Estalki babeslea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ebakuntza-gelak, laborategiko mahaiak eta ur-ontzietako ura esterilizatzeko, izpi ultramoreak erabiltzen dira. Izan ere, izpiok mutazio hilgarriak eragiten dituzte mikroorganismoen DNAn. Gizakietan eta beste bizidunetan ere eragin bera dutenez, ez da komeni haien mende jartzea. Hortaz, eskerrak eman beharko dizkiogu atmosferari, hark babesten baikaitu Eguzkiak
igortzen dituen izpi ultramoreetatik. Eta baita beste eragile batzuetatik ere. Imajinatzen nolakoa litzatekeen bizia atmosfera hau ez bagenu? Horrelakoa ez, hori ziur. Agian planeta hila izango litzateke...

E

guzkiak uhin-luzera guztietako erradiazio elektromagnetikoa igortzen du, baina denak ez dira iristen lurrazalera. Energia altuko erradiazio gehiena atmosferaren goiko geruzetan oztopatzen da. Han, molekulak zatitu egiten dira eta atomoek beren elektroietako batzuk galtzen dituzte; hala, ioi bihurtzen dira. Hortaz, 80 km-tik gora, atmosferak ioi eta elektroi aske ugari ditu. Ionosfera deitzen zaio atmosferaren zati horri.

Horren azpitik, 20-25 km-ko altueran, ozono-geruza dago, eta horrek eragozten dio lurrazalera iristea uhin-luzera laburreko erradiazioari, izpi ultramoreei. Dermatologoek ondo ezagutzen dituzte horren eraginak, minbizia eta erredura larriak eragiten baititu gizakion larruazalean. Eskerrak ia dena ozonoak geldiarazten duen!

Ozono-geruza benetan babeslea eta eraginkorra den arren, ez pentsa estalki lodia denik gero: lurrazalaren aurka presio atmosferikoan zanpatzea balego, hiru milimetroko lodiera besterik ez luke izango. Hala ere, desagertuko balitz, Eguzkia, gure bizi-emailea, hilgarria bihurtuko litzateke.

Ozono-geruzaren dentsitatea % 1 gutxitzeak azaleko minbizia izateko probabilitatea % 3 handitzea dakar.

Ozonoa hiru oxigeno-atomoz osatuta dago, eta erradiazio ultramoreari esker sortzen da, hain justu. Izan ere, atmosferaren goialdean argi ultramoreak oxigeno-molekula zatitzen du, eta, hala, bi oxigeno-atomo aske gelditzen dira. Horietako bat estratosferara igaro eta oxigeno-molekula batekin batzen denean, ozono-molekula eratzen da. Batzuetan, oxigeno-atomoa nitrogeno--molekula bati lotzen zaio, eta oxido nitrosoa sortzen da.

Bestalde, argi ultramoreak ozonoarekin topo egiten duenean, zatitu egiten du ozono-molekula, eta berriro ere oxigeno-molekula bat eta oxigeno-atomo bat sortzen dira. Ozonoa, beraz, etengabe sortzen eta suntsitzen da, eta horixe da ozonoaren zikloa.

Zuloak adabakia behar du

Baina ozonoaren zikloa erraz eteten da, kloro, fluor edo bromo atomikoen eraginez. Elementu horiek hainbat konposatu egonkorretan daude, batez ere klorofluorokarbonatoetan (CFC). CFCak estratosferaraino iristen badira, izpi ultramoreek zatitu egiten dituzte, eta atomoak aske gelditzen dira. Kloro-atomo bakar bat gai da 100.000 ozono-molekula hausteko.

NASAren 3D irudi honetan garbi ikusten da Antartikaren gaineko ozono-geruzaren zuloa.

Hegazkin supersonikoak ere kontuan hartzekoak dira, oxido nitrosoa eta ura botatzen baitute. Estratosferaren beheko aldean egiten dutenez hegan, oso kaltegarriak dira ozono-geruzarentzat.

Bestela, ozonoaren kontzentrazioa asko aldatzen da latitudearekin: ekuatorean lodiagoa da eta meheagoa poloetan. Ikertzaileen kalkuluen arabera, urtean % 4 ari da txikitzen ozono-kontzentrazioa Ipar hemisferioan. Halaber, gutxi gorabehera lurrazalaren % 4,6k ez du gainean ozono-geruzarik; horiexek dira ozono-geruzaren zuloak. Horrek esan nahi du toki horietan ez dagoela erradiazio ultramoretik babesteko ezkuturik.

Zientzialariek aspaldi ohartarazi zuten ozono-geruzaren galerak ekar zezakeen kalteaz. Nonbait, ozono-geruzaren dentsitatea % 1 gutxitzeak azaleko minbizia izateko probabilitatea % 3 handitzea dakar. Arriskua saihesteko, gobernuak dagoeneko hasiak dira geruza ez suntsitzeko neurriak hartzen. Horretan lehenak suediarrak izan ziren, 1978an debekatu baitzituzten ozono-geruzari kalte egiten dioten aerosolak.

Hegazkin supersonikoek oxido nitrosoa eta ura botatzen dutenez, oso kaltegarriak dira ozono-geruzarentzat.

Gerora nazioartean neurriak zabaldu badira ere, kezka ez da desagertu: 2003ko abuztuan, AEBetako Geofisika Elkarteak jakinarazi zuen ozono-geru-zaren galera moteltzen ari zela; gero, ordea, urte hartan bertan, Antartika gaineko zuloa inoizko bigarren handiena izan zen. Gainera, orain ikusi dute Artiko gainean ozono-geruza inoiz baino meheagoa izan dela aurtengo negu-udaberrian.

Egia da CFCak debekatzea mesedegarria izan dela, baina ezin da ahaztu gizakiak erabiltzen dituen beste gai batzuek ere badutela eragina ozono-geruzan, hala nola, metanoak, oxido nitrosoak, sulfato-partikulek... Beraz, ikertzaileek adi jarraituko diote geruzaren lodierari, ez dadin gehiegi mehetu.

Epelean gozo

Nolanahi ere, erradiazioetatik babestea atmosferak egiten duen mesedetako bat besterik ez da. Izan ere, EHUko Kimika-Fisika Saileko Fernando Mijangosek dioen moduan, “atmosfera Lurraren tapakia da: tapaki hori gabe, planetaren batez besteko tenperatura -18 ºC-koa izango litzateke”.

Atmosferaren berotegi-efektuari zor dio Lurrak 15 ºC-ko tenperatura izatea batez beste, baita gauaren eta egunaren arteko tenperatura-aldaketak nabarmenegiak ez izatea ere. Deigarria da atmosferan apenas egotea beste gasik nitrogenoaz eta oxigenoaz gain, eta, hala ere, kontzentrazio txiki-txikian dauden gas horietako batzuk izatea berotegi-efektuaren erantzule.

Alderdi biologikotik, oxigenoa eta nitrogenoa ezinbestekoak dira: oxigenoaz baliatzen dira bizidunak elikagaiak oxidatzeko, eta, hala, energia lortzeko, eta nitrogenoa, berriz, oinarrizkoa da aminoazidoak ekoizteko. Baina ez batak ez besteak ez dute ardurarik planetaren tenperaturan. Bi atomoz osatutako molekulek ez dute eraginik berotegi-efektuan, bai, ordea, hiru atomoz edo gehiagoz osatutakoek.

Hain zuzen ere, berotegi-efektuaren sortzaile nagusia karbono dioxidoa da, hari zor baitzaio efektu guztiaren % 60 inguru. Gero metanoa dator, % 20rekin gutxi gorabehera, eta ondoren CFCak % 14rekin. Azkenik, oxido nitrikoak
% 6 sortzen du.

Karbono dioxidoak eta besteek berotegietako kristalen modura egiten dute lan. Eguzkitik datorren energiaren zati bat atmosferaren goiko geruzetan xurgatzen den arren, gehiena lurrazalera iristen da. Lurrak berak erradiazioaren zati bat xurgatzen du, eta gainerakoa infragorri moduan islatzen du. Orduan, baina, gas horiek ispiluen antzera jokatzen dute eta lurrazalerantz itzultzen dute beroa. Hortaz, planetaren tenperatura igo egiten da.

Kotoizko tapakitik sintetikora

Alabaina, azkenaldian gas horien kontzentrazioa areagotzen ari da atmosferan, giza jardueraren ondorioz. Industria-iraultzaren hasieran, karbono dioxidoaren kontzentrazioa 280 ppm zen. Aldiz, gaur egun 350 ppm baino gehiago da. Atmosferara isurtzen den karbono dioxido gehiena erregai fosilak erretzean sortzen da, eta beste zati bat basoak soiltzean. CFCak oraindik erabiltzen dira hainbat industria-jardueratan; metanoa prozesu anaerobioetan sortzen da, eta oxido nitrosoa konbustioan eta ongarriak degradatzean.

Atmosferaren eta itsasoaren arteko elkarrekintza ulertzea ezinbestekoa da
klima-ereduak egiteko.

Horietako bakoitza areagotzean, gainera, indartu egiten dira beste prozesu batzuk, eta, azkenean, eragina esponentziala da. Adibidez, atmosferako karbono dioxidoa areagotzen denean, tenperatura igo egiten da; ondorioz, aireak lehen baino ur gehiago har dezake. Gainera, itsasotik ur gehiago lurruntzen da. Eta ur-lurrunak berak ere areagotu egiten du berotegi-efektua.

Bestetik, kontuan hartu behar da itsasoak karbono dioxido asko xurgatzen duela, baina, tenperatura igoz gero, gas gutxiago disolbatuko luke, eta horrek atmosferan are karbono dioxido gehiago metatzea eragingo luke.

Hala ere, ezin da aurreikusi zer gertatuko den, prozesu guztiak elkarri lotuta baitaude. Esaterako, ur-lurrunaren molekulak elkartuz hodeiak sortzen badira, traba egingo diote Eguzkiaren energiari, eta litekeena da, beraz, hodeiek Lurra pittin bat hozten laguntzea.

Atmosferarik izango ez balu, Lurrak Ilargiaren antza izango luke, dena kraterrez eta zuloz betea legoke.

Dena dela, zalantzarik gabe, berotegi-efektua areagotzeak eragina izango du. Eta, ikertzaile askoren arabera, joera ez bada aldatzen, ondorioak kaltegarriak izango dira. Mijangosek tapakiaren konparazioa erabiltzen du berriro aldaketa horiek ekar ditzaketen ondorioez ohartarazteko: “Material berriekin egindako tapakiek betiko kotoizkoek baino gehiago berotzen dutenez, hasieran gustura hartzen dira, baina gero konturatzen gara gehie- gizko beroa ematen dutela”.

Zenbateraino kezkatu behar gaituzte gertatzen ari diren aldaketek? Adituak ez datoz bat ondorioetan ez aurreikuspenetan, baina gehien-gehienak arduratuta daude, eta uste dute egoera leheneratzeko neurriak hartu behar direla, beranduegi izan baino lehen. Baina hori ez dago adituen esku bakarrik.

Meteoroen aurkako ezkutua

Iragazki ahaltsua eta tapaki gozoa izateaz gain, ezkutu gogorra ere bada atmosfera. Begiratu Ilargiari, dena zuloz eta kraterrez beteta! Ilargiak ez du babesik espaziotik iristen zaizkion materialen aurka. Bada, Lurrak ere itxura hori izango luke atmosferaren aterkia izango ez balu.

Egunero, ehunka material-tona sartzen dira atmosferara. Ia denak partikula txikiak dira, miligramo gutxikoak. Ikaragarri azkar sartzen dira atmosferan, 40 km/s-ko abiaduran edo azkarrago. Abiadura horretan, partikulak berotu egiten dira, eta, desegin ahala, argia igortzen dute. Izar uxo deitzen zaie.

Antartika toki ona da meteoritoak biltzeko, erori diren tokian apenas
kutsatu eta aldatu gabe irauten dutelako.

Guztiek ez dute distira bera: zenbat eta handiagoak izan, orduan eta distira handiagoa. Handienei bolido edo suzko bola deitzen zaie, eta ikusgarriak dira, ez bakarrik distiragatik, baita nola desegiten diren ikusteko aukera ematen dutelako ere. Batzuetan, lehertzean ateratzen duten soinua lurrazalera heltzen da, eta burrunba moduko bat entzun daiteke. Halaber, zeruan egiten duen bidearen arrastoak hainbat minutu iraun dezake.

Hala eta guztiz ere, atmosferak ez du partikula guztietatik babesten. Hainbat dozena metroko diametroa duten arrokak ere desegiten dira atmosfera zeharkatzean, baina hori baino handiagoak direnek lurreraino iristea lortzen dute. Meteoroak dira, eta, neurriaren arabera, dezenteko kalteak eragin ditzakete erortzen diren tokian.

Izan ere, meteoroek ekartzen duten abiada ez da nolanahikoa, eta izugarrizko energia askatzen dute. Egin kontu: 35 metroko diametroa duen objektu batek Hiroshima suntsitu zuen bonbaren moduko 65 lehergailuk elkartuta adina energia askatuko luke gutxi gorabehera, hau da, hainbat megatoiko bonba nuklear baten parekoa.

Zorionez, horrelakoak ez dira egunero erortzen. Kalkulatzen dutenez,
10 metroko diametroko objektu batek megatoi baten hamarreko energia sortzen du, eta hamar bat urtetik behin sartzen da atmosferan halako bat. Atmosferan bertan lehertzen denez, ez du kalterik eragiten. Kilometro bateko diametroa duten objektuek ehun mila megatoiko energia askatzen dute, eta ehun mila urtetik behin jotzen dute Lurra. Hamar kilometroko diametroa dutenak, berriz, ehun milioi urtetik behin erortzen dira, eta haien eragina beldurgarria da.

Antza denez, horrelako meteorito baten erruz desagertu ziren dinosauroak duela 65 milioi urte. Batzuek agian eztabaidatuko dute zenbateko eragina izan zuen meteoritoak dinosauroak desagertzean, baina non erori zen ez dago zalantzan jartzerik: Mexikoko Chicxuluben dago sortu zuen kraterra; 180 kilometroko diametroa du eta ia 50 kilometroko sakonera. Eskerrak atmosfera zulatzeko gaitasuna duten meteoroak hain bakanak diren!


Goian aingeru, behean deabru

Bitxia da han goian, estratosferan, halako mesedea egiten duen molekula bera pozoitsua izatea hemen, troposferan. Bai, ozonoa poluitzaile kaltegarria da atmosferaren behealdean, eta kalte larriak eragiten ditu gizakien osasunean eta landareetan.

Ozonoa ez da beste poluitzaileen modura isurtzen atmosferara, ez dago ozono-iturri poluitzailerik. Nahiz eta troposferan dagoen ozonoaren zati bat eragile naturalek sortutakoa izan, gehiena giza jardueraren ondorioz igorritako substantzia kimikoen erreakzioetatik sortzen da. Eguzkiaren argiak sustatzen dituenez erreakzio horiek, ozono-kontzentrazioa handiagoa da udaberrian eta udan beste urtaroetan baino.

Hiri handietan ez da arraroa agintariek jendeari ohartaraztea ozono-kontzentrazioa maila arriskutsura iritsi dela. Horrelakoetan, barruan egotea eta kanpoan ariketa fisikoa ez egitea gomendatzen dute, eta trafikoa nahiz industriaren emisioak gutxitzeko neurriak hartzen dituzte.

Gizakiari arnas aparatuko arazoak eta narritadura sortzen dizkio ozonoak, besteak beste. Baina landareetan duen eragina ez da gozoagoa: zelulei kalte egiten die, fotosintesia moteltzen du, eta landarea haztea eragozten du. Ozono-poluzioak luze iraunez gero, nekazaritzan galerak izaten dira. Landare sentikorrenak belarkarak dira, gero zuhaitz hostozabalak, eta gogorrenak, berriz, koniferoak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila