Irakurle maite hori: zure adina berrogei urtetakoa bada, gutxi gora-behera, saia zaitez gogoratzen; gazteagoa bazara, zorionak!: Hirurogeigarren hamarkada eta hirurogeita hamargarrenaren hasierako urte latzak gogoratzeko ez duzu aukerarik izan. Urte horietan ez zen batere erraza euskal kulturaren alde lan egitea, ez bakarrik laguntza ekonomikorik ez zegoelako, ia delitutzat hartzen zelako baizik, diktadura batek dakartzan ondorio guztiekin.
Hala eta guztiz ere, garai hartan Euskal Herriko unibertsital ikastetxe askotan, egoera horri aurre egiteko, talde batzuk abiatu ziren: Euskal Kultur Taldeak (EKT), hain zuzen. Horietako bat Donostiako Injineruen Goi-Eskolan 1968an jarri zen martxan eta, beste zenbait ekintzen artean, bertan zientzia eta teknika euskaraz lantzeari heldu genion. Hutsetik abiatu ginela esaten badut, ez naiz egiatik oso urruti ibiliko: Gerra aurretikako guztiz garbizaleak ziren “Pisia” eta “Kimia” izeneko bi liburuxkak, borondate onez egindako hitz-zerrenda zientifiko bat edo beste, eta kitto. Pentsa daitekeen bezala, hasiera horretan lortutako uzta ez zen gizartearen aurrean jartzeko, ezta gutxiagorik ere.
Baina urteak aurrera zihoazen eta eskolan euskararen taldean ibilitako batzuk, ikasketak amaitu ondoren, lanpostuaren bila irten ginen. Hala ere, harra barnean genuen eta 1972an, hasitako lanari segida ematearren, berriro harremanetan jarri ginen. Horrela, Donostiako San Martzial kaleko San Ignazio elkarteko gela batean larunbat arratsalde batean gure lehen bilera egin genuen: Mikel Zalbide, Andoni Sagarna, Jesus Mari Goñi, Juanjo Gabiña eta neu, oker ez banaiz (bigarren bileran edo, Iñaki Azkune etorriko zen). Eta horrela, larunbatero arratsaldez elkartuz, gure artean lanak banatuz eta batzuek besteengandik ikasiz, gure eraikuntza hasi genuen.
Izerdi bidez lortutakoa pipi-jan bihur ez zedin, kanpora atera behar genuen eta horretarako agerpide bat beharrezkoa zen, hots, aldizkari bat. Pentsatu eta erabaki. Hasteko aldizkariarentzat eta bide batez taldearentzat, izen egoki bat behar genuen eta zein egokiagoa Elhuyar baino?
Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek, nahiz Logroñon jaioak izan, gurasoak iparreuskaldunak zeuzkaten, biak Bergarako Erret Mintegian aritu ziren eta bertan Euskadin lortu den zientzi aurkikuntzarik handiena egin zuten, hau da, wolframio izeneko elementu kimikoa identifikatzea eta bereiztea. Izena erabakita zegoen eta harrez gero, bai taldea bai aldizkaria Elhuyar izango ziren.
Izena bai, baina izana erdiesteko bi gauza gehiago behar ziren: zentsura gainditu ahal izateko, ospe handiko elkarteren baten itzal ofiziala batetik eta bestetik, badaezpada ere, zuzendari baten izena. Bigarrena erraza izan zen: bilera batean une batez atera behar izan nuen gelatik eta itzuli nintzenean zuzendari izendatuta negoen. Lehenengoa lortzeko berriz, “Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Pais” elkartera jo genuen eta zenbait elkarrizketa izan ondoren, bere babesa eskuratu genuen.
1974ko irailean “Elhuyar” izeneko aldizkariaren lehen aleak argia ikusi zuen. Gaurko begiz begiratua, xumea eta apala zen hura, baina guretzat garai horretan lorpen izugarria izan zen.
Urte asko iragan da geroztik eta zorionez, gauzak asko aldatu dira. Oraintxe eskuan daukazun aro berriko 100. ale hau benetan ederra eta ikusgarria bada, bere aurretik beste asko, bera baino askoz apalagoak, argitaratu direlako da, neurri handi batean. Bai eta ilusio izugarriaz beterik mila bilera, eskaera eta lan egin direlako ere.
Egia aitortzeko, ez naiz oso ongi gogoratzen zergatik idatzi ote nuen artikulu hura. Garai horretan gaur egun gaindituta dagoen eztabaida pil-pilean zegoen. Garai horretantxe Adolfo Suarezek esana omen zuen ezin zitekeela euskara erabili kimika nuklearrari buruz hitz egiteko edota erakusteko.
Eztabaida horrek bultzatu ninduen EEBBetan Ritchie irakaslearekin batera egindako ikerketaren emaitzetaz artikulu bat euskaraz idaztera. Ritchie irakaslea ados azaldu zen.
Lehen eta orain, fisikaz euskaraz ongi aritzeko bi gauza ongi jakin eta menperatu behar dira: fisika eta euskara. Horixe da beharrezkoa eta nahikoa den baldintza. Nire euskara ideiak beharrezkoa zen zehaztasunez azaltzeko gauza ez zenez gero, adiskide batengana jo nuen. Ibon Sarasolak esku zabalez, lagundu zidan.
Elhuyarreko artikuluan irekitako bidetik ikerlari asko joan da. Pozgarria izan da benetan munduko aldizkari askotan Elhuyarreko artikuluari aipamen egin zaiola ikustea. Guk teoria linealean egindako lanari Pitarke jaunak jarraitu dio, teoria ez-linealean emaitza aipagarriak lortuz. Lan horrek Eusko Ikaskuntzaren Zumalabe saria lortu zuen eta aurten Physical Review delako aldizkari ospetsuan azalduko da. Horrek ere biziki pozten nau.
Artikulua Mikel Zalbidek egin zidan elkarrizketarekin batera argitaratu zen. Han, beste zenbait gauzen artean, gogoratzea komeni den zerbait esaten nuen. Euskal Unibertsitaterako biderik egokiena euskaldunok EHU-ko katedrak lortzean datzala, hain zuzen.