Ezin liteke esan Euskal Herrian museoak ugari daudenik. Oro har, hanka motzgabiltza museo-eskaintzari dagokionez eta, noski, zientziarekin zerikusia dutenak askoz urriago daude.Dauden museoetatik gehienek, gainera, ondarea babesteko xedez sortutakoak dira. Alabaina, UNESCOko Museoen Nazioarteko Kontseiluak bi funtzio nagusi atxikitzen dizkie museoei: batetik, ondare kulturala kontserbatzea eta aztertzea eta bestetik, funtzio didaktikoa, hots, erakutsitakoa jendearen formazio, informazio eta gozamenerako baliagarri izatea. Oinarrizko bi helburu horiek eztabaidagarriak izan daitezke, noski, baina oro har, nazioarteko komunitateak aintzakotzat hartzen ditu. Gure egoera aztertzeko, halaber, baliagarritzat hartu ditugu bi irizpide horiek.
Euskal Herrian 55 museo ditugu une honetan eta aurki beste batzuk gaineratu beharko zaizkio zerrenda horri, badira eta martxan beste hainbat proiektu: Bizkaian 8 museo eta Gipuzkoan 10.
Museo horietan jasotako jakintza-arloak aztertuz gero, ordea, eskaintza are murritzagoa dela ohar gaitezke. Dauzkagun museoetatik oso gutxik jorratzen dute zientzia eta teknika.
Arestian esan bezala, Euskal Herrian Zientzia Museo handi bat egiteko ideia badabil askoren gogoan. Horren inguruan hausnarketa bultzatzearren, Izurun fundazioak urte askotako lanaren emaitza den Museo de Ciencias y Técnicas para una sociedad avanzada izeneko liburua plazaratu zuen iazko azaroan. Liburuaren egilea Pablo Areso Barquin da, Izurun fundazioko Zientzia eta Teknologiaren saileko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du lan honek; behin-behineko diagnosiaz gain, proiektuak beste ekimen batzuk ere hartzen ditu bere baitan hala nola, etorkizunean museoaren egitaraua idaztea eta proiektu teknikoaren elaborazioa burutzea.
Euskal Herriko zientzi museo gehienak Natur Zientzietakoak dira. Oro har, fosil, mineral eta maskorren bildumak dira edota faunaren beste talde batzuetaz arduratzen dira. Funtzio didaktikoa, ordea, ahazturik dago ia kasu guztietan. Badira maila zientifiko handia duten natur bilduma pribatuak ere, baina hauek ez dute interes pedagogikorik. Natur Zientziak, Industri Arkeologia eta Teknologia tradizionala nagusitzen dira gure museoetan. Baina zoritxarrez, Euskal Herrian ez dago Zientzia Esperimentala jorratzen duen museorik, ezta herritarrek parte hartzea bultzatzen duenik ere. Pablo Aresok egindako azterketan gabezi hau azpimarratzen zaigu lehen-lehenik.
Gure artean falta denaren bila, Pablo Aresok gaingiroki aztertu ditu han-hemenka martxan diren museo-proiektuak. Bereziki Europan dauden zientzia eta teknika museoak jorratu ditu bere liburuan. Museo horien joera eta eredu nagusiak oso hartu dira kontuan Euskal Herrirako proposatu duen museo-eredua diseinatzeko orduan.
Sailkapenaren abiapuntua irizpide kronologikoa da. Izan ere, lehen begiratu batean garbi ikusten da museo bakoitza sortu zen garaiko egikera kulturalaren emaitza dela.
UNESCOk berak egindako sailkapenari segiz, gaur egungo museologiak bi funtzio nagusiak bereizten ditu, baina hezkuntzari lehentasuna ematen zaio ondarea kontserbatzearenaren gainetik. Horren arabera, museoak ez dira jadanik objektuak biltegiratzeko lekuak bakarrik eta hezkuntzarako tresnatzat erabiltzen dira. Hamarkada honetako museo-ereduak gizarteak aurrera egiten laguntzea du helburu, ideia-, kontzeptu- eta ezagutza-multzoa zabalduz. Hauxe da, hain justu, Pablo Aresok Euskal Herrian Zientzia Museo batek ekarriko lituzkeen abantailetaz hitz egiterakoan ikusmiran duen eredua. Liburuaren pasarte batean dioenez, museoa ez da arazo guztietarako konponbidea izanen, baina gizarte osoari beharrezkoa den zientzi kultura helarazteko tresna aproposa izango litzateke.
Museo modernoek hezkuntzarako baliabide berriak eskaintzen dituzte. Eredu osagarria da, hots, ez du irakaslea edo liburua ordezkatzen. Horiek ez bezala, ordea, formalak eta akademikoak ez diren errekurtsoen bitartez bisitariak jasoko duen informazio zientifikoa ongi barnera dezan saiatzen da.
Nolanahi ere, museoek bete behar dituzten funtzioez hitz egiten denean, hezkuntza ez da ikaslegora mugatzen. Museo berrien helburua gizarte osoarengana iritsiko den kulturaren eta zientziaren etxea izatea da; guztiek, helduek nahiz umeek alfabetizazio zientifikoa behar baitute. Zientzi museo berriek, azkenik, egunean egoteko beharra dute unean uneko aldaketen eta ikerkuntzen ondorioen berri eman ahal izateko.
Etorkizunerako erronka bada ere, Euskal Herriko Zientzi Museoak sendoak ditu oinarriak. Izan ere, proiektuaren inguruko hausnarketatik eratorritako ideiak eta iradokizunak jaso ditu Pablo Aresok. Balizko filosofia ezezik, gainditu beharko dituen arazoak ere bildu dira txosten horretan.
Euskal museoaren filosofia ondoko printzipio orokorretan labur daiteke:
Filosofia ezezik, museoaren eguneroko ihardunean emango diren arazo eta iradokizun praktikoak ere jaso ditu Pablo Aresok bere liburuan. Ikusitakotik ikasiz, ondokoak zerrendatu ditu egileak:
Izurun fundazioak proposatzen duen museo-ereduak zientziaren ikuspegi humanista bultzatuko du, bere erlazio eta inplikazio guztiekin. Aresok liburuan dioenez, gurea kultura teknikoa da eta horretan ezin da atzera egin. Belaunaldi berriei, beraz, zientziaren eta bere aplikazioen erabilera egokia egiten erakutsi behar zaie. Hezkuntza zientifikoa, izan ere, garapenerako derrigorrezko baldintza izango da, baita gizartearen ongizaterako eta ekonomiarako ere.
Gizarte aitzindari baterako zientzia eta teknika museoa proiektua hezkuntza-erakundeei zuzendua dago lehenik eta behin, museoa irakaskuntzarako zerbitzu osagarritzat hartzen baita. Bestetik, zientziaren dibulgazioan busti daitezen, gainontzeko erakunde, enpresa eta giza taldeetara ere jo behar da. Museoa hezkuntzaren baliabidetzat hartzen duen edonork har dezake parte hausnarketa honetan, funtsean, guztiontzako erronka baita etorkizuneko proiektua martxan jartzea. Komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko harremanak estutuko eta berotuko ditu museoak.
Museologiaz apur bat gehiago badakigu orain eta gaur egungo museoen ezaugarriak hobeto ezagutzen ditugu. Elhuyarrek, era berean, zientzia eta teknikarekin zerikusia duten Euskal Herriko museoak aztertuko ditu hurrengo aleetan. Otsaileko aletik hasita, bederatzi euskal museotan sartuko gara. Urtea amaitzeko, berriz, balantze orokor bat egiteko moduan izango garela espero dugu.
Hasiera-hasieratik esan dugunez, Euskal Herriko museoetan ondarea gordetzeko funtzioa da nagusi; bisitarien jarrera, bestalde, nahikoa pasiboa da; funtzio pedagogikoa alde batera utzita dago ia kasu guztietan. Etorkizuneko Zientziaren Euskal Museoak zientzia ikusteko, ukitzeko, esperimentatzeko, jostatzeko eta gehiago ikasteko aukera emango ote digu?
Bitartean, ezagutu ditzagun egungo euskal museoak. 1997ko aleetan honako museoetara egingo dugu bisita: Leioako Zientzien Historiaren euskal museora, Gasteizko Natur Zientzien museora, Donostiako Akuariumera, Bergarako Zientzia eta Tekniken museora, Iruñako Planetariora, Miarritzeko Itsasoaren museora, Urretxuko Mineral eta fosilen erakusketa iraunkorrera, Barakaldoko Euskadiko Teknika museora eta Hiriburuko Espeleologi, Meatze eta Lurren Ekologiaren museora.
Interes handiz irakurri dut Pablo Aresoren Museo de Ciencias y Técnicas para una sociedad avanzada . I. Definición y modelo. izenburua duen liburua. Askotan pentsatu izan baitut beste herrialde batzuetan ikusi ahal izan ditudan zientzi museoen antzeko bat Euskal Herrian behar genukeela eta liburu honek gai horretxeri heltzen dio hain zuzen ere. Azpitituluak daraman zenbakiak aditzera ematen digunez, liburuki honen atzetik gai beraren beste alderdi batzuei buruzko besteren bat edo batzuk irakurtzeko aukera izango dugu eta, gainera, zientzi museo berri baten diseinuaren lehen harriaren antzeko zerbait da. Ereduaren bila bertan egiten den gogoetak zentzu handia du. Atzerrian dauden museoen azkerketatik abiatzen da gurerako egokiena izan litekeenaren zertzelada nagusiak definitzeko asmoz. Bi joera nagusi ikusten ditu zientzi museoetan, tresnak bildu eta kontserbatzekoa bata eta bisitariaren ezagutza aberastean zentratzen dena bestea. Bigarren hau aukeratzen du egileak eta ez du arrazoirik falta. Planteamendu honetan oinarrituriko museoek utzi dizkidate oroimenik onenak. Hogeitabost urte izango dira laster Luzernako Garraioen eta Komunikazioen Museoa ikusi nuela. Ez zait oraindik ahaztu han ikusi nuen zenbait gauza. Gehien gustatu zitzaidana bisitariari eskaintzen zitzaion dena ukitzeko eta erabiltzeko aukera zen. Irizpide berbera ikusi dut geroztik behin eta berriz bisitatu dudan Bartzelonako Museu dela Ciencia politean edo Parisko La Villette-n eta nekez ahaztuko zaizkigu duela urte batzuk senar-emazteok eta gure hiru alabek Parisko Palais de la Decouverte -n ikusi genituen maiztasun handiko korronteekin eginiko saiakuntzak eta tximisten simulazioak. Oroimenean betiko txertatuak geratzen dira kontzeptuak eta sentipenak. Egileak Donostiako Apaizgaitegiko Hitzaldi-Aretoan aurkezpena egin zuenean, liburuaren xedea gai honetaz interesaturik dauden pertsona eta erakundeen artean adostasuna lortzera bideratutako eztabaida sustatzea zela adierazi zuen. Eztabaida horretarako ekarpen xume gisa pare bat ideia jarri nahi nituzke mahai gainean.
A. Sagarna |