Gaztaina gutxi negu hotzerako

Zaharrek kontatzen dute gazteak zirenean udazkenero mendiak gaztainez betetzen zirela. Haizeak hegotik jotzen zuenean, gaztaina-oskol ederrez jantzitako gaztainondoek eranzten hasten zirela diote, ia biluzteraino. Gaur egun ere, udazkenero ikuskizuna errepikatzen da, baina ez —behintzat horrela gogoratzen dute— sasoi bateko dotoreziarekin. Mendietan gero eta gaztainadi gutxiago ikusten da, horrek zimeldu du ikuskizuna. Izan ere, Euskal Herriko gaztainondoak —besteakbeste— gaixo daude.

Ez dago jakiterik zaharrenek kontatzen dutena zenbateraino den gaztaro gozoaren oroitzapen desitxuratua, eta zenbateraino den errealitate. Edonola ere, istorioek errealitatetik hurbilago dirudite oroitzapenen distortsiotik baino. Horretaz ohartzeko, mendian ordu batzuk igarotzea nahikoa da. Gaztainondo zaharrak zein duela 20-25 urte landatutakoak gaitzek jota ikus daitezke, hostorik ez duten adarrez josita, udazkenetik udazkenera bizitasuna galduta. Gaztainondoen gainbehera-egoeraz jabetzeko, eguneratutako daturik ez egotea ere adierazgarria izan daiteke. Hau da, 1950. urtean Hego Euskal Herrian gaztainadiek 14.530 hektarea lur estaltzen zituzten; hortik aurrerako daturik ez dago. Gaztainadietako garrantziaren galeraren seinale. Euskal Herriko basoetan harizti, pagadi eta pinudien artean oraindik ikus daitezke gaztainadiak, —zaharrak zein gazteak—, baina gero eta gutxiago, gero eta gaixoago.

Gaitzez eta ez gaitzaz hitz egin behar da gaztainondoen kasuan, kalte handiena egin eta egiten dutenak bereziki bi baitira: tinta eta txankroa. Tintaren eta txankroaren eraginez makina bat gaztainadi galdu da, batez ere mende honetako azken bi hamarkadetan, gaitzen erasoei utzikeria gehitu behar baitzaie. Izan ere, sasoi batean gaur baino jaramon handiagoa egiten zitzaien gaztainondoei, gehiago zaintzen ziren.

Tinta, hedatuz joan den gaixotasuna

Tinta gaixotasunari buruzko lehen berriak Espainian 1726. urtekoak dira, Gredos Mendilerrokoak. Ordutik joan den mendeko bukaera aldera arte, ez zen gaixotasunaren berririk izan. Izan ere, 1871 eta 1872 urteetan Euskal Herriko kostaldean agertu zen —Ondarroa eta Lekeitio artean—. Handik denbora gutxira gaixotasuna Galiziaraino hedatuta zegoen. Tartean, Asturias, Kantabria, Bizkaia, Gipuzkoa eta Baztan bailara ere harrapatu zituen. Tintak barnealderantz ere jo zuen, esate baterako Avila eta Gredoseko Mendilerroa aipatzen dira. Garaiko dokumentuen arabera, kalte nabarmenak egin zituen.

Gaur egun penintsulako iparraldea tintaren eraginpean dago; barnealdean ere badu eragina —Salamancan adibidez—; eta hegoaldean eta Afrikako iparraldean ez dirudi eraginik duenik. Hala ere, badirudi tinta gaixotasuna ez dela hedatzen ari, nolabait geratu egin dela.

Tintaren eragilea Ficomiceto Oomical (Phytophtora cinnamoni) izeneko onddoa da. Onddo hori normalean lurreko materia organikoan bizi da, baina bere adarkadurek gaztainondoaren zuztarrak harrapatzen dituenean, zuhaitzaren ehunetan sartzen dira. Beraz, parasito bihurtu eta infekzioa eragiten dute. Infekzioak gaztainondoaren zuztar txikienak harrapatzen baditu, zuhaitza poliki-poliki hil egingo da, zuztar nagusia beste txiki batzuk sortu eta nola hala bizirik irauteko gai izango baita; aldiz, infekzioa enborretik gertu hasten bada, gaztainondoak ez du asko iraungo, ezin izango baitu zuztar berririk sortu.

