Ondoren eskainiko dizuegun euskarazko softwarearen katalogoa iaz UEUko Informatika Sailak antolatu zituen Informatikari Euskaldunen I. Topaketen barruan kokatu behar da; horretarako prestatu genuen, gaur egun euskaraz erabil daitekeen softwarea ezagutarazteko asmoz.
Bilketa-lan hau egitea funtsezkoa iruditu zitzaigun euskarazko softwarearen ekoizpenean dauden esperientziak eta arazoak planteatzeko eta gaur egun euskarazko softwaregintzan dauden hutsuneak nabaritzeko. Iazko irailean zabaldu genuen katalogoan parte hartzeko deia. Ondoren azaltzen diren fitxak deialdiari erantzunez etorri zitzaizkigun; hala ere, jasotako informazioa era egituratu, ulergarri eta praktikoan erakustearren, erabaki batzuk hartu behar izan ditugu.
Hezkuntza-softwarearen inguruan kokatzen diren programa askoren berri etorri zaigu. Aplikazio-eremu honek berebiziko dinamika du euskalduntze-prozesua irakaskuntzan lehenago zabaldu zelako eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren EIMA programak eragindako sustapenarengatik. EIMA programak berak bere babespean sortutako ordenadore-programa guztien katalogoa argitaratu zuen iaz. Azken 10 urteetan burutu diren 409 produktu desberdin biltzen ditu hezkuntza-softwarearen katalogo horrek. Hau da, hezkuntzatik kanpo sortu diren produktuen kopurua baino hamar aldiz gehiago sortu da hezkuntzaren mundutik! Hezkuntzarekin zerikusi zuzena ez duten produktuak hobeto aurkeztearren, hezkuntza-softwarea geure katalogotik kanpo uztea erabaki genuen, beti ere EIMA programaren katologoaren berri emanez, noski.
EIMA Hezkuntza-Softwarearen
bilduma 1995.
Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Saila.
Eusko Jaurlaritzaren Argitaralpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz 1996
ISBN 84-457-1063-X
Hezkuntza-softwarea alde batera utzita, egoki ikusi dugu gainontzeko produktuak sailkatzea. Hiru software-mota bereiztu ditugu: software orokorra, aplikazioak eta edukin-aurkezpenerako CD-ROM multimedia. Software orokorraren multzoan sistema eragileak, testu-prozesadoreak eta ordenadore-sareetarako tresnak sailkatu ditugu.
Aplikazio gehienak datu-base baten kontsultarako sistemak dira: sare-bidez, disketez edo CD-ROM bidez eskuratzen dira eta horietariko askotan datu-basearen gaia erreferentzi lana da (entziklopedia, hiztegia edo atlasa). Hala ere, badira bestelako aplikazioak hala nola, ahotsaren ezagutzarako eta datu estatistikoaren aurkezpenerako paketeak. Eta bukatzeko, edukin-aurkezpenerako zenbait CD-ROM multimedia sartu dugu azken multzoan. Programa horiek gai bat azaltzen dute multimediaren bidez.
UEUko Informatika sailean katalogo hori eguneratuta izateko asmoa dugu; euskarazko software berri baten sortzaile edo ekoizle bazara, irakurle, jarri harremanetan gurekin. (ueu@eusnet.org posta-elektronikoko helbidea).