Erleak, nola egiten du erlauntza?

Aurreko alean erle bakartiez luze eta zabal hitz egin genuen. Hala ere, badira naturan beste erle-mota batzuk. Saia gaitezen bada erle sozial direlakoen bizimoduaz zertxobait ezagutzen.
Erlakumea zuhaitzaren abarretik zintzilik. Erlakumea, finkatutako koloniako erreginaz eta 15 milaren bat erle lagilez osaturik dago.

Erlauntz erleak tropiko aldean agertu ziren. Eta egun, oraindik han bizi dira irauten duten lau espezieetatik bik: Apis florea eta Apis dorsata espezieak hain zuzen. Beste biak, Apis cerana eta Apis mellifera , iparralderantz eta ekuatorearen hegoalderantz hedatuz joan ziren poliki-poliki. Beraz, neguak dakartzan atsekabeak gainditu beharrean aurkitu ziren: elikatzeko polenik eta nektarerik gabe zeuden eta tenperatura hotza zuten urtaro horretan.

Erle hauek irauteko garatu duten metodoa, kolonia instalatzeko habitakulu-motaren aukeraketan datza. Ondo aukeratua bada, kolonia urtetan biziko da. Bestela, lehenengo neguan hotza datorrenean akabatu egingo dira. Bizi-lekuaren egokitasuna, erle zaharrenen trebetasunean oinarritzen da; esploratzaile hauek bait dira aukeraketa egiten dutenak.

Kolonia berriak

Erleek, kolonia berria osatzean segitzen duten metodoari erlakumaketa deritzo. Erleek udaberriaren azken aldera osatzen dute erlakumea. Ugalketa oparoko aldiaren ondorioz, erlauntzaren populazioa asko hazten da, eta honek, babeslekua asetzea dakar berekin. Ondorioz, erlakumea eratzen da.

Badirudi, superpopulazio honek erregina alaben errutea dakarrela. Erreginarik indartsuenak, jadanik eraikita dagoen erlauntza heredatzen du. Hori erabakitzeko, lehendabizi erregina gazteen artean ezten-borroka izaten dute. Erregina berrien errutea aurreratua dagoenean, eta lehen erregina alaba ia jaio aurretik, erregina ama gutxi gorabehera 30.000 erle langilez osaturiko kolonierdiarekin joan da, babesleku berri batean kolonia berria finkatzeko asmoz.

Enbor huts batean eginiko erlauntza.

Erregina zaharra, atzetik segizioa daramala, hegalaldi zoroan urruntzen da erlauntzatik. Dozena bat metro ibili ondoren, erlakumea zuhaitz edo zuhamuxka baten adar gainean kokatzen da, bizar-formako piloa osaturik. Luze baino lehen, esploratzaileak norabide guztietan irteten dira babesleku berriaren bila. Esplorazio-hegalaldi hau ez da 10 km baino urrutirago iristen. Erle esploratzaileak erlakumeko zaharrenak izaten dira (lehen, erlauntzarako janaria biltzen zutenak) eta beraz, inguruneko paisaia ezagutzen dutenak. Erlakumearen %5 besterik ez dira izaten horrelakoak.

Erlauntzaren kokapen berria izango dena aukeratu ondoren, erlakumearen alde batetik bestera sigi-saga itxuraz hegan hasten dira, hegoekin era askotako soinuak ateratzen dituztela. Honela, beste erleei piloa apur dezaketela adierazten diete. Bernd Heinrich-ek (Vermont Unibertsitatekoa bera), erlakumeko populazio osoa hegan hasi aurretik, multzoaren tenperatura 36°Craino igotzen dutela frogatu du (hego-muskuluen funtzionamendu op- timorako tenperatura egokiena da hori hain zuzen ere).

Ondoren, esploratzaileak erlakumearen inguruan kokatzen dira, eta multzoan zehar bidea zabaltzen saiatzen dira, hegoak bibratuz. Pilotik zurrumurru zaratatsua sortzen da; soinu honek klimaxa lortuko du erlakumearen gainazal sendoa galdatu, eta erleez osoturiko kateak desegitean. Berehala, erlakume osoa hegaka hasiko da, airea zurrumurru sarkorraz bete eta milaka erle hegaldi urdurian hedatzen direla.

Hamar metroko erle-hodeia

Erlakumeak orduan 10 m-ko diametroa duen lainoa eratzen du. Erlakideak gordeleku berrirantz gidatzeko, erle esploratzaileak erlakumean barrena sartzen dira, noizbehinka aukeraturiko lekuranzko norabidea markatzen duten lerroak eginez. Hasieran erlakumea poliki joaten da, lehengo 30 metrotan poliki ibiliz, baina 200 m inguru egin ondoren, azeleratuz joaten dira, lurretik metro gutxi batzuetara 10 km/h edo gehiagoko abiadura lorturik.

Markatutako alea erregina da.
I.X.I.

Erlakumea erlauntza izango den punturantz hurbilduz doan neurrian, erle esploratzaileek geldi daitezen adierazten diete. Erleak orduan osatutako lainotik eroriz joango dira eta habitakuluaren sarreran kokatuz (enbor-zuloa, sustrai arteko barrunbea edo eta adarren bat). Abdomenaren azpi aldean kokaturiko Nassanoff guruinetik kongregazio-ferormona askatuko dute bertan.

Ferormona hau erlauntzaren sarrera markatzen duen seinale kimikoa dugu, erleek usain modura detektatzen dutelarik. Seinale horren ondorioz, erle guztiak bilduko dira barrunbearen inguruan. Orduerdia geroago, erlakumearen osagai guztiak salbu daude etxebizitza berrian. Garbiketan ordu asko igaro aurretik, abaraskak eraikitzen edota polena eta nektarea batzen hasiko dira. Kolonia berria finkatuta gelditu da.

Kolonia berriak arrisku ugari

Erlauntzaren fundazioak, arrisku asko du. Lehenbiziko negu beltza igarotzeko, koloniak hainbat traba gainditu behar du: toki aproposa bilatu, argizarizko abaraskez betetako erlauntza eraiki (honek energi gastu handia du berekin) gazteak negua pasa dezaten zaindu, eta aro gogor horretarako behar izango dituzten hornidurak metatu. Kolonia gehienek ez dute hori lortuko. Esaterako Ithaca (EEBB) inguruetako basoetan bizi diren koloniak luze aztertu ondoren, eraiki berriak diren kolonietan lehenengo negu hotza gainditzen dutenak %24 direla esan daiteke.

Erlea lorez lore ibiltzen da.
I.X.I.

Jadanik finkatuak zeudenetan berriz, %78 zen iraupen-tasa. Halaber, kolonia batek lehenbiziko negua (kritikoena, noski) gainditzen badu, beste bost inguru ere igaro ditzakeela frogatu da. Beraz, kolonia bat luzaro bizi daiteke, baina arrisku handiekin topo egiten du toki berria aukeratzean, eta hau dela eta, erlakumeak toki berria aurkitzeko ezin dezake hutsik egin. Kolonia bakoitzak erabaki bakar eta serioa hartu behar du, zenbait urtetan bizi ahal izateko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila