Udako Euskal Unibertsitatearen magalpean sortu zen, duela hamalau urte, Informatika Saila. Hamalau urte ez bide da gauza handia disziplina baten garapenean, baina informatikak historiaurretik produkzio maximoko garaietara egin du jauzi tarte horretan. Euskarazko softwareari dagokionez, handiagoa eta ikusgarriagoa izan da urteotan gertatu den aldaketa; deus ez izatetik, etorkizunerako erreminta berriak eskuratzera iritsi gara.
Bidea, alabaina, ez da horretan amaitu eta mende berriaren atarian euskararen eta informatikaren arteko loturak aztertu beharrean gara. Hain justu, horixe da Donostiako Miramar Jauregian egingo diren tokapeken helburua: hausnarketarako bidea irekitzea, produkzioaren nondik-norakoak aztertzea eta euskarak irabazi beharreko eremu berriak jorratzea.
Era honetako eztabaida-leku bat antolatzen denean, ez da erraza izaten goizegi, beranduegi ala bere garaian datorren epaitzea. Hausnarketaren beharra zenbatetan aipatu izan den ikusita, ordea, dudarik ez dago: profesional gehienek nahi baino beranduago dator azaroko deialdia. Izan ere, euskalgintzaren beste zenbait arlotan gertatzen den modu berean, bakarka ihardun behar izan dute maiz euskarazko softwaregintzan ari direnek.
Kezkak, arazoak, planteamendu eta lan-eremu berriak elkarri adieraztea, beharrezkoa ezezik, premiazkoa dela diote antolatzaileek. Etorkizun hurbilean informatikaren baliabideak ugalduko direla dudarik ez dago eta, testuinguru horretan, euskara ezin liteke bigarren mailan geratu. Horri erantzun nahian, hain zuzen ere, Donostiako Miramar Jauregian burutuko da azaroaren 22an “Informatikari Euskaldunen Lehen Topaketa”.
Lehen aldiz antolatu da gurean era horretako topaketa. Eta ez, noski, horren beharrik ez zegoelako, alderantziz baizik. Eguneroko lanak itota, irauteari begira jarrita daude indarrak talde askotan eta oso zaila da lanaren ikuspegi orokorra emango duen perspektibaz so egitea. Antolatzaileek aitortu digutenez, “ aspalditik zebilkigun topaketa hauek antolatzeko asmoa buruan jirabira; nolanahi ere, antolaketak berarekin dakarren lanak beldurtu izan gaitu orain arte. Baina ez zegoen atzera egiterik: kezka horiei irtenbidea eman behar zaie eta horretarako ezinbestekoa da jendearekin elkartu eta gure arazoez berba egitea ”.
Arestian esan bezala, Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailak hartu du bere gain saio hauek antolatzea. Izan ere, UEUren informatikariak azken urteotan euskarazko softwaregintzak bizi izan duen eraldaketa-prozesuan lekuko aparta izan dira. Alabaina, ez dira begirale hutsak izan eta urteen joan-etorrian sortu diren arazoei irtenbideak eskainiz, batzuen aburuz bateraezinak ziren arloak bat egiteko ahaleginak egin dituzte; gaur egun informatikari euskaldunik badago, UEUren inguruan bildutako aitzindariei esker da neurri handi batean. Jakina, ez dira hauek bakarka aritu; zabalegia zen egitekoa bizkar gutxi batzuen gainean lagatzeko. Luzeegi joko luke hemen euskararen eta informatikaren arteko zubiak sortzeko ahaleginetan ihardun izan dutenen zerrenda osoa jasotzeak, baina horien zeregina ez dela hutsean geratu gogorarazi digute antolatzaileek.
Lehen aldiz elkartzen hasi zenetik, gauzak asko aldatu dira UEUko Informatika Sailean. UEUk berak ere, garai berrietarako egokitu behar izan du bere burua eta prozesu horretan informatikariak ez dira bazterrean geratu. Duela hamalau urte lehen aldiz elkartzea erabaki eta sail-egitura eman zitzaionetik, makina bat ikasle eta informatikarik hartu du parte taldeak antolatzen dituen ihardueretan. Iruñeko Udako Ikastaroetan ere somatzen da sailaren bilakaera. Hastapenean, Fisika Sailarekin antolaturiko saioak baino ez zituzten eskaintzen; aurten, aldiz, berebiziko arrakasta lortu du Web orrien inguruan antolaturiko ikastaroak.
Gaietan ezezik, hizkuntzaren gaitasunean ere atzeman daiteke informatikak gurean izan duen bilakaera. UEUko Informatika Sailak kaleratzen duen Txiplistinkako aldizkariko lehen zenbakian, ondoko pasartea aurkitu dugu, esandakoaren adibide gisa:
“Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!
Orain konpai esaten da, eta ez kamarada , konpai !
Begira! Begira nola esaten genuen garai horretan: Operatzeko Sistemak, Datu-Tipo Abstraktuak, Berezko Lengoaia, Hizkuntza Naturala, Ordinatorea, Konputailuak ... Baina porrotik handiena ordenagailuarekin jaso dugu. Guk jo eta ke: “... ezetz, ez dela ordenagailu esan behar, askoz egokiagoa dela konputagailu edo ordenadore ...” Baina kristo guztiak, Euskaltzaindiakoak barne, ordenagailu esaten du. Ez digute kasurik egiten!”
Oharkabean batzuetan eta berebiziko zalaparta eraginez besteetan, informatikaren eta euskararen arteko harremanak estutuz joan dira urte hauetan. Hiztegi berezituak, liburuak, irakaskuntzarako programak eta material didaktikoa... ia ia zernahi aurki daiteke gaur egun. Baina, nahikoa al da hori guztia?
Topaketaren helburuakElkarren berri izateaz gain, topaketa hauek eztabaidarako gune berria ezartzea dute helburu. Arestian aipatu bezala, euskarak eta informatikak bide luzea egiten dute, eskutik helduta batzuetan eta elkarri mokoka bestetan. Eta etorkizunean, irautea nahi bada, bidea elkarrekin egiten segitu beharko dute biek, horretarako oztopo asko gainditu beharko delarik. Eta horixe da, hain justu, topaketa hauetan argitu nahi dena. Antolatzaileek esan digutenez, “ saio honen helburuak hiru dira nagusiki: batetik, euskarazko softwarea ezagutaraztea; bestetik, euskarazko softwarea ekoizterakoan ditugun arazoak eta orain arte egindako esperientziak ezagutzea eta, azkenik, gaur egun dagoen euskarazko softwarearen premiak aztertzea. Helburu horiek betetzeko, hiru ataletan banatu dugu eguneko egitaraua ”. Euskarazko produkzioaren nondik-norakoa ezagutzera emateko, ekoizleei beraiei bere lana erakusteko aukera emango zaie. Miramar Jauregian antolatuko da erakusketa hori eta bertan ikusterik izango dugu zertan ari diren informatikari euskaldunak. Horrez gain, softwarearen ekoizpenean sortzen diren arazoei buruz berba egiteko, software publikoan (hau da, merkatuan zabaltzeko egiten denean) eta software pribatuan (erakunderen edo enpresaren batean soilik erabiltzeko ekoizten denean) lan egiten dutenen esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Eta azkenik, sektorearen ajeak, premiak eta beharrak hobeto ezagutzeko, mahaingurua eratuko da arratsalde partean. Saio honetan arreta berezia eskaini nahi zaio erabiltzaileari, bai gaur egun euskarazko produkzioa erabiltzen duenari eta baita etorkizunean erabiliko duenari ere. |