Hego-haize goxoa dabil eta galburuak, berde-berdeak oraindik, uhinen modura dantzan ari dira. Muino koxkor honetatik, gari-soroak baino, itsas berde bat ikusten ari garela dirudi eta, haizearen eraginez, olatuen joan-etorria etengabea da. Lautadaren urrunean, gorputz zuri batzuk antzeman ditugu eta ardiak izan daitezkeelakoan, prismatikoekin begira jarri gara. Ustekabean, ustez ardiak zirenak hegazti ikaragarriak direla ohartu eta adi-adi begira segitu dugu.
Ibilera dotoreena hartuta, burua tente-tente eta buztana ere gorantz altxatuta, basoilo handi arrak harrotuta zebiltzan begira jarri garenean eta bat-batean gorputzaren itxura guztiz aldarazi dien jarrera hartu dute. Burua atzerantz okertu, lepoko aire-zakuak puztu, hegoak zabaldu eta lumak altxatua eta kanpoaldera bihurrituta, gure basoilo arrek lumazko lore zurien antza hartu dute eta biraka hasi dira, inguruetako emeen begirada erakarri nahiean. Ikuskizun zoragarri horren aurrean, pena eman digu bertaxeago ez egon izanak, baina animalia hauen izaera izutia ezagutzen genuenez, ez gara hurbiltzen saiatu.
Basoilo handia Espeziea : Otis tarda |
Eztei-dantzari paregabe hau, basoilo handia alegia, ostruka txikiaren antza duen hegazti bikaina da. Arra emea baino askoz ere handiagoa da eta 8 kilotik 17 kilo bitarteko pisua izan dezake, alajaina! 15 kiloko basoiloa inguruotako hegazti hegalari astunena dugu, zalantzarik gabe, baina hegal-zabalera 2,2-2,5 metro ingurukoa, handiagoa da beste espezie batzuetan. Emea askoz txikiagoa eta lirainagoa izanagatik ere, (1,7 metroko hegal-zabalera eta 4-6 kiloko pisua) hegazti galanta da. Animalia hauen tamaina handia eta bizilekua kontuan hartuta, edonork pentsa lezake erraza behar duela ikusteak, baina beti erne ibiltzeaz gain kamuflaje egokia dutenez, ez da horrela gertatzen. Buru eta lepo gris-zuriska, gaztain koloreko bizkarra eta azpialde zuriak dituzte eta horiei esker, soro baten erdian etzan daitezke eta ia ikustezin bihurtu. Arrak eta emeak antzeko kolorazioa dute, baina lehenak, bularrean duten gaztain-koloreko arrastoagatik eta araldian bibote itxura ematen dieten kokotseko lumengatik bereiz ditzakegu. Bestalde, bi sexuek lurrean hobezin mugitzeko hanka luze eta sendoak dituzte.
Erraldoi hauen jatorrizko habitata garai batean erein gabe zeuden zabalune eta estepak ziren, baina gizakiak eremu hauek nekazaritzarako lur bihurtzearekin batera basoilo handiek habitat berri hauetara moldatu behar izan zuten. Litekeena da gizakiak historian zehar basoak moztu eta soro bihurtzearekin batera basoilo handiek nolabaiteko zabalkundea izatea, baina, ikusiko dugun bezala, azken mende honetako giza iharduera batzuek espezie honen atzerakada eragin dute.
Bestalde, basoiloak animalia taldezaleak ditugu eta antolaketa sozial konplexua eta aldakorra dute urtean zehar. Neguan sexu bietako saldotan elkarturik ibiltzen dira eta udaberri hasieran, arrak pixkanaka-pixkanaka dantza-lekuetara mugitzen hasten dira. Bertan, borroka eta ika-mika askoren ondoren hierarkikoki antolatzen dira eta ar dominatzaileak izaten dira hainbat emerekin parekatzen direnak. Kopulen ondoren emeak leku lasairen batera joaten dira errutera eta gero, txitoekin batera familia-talde txikitan ibiltzen dira. Zabaluneetan batera eta bestera, basoilo handiak etengabe bazka bila aritzen dira. Nagusiki belarjaleak diren arren, matxinsalto, kakalardo eta bestelako animalia txiki batzuk ere atseginez mokoratzen dituzte.
Hasieran deskribatu dugun amodio-garaia apirila aldera ematen da eta eztei-dantza zoragarrien ondoren emeak gustuko arra aukeratzen du parekatzeko. Emeak ia ez du habirik egiten eta lurreko zokoguneren bat aztarrika sakondu eta bertan oliba koloreko 2-3 arrautza erruten ditu. 25-28 eguneko txitaldiaren ondoren kumeak jaio eta berehala habia uzten dute amaren atzetik joateko. Kumeak zomorrojaleak dira eta hasieran amak mokora bazkatzen ditu. Dena den, laster hasten da ama zomorroak harrapatu eta lurrean uzten txitoek bilatzen ikas dezaten eta ez da denbora asko pasatzen hauek euren gisa moldatzen ikasten duten arte. 4-5 asteren buruan hegan egiten hasten dira eta 7 aste inguru beteta, amarengandik bana daitezke. Leku eta urteen arabera aldakorra den arren, basoilo handien batezbesteko ugal-produktibitatea eme bakoitzeko eta urteko 0,24 txitakoa da.
Europan basoilo handiak Errusiako hegoaldean, Austrian, Hungarian, Bulgarian, Alemanian, Polonian eta Iberiar Penintsulan bizi dira gaur egun. Mende honetan oro har, atzerakada latza pairatu dute populazio gehienek eta espeziea mehatxupean dago. Arazo larrienak nekazaritza intentsiboak eragindako habitataren aldaketa etengabea, mekanizazioa, pestizida eta herbizidak ugaritzea eta ehiza-presio handiegia izan dira. Hori dela eta, Ingalaterra, Frantzia, Europako erdialdea eta Eskandinavian, besteak beste, desagertu egin da.
Adituen ustez munduan, 28.000 basoilo handi daude eta hauetatik 14.000 inguru Iberiar Penintsulan. Gaztela eta Leon eta Extremaduran penintsulako basoiloen % 80 bizi da. Euskal Herriari dagokionez, espezie hau Nafarroan besterik ez dugu aurkituko eta iraungipen-arriskuan dago. Duela 50 urte Nafarroako hegoaldean 200 ale inguruko populazioa bazegoen ere, gaur egun 20 ale besterik ez daude. Urte batzuetatik hona gorakada txikia izan duen arren (1982n 10 ale besterik ez zeuden) edozein txikiziok populazio txiki hau desagertzea ekar lezake.
Azken ale hauek Lerin, Miranda de Arga eta Bardea inguruetan topa ditzakegu, baina ez da erraza izaten ikustea. Izan ere, jendea eta errepideetatik urrun egoten saiatzen dira eta leku lasaienetan egon nahi izaten dute. Dituzten arrisku handienak ureztapenak, zain-zurien landaketak ugaritzea, lugorrien eskasia, legez kanpoko ehiza eta produktu kimikoen gehiegizko erabilera dira. Dena den, aurten hasi da ikertzaile-talde bat Nafarroako populazioaren bideragarritasuna aztertzen eta baliteke kanpotik ekarritako aleak sartzen hastea populazioa sendotu eta arriskutik ateratzeko. Hala bedi!