1995/02/01
92. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Garatxoak
Garatxorik gehientsuenak onberak dira berez eta denborarekin desagertu egiten dira, baina behin edo behin molestoak edota antiestetikoak gerta daitezke duten kokapenagatik.
Garatxoak desagertarazteko metodo asko daude, baino horietako batzuk, substantzia kaustikoak erabiltzea adibidez, ez dira ia proposatu ere egiten gaur egun.
Garatxoak arazo dermatologikorik usuenetariko bat izaten dira, eta bere bizitzako uneren batean edo bestean garatxo bat edukitzetik ia inor ez dela libratzen esan daiteke. Hogeita hamarretik gora garatxo desberdin daude, bakoitza birus-mota desberdin batek sortua, eta guztiak gizakiarentzat espezifikoak dira. Animaliek beren garatxo-mota bereziak dituzte, baina ez gizakiak kutsa ditzake animaliak, eta ezta alderantziz ere.
Eta zein da, bada, arazo dermatologiko hau horrela ugaltzearen arrazoia? Larruazalean sortutako zauri txikietan barrena kutsatzeko erraztasun ikaragarria. Baina ez dago kezkatzeko arrazoirik. Ia garatxo guztiak onberak dira, portzentaia txiki bat minbizi bihur daitekeen arren. Baina beti dira kantzer edo minbizi ez-inbaditzaileak, senda daitezkeenak.
Larruazala birusak infektatu ondoren, zelula infektatuak oso azkar ugaltzen dira. Zona edo une jakin batean pilatzen dira eta zona hori “loditu” edo “gizentzen” denean garatxoa sortu da. Tamainaz 2 mm-tik 2 cm-ra bitartekoak izan daitezke, eta gehienbat infekzio arriskuko gorputz-zatietan agertu ohi dira, alegia eskuetan, oinetan, hanketan eta aurpegian.
Hain usuak direnez, eta era berean ikuspegi estetikotik hain molestoak, herriaren “jakinminak” hainbat erremedio proposatu izan ditu garatxoak desagertarazteko, baina horietako bakarra ere ez da zientifikoki demostratu eraginkorra denik. Ez da ahaztu behar, hala ere, garatxoak, birus batek sortuak direla, gripea bezalatsu, eta honekin gertatzen den bezala, inolako tratamendurik jarri gabe ere, azkenerako sendatu egiten direla.
Hori argi eta garbi frogatua geratu zen duela urte batzuk, dermatologo-talde batek garatxoak zituzten lau pertsona-multzo bakoitzari tratamendu desberdina ezarriz aztertu zituztenean. Batzuk petrikilo batengana joan ziren, beste batzuei plazebo bat eman zitzaien (tratamenduan inolako eraginik ez duen substantzia bat alegia, nahiz eta pazienteak hori jakin ez), hirugarren multzokoek ez zuten tratamendurik eta laugarrenari tratamendu medikoa jarri zitzaion. Emaitzak oso argiak izan ziren: aurreneko hiru taldeak denbora berean sendatu ziren; laugarren taldea lehenago sendatu zen.
Garatxoaren birusaren mikroargazkia. Hogeita hamarretik gora garatxo desberdin daude, bakoitza birus-mota desberdin batek sortua, eta guztiak gizakiarentzat espezifikoak dira.
Horrek honakoa esan nahi du: garatxoak dituzten hiru pertsonatik bik inolako tratamendurik gabe urte batzuen buruan galdu egingo dituztela. Gainera, geratzen den beste heren horretatik, erdia baino gehiago berez sendatuko da beste urte-pare baten buruan.
Zer egin dezake, berez (hau da, tratamedurik gabe) garatxoekin segitzen duen pertsona horrek? Medikuarengana jo dezake, baldin eta bere kokapenagatik garatxoak molestiak ematen badizkio, edota bere tamaina eta lekuagatik oso estetikoak ez badira eta horrexegatik desagertarazi egin nahi badira.
Garatxoak desagertarazteko metodo asko daude, baina horietako batzuk, substantzia kaustikoak erabiltzea adibidez, ez dira ia proposatu ere egiten gaur egun. Zabalduagoa dago Duofil izenekoa erabiltzea, larruazalean aplikatzeko moduko substantzia hain zuzen ere, eta astebetetik hiru asterainoko tratamendua egin ondoren, garatxoa desagertu egin ohi da. Beste metodo bat nitrogeno likidoa erabiltzea da, eraginak azkarragoak dituelako. Nitrogenoa garatxoaren gainean aplikatzen da, ez du inolako minik ematen, eta nitrogenoaren eraginez zonatxo bat izoztu egiten da, azkenean garatxoa lehortu egiten delarik.
Garatxo-mota ohizkoetan ondorengoak daude:
- Garatxo arrunta. Haragi-kolorekoa, azala nahikoa zimurra du eta hau da tamainaz handiena. Edozein adinetan ager daiteke, baina umetan ikusten da gehienbat; eskuetan batez ere. Ez du minik ematen eta tratamendurik gabe desagertzera irits daiteke.
- Oinzolako garatxoa. Biribilak dira, azal zimurrekoak, eta oinzolan eta oinetako behatzetan agertu ohi dira. Garatxoa estaltzen duen larruazala oso gogorra da, eta askotan kailuarekin nahas daiteke. Presioaren aurrean sentiberak dira eta oina lurraren gainean apoiatzean (hau da ibiltzean) mina agertzen da. Hilabete batzuen buruan desager daitezke, baina normalean tratamendu mediko edo kirurgiko egokirik gabe ez dira desagertzen.
-
Tamainaz 2 mm-tik 2 cm-ra bitartekoak izan daitezke, eta gehienbat infekzio-arriskuko gorputz-zatietan agertu ohi dira, alegia eskuetan, oinetan, hanketan eta aurpegian.
Garatxo planoak (lauak). Oso txikiak izaten dira, lisoak eta haragi-kolorekoak. Umetan edo adoleszentetan agertu ohi dira gehienbat, aurpegian, lepoan, eskumuturrean eta belaunetan. Normalean taldeka agertzen dira, harramazka edo zauri baten luzera guztian zehar (hortik sartu baitzen gorputzera birusa). Askotan peka edo oriztekin nahasten dira. Berez desager daitezkeen arren, garatxo-mota hau oso setatsua izaten da tratamenduarekiko. - Garatxo filiformeak, hari-formakoak. Garatxo bigunak dira, meheak eta puntu eta mutur gogorra dutenak. Aurpegian, lepoan, kokotsean edota betazaletan agertu ohi dira, bakarka edota taldeka bilduak. Ukitzen ez badira berez desagertzen dira, baina agertzen diren tokietan agertzeagatik normalean tratatu egiten dira, batipat kirurgikoki erauziz.
- Garatxo anogenitalak edo papiloma puntazorrotzak. Helduengan agertzen diren garatxo berezi hauek azalore-modukoak dira, oso azkar hazten dira eta sexu harremanen bidez harrapatu ohi dira (ez beti, hala ere). Berez desager daitezke, baina berriz infektatzea ere posible da eta modu edo biderik seguruena medikuarengana joatea da, honek arazoa ebaluatu eta tratamendurik egokiena gomenda dezan. Normalean garatxoaren gainean substantzia bat jartzen da, lehortzen utzi eta sei orduren buruan erretiratu egiten da. Prozedura hau errepikatu egiten da hamar-hamabost egunero, garatxoa desagertzea lortu arte. Zenbait kasutan beste metodo batzuk (erauzketa kirurgikoa, elektrokoagulazioa edo krioterapia) ere erabiltzea beharrezkoa izan daiteke.
- Azkazaletako garatxoak. Ume eta adoleszentetan ikusten dira hauek, azkazalen inguruan, baita azkazalen azpian ere, esku nahiz oinetako behatzetan. Tratamendua normalean kirurgikoki erauztea izan ohi da.
- Garatxo seborreikoak. Gainerantzeko garatxoak ez bezala, zahardadeko “garatxo” hauek, larruazaleko egitura desberdinak zahartzen direnean sortutako keratina pilaketak besterik ez dira; kolore ilun edo beltzeko mantxak. Beraz, birusekin zerikusirik ez dute. Tumore onbera hauek, ez dira kutsakorrak, baina ez dira berez desagertzen.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.