Arlo teorikoan, labur-labur, euroak ez dakarkio inolako funtsezko hobekuntzarik egun hain egoera kaxkarrean dagoen Nazioarteko Moneta Sistemari (gogoan izan Ekialdeko Asian berriki izan diren kinka larriak, Hirugarren Munduaren Kanpoko Zorrak edota truke-tasen, aldakorren, flotatzaileen, gorabeherak). Europako hamaika moneten arteko truke-tasak desagertuko dira, bai, baina benetako arazoa dena, dibisa eta finantza-merkatuen egonkortasunik eza, ez da inolaz ere urratuko. Ondorioz, euroaren balioaren ahalezko gorabeherak, Estatu Batuetako dolarrarekiko eta Japoniako yenarekiko batik bat, mugagabeak dira, espekulazio-uhin edo uholde erraldoi haren zain… Mehatxu horrek irauteak egungo Ekonomi Zientziaren gabeziak agerian uzten ditu.
Politika Ekonomikoari dagokionez, zera erran daiteke, euroarekin batera neoliberalismoa ari dira aplikatzen botere politiko europarrak. Hau da, jarduera ekonomiko guztietarako, botere politikotik bultzatzen den irizpidea merkatu-legearena da. Gizartearen norabide ekonomikoa eskari eta eskaintza 'libre'en joku ekonomikoak zehaztu beharko lukela pentsatzen dute (neo)libreganbistek, XIII. eta XIX. mendeetako pentsalari batzuen lez (Hume, Smith eta abar). Esku ikustezinen batek automatikoki ezartzen du merkatuan harmonia, baldin eta Estatuak edo antzeko esku ikusgarriren batek parte hartzen ez badu. Ahaztu beraz, antzinako keynesiarren ikuspegia, non errenten birbanaketaren beharra azpimarraturik baitzegoen. Haien aburuz, merkatuen akatsak Estatuak zuzendu behar zituen, denen, gizarte osoaren, onerako. Hortik Ongizate Estatua, orain desegiten ari direna.
Euroa eta EMB ez dira azken xede edo helburuak izaten gobernuen agendetan. Dioskunez, hazkunde ekonomikoa eta lanpostuen ugaritasuna dira lortu nahi dituzten emaitzak. Nola egin? 'Askatasuna' 'eginkariei' ematen. Eginkari askeek eratuko lituzketen iguripen edo itxaropen ekonomikoak ondasunen, zerbitzuen eta finantza-aktiboen salerosketetan gauzatuko lirateke, eta oreka ekonomiko orokorra zehaztuko lukete. 'Eginkari askeek' osaturiko ekonomian oreka beti izaten dela eredu matematiko nahikoa korapilotsu, leunki erranda, askok frogatzen dute. Baina, tamalez, banku-dirua edo poluzioaren eraginak edo enpresa monopolioak kontuan hartzen dituztenean, eredu horiek ez dira oreka bakarra eta egonkorra zehazteko gai.
Zoritxarrez, ekonomialari askoren ustez, soldaten gehiegizko igoerak dira langabeziaren iturburu bakarra. Euroaren eta EMBren atzean dagoen adierazpen ekonomikoa horixe da, hain zuzen. "Sindikatuak eta Ongizate Estatua (pentsioak, langabetuentzako ordainak, zergak,…) ez balira", argudiatzen dute, "soldatak jaitsi litezke, langabezia eskulanaren gehiegizko eskaintzaren seinalea delakotz esku ikustezinaren eraginez, oreka batera ailegatuko ginateke non borondatezko langabezia ez litzateke izanen". Agian, soldataren gutxiagotze galanta eginez gero nahikoa jende, egun INEMeko eta ANPEko zerrendan agertzen denaren artean, merkatutik aterako omen litzateke, langabeziaren arazoarekin amaitzeko.
Merkatu bakarra osatzen duten hamabost herriek filosofia berberaren arabera 'merkatu-oztopo' nazionalak desagertarazi zituzten Akta Bakarra zela medio (1987-1992 arteko trantsizio aldia). Askatasun ekonomikoak garatzeko eta errazteko erabiliko da euroa, moneta bakarra. Jadanik ondasun, zerbitzu eta finantza-aktiboak libreki mugi daitezke EBren barnean, horregatik, geratzen den doikuntza ekonomikoa lan merkatuari eta Ongizate Estatuari dagokie. Moneta Politika nazionalak desagertuko diren heinean gobernu bakoitzaren ahalmen ekonomikoak (makro, gizartearen norabide ekonomikoari dagokiona, eta mikro, Ongizate Estatuaren finantza-baliabideen sarrerei eta eralkipenei edo gastuei dagokiena) txikiagoak izanen dira. Gainera, 'Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna'k defizit publikoei ezartzen dien muga Barne Produktu Gordinaren % 3, oso murrizgarria da.
Eurotik at ezin dela bizi entzuten da, zeharkako argudio gisa edo… EMBean esku hartu ez duten lau herrietatik hiru nahi izan ez dutelako geratu dira kanpoan (Britainia Handia, Danimarka eta Suedia). Ene ustez, horiek guztiek erran nahi dutena zera da, eurotik kanpo bizitzerik badagoela. Herri horiei, eta Greziari, eskatzen zaizkien politika ekonomikoa eta irizpide makroekonomikoak, eta gainerako herriei eskatzen zaizkienak bertsuak direlarik. Orduan, irizpide liberalak betetzea da arazo nagusia, eta ez euroan egotea edo ez.
Azkenik, 'esku ikustezina'k sortzen duen oreka ekonomikoan, ondarearen banaketa juxtuagorik zehaztuko den ikusteke dago. Historian zehar gertatutakoaren arabera, bai Iraultza Industrialean bai egungo krisialdian, desberdintasuna izan da emaitza nagusia, eredu matematiko gehienek besterik baiezten duten arren. Estatu-eskuhartzerik gabe, interes pribatuen arteko joko ekonomiko askeak ez dio ongizaterik ekartzen biztanleriaren zati handienari, hondamendi ekologikoa eta antzeko zuzengabekeriak ahaztu gabe.