Estaldura elektrolitiko edo kimikoen prozedurak, galvanoteknia ere deituak, ioi metaliko edo elektrolitoen disoluzioan murgildutako pieza baten gainazalean metal-geruza finak elektrokimikoki ezartzean oinarritzen dira. Horretarako, produktu kimiko nahikoa puruak erabiltzen dira, gatzak eta metalak, esaterako. Prozesu honetan teknologia aproposak erabiltzen badira, erabilitako metalak piezetara erabat itsastea lortzen da, ingurugiroari ia kalterik egin gabe. Hala bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoan estaldura-prozesuak erabiltzen dituzten enpresetan egoerak hobera egin dezake. Izan ere, estaldura elektrolitikoen prozesuetan hondakinak eta hondakin-urak murrizteko aukerak handiak baitira egun.
Estaldura elektrolitikoa anodoko metala ioi metaliko bihurtzean datza funtsean. Ioi horiek disoluzioan barreiatu ondoren katodoan, hots, estaltzera doan piezan, ezartzen dira, honen gainazalean geruza metalikoa eratuz.
Estalduren ezaugarri espezifikoak erabilitako elektrolitoaren osagaien araberakoak izango dira. Estalduraren kalitatea, berriz, lan-egoera jakin eta iraunkorrak edukiz eta hauen jarraipen estua eginez baizik ez da lortzen. Bainu elektrolitiko poluitua ahalik eta gutxien sor dadin, garrantzi handikoa da elektrolitoak epe luzera egonkorrak izatea eta horrek oinarrizko konposatuen kontzentrazioen, baldintza fisikoen eta poluzio organiko zein inorganikoen etengabeko jarraipena egitea eskatzen du. Halaber, bainuaren mantenimendua egitea eta garbitzea behar-beharrezkoa da substantzia poluitzaileak deuseztatzeko.
Estaldura elektrolitikoen sistema ohikoenak kobreztaketa, nikeleztaketa, kromoztaketa eta zinkeztaketa dira. Euskal Herrian gehien erabiltzen diren kobre-elektrolitoak zianuro-oinarridunak dira, ia aditiborik gabeak. Zianuro bidezko kobreztaketa sistema geruzanitzetako lehen estaldura izaten da eta herdoilaren aurkako babesa ematen du. Normalean zama edota altzairuaren gainean aplikatzen da.
Nikelezko estaldurak oinarri oso egokiak dira kromo, letoi, zilar, urre eta antzeko metalez estaldura apaingarri gehienetarako. Propietate antikorrosibo onak ditu eta horregatik asko erabiltzen da sarraila eta kanilagintzan, eta baita automobilaren osagaien eta erreminten fabrikazioan ere. Gehien erabiltzen den nikel-elektrolitoa Watts izenekoa da, kloruro, sulfato, azido boriko eta gehigarri organikoez osatua.
Kromoztaketaren ezaugarri preziatuenak distira, gogortasuna eta antikorrosio-ahalmena dira. Bi mota bereizten dira: apaingarria eta gogorra. Lehenengoa kromoa geruza mehetan ezartzean datza eta bigarrena, berriz, geruza loditan ezartzean. Kromo-elektrolitoen osagai nagusia azido kromikoa da.
Zinkeztaketa-mota asko daude. Kontzentrazio handi eta ertaineko zianuratuak dira tradizionalenak. Hauek poluzio organikoarekiko tolerantzia handikoak dira, eta aurretratamendu optimizaturik gabe lan egiteko aukera ematen dute. Asko zabaltzen ari dira, bestalde, zinkeztaketa azidoak, distira handiko geruzak sortzeaz gain errendimendu handikoak baitira. Zinkeztaketa alkalinoak, bertan zianurorik erabiltzen ez bada ere, elektrolito zianurodunen propietate asko dauzka. Gainera, hondakin-uren tratamendu-kostu txikia du.
Bi mota bereizten dira: nikelezkoa eta kobrezkoa. Nikel gatz batek, honen erreduktore batek eta hainbat konplexu-eratzaile ahul samarrek osatzen dute nikelezko bainu kimikoa. Elektrolito modernoak erabiliz gero, bainu-bizitza luzea lor daiteke sistema honekin.
Kobre kimikozko elektrolitoek konplexu-eratzaile oso egonkorrak edukitzen dituzte, hala nola tartratoa, kuadrola eta EDTA. Agente konplexu-eratzaile hauek berreskuratu beharra dago edo teknologia egokiez tratatu hondakin-uren tratamendu-sistemak oso gaizki funtziona ez dezan.
Pasibatu kromikoak estalitako azaleraren herdoiltzea saihesteko erabili ohi dira. Prozesu hau zinkeztaturiko piezetan erabiltzeko oso interesgarria da, zeren eta zinka metal oso noblea ez denez, zinkezko estaldura pixkanaka herdoilduz joaten baita. Pasibatu-bainu desberdinak daude, osagaien, tenperaturaren eta pHaren arabera. Horiak eta urdinak dira ohikoenak. Pasibatu kromiko gehienak azido kromikozko oinarriaz erabiltzen dira.
Ur-oinarriaz burutzen den pieza metalizatuen lakatu elektrolitikoa gero eta gehiago ari da zabaltzen egungo merkatuan, bai balio erantsi handiko akabera apaingarrietarako (zilarra, letoia eta urrea) eta bai kostu handiko edo zailtasun tekniko handiko estaldura elektrolitikoen (urrea edo brontzea) ordezko gisa. Lakatu-bainuek, bestalde, mantenimendu-lan handia dute, bainua ultrairagazi egin behar izaten baita azido organikoak ez pilatzea nahi bada.
Estaldurak kentzeko desmetaleztaketa erabiltzen da. Prozesu hauek elektrolitikoak (anodikoak) zein kimikoak izan daitezke. Lehenengoak elektrolitoen antzera daude osatuta eta bigarrenek hondakin-uren tratamenduan arazoak sor ditzaketen konplexu-eragile bortitzak edukitzen dituzte osagaietan.