Duela urte batzuk, Iberdrolak eta EVEk (Ente Vasco de la Energía) "Eólicas de Euskadi S.A." enpresa osatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan energia eolikoaren bitartez indar elektrikoa sortu eta saltzeko. Enpresa honek Elgea mendizerran parke eolikoa egiteko asmoa du.
Elektrizitatea sortzeko haizearen energia erabiliko duen instalazio industriala eraiki nahi dute. 60 metroko altuera (20 pisuko etxe bat) duten 40 aerosorgailu jarri nahi dituzte Elgeako mendizerran lehenengo fase batean. Hori bukatutakoan, beste bi fase gehiago egitea ikertzen ari dira, eta guztira 120 aerosorgailu izan daitezke.
Proiektu hori aurrera eramateko Deba Garaiko bailara eta Arabako Lautada banatzen dituzten Elgea eta Urkilla mendizerrak aukeratu dituzte, ondorengo udalerriei eragingo dielarik: Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Barrundia eta San Millan. Kontuan izan behar dugu toki hau Euskal Autonomia Erkidegoan errepiderik gabeko eremu zabalenetakoa dela, bere barnean Elgea, Urkilla eta Aizkorriko mendizerrak hartzen dituelarik.
Mapa bat hartu eta begiratzen badugu, berehala ikusiko ditugu bere mugak:
Ikusten denez, km2 askoko azalera duen lur zatia da. 1995eko martxoan Aizkorri Parke Natural izendatzeko tramiteak hasi ziren, baina azkenaldian prozesua geratuta dago. Ba ote du honek Elgeako parke eolikoaren mugen definizioarekin zerikusirik?
Euskal Herri osoan gutxi dira honelako hedadura eta balio naturala duten tokiak. Eusko Jaurlaritzak berak 1992. urtean argitaratu zuen "Euskal Autonomia Erkidegoko Espazio Natural Garrantzitsuen Katalogoa"-n biltzen ziren hauek. Handik gutxira, beste mapa bat azaldu zen, parke eolikoak eraikitzeko interesgarriak izan litezkeen lekuak biltzen zituena, eta guztiek 800 metrotik gora egon behar zuten. Mapa bi hauek berdinak dirudite.
Proiektuaren azken tramite administratiboak aurrera doaz eta 1998ko urte bukaeran has daitezke obrak.
Mila arrazoi emango dituzte zentral hau beharrezkoa dela sinestarazteko, baina argi eduki behar ditugu bakoitzaren lehentasunak. Haiena negozioa da, dirua azken batean, eta ez energia alternatiboen erabilpena bultzatzea. Mota honetako instalazioekin sortzen den energi kopurua oso txikia da Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzen denarekin alderatuz. Ematen den aitzakia CO2 gasaren isurketak gutxitzea da, baina parke eolikoek sinbolikoki bakarrik lortzen dute helburu hori.
2012. urterako 26 parke eoliko eraikitzeko asmoa dago eta guztien artean elektrizitate-kontsumoaren % 4 besterik ez dute ekoiztuko, baina horrelako inbertsioak egiteagatik dirulaguntza publikoak daudenez, etekinek gora egiten dute.
Parke eolikoek ez dute ekarriko beste produkzio-mota batzuek (zentral nuklearrak, termikoak…) desagertzea. Hego Euskal Herriko kontsumoa haizearen energiarekin hornitu nahiko bagenu, Elgeakoa bezalako 300 parke eoliko egin beharko lirateke! eta urtetik urtera energia elektrikoaren kontsumoa igo egiten denez, urtero beste 20 parke eoliko berri beharko genituzke.
Horrela garbi ikusten da gaur egun, eta eredu honekin, energia eolikoa ez dela energia iturri ordezkatzailea, elektrizitate-eskaeraren hazkundea asetzeko tresna bat baizik.
Proiektu honen bultzatzaileek ez dituzte kontuan hartu nahi ekarriko dituen kalteak. Hona hemen gure ikuspuntutik, garrantzitsuenak:
Eólicas de Euskadi S.A.-k Elgeako zentralaren urteroko produkzioa 66 MkW•h izango dela dio. Nafarroan, Erreniegako zentralean 62-65 MkW•h-ko produkzioa iragarri zuten; aldiz 1997an 54,4 MkW•h besterik ez zen lortu.
Baina, iragarpen onenak beteta ere, 100.000 biztanleen elektrizitate beharrak asetuko omen ditu zentral honek, Eólicas-etik diotenez. Zenbaki ikusgarri hau lortzeko, gehien komeni zaizkien datuetan oinarritzen dira, hots, etxeetan kontsumitzen den elektrizitatean. Bat-batean ahaztu egin dute jendeak beste toki batzuetan ere behar duela argindarra: lantegietan, bulegoetan, kaleetan… Dena kontuan hartzen badugu, Elgeako zentralean sortutako elektrizitatea erabiliko duten pertsonen kopurua ez da 9.000ra heltzen.
Gure jarrera energia-iturri garbi eta berriztagarrien aldekoa da, baina hemen garatzen ari den eredua da zalantzan jartzen duguna. Zergatik ez dira parke deszentralizatuak, txikiagoak eta gizakiak erabilitako tokietan jarritakoak bultzatzen?
Euskaldunok beti izan dugu gure mendiekiko lotura handia. Orain arte eman ditugun datuak ezagututa, merezi du argindarraren kontsumoaren zati txiki bat lortzeko, ia ukitu gabe gelditzen diren mendiak industrializatu eta desagertaraztea?