Garbigailua naiz, eta hondatuta nago!

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

‘Bai, zerbitzu teknikoa? XJ-1753 serie-zenbakidun garbigailua naiz eta hondatuta nago. Etorriko al zarete mesedez?’ Zure etxeko garbigailuak horrelakorik egiten badu, ez beldurtu. Ez dago bizirik. Aurten ikusiko ditugun aurrerakuntzetako bat besterik ez da. Internetetik kargatutako errezetak prestatzen dituzten labeak, edo korrika egindako kilometro-kopurua esaten diguten oinetakoak ere izango dira horietan.

Adibide bat besterik ez da, baina nahikoa adierazgarria. Italiako Merloni etxeak 2.600 milioi pezeta jarri ditu etxetresnen belaunaldi berri hau garatzeko. "Ariston digital" bataiatu dituzten tresna hauek urte honen amaierarako ikusiko ditugu salgai, eta ez dira tresna arruntak baino askoz garestiago izango, % 5 eta % 10 bitarteko aldea besterik ez dute izango salneurrian.

Enpresa honek 100.000 garbigailu aditu salduak ditu mundu osoan dagoenekoz. Garbigailu hauek oraindik ere kanpora konektatzeko ahalmenik ez badute ere, bere burua automatikoki diagnostikatu eta egiten duten lanari buruzko informazioa memorian gordetzen dute. Arazoren bat izanez gero, garbigailuak teknikariari abisatzen dio telefonoz automatikoki. Guk ez dugu ezertaz kezkatu behar!

Labe aditua ere badago, eta bestelako funtzioak ere baditu. Erabiltzaileak PC baten laguntzaz Internet bidez karga ditzake errezetak Ariston-en web orritik, eta ondoren etxeko sare elektrikotik labearen memorian gorde. Programa hauek, tenperatura, denbora edo bero-mota eta antzeko parametroez osatuta egongo dira, eta sukaldaritza jakin gabe labea erabiltzen lagunduko digu noski. Etorkizunean gainera, labea Internetera zuzenean konektatuta egongo da.

Etxetresnak sarean

Adibide gisa erabili dugu Merloni enpresaren kasu hau. Hala ere, badirudi teknologia adituaren bideari heldu diotela IBM, Microsoft, Sun eta beste enpresa handi batzuek ere. Beraz, berehala datorkigun zerbaiten aurrean gaude. Guztietan PCa kokatzen dute sarearen kudeatzaile gisa.

Lehen aipatutako adibidean, esate baterako, etxetresna guztiak sare elektrikoaren bidez komunikatzen dira, horretarako uhin gidatuen modema erabiltzen dutelarik. Horrela, erabilgarri dagoen energia elektrikoaren kudeaketa ere egiten dute prozesadore baten bitartez. Honen arabera, lehentasun-sistema bat ezartzen dute, labeak garbigailuak edo berogailuak baino garrantzi handiagoa duelarik, aldi berean energia behar duten kasuetan zeinek zenbat hartu jakin ahal izateko.

IBM enpresa ere antzeko lanetan dabil, eta ‘eramangarri’ deitu duten teknologia garatzen ari da. Ateak automatikoki zabaltzeko sistemak gerrikoan txartel bat eramanez, edo korrika egindako kilometro-kopurua esaten dizuten zapatilak dira laster batean ikusiko ditugun teknologia berriak, eta IBM hauek lantzen hasita dago.

Bide beretik, dagoenekoz ikusten hasi garen ‘poltsikoko’ ordenadoreak datoz. Betaurreko moduko kristal likidozko pantaila bat jantzi, eta walkman baten tamainako ordenadore txiki baten bidez, Internetera konekta gaitezke jada trenean lanera goazen bitartean. Urte honen amaierarako IBMk Visionpad deituriko gisa honetako ordenadorea kaleratuko du, 233 MHz-eko abiadura duen Pentium MMXa, 64 Mb-eko RAMa eta 340 Mb-eko disko gogorrarekin. Sistema honekin konektatu ahal izateko, ahotsa ulertzen duen ViaVoice softwareaz ordezkatuko dituzte betiko teklatu eta xagua.

Xybernaut etxeak ere antzeko sistema garatu du, baina kasu honetan ahotsaz gain, gerrikora lotutako teklatu edo xagu txiki bat ere gehitzen dute komunikazio bide bezala. Ordenadore eramangarriak ere ordenadore nekagarriak irudituko zaizkigu laster batean.

Jini, sarearen oinarria

Sun Microsystems etxeak, bere Java lengoaian oinarrituta Jini deituriko teknologia berria garatu du. Sistema honen oinarria erraztasunean dago. Jini, ordenadorea erabiliz tresna elektronikoz osaturiko sarea kudeatzen laguntzen duen lengoaia da. Adibidez, lehen aipatutako etxetresna elektrikoen sareaz hitz egin dezakegu, konekta daitekeen edozein gauza kudea baitezake teknologia honek. Bide berari jarraitzen dio Microsoft-ek ere, noski. Horretarako Universal Plug and Play deituriko teknologia garatu du, ordenadore, inprimagailu, etab. sare domestiko batean tresna arrunt bezala konektatzen lagunduko duena.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.