Emakumeak zaurgarriagoak ote dira alkoholarekiko?

Gure gizartean alkohola da sustrairik sakonenak dituen droga. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 eta 79 urte bitarteko biztanleen artean, laurdenak aitortzen du azken 12 hilabeteotan gutxienez behin gehiegi edan duela. Hala ere, alkoholaren kontsumoa ohitura sozialtzat hartzen den heinean, alkoholismoaren arazoa gutxietsia izan da. Alkoholak eragindako arazoak begi-bistakoak direnean ere ukatu egiten dira, edota beste drogek eragindakoak baino errazago onartzen dira. Bestalde, alkoholismoa batez ere gizonei zegokien arazotzat hartzen da. Horrela, alkoholismoari buruz dugun informazio gehiena gizonei dagozkien datuekin egindako mediku ikerketetatik dator. Hala ere, azken urteetako ikerketetan gehiago hartu dira kontuan emakumeen datuak eta zera ondorioztatu da: alkoholak ezberdin eragiten diela gizonezkoei eta emakumezkoei. Are gehiago, emakumeak alkoholaren arazo batzuen aurrean zaurgarriagoak direla ematen du. Gibeleko gaitzak Bihotzeko gaixotasunak Garuneko gaitzak Bularreko minbizia Ginekologia-arazoak Auto-istripuak Suizidioa Alkoholaren farmakozinetika

Emakumeak eta alkohola

Estatistiken arabera, alkohola edaten duten emakumeak gizonak baino gutxiago dira. Are gehiago, alkohola edaten duten emakumeek gizonek baino gutxiago edaten dute. Hala ere, azken urteetan emakumezkoen alkohol-kontsumoa nabarmen igo da: orain bi hamarkada alkohol-edaleen gizon/emakume erlazioa 10/1ekoa bazen ere, gaur egun 3/1ekoa da.

Emakumezkoengan, alkoholari lotutako arazoak hainbat faktorek sortzen dituzte, hala nola faktore genetiko/biologikoek, soziokulturalek edo psikologikoek. Faktore biologikoen artean, familian alkoholarekin izandako arazoak eta alkoholaren efektuekiko zaurgarritasun biologikoa azpimarra daitezke. Faktore psikosozialen barruan, berriz, bikotea drogazalea izatea, depresioa edo beste edozein gaixotasun psikiatrikoa pairatzea, gertakizun estresagarriak (tratu txarrak bereziki) eta sexu-erasoak hartzen dira kontuan.

Gizonekin konparatuz, emakume alkoholikoek zenbait berezitasun dituzte: alkohol kontsumoa geroago hasten da, bakarrik edateko joera dute, erru-sentimenduak dituzte, suizidio-saiakera gehiago izaten dituzte, erlazio estuagoa dute gertaera psikologiko traumatikoekin, tratamenduaren bila lehenago joaten dira eta, gizonek baino gutxiago edan arren, alkoholak eragindako arazo fisikoak lehenago hasten dira.

Alkoholaren eragin kaltegarriak

Alkoholismoa batez ere gizonei zegokien arazotzat hartu da eta sarritan gutxietsi egin da emakumeen artean alkoholismoak duen garrantzia.

Jakina denez, alkohola kontsumitzeak ondorio kaltegarriak ditu gure organismoan: Espainian alkoholak 13.000 hildako eragiten ditu urtero, hau da, heriotza guztien % 6. Alkoholak bai emakumeen eta bai gizonen organo guztietan eragin dezakeen arren, badirudi emakumeak alkoholaren ondorio fisikoekiko zaurgarriagoak direla. Alkoholaren menpe dauden emakumeen heriotza-tasa edaten ez duten emakumeena baino 2-7 aldiz handiagoa da. Ildo beretik, emakumezkoekin egindako ikerketa baten arabera, alkohol gehiegi hartzeak bizi-itxaropena 15 bat urte murrizten du. Murrizketa hori gibeleko gaitzekin, trafiko-istripuekin eta suizidioekin erlazionatuta dago batik bat.

Gizonekin konparatuz, emakumezkoek epe laburragoan eta alkohol gutxiago edanda pairatzen dituzte gibeleko gaitzak. Alkohol gehiegi edaten duten pertsona batzuek hepatitisa edo gibelaren hantura izaten dute eta, edaten jarraituz gero, zirrosia ere ager daiteke. Gibel-zirrosiaren kausa nagusia alkohola da, baina emakumezkoengan alkoholak eragindako hepatitisa epe laburragoan bihurtzen da zirrosi. Are gehiago, zirrosiak jotako emakumeak gizonak baino lehenago hiltzen dira.

Eboluzio kaskar hori azaltzeko bi teoria nagusi daude. Batek dio emakumeen sexu hormonek alkoholaren eragina bultza dezaketela; besteak dio heriotza goiztiarra emakumeen eta gizonen gibeleko zelulek desberdin funtzionatzen dutelako gerta daitekeela. Dirudienez, emakumeek azkarrago kanporatzen dute alkohola odoletik gibeleko zeluletara. Jakina da emakumeek gorputz-masaren unitateko gibel-bolumen handiagoa dutela, eta ematen du horregatik kanporatzen dutela alkohola azkarrago.

Zirrosiak jotako gibela.
www.meddean.luc.edu

Alkohol-kantitate handia eta luzaroan kontsumituz gero, bihotzeko gaixotasunak ager daitezke, hala nola hipertentsioa, kardiomiopatiak edo gaixotasun koronarioak. Edale sutsuen artean egindako ikerketa baten arabera, bihotzeko gaixotasunak pairatzeko arriskua antzekoa da emakumezkoengan zein gizonezkoengan. Hala ere, kontuan hartu behar da aztertutako emakumeen alkohol-kontsumoak gizonenak baino % 60 gutxiago iraun zuela.

Erresonantzia magnetikoa erabiliz egindako ikerketa batean nabarmentzen da emakumeak gizonak baino zaurgarriagoak direla alkoholak eragindako garun-kalteekiko. Ikerketa horretan ikusi zuten garunaren hainbat funtzio koordinatzeko ezinbestekoa den gorputz kailukara (eskuineko eta ezkerreko hemisferioen arteko zeharkako zuntzen multzo garrantzitsua) txikiagoa zutela emakume alkoholikoek emakume ez-alkoholikoek eta gizon alkoholikoek baino. Bestalde, emakume zein gizon alkoholikoen garun azaletan antzeko anormaltasunak aurkitu ziren, baina emakumeek alkohol gutxiago eta epe laburragoan edan zuten.

Alkohola neurrian edo gehiegi edaten duten emakumeek arrisku handiagoa dute bularreko minbizia izateko. Egunean 60 g alkohol baino gutxiago edaten duten emakumeetan ikusi da, zenbat eta alkohol gehiago kontsumitu, arriskua orduan eta handiagoa dela.

Fetuaren alkoholismo-sindromearen ondorioak garunean. Eskuinean, fetuaren alkoholismo sindromea duen 6 asteko ume baten garuna; ezkerrean, gaixotasun hori ez duen 6 asteko ume baten garuna. (Argazkia: www.acbr.com) Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Alkohol-kontsumoaren ondorio arruntenetakoak dira. Alkohol-kontsumoa menstruazio faltarekin, ezohizko menstruazioarekin eta menstruazio-aurreko sindromearen agerpenarekin erlazionatzen da. Horrez gain, alkoholismoak obulutegien funtzioa eralda dezake. Animaliekin egindako ikerketek erakutsi dute alkoholak obulazio-zikloaren erregulartasuna aldatu eta obulazio akastunak eragiten dituela. Arazo horiek alkoholak berak zuzenean eragindakoak (hormona-erregulazioan egindako interferentziak direla medio) edo alkohol-abusuak sortutako arazo patologikoen ondorioa (gibeleko gaitzak, areako gaixotasunak, malnutrizioa...) izan daitezke.

Bestalde, alkohola kontsumitzeak arazo larriak eragin ditzake haurdunaldian. Lehen aipatu denez, alkoholak barrera plazentarioa zeharka dezake eta fetuan eragin. Eraginaren intentsitatea alkohol-kantitatearen, kontsumo-iraupenaren, amaren metabolismoaren eta beste substantzia batzuekin izango diren elkarrekintzen arabera aldatuko da. Orokorrean, haurdunaldian bi kopa baino gehiago edatea berezko abortuekin, pisu gutxiko fetuekin, ume goiztiarrekin eta jaiotzaren inguruko heriotza-tasa altuagoarekin erlazionatzen da. Hala ere, alkohol-kontsumoak jaioberrietan eragindako ondorio larriena fetuaren alkoholismo-sindromea da. Sindrome horrek nerbio-sistema zentralaren disfuntzio larriak, jaio aurreko eta jaio ondoko hazkunde-arazoak, eta garezur zein aurpegiko asaldurak sortzen ditu.

Alkohola kontsumitzeak arazo larriak eragin ditzake haurdunaldian, alkoholak barrera plazentarioa zeharka dezake eta fetuan eragin.

Alkoholaren eraginpean gidatzea auto-istripuen kausa nagusienetako bat da. Alkoholak, zentzumen-pertzepzioa (entzumena eta ikusmena) zein funtzio psikomotorea hondatzeaz gain, pertsonaren portaera aldatzen du. Efektu horiek odoleko alkohol-kontzentrazioaren araberakoak dira, hots, zenbat eta kontzentrazio handiagoa orduan eta hondamen bortitzagoa. Alkoholemia-maila 0,04-0,05 g/l-tik gorakoa denean, arreta murrizten da, euforia agertzen da eta, orokorrean, abilezian konfiantza handiagotzen den heinean, ausartegi eta arriskutsuegi gidatzen da. Ikerketa batzuen arabera, efektu horiek bortitzagoak dira emakumeengan. Horrela, odoleko alkohol-kontzentrazioa antzekoa izan arren, emakumeek auto-istripua izateko arrisku handiagoa dute.

Alkoholikoen suizidio-tasa askoz altuagoa da populazio arruntarena baino. Berrogei urtetik beherako emakume alkoholikoek ez-alkoholikoek baino bost aldiz suizidio saiakera gehiago egiten dute. Suitzan edo Kanadan, esaterako, alkoholaren eta suizidioaren arteko erlazioa estuagoa da emakumezkoetan gizonezkoetan baino. Alkoholarekin lotutako gaixotasun fisikoak alkoholaren eragin toxikoaren ondorioz agertzen dira; ostera, alkoholaren eta suizidioaren arteko erlazioa konplexuagoa da.

Alkohol-kontsumoak jaioberrietan eragindako ondorio larriena fetuaren alkoholismo-sindromea da.

Bi teoria plazaratu dira alkoholak suizidio-arriskua zergatik handitzen duen azaltzeko. Batek alkoholaren abusu kronikoak eragiten dituen ondorio sozial suntsitzaileak nabarmentzen ditu, eta besteak intoxikazio larriarekin lotutako arriskuak. Emakumearen egoera sozialaren arabera, emakumea alkoholaren eragin horiekiko zaurgarriagoa bihur daiteke; hau da, emakume alkoholikoek gizonek baino onarpen sozial txikiagoa dutenez, suizidiora bultza ditzakeen desegituraketa sozial handiagoa pairatuko dute.

Bestalde, paziente alkoholiko askok suizidio-arriskua areagotzen duen depresioa pairatzen dute. Bi arazo horiek sarriago agertzen dira batera emakumezkoengan.

Ondorioak

Alkohola edaten duten emakumeen kopurua handitu den heinean, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak kontuan hartzen hasi gara. Horrela, antzera edanez, emakumeek alkoholak eragindako arazoak pairatzeko gizonek baino arrisku handiagoa dutelakoan gaude. Hori dela eta, alkoholaren erabileran, eraginetan eta menpekotasunaren sorreran dauden genero-ezberdintasunak aztertzeak berebiziko garrantzia izango du etorkizunean.

Ikerketa batzuen arabera, alkoholak gidatzean dituen eraginak bortitzagoak dira emakumeengan.

Estatistikek diotenez, emakumezkoen % 5,9k arrisku-mailatik gorako etanol-kantitatea hartzen du eta hori ezin dugu ahaztu. Gainera, tradizionalki alkoholismoa gizonezkoekin erlazionatu denez, emakumezkoen alkoholismoa diagnostikatzeko arazo handiagoak daude eta, beraz, sarritan gutxietsi egin da emakumeen artean alkoholismoak duen intzidentzia eta prebalentzia. Horregatik, osasungintzako profesionalek erne egon beharko lukete, kasu bakoitzean diagnostiko egokia egin eta beharrezko tratamendua ezartzeko, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden ezberdintasunak ahaztu gabe.

Edari alkoholikoen osagai garrantzitsuena alkohol etilikoa edo etanola da. Etanola karbohidratoen hartzidura anaerobikoz lortzen da eta molekula txiki eta polaritate txikikoa da. Hori dela eta, alkohola oso ondo xurgatzen da, batik bat hesteetan. Gainera, urdaila hutsik dagoenean edo edariak burbuilak dituenean xurgatze prozesua azkarragoa izaten da. Xurgatu ondoren, alkohola odolera heldu, eta hortik gorputzeko likido eta ehun guztietara banatzen da. Alkoholak erraz zeharka ditzake barrera hematoentzefalikoa eta plazentarioa eta, edari alkoholduna hartu eta minutu gutxira, odolean egoten da.

Orokorrean, edariaren eragina etanolak odolean duen kontzentrazioaren araberakoa izaten da. Hori dela eta, pisu berbera izanda emakumeek gizonek baino ur gutxiago dutenez eta, alkohola gorputzeko likido guztietatik uniformeki banatzen denez, alkohol kantitate bera edan arren, odoleko alkoholaren kontzentrazioa handiagoa izaten da emakumezkoengan gizonezkoengan baino. Beraz, gizonek baino alkohol gutxiago edanda mozkortzen dira emakumeak.

Etanol edo alkohol etilikoaren egitura kimikoa.

Alkohol gehiena gibelean metabolizatzen da. Prozesu horretan, alkohol deshidrogenasa entzimaren eraginez, etanola azetaldehido bihurtzen da. Azetaldehidoak azido azetikoa ematen du beste oxidazio-prozesu baten bidez, eta hori azetil-CoA bihurtzen da. Azetil-CoAren zati bat berriz oxidatzen da Krebs-zikloaren bidez, CO 2 , H 2 O eta ATP emateko. Gainontzekoak hainbat prozesu anabolikotan hartzen du parte.

Azetaldehidoa eta azido azetikoa metabolizatzen ez badira, ehunetan metatu eta toxiko bihurtuko dira. Dena dela, alkohol-kantitate bat urdailean bertan metabolizatzen da xurgatu baino lehen. Metabolismo hori urdailean dagoen alkohol-deshidrogenasa entzimari esker egiten da, eta, lehenengo pausu horri esker, odolera pasatzen den alkohol-kantitatea murriztu egiten da. Baina entzima horrek aktibitate txikiagoa du emakumeen urdailean. Alkoholikoak ez diren emakumeetan % 41-77 txikiagoa da eta emakume alkoholikoetan guztiz indargabetuta dago. Desberdintasun hori garrantzitsua izan daiteke emakumeen odoleko alkohol-kontzentrazio altuak eta alkoholaren eragin fisiologikoak azaltzeko.

Bestalde, menstruazio-zikloan gertatzen diren hormona-aldaketek alkoholaren metabolismoan eragina izan dezakete. Horrela, litekeena da hilekoaren une batzuetan emakumeek alkohol-kontzentrazio handiagoak izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila