Destoxikazio-erreakzio garrantzitsuenak kromo(VI)aren erredukzioa eta zianuroen oxidazioa dira.
Kromo(VI)a oso toxikoa izateaz gain pH azido nahiz basikoetan disolbagarria da. Bere erredukzio-prozesua oso azkarra izaten da eta destoxikazioarekin batera kromo(III) disolbagaitza ere hauspearaztea lortzen da.
Zianuroen oxidazioa berauen disoziazio-mailaren menpe dago, erreakzioan zianuro askea baizik ez baita ezabatzen. Arrazoi hau dela eta, zianuro-konplexu oso egonkorrak, ferrozianatoak kasu, oxidatzen zailak izaten dira. Disoziatzeko joera duten konplexuak, berriz, errazago ezabatzen dira (zink eta kadmioarenak kasu). Zianuroen oxidazioa NaOCl-az burutzen denez, konposatu organiko klorodunak sortzeko arriskua dago. Hori eragozteko materia organikoaren edukia ahal den guztia txikiagotu egin behar da.
Metalen hauspeatze-prozesua disoluzioaren pHaren arabera duten disolbagarritasunean datza. Izan ere, metal astun gehienak disolbagarriak dira ingurune azidoetan eta hauspeatu egiten dira ingurune alkalinoetan.
Aurreko prozesuen ondoren partikula esekiak dekantazio bidez kontzentratu behar dira. Prozedura hau erraztu eta arintzeko partikulen arteko aldarapen-indarra ahultzen duten flokulatzaileak erabili ohi dira. Prozesua oraindik gehiago azeleratu nahi denean polielektrolitoak eta koagulatzaile organikoak ere erabil daitezke. Hala ere, erreakzio-denbora egokiak erabiliz, eta dekantazio-denbora nahikoa luzea bada, flokulatzaile eta koagulatzaileak erabiltzea murriztu eta saihestu ere egin daiteke.
Estaldura elektrolitikoen hondakin-uren tratamendu fisiko-kimikoa burutzeko, ingurugiro-ziurtasunari dagokiolarik, hiru bide desberdin erabil daitezke: tratamendu etena, tratamendu jarraitua eta tratamendu erdietena. Hauetako bakoitzak aurreko atalean aipatutako eragiketak barne hartzen ditu.
Tratamendu etenak eragiketetan gerta daitezkeen okerrak —hondakin-uren tratamenduko plantetan matxura edo irregulartasunak maiz izaten dira— zuzentzeko aukera ematen du. Tratamendu-mota honek egoteko denbora homogeneoa eskaintzen dio biltegian bildutako uren bolumen osoari eta, beraz, erreakzio-denbora egokia ezartzen bada, eragiketa ongi aterako da. Tratamendu hau aplikatu ahal izateko, aldez aurretik hondakin-urak zenbait depositutan jaso behar dira beren osaeraren arabera bananduta (ur zianurodunak, ur kromikoak, ur azidoak eta ur alkalinoak). Tratamendu-mota hau ez dago aplikatzerik ur-bolumen handiak erabiltzen direnean, horrek biltegi ikaragarri handiak eskatuko lituzke eta. Tratamendu etenak ez du zentzurik, beraz, aurretik garbiketa-kalitatearen irizpidea eta garbiketa-teknika era optimizatuan aplikatu ez badira eta, ondorioz, tratatu beharreko emariak asko txikiagotu ez badira.
Tratamendu jarraituak eragiketa-arrisku gehiago ditu, arazketa-prozesuko irregulartasunak (erreakzio osatugabeak, erreakzio-denbora txikiegia, dekantazio-etaparen pilaketa...) ezin baitira bat-batean konpondu. Hala eta guztiz ere, erreakzio-deposituak bikoitzak izateaz gain seriean ipintzen badira, dekantazioa ongi dimentsionatzen bada eta parametroen kontrol-sistema bikoitza ezartzen bada, arriskuak zerbait murriz daitezke. Aipatu beharra dago Europako beste zenbait herritako Ingurugiro Administrazioek tratamendu-bide hau lantegi edo lerro berrietan ezartzea debekatuta dutela eta ari direnei segurtasun-neurriak indartzera behartzen dituztela, inbertsio handiak eginaraziz.
Tratamendu erdietena aurreko bien bitartekoa da: hondakin-ur toxiko eta konplexuenak, hots, ur zianurodunak eta kromikoak, era etenean tratatzen ditu eta gainerakoak era jarraituan. Sistema honekin ingurugiro-segurtasuna bermatzen da eragiketa guztietan emari txikia gorde behar izan gabe. Gaur egun diharduten lerro askotan ezinezkoa da garbiketa-teknika optimizatzea eta, horregatik, bide hau arras egokia da kasu horietarako. Beren hondakin-urak murriztu ezin dituzten zianuro gabeko zinkeztaketa-lerroak, esaterako, oso aproposak dira bide hau aplikatzeko.
Oro har, posible den kasuetan tratamendu etena aplikatzea da onena, berau baita abantailatsuena. Tratamendu jarraitua garbiketa-teknika optimizatuta eta garbiketa-kalitatearen irizpideak ezarrita, oraindik ere hondakin-uren bolumen handiak dauzkaten lerro eta lantegietan baino ez da erabiliko.
Gogoan izan beharreko zenbait irizpide
|