Tenperaturak hoztearekin batera, eltxoek heltzeko arriskua ere desagertu egiten da. Askoren zorionerako. Bai behintzat ziztada guztiak jasotzen dituenaren zorionerako. Alegia, odol gozoa duenaren zorionerako. Sarri entzuten den esaldia da hau: "odol gozoa izango duzu, guztiak zuregana joaten dira eta".
Beste batzuek diote O motako odola izateak ziztadak izateko arriskua areagotzen duela. Dena den, odol-motaren eta ziztaden arteko erlazio hori oraindik ere egiaztatu gabe dago.
Begi-bistaz ikusten dena da talde batean beti dagoela gainerakoak baino eltxo-ziztada gehiago jasaten duen norbait. Zer du horrek eltxoak horrenbeste erakartzeko? Eta zer dute gainerakoek --horren beldurrik gabe, lasai, bizi direnek-- eltxo-ziztadarik ez izateko?
Bereizketa egiteko, lehenik usaimena erabiltzen dute eltxoek. Arnasa hartzen dugun bakoitzean, karbono dioxidoa eta usaina duten beste hainbat substantzia pasatzen dira airera. Aire hori mugitu eta urrundu egiten da, eta eltxoek aire hori usaintzen dute. 50 kilometrora urrunduko balitz ere, eltxoak usaintzeko gai izango lirateke. Esan liteke arnasten dugun bakoitzean eltxoari gure gertutasunaren berri ematen ari gatzaizkiola.
Eltxoek airea usaintzen dutenean, berehala egiten dute lotura, ba omen dakite usaina elikagaiaren sorburua dela. Usainaren sorbururaino iristeko, airearen korronteari jarraitzen diote. Iritsi ondoren, usaimena ez ezik, ikusmena eta gorputzen berotasuna ere erabiltzen dituzte. Hiru aldagai horiek kontuan hartuta erabakitzen dute ziztada bati edo besteari egitea.
Arnasa hartzean, batetik, baina, baita izerditzean ere, hainbat usaindun konposatu kanporatzen ditu gorputzak. Eta horiek ere erakartzen omen dituzte eltxoak. Esaterako, zenbait adituren arabera, larruazaleko poroetatik izerdi gisa kanporatzen dugun azido laktikoak erakarri egiten ditu eltxoak.
Beste hainbat ikerketaren arabera, Ag0r1 proteinak bultzatzen ditu hainbat eltxo-espezie ziztatzera. Proteina hori metilfenol-4ak aktibatzen du, eta azken hori gizakion izerdiaren usainaren erantzuleetako bat da. Gainera, ziztada gehienak izerdi gehien sortzen den gorputz-ataletan gertatzen dira.
Badirudi hainbat gazta-motaren hartziduran laguntzen duen bakterio baten eta eltxoen ziztaden artean ere lotura zuzena dagoela. Bakterio hori izerdian dago.
Azken finean, guztiok sortzen dugu usainen nahaste bat gure gorputzean. Nahaste hori aldatu egiten da pertsona batetik bestera, eta ziztada-kopurua ere, inongo zalantzarik gabe, aldakorra da.
Floridako Unibertsitateko hainbat ikertzailek biktimak aukeratzeko eltxoek erabilitako irizpideak identifikatu dituzte. Aukera guztien artetik, substantzia erakargarrienen zantzua duten pertsonak edo animaliak hautatzen dituzte beti eltxoek. Substantzia horiek oso desberdinak izaten dira. Gorputzak berak sortu eta azalaren bidez kanporatzen diren substantzia naturalak izan daitezke; edo gizakiak berak artifizialki sortutako produktuak, kosmetikoak, adibidez.
Halaber, Rothamsted Research nekazaritza-ikerketako zentroan geure gorputzak sortzen dituen usainak aztertzen dihardute, eta eltxoentzat erakargarriak nahiz nazkagarriak zein diren ikertzen dute. Horretarako, lozaku berezi batean sartu dituzte hainbat boluntario. Lozaku berezi horrek pertsona bakoitzaren usain bereizgarriak biltzen ditu, presioak lagunduta. Lurrun-pilo hori bereizi egiten da gero, gas-kromatografiaren teknika erabiliz. Gas-kromatografiaren teknika ohikoa da kimikarien artean. Izan ere, kantitate txikiak erabilita, gai da nahaste bateko elementuak bereizteko.
Bereizketa kromatografiko hori egin ostean, bereizitako konposatuak intsektuen antenetatik pasarazten dira. Antena horiek hainbat mikroelektrodotara konektatuta daude. Horien funtzioa da intsektuen erantzun elektrofisiologikoa neurtzea, konposatu horiekiko sentikorrak diren edo ez jakiteko. Azkenik, masa-espektrometroan konposatu horiek identifikatzen dituzte.
Azterketa horietan ikusi dute eltxoen ziztadak jasotzen ez dituzten zorionekoek eltxoentzako nazkagarriak diren molekulak ekoizten dituztela. Beraz, norberaren gorputza eltxoentzat erakargarri bihurtzen duten substantziak bezala, nazka ematen dietenak ere badaude; esate baterako, kolesterolari edo hipertentsioari aurre egiteko erabiltzen diren botikenak. Eltxoek kolesterola eta B bitamina derrigorrean behar dituzte, baina ez dira berez sortzeko gai; hortaz, bai kolesteroletan eta bai B bitaminatan aberats diren pertsonak asko estimatzen dituzte.
Molekula horiekin lan eginez gero, eltxoak uxatzeko produkturen bat ekoitz liteke etorkizunean, beharbada. Eta, bide horretatik, horrelako ikerketen emaitzek Anopheles eltxoaren erasoetatik babesteko estrategiak garatzen lagun dezakete, esaterako. Eltxo hori arriskutsua da, malaria transmititzen baitu. Izan ere, ziztatzaile izateaz gain, eltxoak gaixotasunen eroale ere izan daitezke, baina, oro har, uste den baino gutxiago. Gutxi gorabehera mila eltxotik bakarrak daramatza gaixotasunak sor ditzaketen organismoak. Hala eta guztiz, proportzioa txikia izanda ere, argi dago ziztada-kopurua gutxitzeko bidea aurkituz gero, gaixotzeko aukerak ere murriztu egingo direla.
Baina, zertarako ziztatzen gaituzte eltxoek? Eltxoak, oro har, nektarrez elikatzen dira. Dena den, espezie gehienetan, emeek proteinak behar dituzte arrautzak garatzeko, eta horregatik xurgatzen dute gure odola. Arrek, berriz, nahikoa izaten dute nektarrarekin eta urarekin. Beraz, emeek soilik ziztatzen dute.
Emeak proboszide izeneko protuberantzia bat du, eta, horri esker, gai da ugaztunen larruazalean zuloa egin eta odola xurgatzeko. Elefanteen tronpa baten antzeko zerbait dela esan daiteke. Eltxoen proboszidea oso zorrotza da, eta ia-ia larruazala ukitze hutsarekin nahikoa da, zulotxoa egin eta odola xurgatzeko. Alegia, gu ziztatzeko. Horrexegatik, maiz, ez da ziztada nabaritzen. Gainera, eltxoen hainbat espezieren listuan substantzia analgesiko bat aurkitu dute, eta badirudi horrek lagundu egiten duela ziztada ez sentitzen, erantzun immunologikoa agertu arte. Eltxoek ziztatzen dutenean, zauri txiki horretan listua txertatzen dute, eta horrek eragiten du zauriaren hantura eta narritadura.
Jarraian, eltxoen ziztada horietan, alergia-erreakzioetan gertatu ohi den prozesu kimikoaren antzeko zerbait gertatzen da. Sistema immunologikoak histaminak askatzen ditu ziztadaren inguruan, eta horiek dira azkuraren erantzule. Halaber, kaltetutako gunea handitu egiten da.
Europan eltxo-espezierik ohikoena Culex pipiens da. Eltxo horrek ez du gaixotasunik transmititzen. Eta eskerrak, pentsatuko du, beharbada, batek baino gehiagok. Eltxo horren habitata ingurune hezeetatik gertu egoten da, han ugaltzen baita. Bizi-ziklo laburra du: bi aste baino gutxiagokoa udan, eta hiru asteko ingurukoa udaberrian eta udazkenean. Izan ere, metabolismoa asko azkartzen zaio tenperatura altuetan, eta lozorroan geratzen da tenperatura batez beste 15 ºC-tik beherakoa denean. Udako 'lanak' bukatu ostean, laster itzuliko da berriro ere egoera horretara.