Ingurune ekologiko paregabe honetan, hezeguneek lurraldearen zati txiki bat baino ez dira; Euskal Herriko orografiaren ezaugarriak direla eta, ez baitira, ez ugari eta ez hedadura handikoak. Baina ikuspegi ekologikotik, Euskal Herriko hezeguneak aurretik aipatutako aniztasun klimatiko, geologiko eta orografikoaren isla dira, gure geografian zehar hezegune-mota desberdin ugari ikus daitekeelarik.
Hezegune desberdinen ezaugarri geologikoak eta geografikoak kontuan hartuz, Euskal Herriko hezeguneak honela sailka daitezke:
Kostaldeko hezeguneak
Barrualdeko hezeguneak
Ondorengo artikuluetan, hezegune-mota hauetako bakoitzaren jatorria, ezaugarriak, flora, fauna eta Euskal Herrian dauden adibide esanguratsuenak eta hauen kontserbazio-egoera zuenganatzen saiatuko gara.
Euskal Herrian, itsasoraino iristen diren ibai guztien bokaleetan eratzen diren estuario edo itsasadarrak azken glaziazioaren amaieran itsasoko ur-mailak izandako igoeraren ondorioz itsas mareen eraginpean gelditu ziren antzinako ibai-haranak dira. Estuarioetan itsasoak, ibaiak eta ingurune lehortarrak bat egiten dutenez, ingurune horietan hezegune-ekosistema konplexuak, dinamikoak, eutrofikoak eta biodibertsitate handikoak garatzen dira.
Itsasadarren ezaugarririk aipagarriena ekoizpen-maila altua izatea da. Itsasadarretan, oro har hezegune eutrofikoentzat aipatu diren arrazoi guztiei, itsasoa eta ibaien arteko elkarrekintzaren ondoriozko elikagai mineral eta organikoen aberastasuna, itsas mareen dinamikari esker izaten den elikagai horien guztien banaketa eraginkorra eta azkar asimilatu eta berreskuratzea gehitu behar zaizkie. Ezaugarri horiek guztiak direla eta, itsasadarretan elikadura-kate konplexuak eta oso aberatsak eratzen dira. Oparotasun horren lekukorik ezagunenak bertako arrain- eta hegazti-komunitate joriak eta askotarikoak dira.
Hala ere, elikadura-ikuspegitik apartekoak izan arren, bertako bizi-baldintzak oso gogorrak dira, substratuaren ezegonkortasun eta oxigeno urritasunaz gain, itsas mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren etengabeko gorabeherak bizidun gehienentzat jasanezinak baitira. Baldintza gogor horiei aurre egiteko, bertan bizi diren animalia eta landareek moldaera bereziak garatu behar izan dituzte, eta ingurune horietan bizitzeko hertsiki espezializatutako espezie bihurtu dira.
Hezegune-mota honi buruz ez dugu gehiago sakonduko, dagoeneko nahikoa aztertu baita Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkari honetan, bai nik neuk idatzitako Euskal Herriko kostaldeari buruzko bilduman, 1995eko otsailetik apirilera arte (92, 93 eta 94 zenbakietan), eta bai 1996ko ekaineko eta uztaila-abuztuko aleetan (108 eta 109 zenbakietan) Fernando Villatek estuarioei buruz idatzitako artikuluetan.
Miarritzeko San Martin lurmuturretik Atturri ibaiaren bokaleraino dagoen euskal kostaldearen zatia Landetako kostalde hareatsuaren jarraipena da. Bertan, kostalde hareatsuen berezko elementuak ditugu: hondartza zabalak, duna mugikorrak eta horien atzean kostalde hauetako dinamikaren ondorioz sortu diren itsasertzeko aintzirak. Euskal kostaldeko mutur horretan agertzen diren itsasertzeko aintzira txikiak, Landetako kostaldearen 200 kilometro inguruko luzeran zehar zabaltzen den aintzira-multzoaren ordezkaririk xumeenak dira eta horregatik ustekabean igaro dira. Baina Landetan, aintzira txiki horien garrantzia hutsaren hurrengoa bada ere, Euskal Herrian egoera desberdina da; izan ere, hezegune-mota horrek Euskal Herrian dituen adibide bakarrak baitira.
Itsasertzeko aintzira horiek nola eratu diren ulertzeko, orain 10.000 urte inguru atzera egin behar dugu. Orduan, WŸrm izeneko azken glaziazioaren bukaeran, izotz-kantitate handiak urtu egin ziren eta horrek itsasoko ur-maila igotzea eragin zuen. Itsas aurrerakada flandiarra izenez ezaguna den igoera horrek kostalde labartsuetan egungo itsasadarrak sortzeaz gain, kostalde hareatsuetan itsasoraino iristen ziren ibaien isuria moteltzea eragin zuen eta, ondorioz, horien bukaeretan inguru zingiratsuak agertu ziren. Geroago, orain 3.000 urte inguru, itsasertzeko deriba izeneko itsaslasterrek eta haizearen efektuak kostalde horien elementurik adierazgarrienetakoak diren hondar-barrak eta duna mugikorrak eratu zituzten eta hauek barrurantz mugituta, ibaiak itxi egin zituzten eta egun ezagutzen ditugun itsasertzeko aintzirak agertu ziren.
Jatorri hau dela eta, itsasertzeko aintzirek morfologia berezia dute. Gainerako aintzira-motetan, normalean, sakonera handiena duen aldea aintziraren erdialdea bada ere, itsasertzekoetan dunen aldeko ertza izan ohi da sakonerarik handieneko alderdia. Aintziren barrualderantz, ordea, malda leundu egiten da eta horregatik ura lehorrarekin emeki-emeki lotzen da. Morfologia berezi horrek aintziren inguruan lau motako ingurune natural desberdin garatzeko aukera ematen du: hondar-metaketen gainean garatzen den dunetako ekosistema, ur irekietako ekosistema, aintziren barrualdeko muturrean garapenik handiena duen ertzetako ekosistema eta aintzirak inguratzen dituzten basoak garatzekoa.
Itsasertzeko aintziren inguruan agertzen diren ingurune natural desberdinen ugaritasunak eta mendebaldeko eta ekialdeko ertzen arteko kontraste handiak, hedadura txikian landare-aberastasun handia agertzea eragiten du. Horrez gain ingurune bakoitzak ezartzen dituen bizi-baldintzei aurre egin ahal izateko bertako landareek dituzten moldaera fisiologiko eta morfologikoak direla eta, balio ebolutibo eta ekologiko handikotzat jotzen diren hainbat landare-espezie hazteko aukera ematen dute.
Mendebaldean, Miarritzetik Garona ibaiaren bokaleraino duna mugikorren lerroa dago. Duna mugikor horietako bizi-baldintzak oso gogorrak dira, harearen mugimenduak bizi-ehunetan sortzen duen higadura-efektuari eta eragiten dituen bat-bateko lurperaketei eta azaleratzeei, ingurune horien atmosferako gazitasun handia eta lurzoruaren iragazkortasun eta eguzkitzapen handiak gehitu behar baitzaizkie. Bizi-baldintza horiei aurre egin ahal izateko psammophilo izenez ezagunak diren hainbat landare-espeziek moldaera desberdinak garatu dituzte, hala nola substratuari eusteko eta ura bilatzeko garapen handiko sustrai-sistemak, gazitasunari aurre egiteko gantz-ehunak, eguzkitzapenaren eragina murrizteko ile ugaritasuna edo etengabeko lurperaketak eta azaleratzeak saihesteko zurtoin zinbelak eta erreserba-gordailuak. Duna hauetan ditugun landareetan aipagarriak dira Ammophila arrenaria, Honckenya peploides, Cakile maritima, Medicago marina, Pancratium maritimum, Calystegia soldanella, Eryngium maritimum, eta abar.
Dunen atzean, sakonera handieneko ur irekiak agertzen dira eta horregatik alde horretan ez da landaredi baskularra garatzen. Ekialdeko ertzera hurbiltzen garen heinean, sakonera gradualki txikiagotuz doa, horrek, normalean, uretatik lehorrerainoko trantsizioaren landare-gerri guztiak agertzea eragiten duelarik. Hezetasun-maila desberdinetara moldatutako landarediaren espezializazio handiak, azalera txikian dugun espezie-aniztasun altuak eta espezie horien balio ekologiko handiak, botanikaren ikuspegitik, itsasertzeko aintzirak ingurune benetan interesgarriak izatea eragiten dute.
Aipatutako trantsizio gradual horretan espezie hauek aurki ditzakegu: Lobelia dortmanna, Myriophyllum alteriflorum, Hippuris vulgaris, edo Nymphaea alba eta antzeko landare-espezie urtarrak; aldizkako ur-gainezkapenak jasan ditzaketen Ptychotis thorei, Hottoria palustris, Sparganium ramosum eta antzeko landare-espezie anfibioak; ura jasan arren, urperatzea pairatzen ez duten Rannunculus lingua eta Lycopatiella inundata landareak; zohikaztegietakoak diren Sphagnum rubellum eta Sphagnum papillosum goroldi-espezieak eta Drosera intermedia eta Drosera rotundifolia landare karniboroak eta ur-asetasun iraunkorra edo noizbehinkakoa duten inguruetan garatzen diren Carex, Juncus, Scirpus edo Phragmites generoetako landare-espezie higrofiloak.
Horrelako ingurune-aniztasuna eta landare-aberastasuna dituzten alderdiek fauna askotarikoa eta naroa izatea ez da harritzekoa. Artikulu labur honetan ezin da itsasertzeko aintziren animalia-aberastasunaren azalpen zehatza egin eta horregatik oro har deskribatuko dugu.
Landarediaren kasuan egin dugun moduan, faunaren deskribapena ere aintziren mendebaldeko ertzean zabaltzen diren dunetatik hasiko dugu. Landareentzat aipatu ditugun arrazoi berberengatik, dunak ez dira animalientzat ingurune oso egokiak, baina badaude baldintza gogor hauetan bizitzera moldatu diren zenbait animalia-espezie. Aipagarrienak duna mugikorretan bizi diren intsektu-espezie induskariak dira, hala nola Polyphilla fullo, Cicindella campestris, Chrysomela sanguinolenta edo Broscus cephalotes koleopteroak; Labiduria riparia dermapteroa edo Ammophila sabulosa eta Oxybelus uniglumis himenopteroak. Aipatzekoak dira bertan bizi diren Theba pisana, Cernuella virgata eta Cochlicella generoko zenbait gasteropodo-espezie ere.
Ur irekiei dagokienez, uretako landarediaren ugaritasunak arrain-populazio egonkorrak izateko aukera ematen du. Sakonera handieneko alderdietan espezie haragijaleak nagusi dira, hala nola lutxoa, perka edo lutxoperka. Arrainez gain, sistema horien elikagai-aberastasunak hegazti urtar ugari erakartzen du. Zertzetak, ahateak, murgilariak, kopetazuriak... eta antzeko hegazti-espezie urtarrak Landetako itsasertzeko aintziren katea elikatzeko eta atsedenleku gisa erabiltzen dute beren migrazio-garaietan edo negua igarotzeko.
Ertzetako aldeek arrainek errun eta arrainkumeak garatzeko egoera egokiagoa dutenez, arrain-espezieen aniztasuna handiagoa da, lehen aipatutako espezieez gain, gobioa, eskardinioa, zamoa eta antzeko ziprinidoak daudelako. Ertzetan ere, anfibio-espezie desberdinek bizitzeko egoera egokia dute; izan ere, anfibioek behar-beharrezkoa dute ura ugaldu ahal izateko. Hegaztiei dagokienez, ertzetan dauden ingurune desberdinetan uretako hegazti-espezie ugari bizi da. Lezkadiak eta landaredi trinkoa garatzen diren aldeetan lezkariak, benarrizak, ihi-txoriak, ur-oiloak, ur-oilandak, errekatxindorrak, istingorrak... bizi dira. Limo-hondartzak eta belar-landaredia dituzten aldeetan, ordea, limikolo-espezie ugari (txirriak, txirritxoak, kuliskak, kurlintak...) ikus daiteke.
Miarritzeko San Martin lurmuturretik Atturri ibaiaren bokaleraino zabaltzen den Euskal Herriko kostalde hareatsuan itsasertzeko hiru aintzira ditugu. Horietako bi, egungo Atturriren bokalearen ondoko Barre izeneko alderdian ditugu, eta hirugarrena, Txiberta izenekoa, Angeluko duna-lerroaren atzean eraiki den izen bereko auzoaren erdian. Hirurak tamaina txikikoak dira eta gizakiaren jardueraren ondorioz, nahiko eraldatuta daude. Txibertakoa, azken urte hauetan inguru horrek izan duen turismo-emendioaren ondorioz, guztiz urbanizatua gelditu da. Mendebaldeko ertzean golf-zelaia dago eta ekialdekoan auzoko biztanleentzako eraikitako parke bat. Beraz, hezegune-mota hauen berezko ertz-landaredia eta fauna erabat desagertu da eta aintziraren ur-eremua aisialdi-jardueretarako erabilia izateak, ingurune hauen ezaugarri naturalak hutsaren hurrengora murriztuta gelditzea eragin du.
Barre-ko aintzirak, ordea, urbanizatutako eremua baino aurrerago daude eta horri esker egoera naturalagoan mantendu dira. Hala ere, orain dela urte gutxi arte, bi aintzira hauek Angeluko hipodromoaren barruan zeuden eta horrek eraldaketa ugari eragin zien. Orain, hipodromorik ez dago eta, ondorioz, aintziretako ertzetan milazka, sahats, haltza eta itsas pinuko baso txikiak daude. Mendebaldeko ertzetan, ordea, alderdi horren urbanizazioaren ondorioz, dunak ia erabat desagertu dira.
Etorkizunari begira, ezin gara itxaropentsu izan. Angeluko Udalak kostalde hareatsuko tarte horretan orain arte erakutsi duen ingurugiroarekiko sentikortasun eza eta Akitaniako erregioaren mailan aintzira txiki hauek duten garrantzi urria kontuan hartuz, luzaroan horrela mantenduko ez direlakoan gaude. Gogoratu besterik ez dugu, orain dela gutxi arte Angeluko Udalak bertan eraiki nahi zuen kirol-kaia edo duela gutxi Barreko ingururako aurkeztu duen garapen-proiektu faraonikoa.
Iluna da benetan Euskal Herriko itsasertzeko aintzira bakan horien etorkizuna.