Eremu egarrituak

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologiako katedraduna

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Esamolde zaharrak dioen bezala, ura bizia da. Hala ere, gure munduko eremu handietan zenbait izaki oso ur gutxirekin bizitzera moldatu dira. Landare urriko eremu hauei euskaraz basamortu deritze, izen ezin desegokiagoa, mortutik asko duten arren gehienek basotik ez baitute deusik.
Tropiko inguruetan, eta batez ere kontinenteen erdiguneetan haize bero eta idorrak dira nagusi, basmortu zabalak eratzen dituztenak. Argazkian Australiako basamortua. Zuhaitz ugari dago basamortu honetan, lurra oso hareatsua denez, geruza sakonetan ura luzaz mantentzen baita.
A. Elosegi

Basamortuek edonor kokiltzen dute. Itxuraz, bizirik gabeko eremu amaiezinak dira, eguneko beroak kiskaliak, eta gaueko hotzak zartatuak. Aldizka haize-galda bortitzek astintzen dituzte, zirrikiturik izkutuenetara hare-pikorrak garraiatuz, eta bazter guztiak idortuz. Eta hala ere, arretaz begiratuz gero, biziak baldintza gogor horiei ere aurre egiten jakin duela baieztatuko dugu: trokarte honetan zenbait landare zimel bizi dira, hegi hartan kaktus bat, dunetan kakalardoen oinatzak nabari dira, eta harripeetan muskerrak aurki ditzakegu.

Basamortuen ekologiak interes berezia du, bertan inon baino hobeki ikusten baita nola egiten zaion aurre baliagairik behinenaren gabeziari, ur-eskasiari. Hori gutxi balitz, zibilizazio asko jaio da basamortuen ertzetan. Hauetako gehienek ingurunea gehiegi ustiatu egin zuten eta, basamortua zabaldu ahala, behinola bizilekua izandakoa hilobi bihurtu zitzaien. Okerrago dena, lurra gero eta azkarrago basamortu bihurtzen ari gara, hau baita gehien zabaltzen ari den ekosistema-mota.

Izaera eta banaketa

Basamortuak landare urriz estalitako guneak dira. Hau bi arrazoi nagusirengatik gerta daiteke: zenbait lekutan tenperatura landareak hazteko egokia da, baina ura urria, eta beste zenbait leku, berriz, hotzegiak dira, udan ere tenperatura 0 gradu azpitik mantentzen baita. Horrela, bada, basamortu beroak eta hotzak bereiz daitezke: beroek lehorraldearen % 30 estaltzen dute gutxi gorabehera, eta hotzek (batez ere izotz-eremu erraldoiek) beste % 20. Hemen beroez bakarrik arituko gara, izotz-eremuak ia guztiz bizirik gabeak baitira.

Namibeko basamortua (Namibia) aurkitzen dira munduko dunarik handienak. Gezurra dirudien arren, bertan bizidun ugari bizi da: kakalardoak, muskerrak, antilopeak, lehoiak eta elefanteak. (Argazkia: A. Elosegi).

Ez da aisa esaten non hasten den eta non amaitzen basamortua, baina zenbaiten arabera eskualde idorrak (benetako basamortuak) urtean 250 mm ur baino gutxiago jasotzen dutenak lirateke, eta erdi-idorrak (erdi-basamortuak) 250-500 mm tartean jasotzen dutenak. Ur-eskasia faktore ugariren menpe egon daiteke eta, hortaz, basamortu beroek hainbat jatorri eta kokapen izan dezakete.

Alde batetik tropiko-inguruetako kontinenteen erdigunean kokatutako basamortuak ditugu, adibidez Sahara, Arabiakoa, edo Australiakoa. Eskualde hauetako haize nagusien jatorria ekuatorearen ingurukoa da, baina ekuatorean Eguzkiak airea berotu ahala igo eta euri asko sortzen duen bezala, aire hori tropiko aldean hondoratzen den heinean, bero eta idorra bihurtzen da. Basamorturik handienak urtean zehar antizikloiak mantentzen diren kontinenteetan eratzen dira, antizikloiek itsas haize hezeen bidea oztopatzen baitute.

Basamortu hauen gune gogorrenetan nekez egiten du euririk, gehienez ere zenbait urtetik behin jasaren bat. Zerua beti urdin dagoenez eta itsasoa urruti, tenperaturak gorabehera handiak izan ditzake. Munduko egunik beroenak (50 graduz goitikoak) Saharako zenbait lekutan gertatzen dira, baina gauez tenperatura nabarmen eror daiteke, eta maiz iristen da zeropera.

Beste zenbait basamortu eskualde tropikaletako mendebaleko kostetan daude, 15 eta 30° inguruko latitudeetan. Eskualde hauetan haize alisioak dira nagusi (ekialdekoak), eta hauen eraginez itsas azaleko ur beroa kostatik urruntzen da, eta hondoko ur hotzak azaleratzen dira. Horrela, itsas-korronte hotz baina joriei esker munduko arrantzalekurik oparoenak diren kostetan (Txile, Namibia edo Mauritaniakoa) munduko basamortu idorrenak ditugu (Atacama, Namib, edo Saharako mendebaleko ertza).

Basamortuen banaketa munduan.

Basamortu hauek aurrekoak baino freskoagoak dira (urtean zehar 18 gradu inguruko tenperatura izan ohi dute), eta laino ugarikoak. Hala ere, itsasoa oso hotza denez, aireari ur-lurrun gutxi pasatzen dio, eta kostako lainoek oso ur gutxi uzten dute lehorrean, haizea kontinentean barneratu ahala idortu egiten baita. Hain zuzen, Txileko Atacaman badira azken mendeetan euririk ezagutu ez duten eremuak.

Beste zenbait basamortu mendikate handien haizebeko euri-itzalean eratu dira: Sonorakoa Estatu Batuetako Mendi Harritsuen ekialdean, Argentinako Patagoniakoa Andeen ekialdean, eta abar. Horietara iristeko, itsas haize nagusiek mendikate garaiak zeharkatu behar izan dituzte eta bidean zuten hezetasun guztia galdu egiten dute. Behin idortu egin direla, mendi-magaletan behera airearen tenperatura oso azkar igotzen da eta haize bero eta idorra da basamortu horietara iristen dena

Euri-itzaleko basamortuetan tenperatura oso aldakorra izan daiteke urtean zehar, udan oso beroa eta neguan oso hotza. Haize beroak dena idortzen du eta, adibidez, Sonoran 125 mm-ko prezipitazioak bota ditzakeen arren (txikiak dira, baina ez horrenbeste), lurrunketa potentziala (izanez gero lurrak galduko zuen ura) 2.500 mm-koa da, eta lehortea erabatekoa da.

Tropikoetatik kanpo zenbait basamortu aurkitzen da mendikate handien haizebean. Argazkian Joshua Tree Monumentu Nazionala (Estatu Batuak), Kaliforniako Kostako Mendilerrotik ekialdera. (Argazkia: K.Nuñez-Betelu).

Aurreko horiez gain, badaude zenbait basamortu latitude ertainetan, besterik gabe itsasoaren urruntasunaren ondorioz sorturikoak. Gobi izan daiteke honen adibiderik ezagunena. Horietan gertatzen dira tenperatura-gorabeherarik latzenak urtean zehar. Gobiren kasuan prezipitazioak ez dira hain txikiak, baina gehienbat neguan erortzen dira, landareentzako hotzegi denean, eta udan lehorte latza egoten da.

Badira, azkenik, beste zenbait basamortu txikiago, ezaugarri lokalen eraginez sortu direnak: lurzoruaren gazitasunagatik, hare-metakin sakonak daudelako, edo beste edozein kausa dela medio, oso landaredi urriko lekuak, ez direnak halabeharrez klima idorretan gertatzen.

Baldintzak

Aipatu dugun gisara, ur-eskasia da basamortu bero edo epel guztien ezaugarria, eta zenbait oasi salbu, gehienetan ez dago ur iraunkorrik. Hortik aurrera, ordea, oso desberdinak izan daitezke ingurune-baldintzak. Ikusi dugunez, zenbait basamortutan tenperatura nahikoa konstantea da urtean zehar, beste batzuetan aldaketa bortitzak jazotzen dira, batzuetan euri gutxi egiten du, eta urtetik urtera ere diferentzia txikiak izaten dira, baina beste batzuetan munduko gorabehera handienak gertatzen dira prezipitazioetan. Hori nabarmena da kontinente-erdiguneko basamortu tropikaletan, edo hauen ertzeko alde erdi-idorretan (Sahelen, adibidez). Esan bezala, aire tropikal idorrek markatzen dute eremu hauen izaera, baina atmosferako konbekzio-korronte tropikalen hedapena asko aldatzen da urtetik urtera. Hortaz, eskualde elkor hauetan urtetako lehorteak eta aldizkako uholde bortitzak tartekatzen dira, gainera edozein urtarotan gertatzen ahal direnak. Atmosfera eta hidrosferaren arteko elkarrekintzek (el Niño bezalako fenomenoek) zeresan handia dute honetan.

Asiako erdialdean dago Gobiko basamortua, aurrekoak askoz hotzagoa.
J. Rekondo

Basamortuak lehenengoz ikusten dituenarentzat harrigarria da urak zenbat aztarna uzten dituen hain leku idorrean. Izan ere, landare gutxi dagoenez eta prezipitazioak jasa handietan izaten direnez, euria egiten duenean ibaiak berehala hazten dira, eta sekulako higadura sortzen dute. Arroilak, trokarteak, deltak, meandroak, eta geomorfologiako liburuetan ageri diren modelatze-forma nagusiak basamortuetan dira beste inon baino nabarmenago. Eta zer esanik ez, bertan aintzira ugari dira, nahiz eta aldizka soilik eduki ura, eta gehienetan gazia.

Eurien eskasiak eragin handia du, halaber, lurzoruetan. Hain zuzen, landareak urriak direnez ez da ia orbelik sortzen, eta lurzoruek oso humus gutxi izan ohi dute. Gainera, euria egiten duenean lurrak ezin guztia zurgatu, ur gehiena azaletik isuri eta lurzorua garraiatzen du. Atertzean, berriz, eguzki gogorrak lurra egosi egiten du, eta ura lurrundu ahala geruza sakonetan disolbatu dituen gatzak lurrazalean hauspeatzen dira, batez ere haranen hondoetan. Karea hauspeatzen denean, kalitxe izeneko geruza eratzen da, beste batzuetan berriz, gatz arrunta izan ohi da, edo igeltsoa. Landaredi-eskasiak ere haizeei bidea libre uzten die, eta hauek beste inon baino eragin abrasiboagoa dute, hareazko pikor asko garraiatzen baitute.

Dinamika

Esan dugun bezala, basamortuetan dibertsitatea altua izan daitekeen arren, landareen biomasa eta kopurua txikiak dira, eta honek ere animaliak dentsitate txikietara mugatzen ditu. Denborarik gehienean ur-eskasiak mugatzen du landareen hazkundea, eta euria egiten duenetan ere, landareak hain urriak direnez, ur gehiena galdu egiten da, berriro lurrunduta, edo lurpera sartuta. Horrela, eremu elkor hauen urteko emankortasuna 100 g/m 2 azpitik egoten da, eta batzuetan 10 g/m 2 -ra ere ez da iristen. Pentsa dezagun gure inguruko basoen emankortasuna 1.500 g/m 2 ingurukoa izan daitekeela, eta oihan tropikalena edo nekazaritza alorrena azken honen halako bira iristen dela. Era berean, landareak hain urriak direnez, basamortuek mantenugaiak birziklatzeko gaitasun eskasa dute.

