Euskal Herriko kostaldea (XII): Bizkaiko itsaslabarrak (I)

Artikulu honetan Bizkaiko kostaldea izango da gure hizpide. Hasi aurretik hala ere, pare bat ohar egin nahiko genuke. Izan ere, aurreko zenbakian Gipuzkoako itsaslabarretako ezaugarri geologikoak aztertu genituenean, Bizkaian ere sartu ginela gogoratuko duzue. Hori, Lapurdi eta Gipuzkoa artean gertatzen den fenomenoa, hots, muga judizialak eta muga geologikoak bat etortzea, hemen berritzen ez delako gertatzen da. Hegoaldeko itsaslabarretan beraz, ez da erabateko hausturarik ematen.

Padurak eta hondartzak aztertu genituenean, Bizkaikoen dibertsitateaz luze hitz egin genuen. Itsaslabarrei dagokienez ere, dibertsitate geomorfologikoa, geologikoa eta biologikoa Lapurdin eta Gipuzkoan aztertu duguna baino handiagoa da Bizkaian. Logikoa dirudi horrek, izan ere unitate geologiko gehiago eta kostalde-hedadura handiagoa baitago hemen, nahiz eta, oro har itsaslabar zatien luzera Bizkaian Lapurdin eta Gipuzkoan baino laburragoa izan. Jadanik aztertu ditugun ezaugarriak soslaiz baino ez ditugu hemen aipatuko eta Bizkaiko itsaslabarretako alderdirik berezienak eta originalenak jorratuko dira nagusiki.

Lekeitiotik Bermeoraino

Bizkaiko bi portu ospetsuen artean zabaltzen den itsasbazterra Bizkaiko kosta antiklinorioaren gunea da. Behe Kretazeoko Aptiar estaiako itsaslabarrak dira eta bere ezaugarririk aipagarriena ia estratifikatu gabeko karearri buztintsuzko harri-masa handiak izatea da. Horren eraginez eta bertan margak ere oso ugariak direlako, kostalde zati hau gris-urdina da.

Lehen begiratuan harrigarri gerta daiteke estratifikazio-eza. Harriaren jatorrian datza fenomeno horren arrazoia. Izan ere, orain arte aztertu ditugun eskualdeetan jatorri sedimentarioa aipatu badugu ere, Lekeitiotik Bermeoraino hedatzen den kosta zati honetan jatorri biologikoa nabarmentzen da. Behe Kretazeoan Euskal Herri osoa itsaso azpian zegoen eta zati honetako egitura koralek eta errudistetako harkaizpuruek osatu zuten. Pirinioak altxarazi zuen bultzadak eraginda, harkaizpuruak ere azalera etorri ziren eta higadura-agenteen menpe geratu ziren.

Argazkian ikus daitekeen Ogoño lurmuturra da Euskal Herriko biohermorik ikusgarriena.
M. Estonba

Prozesu horretan sortutako harriei Biohermoak deritzaie eta kostako zati honetan ezezik, Bizkaiko beste zenbait lekutan ere beha daitekeen fenomenoa da. Biohermoak oso gogorrak dira eta horren ondorioz, higaduraren abiadura askoz motelagoa da itsaslabar horietan. Hori horrela izanik, gure kostaldeko lurmuturtzat hartzen diren harkaitz horien oinarrietan nekez aurkituko ditugu urradura-plataforma handiak. Itsaslabarrak aldiz, altuak eta oso bertikalak dira.

Bizkaiko kosta-zati honetan biohermoak nagusi diren arren, bestelako osagaiak ere aurki daitezke bertan eta normalean, kala edo badia txikiak osatuz ageri dira higigarriagoak diren ingurune horiek.

Kostaldeko zati honetan hiru biohermo aurki daitezke: Lekeitio eta Ogellako senadiaren arteko Otoi mendia eta itsaslabarrak, Ermitxo lurmuturra eta Eako itsasadarraren arteko itsaslabarrak eta Ogoño lurmutur ikusgarria.

Geologiaren ikuspegitik aztertuz gero, bi diapiro aurki daitezkeela nabarmendu behar da. Harrien higagarritasun handia dela medio, kostaldeak nabarmenki egiten du atzera eta horrek sortutako efektua areagotu egiten da bi diapiroak Ogoño lurmuturraren ondoan daudelako. Lehenak Elantxobeko badia eta portu txikia sortu ditu eta bigarrenak, handiagoa izanik, ekologikoki ingurune pribilegiatua den Urdaibaiko itsasadarran izan du eragina. Urdaibain bertan eta Lekeitioko badiaren erdian higadura-diferentzialaren beste bi ondorio ikusgarriak ageri dira: Izaro eta San Nikolas irlak.

Behaketa ekologikoa egitera joanez gero irakurle, nekez aurkituko duzu kosta-zati honetan marearteko ekosistema zabal eta garrantzitsurik, jadanik aipatu den legez eta itsaslabar horien litologia berezia dela medio, higadura nahikoa motela baita eta horren ondorioz, kosta-lerroaren atzerapena oso mantso ematen da.

Itsaslabarretako ekosistemari dagokionez ordea, guztiz bestelakoa da egoera. Lehen ere esan dugu harkaitz horiek oso altuak eta handiak direla eta horrela, ekosistema hauetako maila guztiak ongi beha daitezke eta bertan itsaslabarretako bereizgarriak diren landare-espezie ia guztiak ikusi ahal dira. Limonium binevorsum landare-espezieak osatzen duen Crithmo-Limonietum binervosi landare-asoziazioa da bereziki aipagarria, bere ordezkaririk osotuenak eta ikusgarrienak karearrizko harkaitz handi horietan baitaude.

Horiexek lirateke itsaslabarretako ekosistemarekin zuzeneko lotura duten ñabardurak, baina ez dezagun ahaz Euskal Herriko kostalde osoko artadi zabalenak eta egituratuenak hementxe daudela: Lumentxa, Otoio, Ogoño, Urdaibai, etab.

Bermeotik Gaztelugatxera bitarteko kosta-zatian ez da gogortasun-maila bera ematen eta hemen higadura-diferentziala nahikoa nabarmena dela esan daiteke.
M. Estonba

Faunari gagozkiolarik, kosta-zati honetan aurkituko dugun alderik bitxiena zera da: gure artean nahikoa urriak diren hegazti-espezie batzuk, aurrez aztertu ditugun harkaitz handietan edota Izaro irlan habia egin izan duela. Horrela, Ubarroi mottoduna ( Phalacrocorax aristotelis ), Ekaitz-txori txikia ( Hydrobates pelagicus ), Belatz handia ( Falco peregrinus ) edo Harkaitz-zozo urdina ( Monticola solitarius ) ingurune honetan ikus ditzakegu. Horrez gain, Ogoño eta Izaron isolamendu-baldintza egokiak ematen dira eta horri esker, kaio hankahoria ( Larus cachinnans ) eta kaio ilunaren ( Larus fuscus ) kolonia habiagile handiak garatu dira bertan.

Bermeotik Gaztelugatxera

Nahiz eta aurrekoaren segidan egon eta kilometro gutxi izan, badago kosta-zati txiki hau bereizturik aztertzeko arrazoi nagusi bat: Endata lurmuturretik Lekeitioraino zabaltzen den Erdi Kretazeoko marga buztin eta harearriez osoturiko Flysch iluna ageri da berriro hemen. Ez zaitez hortaz irakurle harritu! Izan ere, Flysch egitura hemen agertzeak zenbait berezitasun damazkio inguruneari, geruzen estratifikazioa nabarmentzea besteak beste.

Higadura-diferentzialaren ondorioz bestalde, paraje honetan sortu da gure kostaldeko lurmuturrik enblematikoena, hau da, Matxitxako lurmuturra. Ekologiari dagokionez aldiz, ez da ingurune honetan fenomeno berezirik ematen. Oro har, urradura-plataforma txikiak eta ingurune honetako ohizko landare eta animaliak baino ez direla azaltzen esan daiteke.

Gaztelugatxetik Bakiora

Gaztelugatxeko kala zoragarritik Bakioko eskuinaldeko itsaslabarretaraino hedatzen den kostalde-zatian Ogoño lurmuturra da nagusi. Otoio mendiari edota Ermitxo lurmuturrari buruz jadanik aipatu dugun ezaugarria nabarmendu behar da hemen ere: koral eta errudistez osatutako harkaizpururen ondorioz, jatorri biologikoa du.

Aketx irlaren isolamendu-baldintzak ezin egokiagoak dira zenbait animaliak bertan kokalekua aurki dezan.
M. Estonba

Karearrizko biohermoa oso gogorra da eta, Lekeitiotik Bermeorako zatian gertatzen den legez, tirainaren higadurari tinko egiten dio aurre. Nolanahi ere, itsaslabar osoan ez da gogortasun-maila bera ematen eta hemen higadura-diferentziala nahikoa nabarmena dela esan daiteke. Ikusi besterik ez dago, kosta-zatia harkaitz txikiez josita dago oso osorik eta Aketx eta Gaztelugatxe irla ederrak dira horren adibiderik argienak.

Itsaslabar altuak eta bertikalak nagusitzen dira berriro eta ekosistema horietako maila eta landare-espezie ia guztiak agertzen dira. Horrez gain, nabarmentzekoa da Aketx irlaren isolamendu-baldintzak ezin egokiagoak direla zenbait animaliak bertan kokalekua aurki dezan. Horixe da kaio-kolonia berrien kasua eta baita gure kostaldean nahikoa arraroak diren Ubarroi mottodunen ( Phalacrocorax aristotelis ) eta Ekaitz-txori txikienena ( Hydrobates pelagicus ) ere.

Urradura-plataformetan aldiz, ez da era horretako fenomeno aipagarririk gertatzen, dagoeneko aipatu dugun bezala, harri-mota horren higagarritasuna nahikoa txikia izanik, kosta-lerroaren atzerapena oso mantso ematen da eta ondorioz, marearteko ekosistemak ez du azalera handirik estaltzen.

Guk esan beharrik ez badago ere, ingurune horren balio paisajistikoa hemen eta edonon azpimarratzekoa da, Aketx eta Gaztelugatxe harkaitzek Matxitxako lurmuturrarekin osatzen duten parajea benetan ederra baita.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.