Tintak harrapatzen duenean gaztainondoaren adarrak lehortzen hasten dira; hostoak horitzen eta behar baino lehenago erortzen; gaztainak berak ere eskasagoak izaten dira. Behin betirako hil baino lehen —oro har hil aurreko urtean— gaztainondoak izugarrizko gaztaina piloa ematen du, baina inongo baliorik ez dutenak. Tintak zuhaitza harrapatu duen edo ez jakiteko behin betirako froga zuhaitzeko enborraren azpialdean begiratzea da; gar-itxura duen orban beltza badu,… txarra!. Orban hori zuhaitzak —gaztainondoak— parasitoari aurre egiteko duen erreakzioaren ondorio izaten da.

Tinta oso azkar hedatzen da, onddoak barreiatzeko bide ugari erabil baititzake: zuhaitzen zuztarren arteko kontaktua, onddoaren adarkaduren garraioa animaliek edo pertsonek lurra mugitzean, esporen garraioa uraren bidez… Ez hori bakarrik, onddoa espora sexualak sortzeko gai da —oosporak—, baita asexualak ere —zoosporak—, eta klamidosporak; azken hauek neguan irauteko gauza dira, infekzioa sortzeko abagunea aurkitu artean.

Gaixotasuna hasi berria dagoenean, tratamendurik eraginkorrena kimikoa da. Hala ere, mendi-mailan ezartzea zaila da, soilik fungizida zehatzekin erabil baitaiteke. Mintegietan eta landaketa gazteetan, ordea, badago erabiltzea. Gaztainondo zaharren tratamendua are zailagoa da. Enborraren bueltan metro erdi inguruko zuloa egiten da, zuztar nagusiak agertu artean eta ahal dela zauririk eragin gabe. Zuloa eginda dagoela, lurrean agerian geratzen diren zuztartxoak kentzen dira eta tratamendu kimikoa egiten zaio. Euri-arriskurik ez badago ez da komeni zuloa berehala estaltzea. Ikusirik neurri bata zein bestea hartzea zail samarra dela, gaztainondo gaixotasunarekiko erresistenteak lortzeko ikerketei ekin zitzaion. 1925. urterako horrelako lehen gaztainondoak lortu ziren Galizian. Gaztainondo tintarekiko erresistenteak lortzeko bi teknika erabiltzen dira, hibridazioa eta esplorazioa. Hibridazioaren kasuan, hemengo gaztainondoak Asiatik ekarritakoekin gurutzatzen dira, hauek tintarekiko erresistenteak baitira. Hala ere, Asiako gaztainondoek kalitate gutxiko fruituak ematen dituzte, eta hainbat gurutzamendu egin behar izaten da hemengoen pareko fruituak emango dituen gaztainondoa lortu arte. Esplorazioa, berriz, tintari berez aurre egin dioten gaztainondoak aurkitzera mugatzen da.

Teknika ezagutzen bada ere, gaztainondo erresistenteak lortzea epe ertain eta luzera gauzatu beharreko lana da. Hala eta guztiz ere, horixe da tintari aurre egiteko orain arte aurkitu den irtenbide bakarra.

Txankroa, inportaziokogaitza

Tinta gaixotasuna ez bezala, badirudi txankroa Asiatik etorria dela. Hala ere, gaixotasunaren kalteei buruzko lehen berriak Ameriketako Estatu Batuetakoak (AEB) dira, 1904. urtekoak. Izan ere, Asiako gaztainondo-espezieetan txankroaren eragina ez zen oso garrantzizkoa, nolabaiteko erresistentzia baitzuten; EEBBko gaztainondoek, aldiz, ez ziren gaixotasunari aurre egiteko gai izan. Hortaz, EEBBn sartu eta txankroak oso denbora gutxian gaztainondoen populazioan kalte izugarriak eragin zituen. Europara 1938. urtean sartu zen; lehenbizikoz Italiako Liguriara, eta gerora hedatu zen Suitzara, Frantziara eta Espainiara.

Ascomiceto Pirenial (Cryphonectria parasitica) onddoak du gaztainondoen azaleko txankroaren errua. Txankroa, batez ere, zuhaitzen adar gazteenetan eta azal leunetan soma daiteke; gaztainondoen zatirik zaharrenetan —zimur gehien dutenetan— txankroaren sintomak beranduago nabaritzen dira. Txankroak jotako gaztainondoen enborretako azala gorritu egiten da, estuago bihurtu eta azal gaineko pitzadurak ere sor daitezke. Azal azpian haizemale-itxurako adarkadura zuriak sortzen dira, eta gaztainondoen adaburuak lehortu egiten dira, adarretatik erortzen ez diren hosto marroixka zimurtuak bezala. Horrekin batera, kaltetutako guneetan txankro-adartxoak eta -fruitutxoak sortzen dira.

Onddoa gehienetan zuhaitzen azaleko zaurietatik sartzen da. Kazkabarrak, adibidez, erraz zauri ditzake gaztainondoak. Gaitzaren sarrera zauriak badira ere, infekzioa zauri horietatik edo azalaren berezko pitzaduretatik, edo adar gazteen intserzioen bidez heda daiteke. Gaixotasunak gaztainondoaren zati altu guztiei eraso egin diezaieke, nahiz eta batez ere azalean, eta urtetik urtera hazten den azal azpiko zatian garatzen den. Onddoa sartzen denean, aurre egin nahirik gaztainondoaren borroka hasten da eta hainbat erreakzio izaten ditu. Borroka onddoak irabazten badu, gaztainondoan lehen aipatutako sintomak agertzen dira. Tintaren kasuan bezala, txankroaren gaixotasunari aurre egiteko irtenbiderik egokiena gaztainondo-mota erresistenteak garatzean datza. Tintaren hedatzean, nolabaiteko geldialdia somatzen bada ere, txankroa etengabe hedatzen ari da, Euskal Herrian eta inguruko probintzietan batez ere. Gaixotasun honek sortzen dituen galeren ondorioz, gaur egun elkarlaneko proiektuak garatzen ari dira Europan antzeko arazoak dituzten herrialdeak; Italia, Espainia eta Portugal esate baterako. Lankidetza horri eta gerra biologikoari esker, badirudi ondorengo urteotan txankroaren eraginari aurre egiteko gai izango diren gaztainondoak lortu ahal izango direla.

Gaur egun mendietan bizirik dirauten gaztainadi gehienak berezkoak ez eta landatuak badira ere, badirudi izan gaztainondoa hemengo zuhaitza ere badela; autoktonoa, hortaz. Izan ere, Euskal Herrian duela 10.000 urteko (Debako Ekainen) eta duela 40.000 urteko gaztainondoen sedimentuak aurkitu izan dira. Argi dagoenez, orduan ez zituen inork landatu. Horrek ez du esan nahi gerora landatu diren gaztainadi asko eta asko Asiatik ekarritakoak ez direnik; soilik esandakoa, gaztainondoa hemengoa ere badela.

Edonola ere, hemengo zein kanpoko gaztainadientzat hauek ez dira garai onenak, Nafarroako Sakanan gaztainadiak berreskuratzeko ahaleginetan ari diren arren. Ez dira urte asko gaztainek garrantzia zutela neguko bizimoduan. Udazkenean bildutako gaztainak gorde egiten ziren negua ahalik eta ondoen igarotzeko, edo azokara eramaten ziren saldu eta trukean ateratzen zen diruarekin beste premiaren bati aurre egiteko… baserri asko eta askoren ekonomiarentzat oinarrizko ziren.

Izan ere, gaztainek gaur egun ez dute estimazio handirik. Hipermerkatuetan edo etxe ondoko denda txikietan eros daitezke; kanpotik ekarritakoak gehienak, eta merke askoak gainera. Hemengoak, mendikoak, nekez saltzen dira. Asko jota, etxerako lain egiteko biltzen dira; gainerakoak, zereginik ez duten jubilatuen edo arratsalde-pasa mendira joaten diren neska-mutikoentzat uzten dira. Ez dute ez gaztainek —ezta gaztainadiek ere— sasoi bateko garrantzirik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila