Abenduko alean Frantses-Bidea aurkezten genuen galaxia kiribil bezala. Orduan esandakoen artean oso informazio gutxi zegoen galaxiaren nukleoari buruz. Baina, beharbada, zati hau dugu galaxia kiribilen garrantzitsu eta erakargarriena. Beraz, oraingo honetan bere deskribapen zehatzagoa egin eta planteatzen dituen arazoak aurkezten saiatuko gara.
Frantses-Bidearen nukleoaren kokapen zehatza ez zen irratiastronomiaren laguntza izan arte lortu. Jakina denez, izarrarteko hautsak erradiazio optikoa zurgatzen du. Beraz, teleskopio optikoen behaketa-eremuaren sakonera erlatiboki txikia da galaxiaren diskoaren planoan, bertan hauts ugari dagoelako. Hala ere, izarrarteko hautsa gardena da espektro elektromagnetikoaren bi muturretan: batetik X eta gamma izpien bandan eta bestetik infragorri eta irrati-uhinen bandetan. Beraz, gure galaxiaren nukleoari buruz dakiguna espektroko hiru eremu hauetako erradiazioa aztertuz lortu da. Tartean, hidrogeno neutroaren 21 cm-ko igorpena (H I hodeien igorpena) bereziki garrantzitsua izan da.
Irratiteleskopioak erabiltzen hasi ziren arte Frantses-Bidearen zentrua Norma konstelazioaren inguruan zegoela uste zen, baina H I hodeien mapak lortu zirenean, beso kiribilak gure posiziotik 28.000 argi-urtera Sagittarius konstelazioaren norabidean legokeen puntu baten ingurutik sortzen zirela baieztatu zen. Beraz, han egon behar zuen galaxiaren guneak. Norabide honetan lehenengo Sagittarius A deituko zen irrati-igorle indartsua aurkitu zen. Irratiteleskopioen bereizmena hobetutakoan, Sagittarius A elkarren ondoan zeuden iturri ezberdinez osatuta zegoela baieztatu zen.
Galaxiaren nukleoa, zehazki, Sagittarius A-West iturriarekin identifikatu zen, honako posizio honetan: igoera-zuzena, 17 h 42 m 29 s; deklinazioa, 28ê 59’ 48” (1950, 0). Ikerketa hauek infragorriaren bandan eginiko neurketen bidez baieztatu ahal izan ziren, erradiazio hauek jasotzeko argazki-plaka bereziak diseinatu zirenean. Horrela aurkitutako IR16 infragorri-iturria erabat egokitzen zitzaion Sagittarius A-West-i.
Laburbilduz, galaxiaren nukleoa 3 argi-urteko diametroko esfera bat dela esan dezakegu eta berau milioika izar (kontuan izan Eguzkitik hurbilen dagoen izarra 4,3 argi-urtera dagoela), izarrarteko hauts eta hidrogeno neutroz beteta dagoela. Esfera honen gunean oso irrati-iturri trinkoa dugu. Bere diametroa 10 U.A.koa (unitate astronomikoa 150 milioi km da gutxi gorabehera, Eguzkitik Lurrerainoko distantzia) da eta masa Eguzkiarena baino 5 milioi aldiz handiagoa.
Irudi harrigarri hau nukleoaren inguruko 20.000 argi-urteko diametroa duen eskualdera ere zabal daiteke. Bertan Sagittarius B2 irrati-igorle bortitza dago. Bere diametroa 100 argi-urtekoa da eta masa Eguzkiarena baino 3 milioi aldiz handiagoa. Biratzen ari den hidrogenozko disko mehe bat ere bada. Bere ertzeko gasaren abiadura 250 km/s-koa da. Kanpo alderago 150 km/s-ko abiaduraz hedatzen ari den hidrogenoa ere bada.
Zein da banda ezberdinetan jasotzen diren erradiazioen jatorria?. Irrati-uhinei dagokienean, erradiazio gehiena sinkrotroi-erradiazioa da. Hau eremu magentiko baten lerroen inguruan oso azkar biratzen ari diren zatiki kargatuek (batez ere elektroiek) igortzen duten erradiazio berezi bat da. Igorpen-eremu honetan, nukleoak bakarrik, 1030 watt emititzen ditu, hau da, Eguzkiaren igorpen osoa baino milaka aldiz gehiago. Sinkrotroi-igorpenarekin batera H I hodeiena bezalako emisio-lerroak ere iristen zaizkigu.
Infragorriaren eremuan emititzen dena izarrarteko hautsaren igorpen termikoa dela uste da. Nukleoko izarrek inguruko hautsa eta hodei molekularrak berotuko lituzkete eta azken hauek beren tenperaturei legozkiokeen uhin-luzerako erradiazioa igorriko lukete. Galaxiaren nukleoak arlo honetan igortzen duen energia 3x1036 watt ingurukoa da, hots, Eguzkiaren emisioa baino 100 milioi aldiz handiagoa.
X eta gamma izpien bandan igorpenaren zati bat sinkrotroi-igorpena da. Beste zati bat, berriz, alderantzizko Compton sakabanatzearen ondorio da. Hau sinkrotroi-erradiazioa sorterazten duen elektroietako batek energia gutxiko fotoi batekin talka egiten duenean gertatzen da, fotoi hori energia eta maiztasun handiagoko bihurtuz. Gerta daiteke X izpien zati bat oso hodei beroen igorpena izatea ere.
Igorpenek sorterazten dituzten prozesuak ezagunak direla esan dezakegu, baina oinarrizko arazo bat dugu oraindik erabat ezezaguna. Zeintzuk dira nukleoak dituen dimentsioen barneko hain espazio txikian aipatu ditugun energia itzelak sorteraz ditzaketen fenomenoak? Hipotesi bat edo beste egin da, baina denak espekulazio huts baino ez dira eta oraindik ez dago zientzilariek onartu duten teoria arrakastatsurik.
EFEMERIDEAKEGUZKIA: Martxoaren 21ean, 3 ordu eta 1 minutuetan (UT) Aries-en sartzen da. Udaberria hasten da.
PLANETAK
|