Gaudí-ren egiturak

Gaudí ez zen arkitekto arrunta. Bere obrak ikustea besterik ez dago horretaz kontura gaitezen. Gaudíren obrak sortutako efektu estetikoa berdin jasotzen dute helduek zein haurrek, artea ulertzen ez dutenek zein profesionalek.

Bere formetan eta koloretan horrenbeste freskotasun, berezkotasun eta sinplezia dago, ezen edonor txunditu eta inor ez bait da mirari hauek behin eta berriro ederresten nekatzen. Baina Gaudík (dirudienez berez) egin zuena ere, badago analisi zientifiko kritikoaren bidez ulertzerik.

Güell parkea. Sarrerako pabilioiko orratza. Erritmo helikoidala saretxo angeluzuzenarekin nahasia.

Ezinezkoa dena, Gaudíren obra estilo, eskola eta garaien sailkapen-metodoen bidez ulertzen saiatzea da. Gaudík sailkapen estilistikoen markotik ihes egiten du.

Baina bide zientifikoak beste emaitza batzuk (argigarriak) lortzen ditu. Denek dakite Gaudík bere arkitekturan zuzenezko geometriaren espazioko forma abailduak erabili zituela: hiperboloidea, plano zuzentzaileko konoidea, paraboloide hiperbolikoa edo helikoidea.

Zientziaren estudioak azaltzen du forma horiek nola determinatu eta aztertu ziren; XVII. mendean Descartes-ek sortu zuen geometria analitikotik eta irudikatzeko era Gaspar Monge-ren geometria deskribatzailetik nola lortu zen ere bai. Bi geometriek zuzenezko gainazal abailduen zenbait propietate determinatzen utzi dute; mekanika-arloan aplikaziorik dutenak, hain zuzen.

Gaudík aipatu gainazalak eraikuntzan erabiltzea mekanika eta geometria horiek aztertuta erabaki zuela pentsa liteke, baina ikasgai horiek Arkitektur Eskolan eta gero (bereziki estetika grafikoa) Joan Martorell-ekin ikasi bazituen ere, diseinatu zituen soluzio jenialak lantzen lagundu ziona ez zen hartzigarri zientifikoa izan.

Alderantzizko prozesua izan zen. Naturari erne begiratzeak lagundu zion zuzenezko geometria lurrean berez sortzen zela deduzitzen, grabitazio-lege unibertsal eta jarraia zela eta. Grabitateak, esfortzu eoliko eta izakien hazte organikoaren indarrekin batera, zuzenezko gainazalak hain maiz sortzen baditu, horiek funtzionaltasun-printzipio hertsiari jarraituz lege haiek erraz betetzen dituztela esan nahi du. Naturak ez du arte-lanik produzitzen, elementu hertsiki funtzionalak baizik; funtzional ez den baten bat sortzen badu laster ezabatzen bait du. Forma funtzional horiek pertsonen begi-bistara eder agertzen dira.

Gaudík naturak hain oparo azaltzen duen funtzionaltasunaren bideari jarraituz gero edertasuna lortzera helduko zela ulertu zuen.

Arkitektoen ohizko bidetik urrundu egin zen; konpas, eskuaira eta erregelaz erraz marrazten diren, baina naturan gutxitan aurkitzen diren lerro, plano eta solido erregularren geometria klasikoan betidanik hezitakoen bidetik, alegia.

Planoko marrazketa-eremua utzi egin zuen, konbentzionala zelakoan eta adierazkorretik gutxi zuelakoan. Bere eraikinak maketaz eta igeltsu, buztin edo zurezko ereduz diseinatzen zituen modelista bihurtu zen. Marrazten zailak ziren, baina mendi, zuhaitz edo animalien geometrian oinarritzen zen modelistaren eskuetatik sortzen ziren, solidoak landuz.

Baina benetan garrantzitsuena Gaudírengan prozesu hori funtsean intuikorra izatea da. Bere buruak forma naturalen xarma somatua zuen eta horietatik lortzen zuen eraikitzeko fruitua, Batlló etxearen aurrekaldea edo Santa Coloma-ko kriptaren atarian bezalako betekizun singularretan agerian uztea, urrats bakoitzean zuzenezko gainazalen jatorria, propietateak eta garapena deduzitu beharrik gabe.

Estatika intuizioz ulertzeak, sormenak ez eta naturak une bakoitzean eta unibertsoko leku orotan barra-barra ematen duenaren eremu eraikor arkitektonikoaren egokitzapen burutsu diren forma ederren konposatzaile handi bihurtu zuen Gaudí.

Erritmo geometrikoak

Zutabe poligono izarratuen arteko ebakidurekin. Familia Santua-ko zutabeetarako laugarren soluzioa. Bartzelona.

Bere obrak lehen begiratuan jenialtasunez beterik agertzen zaizkigu, berezko loratzeak balira bezala. Hala ere, sormenaren aurretik estetika, mekanika, erabiliko diren materialak, inguratzen duten elementu naturalak eta, batez ere, helburuen azterketa sakonak daude.

Bere lanetan erabili zuen beste estudio bat geometriko hutsa izan zen; apaintzeko helburua zuena eta eraiketa nahiz mekanikaren menpetik kanpo zegoena. Aipatu estudio geometrikoak batzuetan ohizko arauen arabera aplikatu zituen eta berrikuntza pertsonalekin bestetan. Atal honetan Gaudík bere obran erabili zituen erritmo geometrikoak aurkeztuko ditugu.

Ikus Zuzenak eta planoak, Arku parabolikoak eta gingil arkuak, Erritmo sinusoidal erregularrak eta libreak, Erritmo mekaniko eta helikoidalak, Erritmo espazial libreak

Gaudíren egiturak

Gaudík erabilitako forma estrukturalak bere garaikideek erabilitakoekin konparatuz guztiz ezberdinak dira.

Forma eta egonkortasunaren zentzuei esker, lehenengo obretatik arku paraboliko edo katenarikoa erabili zuen, presio-kurbatik gertuen zegoen elementu lineal bezala. Ondokoerrenkada adreiluz (erlaiz eran) osatutako arku faltsua ere erabili zuen.

Oso arku paraboliko fin horiek utzi zioten gapiriorik gabeko sapaiak egiten; Bellesguard, Teresarretan edo Pedrerako ganbaran adibidez.

Güell kolonian kalkulu-sistema enpirikoa erabili zuen kordelez eta draiazko zakutoz osatutako delako maketa estereostatikoan (sinpletasun eta irudimen handikoa da). Kripta horretan eraiki zituen paraboloide hiperboliko itxurako oholtzez bereiziko lehenengo gangak; baita zuzenezko gainazal abailduaren itxura bera hartzen zuten hormak ere.

Ez zen zenbakizko kalkulari izan; ezta tekniketan eraikitzaile aurreratua ere, hormigoi armatua alde batera utzi zuen eta. Gaudíren egituren garrantzia bere kontzeptuan dago, eraikitzeko eran baino gehiago.

Gaudíren ustez egitura eta dekorazioaren artean ez zegoen diferentziarik eta egiturak, printzipio naturaletan oinarritzen bazen, apaingarri izan behar zuela pentsatzen zuen. Profil ijetzizko metalezko egiturek ez zuten erakartzen; eraikuntz eta estatika premia baino gehiago zenbakizko kalkulu eta industri prozesuaren fruitua bait zen.

Gorputzeko hezurrak bezala, Gaudíren egiturak giharrez eta azalez daude inguraturik eta guzti hori osotasun organiko bat da.

Familia Santua katedraleko kanpandorreetako pinakuluen analisi geometrikoa

Begiratu batera Familia Santua katedraleko dorreak itxuragabe eta bere nahierara egin zituela dirudi, baina azterketa sakonak kontrakoa esango digu. Hona hemen azterketa hori:

  1. Puntaz jarritako bi karratu kurbatu angeluan bildurik daude, kanpoaldeetan lorezko gurutzeekin eta tamaina ezberdinetako esferaz inguraturik.
  2. Oinarri triangeluar eta ertz alakatutako piramide-enborra da, behe-gorputzari lotutako diedroekin eta beren aldeetan piramide lauangeluarrekin.
  3. Oktaedro edo kubo baten erpinak moztuz lortutako poliedro sasierregularra eta alde guztiak ebakitzen dituen esfera (horietako bi zulatuak foku argitsuentzat).
  4. Poliedroaren osaketa oktaedro erregularraren erpinak moztuz.
  5. Poliedroaren osaketa, hexaedro edo kuboaren erpinak moztuta.
  6. Oinarri triangeluar eta ertz alakatutako piramide-enborra (ez da 2-koaren luzapena), beheko eta goiko gorputzei lotutako diedroekin.
  7. Bere oinarriak banaketa triangeluarrean biselatuak dituen kono-enborra.
  8. A planoan zeharreko ebakidura.
  9. Kono-enborrezko inguratzaileko gorputza, behe-oinarria hexagonala eta goikoa triangeluarra.
  10. B planoan zeharkako sekzioa.
  11. Piramide hexagonalaren kono-enbor alderanztua.
  12. Oinarri triangeluar eta ertz alakatuzko piramide zorrotza, makulu itxuraz kurbatua, bere aldeetan oinarri karratuko oso piramide motzak dituela eta 1ean ikusitako karratuak erditik zulatzen dituena.

Egitura polifunikularra edo estereostatikoa

Güell kolonian (Santa Coloma de Cervelló) Gaudík elizaren diseinua egin zuen eta arku eta gangetan eroriko ziren zamak determinatu zituen. Egituraren itxura draiaz betetako zakutoak zintzilikatuz determinatu zen, zakutoen pisuak kalkulatutako zamekiko proportzionalak zirelarik. Horrela zamatutako kordelek berez irudikatu zituzten elizaren eskeletoaren formak.

Güell koloniako eliza. Jatorrizko maketaren argazkia.
Güell koloniako eliza. Jatorrizko maketaren argazkiari buelta emanez, maketak adierazten duen egituraren benetako itxura.

Arku faltsuak

Erlaiz ezberdinetan kokatzen diren adreilu edo harriz osatutako arku faltsua, parabolaren antza dute. Arkitektura islamiarrean ohizkoa zen eta Gaudik maiz erabili zuen.

Güell etxaldeko ataria.

Zuzenak eta planoak

Güell parkea. Angeluzuzen-erritmoa duten zeramikazko gaineztadurak, goiko aldean errepikapenezko erritmoak dituztela.
Vicens etxea. Aurrekaldearen goiko aldea, angeluzuzen-erritmo bertikalean.
Calvet etxeko igogailuaren atea. Saretxo karratuaren gaineko erritmo zirkularrak.

Arku parabolikoak eta gingil-arkuak

Astorgako apezpikutegia. Hiru gingileko erritmoa.
Güell parkea. Hiru gingileko erritmoa, sinusoidalarekin nahasia.
Güell zaltegiak. Arku paraboliko apaingarriak.

Erritmo sinusoidal erregularrak eta libreak

Teresarren eskola. Erritmo sinusoidal erregular bertikala.
Güell parkea. Plaza handiko aulkia. Erritmo sinusoidal librea.
Milà etxea. Azoteako goruneak. Erritmo sinusoidal erdilibre erregularra.

Erritmo mekaniko eta helikoidalak

Güell parkea. Erritmo mekanikoa.
Güell kolonia. Forma orekatutako erritmoa, katea eta pisuekin egindako estudio estereostatikoaren emaitza.

Erritmo espazial libreak

Milà etxea. Azoteako gorunea. Erritmo helikoidal librea.

Zuzenezko gainazalak

Zuzenezko gainazal abaildu deitzen zaie zuzenez osatuak izan baina bere osotasunean hiru dimentsioko gainazala deskribatzen dutenei. Zuzenezko gainazalen lau mota daude: hiperboloidea, helikoidea, paraboloide hiperbolikoa eta konoidea (guztiak erabili zituen Gaudík bere egituretan). Zuzenezko gainazal horiek dituzten egitura arkitektonikoak gangak, hormak eta zutabeak dira.

Ganga hiperboloidalak

Güell koloniako kriptaren leihoetako gangak, Santa Coloma de Cervelló.

Ganga helikoidalak

Güell jauregiko bigarren kupula, Bartzelona.

Plano zuzentzaileko ganga konikoak

Familia Santua-ko eskolen gainaldea, Bartzelona.

Ganga paraboloide hiperbolikoak

Güell koloniako kriptaren atrium arkupeduna, Santa Coloma de Cervelló.

Horma paraboloide hiperbolikoak

Familia Santua-ko eskolen itxitura bertikalak, Bartzelona.

Zutabe hiperboloidalak

Batlló etxeko lehenengo estaiako zutabeak, Bartzelona.

Arku paraboliko edo katenarikoa

Arku funtzional edo mekaniko izenekoa da. Gaudík beti erabili zuen, bere itxura polita ala itsusia izan zitekeela kontutan hartu gabe; bere funtzioa betetzeko automatikoki guztietan onena zela uste bait zuen, arkuek zamatuta daudenean hartzen duten itxura irudikatzen zuelako.

Teresarren eskola, Bartzelona.
Güell etxaldeko ikuilua, Bartzelona.
Güell koloniako kripta, Santa Coloma de Cervelló.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila