Duela 30 urte espazioaren esplorazioa jaio zen une beretik, ikerlarien itu izan da Martitz. Hasiera batean, Martitzen bizirik ba ote dagoen ala ez jakitea izan zen misioen helbururik nagusiena, baina Viking zundek biziaren arrastorik topatu ez zutenez, gizakiak martitzeratzea da egungo jomugarik erakargarriena. Helburu nagusi hau ahaztu gabe, Martitz bera ezagutzea eta ezagutza horrek Eguzki-sistemaren jatorriaz eman ditzakeen argitasunak ezin ditugu alde batera utzi.
Datorren uztailean bi zunda sobietarrek Lurra utzi eta Martitzerako bidea hartuko dute. Fobos izeneko zunda hauek Martitzen Fobos satelitea esploratzea dute itu. Misio hau hurrengo urteetan egingo diren esplorazio espazialen arteko adierazgarriena izango da askoren ustetan. Alde batetik Eguzki-sistemaren jatorriari buruzko informazio zuzena lor daitekeela uste delako eta bestetik gizakia martitzeratzeko behar diren azpiegitura-sistema batzuk (komunikazioak eta nabigazio-sistemak esaterako) frogatuko direlako.
Fobos, Martitzen bi sateliteetan handiena da eta Martitzetik gertuen orbitatzen duena. Bere jatorriak eta egiturak interes handia sortzen dute astronomoen artean. Fobos misioak, satelitearen azterketa sakona eta zehatza egingo du.
Zergatik Fobos?
Martitzerako misioa planteatzerakoan interesgarriena planeta bera esploratzea dela pentsa liteke lehenengo kolpean. Baina arazoa polikiago aztertzen bada, Fobos esploratzearen aldeko arrazoi sendoak daudela antzematen da.
Viking iparramerikar zundak satelitearen ingurutik pasa ziren arte, ezer gutxi ezagutzen zen Martitzen sateliteari buruz. Zundek bidalitako argazkiak oso interesgarriak izan dira eta zientzilarien jakinmina areagotu egin dute.
Fobosen gainazala, 20-30 metroko sakonera eta 400-600 metroko luzera duten arrakaladura paraleloz josia dago. Gainera bere muturretako batean (itxura eliptikoa du), 8 km-ko diametroa duen inpaktu-krater itzela dago (Fobosek 27 km-ko diametroa du). Nolako talkak sortu zuen horrelako egitura geologikoa?
Bestalde, Fobosen dentsitatea (2,0 g/cm 3 ) oso txikia da Lurrarenarekin (5,52 g/cm 3 ) edo Martitzenarekin (3,93 g/cm 3 ) konparatzen badugu. Honek adierazten duenez, Fobos ez dago, Lurra dagoen moduan, bolkanismoaren eraginez transformatutako harri trinkoz osaturik. Bestelako harriez osatuta dago Fobos beraz. Fobosek kondrita karbonatu izeneko meteoritoen antzeko dentsitatea du. Gainera bere gainazalean isladatze-espektrometriaz egin diren saioetan, kondritekin lortzen diren emaitzen antzekoak jadetsi dira.
Hau oso garrantzitsua izan liteke, zeren eta astronomo askok uste duenez kondrita karbonatuak Eguzki-sistemaren sorreraren lekuko bait dira. Beraz, Fobos kondrita izango balitz, bere esplorazioak arrasto berriak eman liezazkiguke gure planeta-sistema sortu zenean zeuden baldintzak eta mekanismoak hobeto ulertzeko eta, era berean, beste izarretan antzeko sistemak eratzeko behar diren baldintzak ezagutzeko.
Honetaz aparte, badu Fobosen gainazalak beste ezaugarri berezi bat: erregolitazko hautsez estalita dago eta ez du meteoritoen inpaktu-kraterren aztarnarik. Azken hau, ez dator itxaron zitekeenarekin bat. Fobos moduko atomosferarik gabeko espazio-gorputzak (gure Ilargia esaterako) inpaktu-kraterrez josirik egoten dira.
Hortaz, Fobosek badu zer ikusia eta zer aztertua.
Hala eta guztiz ere, Fobos misioek Martitz bera ere aztergai izango dute. Beste zenbait azterketen artean Martitzen atmosferan uraren arrastorik ba ote dagoen ikertuko dute.
Lehentxeago esan dugunez, datorren hilaren hasieran eta egun gutxi batzuen diferentziaz, bi Proton jaurtigailu Baikonur-eko kosmodromotik jaurtiak izango dira beren muturretan Fobos zunda automatiko bana eramango dutelarik. Fobos zunda biak berdin-berdinak izango dira eta bakoitzak 12 herri desberdinetan eginiko 22 saio eramango ditu. Saio hauen bidez Eguzkia, Martitz eta Fobos ikertuko dira.
Misioa arrakastatsua izango dela segurtatzearren igortzen dira bi zunda desberdin. Baten bati bidean ustegaberen bat gertatuko balitzaio, besteak misioa osatzerik izango luke.
Fobos zundak jaurti eta berrehun egunera, gutxi gorabehera, iritsiko dira Martitz ingurura. Orduan, orbita eliptikoa hartuko dute eta Fobosera hurbiltzeko maniobra zail eta arretatsuari hasiera emango diote. Lehenengo orbita hau oso eszentrikoa izango da. Punturik urrutienean Martitzetik 79.000 km-ra izango da eta punturik gertuenean 500 km-ra.
Orbita hau ondo ezarria dagoenean, bigarren transferentzi orbita eliptikora aldatuko da zunda. Honen punturik urrutiena 79.000 km-ra egongo da eta gertuena 9.700 km-ra (Fobosen orbita baino 322 metro kanporago).
Hirugarren maniobran orbita eliptikoa 9.700 km erradioko orbita zirkular bihurtuko da.
Gero, orbitaren parametroak zehatz-mehatz segurtatu ondoren maniobra-andana berri bati ekingo zaio Fobosen eta zundaren higidura sinkronizatzearren.
Fobosen erakarpen grabitatorioa hasiko da une horretan lanean. Zunda zorurantz leunki, 2-5 km/h abiaduraz, erortzen hasiko da. Berrogeitamar metroko altuerara iritsitakoan motore batzuen bidez egonkortua izango da eta hogeiren bat minutuz hegan egingo du. Bien bitartean beste zunda Martitzen gainazaletik 1.000 km-ra pasako da.
Guztia ondo ateratzen bada, sobietarrek Deimos-erantz (Martitzen bigarren sateliterantz) zuzenduko dute gero zunda.
Pentsa litekeenez honelako maniobrak egitea oso zaila eta konplexua da. Ekilibristak trapezioan egiten dituenekin konpara daiteke akaso. Ordenadore, kalkulagailu, datu-transmisiorako bitarteko, nabigazio-sistema eta traiektografia boteretsuak eta goimailakoak erabili behar dira lana arrakastaz bukatu nahi bada. Beraz erronka handi bati aurre egin beharko dio sobietarren zientziak eta teknologiak.
Sobietarrek esfortzu eta lan handia egin dute Fobos misioa prestatzen. Fobos zunden diseinua erabat berria da eta aurreko planetarteko zunden diseinua gainditu egiten du. Ordenadore zentral batek kontrolatzen ditu eta maniobra orbitaletarako motore ekonomiko berriak ditu.
Zundaren orientazioa garrantzi handiko arazoa da. Antenek eta saiakuntzek Eguzkirantz, Lurrerantz, Martitzerantz eta bere satelitetarantz oso zehatz orientaturik egon beharko dute. Orientazioaren erreferentziatzat Eguzkia eta Canopus izarra hartuko dira eta doitasuna gradu batekoa izango da espazioaren hiru ardatzetan. Gainera orientazio astronomikoa nahikoa izango ez balitz, zundak plataforma giroskopiko bat du bi azelerometrori konektaturik.
Lurrean 64-70 m-ko antena-sistema baten bidez jasoko da zundek bidalitako informazioa. Mundu osoan barreiaturik dauden bost izango dira segimendu-antenak: Ussuriisk (Ussuri ibaiaren ondoan), Jevpartoria (Krimean), Goldstone, Madril eta Camberra. Lurrerako komunikazioen abiadura maximoa 4 kilobit/s izango da eta inoiz Lurra ikustezina izango balitz, 30.106 biteko memoria batean gordeko litzateke bitartean pilatutako informazioa.
22 izango dira Fobos ek egingo dituen saiakuntzak. Horietako bi, Lima D eta Dion izenekoak , oso bereziak dira. Bi hauen bidez Fobosen zoruaren konposizio isotopikoa aztertu nahi da.
Lima D bere motako inoiz egin den lehenengoa izango da. Zunda zorutik 50 m-ko distantziara hegan dabilenean, laser baten bidez zoruaren azala osatzen duten materialak lurrindu eta ionizatu egingo dira. Sortutako gas ionizatua zundan dagoen masa-espektrometro batek jaso eta analizatuko du. Aurrikusia izan denez, ibilbidean 10-13na metroko tartez disparatuko da laserra.
Dion izeneko saioan, Foboseko zorua kripton-ioiez bonbardatua izango da. Ioi hauek beste ioi batzuk erauziko dituzte zorutik eta erauzitako ioi hauek izango dira aztertuak. Erauzitako ioi hauen izaerak, Fobosen kanpo-geruza osatzen duten substantziak nolakoak diren esango digu.
Bestalde, kanal desberdinetan lan egingo duten hiru bideo-kamerek, Fobosen kolorezko irudiak emango dizkigute, zentimetro batzuetako bereizmena izango dutelarik. Gainera, ispilu birakari batzuei esker, Fobosen bistak (hondoan izarrak dituelarik) lortu ahal izango dira. Datu hauek oso erabilgarriak izango dira nabigazio-arazo batzuk konpontzeko eta baita
Fobosen biratze- eta prezesio-higidura aztertzeko ere.
Satelitearen zoruaren sakoneko egitura ere aztertua izango da. Horretarako, 200 metroko sakoneraraino irrati-frekuentzien bidezko (5, 130 eta 500 MHz-etan) zundaketa egingo da. Neurketa hauek, 0,3 eta 50 mikratan egingo diren beste batzuekin osatuko dira. Saio hauen bidez, Fobos kondrita karbonatua den jakin ahal izango da.
Fobosen egingo diren saio guztiak ez dira urrunetik burutuko. Fobos ek bi modulu automatiko libratuko ditu; fobosartuko duten moduluak hain zuzen. Bata aingura baten bidez satelitean tinko lotuko da. Eguzki-panelen bidez behar duen energia lortuko du eta denbora luzez funtzionatuko duela uste da. Modulu honek lan handiak egin beharko ditu.
Astronomoen artean Fobos pixkanaka-pixkanaka Martitzerantz hurbiltzen ari dela fenomeno ezaguna da. Hurbiltze hau satelitearen higiduran azelerazioa dagoelako gertatzen da. Modulua satelitearekin bat eginik ibiliko denez, Eguzkiaren eta izarren posizioak une desberdinetan neurtuz posible izango da azelerazio horren magnitude zehatza ezagutzea, eta ondorioz, Fobosen oraingo eta jatorrizko ibilbidea.
Modulu berdin honek, alfa izpizko espektrometria eta X izpizko fluoreszentziaren bidez zoruaren osagaiak aztertuko ditu. Termometro batek eta telebista-kamera batek osatzen dute moduluaren tresneria zientifikoa.
Zundak libratuko duen bigarren moduluak, lehenengoaren tresneria zientifiko berdina izango du, baina desberdintasun nabarmena izango da bion artean: bigarren hau higigarria izango da eta Fobosen gainazala toki desberdinetan aztertuko du. Hankatxo batzuei esker 20 m-ko jauziak egingo ditu. Modulu honi esker satelitearen zoruaren ezaugarriei buruzko informazioa hainbat toki desberdinetan lortzea izango da.
Zunda bien lana ez da Fobosen esplorazioaz amaituko. Satelitean egin beharreko lana burutu ondoren, planetaren inguruan orbitatzen jarriko dira 500 km-ko altueran. Egoera honetan zundek saio berri batzuei hasiera emango diote. Beste gauza batzuen artean, Martitzeko atmosferan dauden gas desberdinen (karbono(IV) oxidoa, ozonoa eta ur-lurrina besteak beste) banaketa, tenperatur eta presio-profilak eta Martitzen eremu magnetikoa aztertuko dira.
*-*-*-*-*-*-*-*-*
Ikusi dugun guzti honen ondoren, Fobos sobietar zunden lana oso anbiziosoa denik ezin uka. Misio honetan lortuko diren datuak, gure sistemaren jatorriaz dauzkagun ideiak sendotzeko balio dezakete. Baina, datu berrien arabera aldaketa berri batzuk egin behar izatea ez litzateke harriagarria izango. Martitz bera ere desberdin ikusiko dugu, Viking zunden datuak jaso ondoren gertatu zen bezala. Edonola ere Martitz gertuago izango dugu. Izarretarako bidaiaren lehenengo urrats izan daitezkeen Martitzeko koloniak, kale-kantoian egon litezke urte gutxiren buruan.
MARTITZEKO ESPLORAZIOAREN KRONIKA1960
1962
Martitz 1. (SESB). Pasatze-hegalaldia. Harremana galdu zen bidean. 1964
Mariner 3. (EEBB). Pasatze-hegalaldia. Jaurtigailua lehertu egin zen. 1969
Martitz 1969B. (SESB). Martitzartze-misioa seguruenik. Ez zuen Lurraren orbita uzterik lortu. Mariner 6. (EEBB). Pasatze-hegalaldia. Martitzen irudiak. Mariner 7. (EEBB). Pasatze-hegalaldia. Martitzen irudiak.
Martitz 2. (SESB). Martitzartze- eta orbitatze-misioa. Orbitatzea arrakastatsua eta martitzartzeak huts egin zuen. Martitz 3. (SESB). Martitzartze- eta orbitatze-misioa. Orbitatzea arrakastatsua, baina martitzartze-zundak huts egin zuen 110 segundoz lanean aritu ondoren. 1973
Martitz 5. (SESB). Orbitatze-misioa. Arrakastatsua. Martitz 6. (SESB). Martitzartze-misioa. Martitzartu baino lehenago harremana galdu zen. Martitz 6. (SESB). Martitzartze-misioa. Martitzartze-zundak huts egin zuen. 1975
Viking 2. (EEBB). Orbitatze- eta martitzartze-misioa. Martitzartzea lortu eta gainazalaren irudiak. 1988
1992
1998
2010
|
Martitzen sateliteak Martitzek bi satelite dauzka: Fobos eta Deimos. Bi hauek behar bada eguzki-sistemako objektu harrigarrienak dira. Oso tamaina txikikoak direnez, 1877. urterarte ez ziren aurkituak izan. Planetaren gainazaletik urrunen dabilen ilargia Deimos da eta Martitzen zentrutik 23.000 km-ra dabil. Fobos ordea gainazaletik oso gertu dabil; zentrutik 9.300 km-ra. Deimos eta Fobos greziar mitologiako pertsonaiak dira eta izua eta beldurra esan nahi dute grekoz hurrenez hurren. Biok, Ares gerraren jainkoaren lau ezkutarietako bi ziren. Hipotesi asko dago bi satelite hauen jatorriari buruz. Astronomo gehienek, biak Martitz eratu zenean harrapatutako bi asteroide direla uste dute. Hala ere, beste zenbait hipotesi kurioso eta harrigarri ere bota izan da. Horietako batek, biak oso zibilizazio aurreratuak airean jarritako bi satelite artifizial direla esaten du. Hipotesi honen oinarria sateliteon tamainuan, (eguzki-sistemako txikienak dira) eta higiduran dituzten anomalia batzuetan dago. Gainera, biak barrutik hutsik egongo lirateke beren dentsitate txikia esplikatu ahal izateko. Hala ere, bi sateliteon kanpo-itxura arras desberdina da. Biok elipsoide-itxura daukate eta elipsoidearen ardatz nagusia Martitzekiko zut dago. Baina, Deimos-en azala leuna eta launa den bitartean Fobosena inpaktu-kraterrez josita dago; baztangak jotako azalaren itxura bera du hain zuzen. Martitzen sateliteen ezaugarriak |