Tropikoetako mendebaldeko kostetan itsaso hotz eta oso emankorren parean munduko basamorturik idorrenak ditugu. Kostan lainoa ugaria da, baina euririk ez du ia inoiz egiten. Argazkian Atacamako (Txile) Corillera de la Sal mendikatea, Substratua gatz purua denez, basmortu honetan ez dago ez landarerik eta animaliarik. (Argazkia: A. Elosegi).

Emankortasuna, hala ere, oso aldakorra izan daiteke. Zenbait eremu idor edo erdi-idorretan hazi-bankua oso ugaria da, eta euria bota bezain laster lurra belarrez estaltzen da. Larre efimero hauetako biztanle guztientzako garrantzitsuena ahalik eta azkarren ugaltzea da. Eguzki gogorrari eta lurzoruko mineral ugariei esker, landareak egun gutxitan loratzen dira, eta aste pare batean hazitan daude gehienak. Horiekin batera, intsektuak sortzen dira nonahitik, eta aintzira eratu berrietan igel zein arrainak ageri dira, eta egun gutxiren buruan ugaldu.

Beste zenbait basamortutan, aldiz, unerik egokienean ere gauzak askoz zailagoak dira. Hau da, esate baterako, Atacamako basamortuaren erdian dagoen Cordillera de la Sal izeneko mendikatean gertatzen dena. Eremu honetako substratua gatz purua denez, noiz edo noiz euririk egiten badu ere, lurzoruko ura gaziegia da landareentzat. Hori dela eta, kilometro asko egin daitezke inongo bizidunen aztarnik aurkitu gabe. Zenbait basamortuk badute basotik zerbait. Australiako gehienak, edo Kalahari, esate baterako, ia osora zuhaitzez estalita daude. Kalaharin prezipitazioak 500 mm ingurukoak dira, ez oso baxuak, baina lurzorua oso hareatsua denez, ura azkar galtzen da, eta baldintza gogorrak dira bizidun gehienentzat. Hala ere, sustrai luzeko zuhaitz eta sastraka batzuk bertan bizi dira, lurpeko ur gazikara ustiatzeko gai baitira. Horrelakoetan ere emankortasuna nahikoa baxua da.

Basamortu askotan ibaiak daude. Kasu gehienetan euri-garaian bakarrik daramate ura, eta ibai iraunkorren aldean oso dinamika berezia izan ohi dute. Aldizka, kilometro askotara nonbait euria egin duelako, inongo susmorik hartu gabe eta zerua urdin-urdin dagoela, bat-batean ibaia haziko da, urarekin adarrak, animalien gorpuak, haziak, eta inon diren hondakinak garraiatuz. Gehienetan, uren ibilera ez da asko luzatzen, eta urak lurpean galdu edo lurrundu egiten dira, ibaiak zeramatzan material guztiak kilometro batzuk beherago utzirik. Beste ibai batzuek iturburu iraunkorrak izan ditzakete. Hori gertatzen da batez ere mendikateen haizebeko basamortuetan, ibaiak mendian sortu, baina itsasora iritsi baino lehen lurrundu egiten baitira. Horren antzeko kasua gertatzen da Okavango ibaia Kalahari basamortura iristean. Berrehun kilometroko delta zabal eta aberats batean amaitzen da ibai handi honen ibilbidea.

Jendea eta basamortua

Basamortuen ertzak zibilizazio ugariren jaioleku eta hilobi izan dira. Eremu hauskor hauen gainustiaketak hainbat nazioaren gainbehera ekarri du.
J. Cuadrado

Zaila dirudien arren, basamortuetan betidanik bizi izan da jendea. Gehienbat ehiztari eta fruitu-biltzaile nomadak ziren hasieran, oasiz oasi ibiltzen zirenak. Kalahariko koi-koiek, edo Australiako aborigenek oraindik bizimodu horri eusten diote. Baina horrez gain, basamortuen inguruko eremu erdi-idorrak izan dira hainbat zibilizazioren sorleku, hauen artean zaharrena Mesopotamiako sumeriarrena. Ez dago argi zergatik izan diren eremu erdi-idorrak hain emankorrak kulturei dagokienez, baina ziurrenik ingurunea hain gogorra izateak sari handia eskainiko zien lehen abeltzain edo nekazariei.

Dena den, zibilizazio hauetako gehienek bide bera jarraitu dute: eremu egarrituen dinamika ongi ulertu ez, eta basamortuen ume izatetik basamortuen guraso izatera pasatu dira. Izan ere, asko izan dira ingurune hauskor horiek neurriz gain ustiatu, eta basamortuaren hedapena bultzatu dutenak. Batzuetan gehiegizko abeltzaintza izan da erruduna, aziendak bazkatzeko zuhaitzak mozten baitziren. Beste batzuetan nekazaritza eta, batez ere, ureztatzearen ondorioz lurrak gazitzea izan da akatsa. Arrazoiak arrazoi, basamortuen gainustiaketak gerrek baino zibilizazio gehiagoren hondamena ekarri du.

Zail da sinesten prozesu hau zeinen azkar gertatzen ahal den. Maiz aditzen dugu Sahel inguruan zenbat kilometro egiten dituen aurrera basamortuak urtean, edo Greziako lurraren % 98 gainustiaketaren ondorioz galdu egin dela, baina zenbaki handi guztiekin bezala, ezin dugu irudikatu horren atzean zer dagoen. Basamortutzearen hedapena eta abiadura ulertzeko aurkitu dudan adibiderik onena Somalia da. Joan den mendearen amaieran Somalia leku erdi-idor baina aberatsa zen, elefante-talde itzelek eta antilope kontaezinek hagitz famatzen zutena. Bertara iristen zirenek Tantzania edo Keniako sabanen pare jartzen zuten Somaliako lurren aberastasun eta emankortasuna. Gaur egun, doi-doi mende bat igaro delarik, herrialde horretako lurrik gehienek ez dute nekazaritzarako balio, gosea endemikoa da, zuhaitzak aspaldi desagertu ziren, eta hauekin batera basabereak. Egoera larria bizi dute somaliarrek, eta nekez berreskuratuko dute galdutako aberastasuna.

Tamalez, prozesu hori ez da eten, areagotu baizik. Gaur egun informazio nahikoa dugu eremu idorrak modu egokian kudeatzeko, baina eskualde hauskor horiek izaten dira maiz populazio-hazkunde handiena jasaten dutenak eta, beraz, ingurunea ustiatzeko premiarik larriena dutenak. Berotegi-efektuak kalteak areagotu besterik ez du egiten. Basamortuak oso interesgarriak dira, baina hauen gehiegizko hedapena da munduan gertatzen ari den hondamendi ekologiko larrienetako bat. Horri aurre egiteko, estatuen arteko elkarlana eta laguntzaren premia inoiz baino handiagoa da. Geroak esanen du.

Basamortuko landareak

Zaila dirudien arren, landare asko moldatu da basamortuetako baldintza gogorretara. Adibidez, Namiben 3.500 landare espezietik gora dago. Horretarako, bi arazo nagusiri egin behar diete aurre: beroari eta ur-eskasiari.

Uyuniko gatzaga, Boliviako Andeetan, gehienetan idorra dagoen aintzira gazia da. Bertako irla txikietan kaktus-itxurako landareak dira nagusi.
A. Elosegi

Landareek bide ugari erabiltzen dituzte ura lortzeko. Batzuek oso sustrai sakonak dituzte, lur hareatsuetan ura azkar hondoratzen baita. Esate baterako, basamortu gehienetan aurkitzen diren kalabazen sustraiak 40 m-ko sakoneraraino iristen dira. Beste landare batzuek (likenek, hainbat kaktusek, Namibeko Welwistchia-k) ihintza edo lainoa dute ur-iturri nagusia. Gainera, landare asko oso zukutsuak izaten dira, dagoenean ahalik eta ur gehiena metatzeko. Honek herbiboroei sortzen ahal dien tentazioa saihesteko, landare hauetako asko arantzatsuak dira eta beste batzuk toxikoak. Noski, lurzoru gazietatik ura zurgatzeko ezinbestekoa da potentzial hidriko altua, hots, landareen barne-inguruneak oso kontzentrazio altua edukitzea.

Kalabazak basamortu hareatsu gehienetan agertzen dira. 40 m-ra irits daitezkeen sustraiak dituzte, ur sakona aprobetxatzeko. Argazkian Namibiako Eskeletoen Kostako lainoak ikus daitezke.
A. Elosegi

Behin eskuratuta, basamortuko landareentzat funtsezkoa da ura aurreztea. Horretarako hostoak txiki eta kutikula lodikoak izaten dira, maiz urtesasoi lehorrean galdu egiten direnak. Landare askok estrategia hori muturreraino eraman dute, eta hostorik ez dute; horien ordez, fotosintesia egiteko gai diren zurtoin eta adarrak dituzte. Horrez gain, estoma gutxi izaten dute, maiz epidermiaren zuloguneetan kokatuak edo ilez inguratuak, ur-galera murriztearren. Dena dela, fotosintesiarako beharrezkoa den CO2-a estomen bidez zurgatzen denez, ezin dira ur-galera guztiak ekidin. Zenbait landarek KMA (krasulazeoen metabolismo azidoa) izeneko truko metaboliko interesgarria asmatu dute: estomak gauez soilik zabaltzen dituzte, CO2-a ur-galera txikiena den tenorean eskuratzeko.

Beste landare batzuek, berriz, lehorteari aurre egin ordez ihes egiten diote. Hori da landare efimeroek erabiltzen duten estrategia: euria egiten duenean oso agudo hazi, loratu, eta urtetako lehortea jasan dezaketen haziak barreiatu. Hori lortzeko, noski, txikiak izan behar, hazkunde azkarrekoak, eta horretarako sustrai azalak izaten dituzte, ura ahalik eta azkarren zurgatuko dutenak. Gainera, jasa txikiegi batean aukera guztiak xahutzeko arriskua saihestearren, erauntsi bakoitzean hazi batzuk soilik hozitzen dira.

Gehiegi ez berotzea zaila da basamortuko landareentzat, zenbaitetan airearen tenperatura 50 gradura iristen baita, eta lurrarena 70era.

Namibeko Welwistchia landare honek mila urteik gora ditu, eta lainoetatik lortzen du ura.
A. Elosegi

Gainontzeko lekuetako landareek estomak irekita ura galduz erregulatzen dute tenperatura, baina hori luxu garestiegia da hemen. Basamortuko landareek kolore argia izan ohi dute, hosto etzanak, forma liraina (bertan izan denak badaki zeinen itzal eskasa ematen duten), adar irekiak haizea ibiltzen uzteko, eta lurretik urrun zabaltzen direnak.

Basamortuetan gertatzen den beste fenomeno berezia alelopatia da, hots, zenbait landarek besteentzat kaltegarriakdiren substantziak isurtzea. Horrela, horien lehia murriztu egiten dute.

Basamortuko animaliak

Ura eskuratzea animalien arazo nagusietakoa da, baina landareak ez bezala, animaliak behintzat mugitu egin daitezke. Hortaz, mugikorrenak oasiz oasi edo putzuz putzu joaten dira edatera. Hegaztien artean aipagarriak dira gangak, paparreko lumak putzuan bustitzen baitituzte, gero txitoen egarria asetzeko. Putzuak agortzen doazen heinean, gero eta bidaia luzeagoak egiten dituzte urketara, eta eskualdeko azkena agortzean, bertatik aienatu behar izaten dute. Hori dela eta, basamortuetan hegazti errari asko dago. Ugaztun handiek (gameluek, txakalek, elefanteek...) ere ibilaldi oso luzeak egiten dituzte edateko.

Dromedarioek bi aste egin ditzakete edan gabe, eta beren pisuaren % 20 galdu. Izerditan urik ez galtzearren gorputzaren tenperatura igotzen uzten dute, batzuetan tenperatura normala baino 7º gorago. Argazkian Tahr basamortua, Indian.
A. Elosegi

Animalia txikiagoek edo hain mugikorrak ez direnek askotan ez dute putzurik eskuragarri. Batzuek ihintza edan dezakete, beste batzuk (zenbait kakalardo, adibidez) dunen gailurretara igotzen dira, eta lainotik ura edatea lortzen dute, eta beste zenbait, azkenik, sekula edan gabe bizi daitezke. Hau da karraskari askoren kasua: janaritik lortzen duten urarekin aski dute.

Ura hain baliagai mugatua izaki, animaliek oso zuhur erabili behar izaten dute. Hortaz, basamortuetako animalia gehienek eguna harripeetan, kobazuloetan edo, besterik gabe, lurpean igarotzen dute, eta gauez bakarrik ateratzen dira. Urtesasoi gogorrenetan sorraldian sartzen dira, eta zenbait anfibio edo arrain urtetan egon daitezke horrela, euria itzuli arte lokatzetan hilobiratuta. Bestalde, basamortuetako intsektuek argizari asko izan ohi dute exoeskeletoan, larruazal iragazkaitzak asko murritz baitezake ur-galera. Baina nola gutxitu arnasketaren bidez galtzen dugun hezetasuna? Kakalardo askoren espirakuluak (arnas aparatuak) elitro edo hegalen azpian zabaltzen dira. Ostrukak, aldiz, biriketan duen odolaren zirkulazio-sistema bereziari esker, askatzen duen airea gorputza baino hiruzpalau gradu hotzago egoten da, eta hezetasuna % 85ekoa baino gehiagokoa ez da izaten (animalia gehienen kasuan % 100ekoa da). Horri esker arnasketaz galduko lukeen uraren laurdena aurrez dezake.

Basamortuetako karniboro gehienek bezalatsu, Hego Afrikako surkata hauek oso dieta zabala dute: ornogabeak, hegaztien arrautzak, saguak, fruituak...
A. Elosegi

Gernuaren bidez ere ur ugari galtzen dute animaliek, baina gizakiaren kasuan honen urea-kontzentrazioa % 4koa den bitartean, basamortuetako biztanle askorenak % 15 inguruko kontzentrazioa izan ohi duenez, askoz ur gutxiago galtzen dute. Zenbait arratoik zuzenean alaninazko kristal solidoak iraizten dituzte. Hori energetikoki garestia da, baina uretan oso merkea.

Gorputzaren tenperatura egokitzea izaten da beste arazo nagusia. Horretarako, animalia gehienek itzala bilatzen dute, baina hau ez da beti posible. Ugaztun askok odolaren zirkulazio-sistema berezia dute, garuna freskoago mantentzen laguntzen diena. Adibidez, oryxaren gorputz-tenperatura 46 gradura irits daiteke, arazorik gabe. Basamortuko urtxintxek, berriz, buztana erabiltzen dute guardasol gisara. Intsektu gehienek ere eguna sorraldian igarotzen dute, harriperen batean, eta ilunabarrean hasten dira jarduten. Txitxarrek, ordea, eguneko ordurik beroenak kantari igarotzen dituzte. Horretarako, egunsentian zuhaitz edo sastraketako sapa edaten dute, eta egunaren beroan, predatzaileek itzaletan abaroa bilatzen dutenean, izerdituz tenperatura airearena baino baxuago manten dezakete.

Ur-eskasia hain garrantzitsua denez, basamortuetako animalia gehienak ez dira mokofinak, baizik eta dieta generalista duten oportunistak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila