Futbol-zelaietako belarra

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Oro har, Munduko Kopako partidak ikustera joaten dena ez da zelaiaren egoeraz arduratzen; jokoa ikusi besterik ez du nahi. Baina belarra behar bezala egoteko, zaintze-lan nekezak egin behar dira aste osoan zehar.

Batzuetan, partida bukatuta, kezkatzeko arrazoiak dituen bakarra zelaiaren zaintzailea izaten da. Jokoa gogorra izan baldin bada, ustezko tapiz berdea zuloz josita gelditzen da. Eta ez da hori zaintzailearen kezka bakarra; esate baterako, atezainak egoten diren alde bietan belarra azkar desagertzen da.

Egia esan, zelaia zaintzea ez da lan erraza, belarra ez dagoelako egoera naturalean. Horregatik, ez du edozein belar-espeziek balio; ondoen egokitzen dena aukeratu behar da. Genetikoki eraldatutako belarra prestatzen da hainbat laborategitan, eta gero hori hazteko teknikak ikertzen dira. Espezie bat baino gehiago erabil daiteke, emango zaion erabileraren arabera: ez dira berdinak futbolean eta golfean erabiltzen direnak.

Golfa Eskozian asmatu zen; herri euritsu horretan aspaldi garatu zituzten zelaiak zaintzeko teknikak. Eta kirolaren kontzeptu modernoak teknika horiek hobetzea eskatu du. Golf-zelaian ez da belar-mota bakarra izaten. Horietatik espezializatuena greenekoa da. Han, milimetro gutxiko oztopoak ere ez dira onargarriak, eta beraz, belarrak nekez gainditzen du 4 milimetroko altuera.

Futbolean, berriz, belarra 17 milimetro altu izaten da, gutxi gorabehera; mozteko modua sinpleagoa da, baina bertan egiten den kirola askoz ere mingarriagoa da belarrarentzat. Bestalde, zein altueratan eduki behar den erabakitzeko irizpide gehiago sartzen dira jokoan: zaintzailearen eta entrenatzailearen artean hitzartzen da, oro har. Baina bada modu bat belarra moztu behar ez izateko: belar artifiziala erabiltzea.

Naturala ala sintetikoa?

Aspaldikoa izan arren, belar artifiziala bitxikeriatzat hartzen dugu oraindik. Baina, gauza guztiek bezala, alde onak eta txarrak ditu. Instalazioan eta mantentze-lanean, adibidez, argi ikusten da. Belar artifiziala instalatzea garestia da, baina mantentze-lan gutxi eskatzen du zelaiak; belar naturalarekin aurkakoa gertatzen da: pusketaka erraz instalatzen da, baina mantentze-lan espezializatuak eskatzen ditu.

Balar sintetikoaren osagaiak: behetik gora hondar- eta kautxu-geruzak eta, gainean, belar itxurako plstiko berdea.
G. Roa Zubia

Jokalariaren ikuspuntutik, oro har, belar artifiziala askoz urragarriagoa da naturala baino. Gainera, baloiak ez du modu berean erantzuten, botearen aldetik, batez ere; eta korrika doan futbolariak aldaketa azkarrak egiteko garaian nabaritzen du bien arteko ezberdintasuna; ohitura-kontua ere bada. Dena dela, belar artifizialeko zelaiek hobeto jasaten dute eguneroko erabilera; entrenatzeko sarritan erabiltzen den zelaiak ondo irautea oso zaila da belar naturala badin badu.

Gaur egun, belar naturala duten zelaiak gehienbat goiko mailako taldeek erabiltzen dituzte; dirudienez, belar sintetikoa geroz eta gehiago erabiltzea sustatu nahi dute agintariek. Merezi du belar-mota bien ezaugarriei so egitea.

Belar artifiziala

Gaur egun futbol-zelaiak urdinak izan daitezke; zu horren aldekoa izango zinateke? Ohitura dugu belarra berdea ikusteko, baina sintetikoa jarriz gero, kolore asko dago aukeran. Azken batean, belar hori zuntzak osatzen dituen plastikoa da; dena dela, ez da hori bakarrik. Eroriz gero, jokalari batek errazago hartzen du min belar artifizialean jokatzen ari bada belar naturalean baino, lehenengoaren osagaiengatik.

Belar sintetikoa hainbat geruzaz osatuta dago. Oro har, azpikoa hondarra izaten da, horren gainean, kautxua edo silizea jartzen da, eta belar itxurako plastiko berdea goialdean. Silizea erabiltzen hasi zen kautxua urragarriagoa delako. Bestalde, goiko plastikoa makina batez moztu egiten da, eta, horrela, zuntz meheak egiten dira. Hori eginda, zelaia jokatzen hasteko prest dago. Baina, eta euria egiten duenean?

Belar artifizialadun zelaia Zubietan.
G. Roa Zubia

Euria egiten duenean, ura pilatu ez dadin, belar artifizialeko zelaietan izaten den drenatze-sistema planimetria da, hau da, maldan behera ura alboetara bazterreratzen da. Horregatik, futbol-zelaiak ez dira zeharo lauak izaten.

Belar naturala

Belar naturalak beste arazo batzuk izaten ditu. Belarra landarea da, noski, eta beste landareak bezala, zaindu egin behar da. Lurrean landareari sustraiek heltzen diotenez, sustraietako gaixotasunak sortzen direnean, belar-puskak erraz askatzen dira. Horri aurre egiteko ongarriak eta tratamendu espezifikoak erabiltzen dituzte zaintzaileek. Dena dela, sustraiak osasuntsu irauteko arazorik handiena kirolariek eskatzen duten gehiegizko ureztatzea izaten da.

Kirolariek (jokalariek nahiz entrenatzaileek) zelaia hezea egotea eskatzen dute. Baina heze iraun dezan maiz ureztatu behar da belarra, eta beraz, landareak ur-iturri oparoagoa du goikoa behekoa baino. Lurrak ureztatze-sistemak baino ur gutxiago izaten du; ondorioz, sustraiak gorantz hazten dira ur horren bila. Hala gertatzen denean, belarrak ez dio lurrari ondo eusten, eta futbolariek azkar hondatzen dute zelaia.

Partida batean belarra hondatzen bada, seguruenik ezingo da hurrengorako konpondu, hurrengoa biharamunean nahiz hurrengo astean bada ere. Horrez gain, eurite bortitzek utzitako urak ere zaildu egiten du lana. Hori dela eta, belar naturaleko zelai batean drenatze-sistemak, planimetriaz gain, ura azpitik aterarazten duen instalazioa ere behar du. Futbol-zelaia osasuntsu izatea ez da batere erraza; baina zalea ez da horretaz jabetzen maite duen ekipoak irabazten duen bitartean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila