Euskal Herriko esne-behien hobekuntza genetikoa

Euskal Herriko esnegintzan diharduten baserritarrek, Frisoi arrazako behietan oinarritzen dute beren produkzioa.

ZEZEN BAT PROBATZEKO EMATEN DIREN PAUSOAK

ABEREKIN, S.A.

Baserritarrak, arrazaren hobekuntza lortzeko eta indarrak batu ahal izateko, elkartetan bilduta daude. Komunitate Autonomoko elkarteak ondorengo hauek dira: Gipuzkoako Frisoi-Elkartea (GI. F.E.), Bizkaiko Frisoi-Elkartea (BI.F.E.) eta Asociación de Ganaderos de Frisón Alavés (Asgafal). Elkarte hauek dituzten eginkizunen artean, hauek azpimarra daitezke. Esne-kontrola, liburu genealogikoen kontrola, hazien aukeraketa, kanpainarako eta bizkarroien aurkako botiken erosteka etab....

Hala eta guztiz ere, elkarte hauek ez ziren aski abereen hobekuntza egoki aurrera eramateko. Horrexegatik duela zenbait urte (1985.ean) Eusko Jaurlaritza eta Foru-Aldundiekin batera zeregin hori bideratzeko elkarte anonimo bat sortu zuten. ABEREKIN S.A. da elkartearen izena.

Aberekin

ABEREKIN 1985.ean sortu zenean, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru-Aldundiek zeukaten kapitalaren gehiengoa, baina gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren partea baserritarrek erosi dute erabat eta orain kapitalaren gehiengoa Frisoi-Elkarteena da. ABEREKINen nagusiak baserritarrak direla esan daiteke.

ABEREKINen helburua, esne-behien hobekuntza genetikoa kontrolatu eta zuzentzea da, produkzio haundiago eta hobeagoak lortzearren.

Aipatu diren helburuak lortu nahi badira, ez dago lana axolagabeki egiterik. Lortu nahi denaren arabera, plangintza zientifiko egokia antolatu behar da; emaitza okerrak izateko arrisku handia izango dugu bestela. Horretarako plangintza genetikoa taxutu beharra dago lanean hasi aurretik. ABEREKINen, plangintza genetikoari buruz dauden programak aztertu ziren eta Euskal Herriko egoerari aplikatzeko egokiena BLUP (Best Lineal Unbiased Prediction) izenekoa zela erabaki zen. Zer da BLUP programa? Horixe aztertuko dugu segidan.

“Blup" metodologia

Zezen-hazia nitrogeno likidotan.

Munduko herri aurreratuetan erabiltzen den BLUP metodologiak lau ezaugarri ditu:

  • BEST: Benetako “u” balio genetikoaren (Ezezaguna guretzat) eta guk lortutako “-u” soluzioaren balioen arteko aldearen bariantza minimoa da. Hau da, (u-u) 2 minimoa da. Horregatik da onena (best).
  • LINEAL: Aukeratutako efektu guztien arteko erlazioa lineala izango da. Adibidez, adinaren eta produzioaren arteko efektua lineala izango da.
  • UNBIASED: Lortzen diren soluzio guztiak benetako baliotatik hurbil egongo dira. Hau da, metodologia hau okerrik gabekoa izango da.
  • PREDICTION: Hartutako soluzioa, aurresan edo iragarpena izango da.

BLUP teknika estatistikoa da. Eta lortzen dituen emaitzak, produzioan eragina duten aldagai guztiak soluzionatzen ditu.

Asko dira arrazaren eta produkzioaren hobekuntzan eragin dezaketen aldagaiak. Hala ere, guztiak hiru multzo nagusitan sailka daitezke: giroari dagozkionak, genetikoak eta bestelakoak.

Giroari dagozkion aldagaiak, abeltzainaren behitaldearen tamaina, behiak umea egin dueneko hilabetea eta eguna, aziendaren adina, zenbatgarren umaldia den etab. dira. Aldagai hauek normalean finkatuta daude kasu bakoitzean eta ezin dira nahi bezala aldatu.

Aldagai genetikoak bestalde, alabeharrezkoak dira, eta zezenaren (aitaren) menpe egongo dira neurri handian.

Beste aldagaien multzoan nahi adina sar daitezke eta hondorik gabeko zakutzat jo daiteke. Dena den, batzuen batzuk aipa daitezke: esne-ekoizpena, koipe-eta proteina-edukina eta animaliaren tamaina adibidez.

Era askotara erlaziona daitezke hiru aldagai hauek elkarren artean. Hoberena, denak denekin erlazionatzea izango litzateke, baina ez dago horrela egiterik.

Gauza bat da teoria ordea, eta beste bat (oso ezberdina) gure errealitatea, eta metodologia hau nolabait mamitzeko, ABEREKINek plangintza bat eratu du; segituan azalduko duguna.

Euskal Herriko hautespen-plangintza

Glen Vic izeneko kanadar zezena. Hau ABEREKINen dagoen hazitarako zezen bat da eta "oso ontzat" joa dago.

BLUP metodologiaren arabera Euskal Herriko esne-behien ekoizpenaren eta arrazaren hobekuntzarako hautespen-plangintzan kontutan hartu beharreko ezaugarri garrantzitsuenak lau taldetan sailkatuko dira:

  1. Ezaugarri produktiboak (esne-kalitatea, kantitatea, eta bien arteko harremanak)
  2. Emankor ez diren ezaugarriak, baina ondorio ekonomikoak dituztenak (errape ahuldadea, jeizteko erraztasuna, umea egiteko zailtasuna, emankortasuna...)
  3. Itxurazko ezaugarriak (gorputza, tamaina, gorputzaren oreka...)
  4. Okela-produzioarekin erlazionatutako ezaugarriak.

Aldagai hauek finkatu ondoren, animaliak (aziendak) berorien arabera baloratzea izango da hurrengo urratsa. Zezen, behi, txahal, urrix, idisko eta behitaldeen maila genetikoa baloratuko dira.

Hobekuntza genetikoan behar-beharrezkoa da zezen-aukeraketa egokia egitea; beraiek bait dira beren alabei indar genetikoa gehien pasatzen dietenak. Horrexegatik zezenen balorazio ona egitea derrigorrezkoa suertatzen da.

Zezenen balorazioa

Zezenen balorazioaren helburua, zezenak hobekuntza genetikorako balio duen ala ez erabakitzea da. Zezen probatua lortu nahi da, hain zuzen ere.

Zezena probatzeko, metodologia jakin bati jarraitu behar zaio estu-estuan (ikus errekoadroa) eta ondoren lortutako emaitzak beste zezenen emaitzekin konparatzen dira. Aukeraketa gogorra egin ondoren, gehienez bi zezen eta batzuetan bakarra hartzen da hobetzaile moduan. Hortik aurrera zezen hori erabiliko da behi guztiak intseminatzeko.

Zezen bat probatu eta hobetzailea izan dadin, bere alabek beste zezenen alabek baino ezaugarri hobeak lortu behar dituzte.

D Tempo izeneko zezenkoa. ABEREKINen probatzen ari dira.

Hori konparatzeko ezin dira kontrolean lortutako datuak bakarrik erabili. Beste zenbait faktore ere kontutan hartu beharrekoak dira. Garrantzitsuenak eta beren eragina ondoren erakusten dira: behi-taldea % '30; urtea % 2; behi-taldea, urtea, garaia: % 13; adina: % 5; umaldi-garaia: % 3; adina eta umaldi-garaia: % 2; genotipoa: % 11; umaldia, ernaltze tartea: % 5; alabeharrezkoak: % 29.

Hau ikusita, zezen-balorazioa egiterakoan faktore hauek zuzendu egin beharko dira. Bestela zezen baten (nahiz eta beste bat bezain ona izan ez) alabek behi-talde edo baserritar onen eskuetan daudelako, edo udaberrian umea egin dutelako... bera baino zezen hobeagoaren alabek baino produkzio hobeak izan ditzakete, eta balorazio okerra lortuko genuke.

Ezaugarri guzti hauek kontutan hartzeko, faktore zuzentzaile batzuk sartzen dira programetan.

Zezen baten balorazioa ona izan ez bada, hazia bota egiten da eta zezena hil.

Probak gainditutako zezenak berriz, oraindik bizi bada, zentruan jarraituko du bere probak beste zezen batzuek gainditzen dituzten arte.

Momentu honetan ABEREKINen dauden zezen guztiak, Kanadatik ekarritakoak dira. Batzuk probatuak dira eta besteak beren emaitzak ezagutu zain daude.

Epe laburrean, Euskal Herriko behietatik sortutako zezenak ere probatu eta hobetzaileak izatea espero da. Horrela kanpoko horniketa eta interes komertzialen menpekotasunetik alde egiterik izango dugu, eta gainera gure ingururako egokia den abere-mota lortzeko aukera izango dugu.

  1. Zezen gazte baten hazitik 600 dosi zabaldu baserri desberdinetara.
  2. % 60ko emankortasuna lortu dela estatistikoki dakigularik,
  3. batezbeste 360 behi ernalduko dira zezen gazte honen haziaz.
  4. 180 urrixa jaioko dira (% 50)
  5. 90 zekor urrixa geldituko dira hauetatik hazia jartzeko garaian. (Beste % 50 galerak, hiltzen direnak, gaitzak jotakoak, kanpora salduak etab...)
  6. % 60ko emankortasuna ernaltzerakoan.
  7. Zezen horren alaba diren 54 urrixa gelditzen dira ernari.
  8. Bitartean % 15 galtzen da; umea egiterakoan, akabaturik edo laktazio baliagarria ez duelako.
  9. 40 alaba gelditzen dira, esne-aro baliagarria eta bukatua daukatenak.

Zezen gazteari lehen aldiz hazia kendu eta bere alabek esne-aroa bukatu bitartean, ia lau urte pasatuko dira. Denboraldi honetan, lehen 600 dosiez aparte, milaka dosi kendu zaizkio eta nitrogeno likidoan izoztuta gordeko dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila