1987ko uztailaren 20an zenbait lurjausi egon zen Italiako Tartano, Sondrio eta Bergamo herrien inguruko mendietan. Hogei pertsona hil ziren eta etxeak, errepideak, zubiak eta elektrizitate-sarea kalteturik gertatu ziren. Zortzi egun geroago antzekoa gertatu zen Italiako iparraldeko beste zenbait herritan. Handik astebetera Alpe Mendietan beste lurjausi baten eraginez hogeitazazpi lagun hil ziren.
Zenbaitentzat istripu hauek guztiz naturalak dira (Alpeetan trumoia dagoenean izugarrizko euri-jasak izaten bait dira), baina azken urteotan zenbait eritzi desberdin indartzen hasia da.
Azkeneko bi hamarkadetan Alpeetan turismo-industriak garapen ikaragarria izan du. Izan ere, askotan posibilitate ekonomiko txikiko zonatan gertatu da eskiaren garapena. Eski-pistak eta hauen inguruko errepideak, eraikuntzak eta beste zerbitzuak egiteko, baso asko bota behar izan da. Beraz lur- nahiz elur-jausiek bideak libre dituzte. Teoria hau gero eta gehiago indartzen ari da eta arrazoiak ere badaude horretarako.
Vienna-ko unibertsitateko ikerlari den Hannes Mayer-ek mendien lurretan eta gainazaleko uretan basoek duten eragina neurtu zuen. Babes-geruza naturala galdu duten mendietan, mendiaren barrura galdu gabekoetan baino ur gehiago sartzen dela neurtu zuen, eta lurrazpiko ur-korronteek ez dute askotan gauza onik sortzen; lur-jausiak eta higadura baizik.
Gainera, baso bat botatzen denean, beste zenbait espeziek (animalia nahiz landarek) egoeraren aldaketa jasaten du. Oreka ekologikoa hautsi ondoren, ehundaka urte behar izango dira hasierako egoerara itzultzeko. Zenbait lekutan animaliak arazo larrian aurkitzen dira. Batzuek ondo jasaten dute egoera-aldaketa; Suitzako orein gorriak adibidez. Beste batzuk, lira-oilarrak adibidez, oso zaurgarriak dira eta beren kopurua murrizten ari da. Izan ere, animalia hauen kontra basoak botatzea ezezik poluzioa ere hortxe dago erasotzen.
Arazo honen aurrean Europako herrialde batzuetako jendea protesta egiten hasia da. Agintariak ere gero eta gehiago kontzientzia hartzen hasiak dira, baina kaltetuta dauden lekuak berreskuratzeko egin diren aurrekontuak hain handiak direnez gero, oso zaila da politika eraginkorra aplikatzea. Hala ere, orain arte kaltea jasan duten lekuetan zerbait egin beharra dago. Bestela edozein unetan uholdeak, lur- nahiz elur-jausiak gertatuko dira eta. Egoera horren aurrean, gero eta gutxiago balioko du Italiako babes zibileko ministrariak erabili zuen esaldi horrek: Ni ez naiz Jaungoikoaren ekintzen erantzule.
Etorkizunari begira eski-pista nahiz azpiegitura berriak egiterakoan kontu handiagoa edukitzen ez bada, ohizkoa izango da istripu naturalen berri izatea.