Palindromoa hitz edo espresio kapikua da. Bai normal bai alderantziz irakurtzen dugunean, gauza bera edo hitz bera da. Euskaraz, adibidez USTETSU edo AISIA, eta gaztelaniaz RECONOCER edo ANILINA. Etimologikoki palindromo hitza palin eta drom erro grekoetatik dator. Hauek berriro eta korrika egin esan nahi dute, hurrenez hurren. Osatzeko, palindromo zehatz hauei lotu ahal dizkiegu erretrogrado deritzogunak (etimologikoki, alderantziz dabiltzanak esan nahi du). Hitz hauek, erretrogradoak, alderantziz irakurrita ere espresio zentzudunak dira hizkuntza berean, nahiz eta esanahiak ezberdinak diren. Euskaraz adibidez, ARAZI eta IZARA, edo gaztelaniaz AZAR eta RAZA.
Zer diren esan ondoren, argi dago palindromoak hitz-jokoak gustatzen zaizkienentzat direla. Nahiz eta palindromoen bilaketa gidatzen duten arrazoiak sakonak diren, edozein simetriak sortzen duen estetika atseginean oinarrituta daude. Naturak eta bere legeek propietate simetriko ugari daukate eta magnitude fisiko asko itzulgarriak dira.
Hitz palindromikoek homologoak dituzte beste arlo batzuetan: atzetik aurrera egin ahal diren melodiak, zenbaki kapikuak, simetria axiala daukaten marrazkiak,...
Psikoanalisi modernoaren barnean, Karl Jung-ek hitzen binomioetan oinarritutako gatazkak aipatzen ditu; God-Dog bezala (Jainko-Txakur).
Euskal lexikografiak hitz palindromo eta erretrogradoen aberastasun harrigarria dauka; beste hizkuntzek (gaztelaniak eta ingelesak) dutena baino handiagoa, adibide gisa, ikerketa konparatibo labur honetan erakutsiko dugunez. Azkenean, eranskin gisa, palindromo eta erretrogradoen hiru zerrenda erakusten ditugu. Taula hauek egiteko hiztegi batzuk eta informatika programa bat erabili dira.
Zerrendetan agertzen diren hitz batzuk hiru hizkuntzetan daude. RADAR adibidez, palindromo bezala apropos egindako anglizismoa da, irrati-uhinen isladapena aditzera emateko.
Borgmann-en literatur lanean hitz palindromiko asko agertzen da zenbait hizkuntzatan (zoritxarrez, ez du euskarazkorik sartu). Hitz palindromorik luzeena saippuakauppias da; suomieraz xaboi-saltzaile esan nahi duena. Toponimo palindromikoen izenen artean, Wassamassaw (Ipar Carolinan dagoen herri bat) daukagu. Indiar hizkuntzan inoiz ikusitako lekurik txarrena esan nahi du. Izen berezien artean hauek ditugu: Lon Nol , Birmaniako lehen ministrari izandakoarena, eta Revilo P. Oliver, Illinoiseko Unibertsitateko irakasle batena.
Palindromoak sortzeko txapelketek oso ondorio onak eman dituzte hizkuntzarik landuenetan. Perpaus palindromikoan batez ere artikulazioa saritu ohi da. Esaldiaren luzerak garrantzi haundia dauka, baita ulerterraztasunak eta berezkotasunak ere. Gaztelaniaz, esaldi batzuk ezagunak dira; adibidez dábale arroz a la zorra el abad, Anita lava la tina, edo Anás usó tu auto, Susana . Azken hau Julio Kortazar idazle ospetsuari dagokio.
Ingelesez, lehiaketa batek honakoa eman zuen: Doc, note, I dissent. A fast never prevents a fatness. I diet on cod (Begira, agure, ez nago ados. Barauak ez du gizentasunetik gordetzen. Nik bakailao-dieta dut). Palindromozale anglosaxoi ospetsu baten lana da hurrengo esaldia: A man, a plan, a canal-Panama! (Gizon bat, plan bat, Panama ubide bat). Beste ingeles batek esaera palindromiko bat osatu zuen Ned pertsonaiaren galderari egoki erantzuteko, hau da: Named undenominationally rebel, I rile Beryl? La, no! I tan. I’m, O Ned, nude, man! (Matxinatu lotsagabea ni? Beryl zirikatzea? Ned, mutil, biluzik nago beltzaran egoteko!).
Azken iradokizun gisa, irakurleei beren kabuz espresio edo esaldi palindromiko berriak egitera anima daitezela esan nahi diegu. Horretarako, ondoko taulak erabil daitezke. Hori gustatuko zaie gurutzegramazaleei. Are hobeto, logabeziaren aurka erremedio hutsezina da.
Ausartagoak izango bagina, palindromo-txapelketarako deia egingo genuke. Horrela, palindromoak sortzera bultzatuko litzateke, beste hizkuntza batzuetan pasa den bezala. Mende honetako urte palindromiko bakarra den 1991.a data ona izango litzateke, adibidez, hasteko.
Bukatu baino lehen honako hau aitortu behar dugu: palindromo bila ez dugula euskal izen eta toponomikoak ikertzeko denborarik izan. Eredu gisa hauek aipatuko ditugu: Ana, Iruri, Isasi, Oro,..., izen berezietan: Aia, Amara eta Arama, Aiara eta Araia, Araka eta Akara,..., toponimikoetan. Honek emaitza onak lor daitezkeela pentsarazten du.
Oraingoz ez daukagu beharrezkoa izango genukeen koalifikazio lexikografiko eta linguistikorik. Horregatik euskaraz palindromo ugari egoteari buruz ezin dugu azalpen zehatzik eman. Agian euskal hitz askoren trinkotasunari lotuta hizki batzuk asko erabiltzen direlako izango da. Artikulu honek ez du, bada, ondoriorik. Gure asmoa euskararen anekdota honi buruzko zenbait gogoeta azaltzea zen.
Testu honen goiburuan agertzen den azpitituluak ekarpen apala egin nahi die euskal palindromoei. Gogokoa izango genuke beste ekarpen baliagarriagoz euskararen arlo baztertu hau aberastea. Lan hutsala eta ergela iruditu arren, atsegina ere gerta daiteke.
Zorionak eta 1991. urte palindromiko on!
Oharra: Taulak ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.