino 20-30 aldiz txikiagoa. Gipuzkoan nahikoa euria egiten du (1400 mm urteko batezbeste), baina euri horrek sortutako emaria ez da ustiratzen; gehiena itsasoan galtzen da.

Bestalde ibaien egiturak eta lurraldearen geologiak, urei modu naturalez eutsi eta erregulatu ezina eta lurpeko ur-korronte handiak ez izatea dakar. Agorraldiko ur-falta honek, etxeetako ur-eskasia eta ibaien kutsadura handia sortzen ditu. Badaude arrazoi teknikoak ere. Nahiz eta 1964. urtean azaleko urak erregulatzeko asmoa egon eta 1971. urtean errekurtsoen erregulaziorako plana egina egon, asmo guzti hauek arazo sozio-politikoengatik ez dira bere osotasunean burutu. Gipuzkoa bi zona desberdinetan banatzera bultzatu du honek: Gipuzkoa hezea bata, urtegi bidez erregulatutako urak dituena, eta Gipuzkoa lehorra bestea, inongo erregulaziorik gabekoa.

1. Taula. Ibaietako arraien bizitzarako kutsadura-indize gorenak. Planak ziprinidoentzako derrigorrezko maila aukeratzen du gutxienez.

Bukatzeko, egoera hau gauzatu duen zenbait arrazoi sozial ere aipa genezake.

Alde batetik demografi eta hirien 60-70 hamarkadako hazkundeak (ur erregulaturik ez zegoenez), edozein iturburu eta errekatako ura kontsumorako erabiltzera behartu du; Ibai eta erreken zati handi bat lehortzera eta kalitate onik gabeko ura kontsumitzera. Erabilitako ur hau, gero ibaietara isurtzen da inongo arazketarik gabe. Bestalde, eta salbuespenak salbu, ez da industri kutsaduraren aurkako politikarik ezarri. Ondorioz oso industria gutxik dute arazketa-estazioa. Honek ibaien kutsadura-indizea igo erazi egiten du eta teknikoki zaila eta segurtasunik gabea bihurtzen kutsaduraren arazketa.

Plan integrala

Nahiz eta ura eta saneamenduari buruzko eskurantza udal edo udal-elkarteena soilik izan, Gipuzkoako Foru-Aldundiak, egoeraz jabeturik, 1985. urtean Sener S.A. enpresari Plan Integrala burutzeko enkargua eman zion. Plan honek, arazoei irtenbide teknikoak ziurtatu, antolaketa aztertu eta gestiorako sistema ekonomikorik egokiena eskaini beharko du.

2. Taula. Bainu-lekuentzako kutsadura-indize gorenak.

Planaren oinarrizko printzipioa, uraren ziklo integralari irtenbidea aurkitzea da, hau da, gipuzkoarrok nahikoa ura eta geure beharrizanetarako behar bezain ona izatea eta ibaiek eta kostek beren garbitasuna eta bizitza lortzea. Ikus daitekeenez, planak horniketaren arazoaz gain, garbitzearena ere aztertu eta konpondu nahi du.

Beharrezko azterketak egin eta helburu teknikoak ezarri ondoren, Plan honek arazoak konpontzeko, hiru motatako soluzio teknikoak eta antolaketa eta gestiorako sistema bat proposatzen ditu.

Betebeharreko helburu teknikoak

3. Taula. Arroz-arroko jendetzaren hazkunde-hipotesia.

Plan honen bidez Gipuzkoako herrientzako ur-horniketa eta ibai eta kostaldearen berreskuratzea lortu nahi direnez, ondoren adierazten diren helburuak ezarri dira.

* Horniketa-uren kalitatea:
Urak edangarria beharko du izan; Espainia eta Europako Komunitate Ekonomikoko legeriak orientazio gisa ematen duten mailara egokitua.
* Ibaietako uren kalitatea:
Ibaien geroko uren kalitatea, ez da inolaz ere gaur egungoa baino txarragoa izango. Kutsatuak daudenak berreskuratu egingo dira, gutxienez ziprinidoen (barbo, loina, perka, etab.) bizitza eta ugalketa lortu arte. Helburu hau lortzeko, kutsadura-indize gorenak 1. taulan azaltzen dira (Europako Komunitate Ekonomikoko gomendioen arabera).
* Kostaldeko uren kalitatea:
Kostaldeko kutsadura txikiagotu egingo da, edozein bainu-lekuk 1974.go Pariseko Hitzarmenak eta Europako Komunitate Ekonomikoak bainu-lekuentzat ezarritako arauak betetzea lortu arte. Helburu hau lortzeko gainditu ezin diren kutsadura-indizeak 2. taulan adierazten dira.

Beharrizanen azterketa

4. Taula. Dotazioen aurrikuspena. Eguneko litro/jendetza.

Ur-horniketaren beharrizanak neurtzeko, Martin Mateos-ek Gipuzkoako hondakin solidoei buruzko planerako egin zituen azterketetan oinarrituz, jendetzaren ikerketa egin da. Ikerketa honetatik batezbesteko hazkundearen hipotesia hartu da. Migrazio-mugimendurik eza supostzen du honek eta arroz-arroko laburpena 3. taulan ematen da.

Era berean dotazio eta bere etorkizuneko eboluzioaren azterketa egin da.(ikus 4. taula). Ikus daitekeenez nahiz eta hasieran dotazio altutik abiatu, 25 urtean ez da asko igotzen (Plan honek gutxienez 2010. urterainoko beharrizanei erantzuten dio). Igoera ahul honen zergatia, banaketa-sareetako ihesen gutxitzean datza bereziki eta baita teknologia berrien erabileraren eraginez, industrietako ur-kontsumoaren jaistean ere. Baina etxeetako ur-kontsumoak gora egingo duela aurrikusten da, bizimodua hobetu eta murriztaldirik gabeko ur-horniketa lortzen den heinean. Bestalde, lorategi- eta kale-garbiketarako udal-zerbitzuen eskaerak ere uraren kontsumoa igo eraziko du.

Beraz, jendetza eta dotazioa ezagutuz, ur-beharrizanak ere ezagunak dira.

5. Taula. Erregulazio-eraikuntzen laburpena.

Gainontzeko beharrizanak ezin dira aldez aurretik neurtu. Izan ere, ibaien garbiketarako jarri behar den ur-kantitatea, ibai bakoitzaren ezaugarrien arabera aldatzen bait da, hau da, arro bakoitzeko kutsadura eta aurrikusitako arazketaren baitan aldatzen da. Arazketa-estazioen errendimendua zenbat eta handiagoa izan, eman beharko zaion ur-kantitatea txikiagoa izango da. Baina, hori bai; kostu ekonomikoa eta ekologi-desorekaren arriskua handiagoa izango da, arazketa-estazioen ustiraketan izan daitezkeen akatsek eraginda.

Erregulaziorako soluzioak


Gorago aipatu denez, dauden problemetako bat uren erregulaziorik eza da. Ondorioz ur gehiena itsasoan galtzen da. Agorraldian gure ibaien emaria eskasegia da ur horretako bizitza eta ur horren kontsumoa asetzeko. Arazo hau konpontzeko eta erregulazioa lortzeko, Plan honek esfortzu berezia egitea proposatzen du. Era erraz batez, neguan sobratzen den ura udan erabiltzeko gordetzea lortuko litzateke. Herrietako ur-kontsumoa eta ibaietako bizitza segurtatuko lirateke honela. Erregulazio hau urtegien bidez egin ohi da; urtegi natural, nahiz presak dituen urtegi artifizialen bidez.

6. Taula. Oria ibaiaren bukaerako egoera.

Plan honek lurpeko bi urtegiren (Mendaro, Elduain) ustiraketa proposatzen du, 450 l/s-ko emaria lortzeko eta 6 urtegi berrien eraikuntza ere bai, Gipuzkoan guztira 11 izatera iritsi arte. Eraikuntza guzti hauen berri 5. taulan ematen da.

Horniketa-soluzioak

Horniketa-soluzio globalerako, Planak eskualdeko egitura bakarra sortzea proposatzen du: Urtegi eta erregulatutako lurpeko ur-putzu batetiko toma, edateko urentzat tratamendu-zentrua, herrietarako ubideak eta banaketa-biltegiz osatutako egitura.

Egitura honek, eskualde edo zona baterako banaketa-iturria batzearen abantaila eskaintzen du; honela giza-baliabide eta baliabide teknikoaren laguntza, kontsumorako ur-kantitatea eta kalitatea ziurtatzen bait ditu.

Bestalde, eskualde gehienek horniketa-iturri bakarra izatearen eragozpena dago eta ondorioz akats batek jendetzaren gehiengoan eragina izango luke. Eragozpen hau kontutan hartu arren, txikia dela esan beharra dago. Izan ere trazatuaren segurtasuna, ezaugarriak eta orohar gaur egun eraikuntza hauek eskaintzen duten segurtasuna, onak bait dira.

Saneamendu-soluzioa

Saneamendurako hautatutako soluzioa ere, kasu gehienetan eskualdekakoa izan da.

Herrietako isurketak eta hauekin batera trata daitezkeen isurketa industrialak, kolektore-sare batera biltzen dira. Bildutako isurketak arazketa-estaziotara eramaten dira, arazketa egin ondoren ibaira edo itsasora botatzeko.

Saneamenduak sortzen dituen arazo larrienak, arazketa-estazioen egokitasuna, hauen teknologia eta hartzailearekiko baldintzak dira. Agorraldian ur gutxi daramaten ibaietako iturburuetan jarritako arazketa-estazioetan urtegi erregulatuen bidez ur-emaria jaso arren, beharrezkoa da errendimendu altuko estazioak eraikitzea, goi-teknologia eta energi kontsumo handiko nitrifikazio-prozesu eta guzti.

Ibaien beheko zonatan eta bokaletan, arazketa-estazioko isurketaren eragina txikiagoa da. Beraz, erdi-mailako arazketa-estazio sinple eta merkeagoak eraiki daitezke.

Azkenik, kostaldean egiten diren arazketa-estazioen urak, itsasoan 30-40 metroko sakoneran isurtzen dira, ur-masari inolako eraginik sortu gabe. Beraz, oso arazketa-estazio sinple eta merkeak eraiki daitezke; instalazioetan oztopoak sortu edo ur-azalean ikus daitezkeen koipe eta flotatzen duten materialak deusezteko adinakoak bakarrik.

Soluzio autonomoak

Zenbait nukleo, horniketa edo saneamendu aldetik, eskualdeko soluzioetatik aparte geratzen da. Gipuzkoako jendetzaren %2-a osatzen duten herri hauetan, ur-horniketa edo arazketa-sistema tradizionala egingo da. Injinerutza-eraikuntza handirik egin gabe, baina uraren kantitatea eta kalitatea segurtatuz eta bertako isurketek ibai eta itsasoko bizitzan galerarik sor ez dezaten neurriak hartuz.

Soluzio baten azalpena: Oria arroa

Arro honek dituen ezaugarri propioengatik (agorraldiko ur-eskasia, jendetza sakabanatua, paper-industria eta herrietako isurketekin batera trata daitezkeen industria hauen isurketak etab.) nahiko adibide argia izan daiteke penintsulako ibairik kutsatuenetako baten arazoak konpontzeko plan honek proposatzen duena ulertzeko.

Ondoren aipatzen diren eraikuntzak burutu nahi dira:

Erregulazio-eraikuntzak

    Laredo-ko (Goierri) urtegia
    Arriaran-go (Goierri) urtegia
    Amundarain-go (Goierri) urtegia
    Ibiur-ko (Tolosaldea) urtegia
  • Elduain-go (Tolosaldea) lurpeko ur-putzua.

Eraikuntza hauen bidez urteko 45,5 Hm 3 -ko ur-bolumena erregulatzen da, 462 l/seg.ko horniketa eta 1280 l/seg.ko ibietarako isurketa (ekologi emaria) segurtatuz.

Horniketa-eraikuntzak

  • Arriaran-go (Goierri) tratamendu-zentrua
  • Amundarain-go (Goierri) tratamendu-zentrua
  • Goierriko ubidea
  • Ibiur-ko (Tolosaldea) tratamendu-zentrua
  • Tolosaldeko ubidea
  • Andoain-go hargunea eta ubidea
  • Andoain-go tratamendu-zentrua
  • Ur-biltegiak

Lasarte, Usurbil eta Orio beste arro batzuetatik hornitzen dira.

Saneamendu-eraikuntzak:

  • Zegama-ko arazketa-estazioa
  • Segura eta Idiazabal-go arazketa-estazioa
  • Ormaiztegi-ko arazketa-estazioa
  • Goierriko kolektorea
  • Ordiziako (Goierri) arazketa-estazioa
  • Amezketa-ko arazketa-estazioa
  • Berastegi ibaiko kolektorea
  • Paper-industrietako kolektorea
  • Ursabal-go (paper-industriak) arazketa-estazioa
  • Ibarra-Tolosa-Andoain-go kolektorea
  • Andoain-go arazketa-zentrua
  • Lasarte-Usurbil-go kolektorea
  • Usurbil-go kolektorea
  • Orio-ko arazketa-zentrua

Markatutako helburuen arabera eta eraikuntza hauek egin ondoren, Oria ibaiko uren kalitatea 6. taulan azaltzen den eran geratuko da.

Gestioa eta Finantzazioa

Horniketa eta saneamenduaren hobekuntza lortzeko, eraikuntz eta mantenu-inbertsio handia egin beharra dago. Are eta gehiago dugun atzerapena eta uraren kalitate-eskaera gero eta zehatzagoa dela kontutan hartzen badugu.

Bakoitzak gastatzen duen uraren arabera, kontsumorako tarifa batzuk ezarri beharra dago, "kutsatzen duenak ordain dezala" lemaren oinarrizko printzipioari jarraituz.

Atzerapen hau dela eta, subentzioak beharrezkoak dira, ahalik eta tarifa egokienak lortzeko eta komunitateko beste hirietakoen edo beste komunitatekoen parekoak izan daitezen lortzeko.

Sare-primarioan tarifa batek egon beharko luke. Udalak dagokion partzuergoari ordainduko lioke eta ordainketa hau 30-35 pta./m 3 izan daitekeela aurrikusten da.

Kontsumitzaileak ordainduko lukeen batezbesteko tarifa, aurreko kostuei udalaren banaketa-gastuak gehitu ondoren, 55-60 pta/m 3 izango litzateke. Pertsona eta eguneko kostua 11 pta. Beraz, "basoerdi" bat baino gutxiago.

Arazketarako tarifa industriala 13-15 pta./m 3 izango litzateke.

Plan hau nola gestionatzen denaren arabera, zifra hauek asko alda daitezke; eskualde desberdinetako eraikuntzak oso egoera desberdinean aurkitzen bait dira. Gainera eraikuntz kostuak asko alda daitezke udalak bakarka edo bilduta gestionatzen badute.

Gestioa pantzuergo bakar baten bidez egiten bada, tarifa esandako 50-60 pta./m 3 ingurukoa izatea lortuko litzateke eta lurralde osoan berdina izatea ere bai.

Arroz-arroko gestio independentea eginez (Bidasoa behea, Urumea-Oiartzun, Oria-Urola eta Deba), egitear dauden eraikuntza guztientzako subentzio berdina lortuz tarifa 47-81 pta./m 3 izan daiteke eskualdearen arabera. Honek %72-ko desproportzioa sortuko luke.

Arroz-arroko gestio independentea eginez, baina eraikuntzen arabera hautatutako subentzioak izanik, desberdintasunak jaitsi daitezke 50-75 pta./m 3 -ko tarifak lortzeraino. Hala ere %50eko desproportzioa egongo litzateke.

Azkenik arroz-arroko gestio independentea eginez, baina tarifen araberako subentzio proportzionala lortuz, desberdintasunak nahi adina jaitsi daitezke.

Lurraldearen tamaina txikia kontuan izanik, partzuergo bakarra sortzea litzeteke egokiena, horrela gipuzkoar guztientzat tarifa berdina ezarriz.

Ibai-arroen arabera 5 partzuergo desberdin sor badaitezke ere, partzuergo txikiegiak izango lirateke eta ondorioz gestio eta ustirapenerako zailtasun handiak aurkituko lituzteke. Gainera oso zail gertatuko litzaieke eskualde desberdinentzat tarifa berdintsuak ezartzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila