2008/11/01
247. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Elektrizitate-iturrien kutsadura-rankinga
Kontrajarritako interes ugarik eragiten du merkatu elektrikoaren auzian: diruak, energia-eskariak eta ekologiak, besteak beste. Hori dela eta, energia-iturri bakoitzaren onuren eta kalteen inguruan erlatibizatzera jo ohi da askotan. Berriki egindako azterketa batek, ordea, ekoizpen-teknologia bakoitzak sortzen duen ingurumen-eragina zehazki balioztatu du, eta lortutako emaitzak konparatu ditu.
Elektrizitate-iturrien kutsadura-rankinga
2008/11/01 | Urruzola Arrate, Manex | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Europako Batasuna)
Egungo energiaren eskuragarritasunak eta oparotasunak erosotasunaz eta mugikortasunaz gozatzeko aukera ematen dio jende askori, aurrekaririk gabeko neurrian. Baina, horretarako, sua erabiltzen hasi aurretik baino 100 bider energia gehiago xahutzen du gizakiak batez beste. Eta energia-kontsumo horrek berekin dakartzan kutsadura eta ingurumen-kaltea kontuan hartzekoak dira.
Energia-ekoizpen osoaren heren bat elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Gainerakoa garraiora eta berokuntzara bideratzen da batez ere. Elektrizitatea sortzeko, energia-iturri bat baino gehiago ustiatu behar dira: ikatza, petrolioa, gas naturala edota uranioa, besteak beste. Izatez, elektrizitatea energia eraginkor eta garbia da kontsumorako, baina bere sorkuntza-fasean eragiten ditu ingurumen-kalteak.
Dena dela, energia-iturri guztiak maila berean jartzea ez da zilegi, kutsadurari dagokionean behintzat. Ezin da orokortu. Elektrizitatea ekoizten duten teknologia guztiek kutsatzen dute gehiago edo gutxiago. Beraz, elektrizitatea kontsumitzean, edozein kasutan, ingurumena kutsatzen ari gara. Hori horrela da ezinbestean. Baina, konparatzen hasita, aldea dago batetik bestera. AUMA ingurumen- eta energia-aholkularitza enpresa katalanak gauzatu berri duen ikerketak argi erakusten du hori: elektrizitate-iturriek dituzten ingurumen-eraginen artean desberdintasun handiak ageri dira.
Lortutako emaitzek argi adierazten dute erregai fosilak erabiltzen dituzten teknologiek dutela ingurumen-eraginik handiena. Horietatik, ikatzak eta petrolioak kutsatzen dute gehien, eta lignito-zentralak dira guztietan kutsakorrenak. Ingurumen-eragin txikiena duten zentralak, berriz, zentral hidroelektrikoak eta eolikoak dira.
Iturri kutsakorrenen ustiaketa
(Iturria: Energiaren Nazioarteko Agentzia. 2004)
Emaitzen atzean, datu deigarriak ageri dira. Izan ere, ingurumen-eraginik handiena duten energia-iturriak dira gehien ustiatzen direnak. Elektrizitatea sortzeko munduan gehien erabiltzen den erregaia da ikatza, alde handiarekin. Espainiar estatuko elektrizitate-sistemari dagokionez, ikatza eta gas naturala dira ustiatuenak; bien artean estatuko energia elektriko osoaren erdia sortzen dute, eta nuklearrak gertutik jarraitzen die.
Horren erantzuleak arrazoi ekonomikoak dira batez ere. Erregai fosilak eta energia nuklearra ustiatzea teknologikoki oso merkea izan da beti, energia berriztagarriekin alderatuta. Gainera, zentral termikoek erabilgarritasun ia erabatekoa izaten dute urte osoan zehar, eta askoz gehiago ekoizten dute energia berriztagarrien aldean. Izan ere, berriztagarrien ekoizpena eguraldiaren menpe dago neurri handi batean --eguzkia, haizea eta ur-emariak ez daude beti bermaturik--. Merkatu elektrikoak ekoizle bakoitzari sortutako kWh edo energia-unitate kopuruaren arabera ordaintzen dionez, negozio-aukera handiak eskaini izan dituzte gehien kutsatzen duten ekoizpen-teknologiek. Gauzak aldatzen ari dira, ordea, gutxika bada ere.
Berriztagarrien ekoizleek gobernuetatik jasotzen dituzten pizgarri ekonomikoak kontuan hartzekoak dira. Gainera, energia berriztagarrien teknologiaren garapenak gero eta eraginkorrago bihurtzen ditu energia horiek urteak igaro ahala. Hala, gero eta merkeagoa da zentral eolikoek edo plaka fotovoltaikoek sortutako energia-unitate bakoitza. Gainera, teknologia horien ingurumen-eragina asko murriztu da azken urteetan.
Zelula fotovoltaikoen adibidea da esanguratsuena. AUMA enpresaren 1999ko eta 2008ko BZA azterketak konparatzen badira, instalazio fotovoltaikoen ingurumen-eraginaren puntuazioa ia 5 aldiz txikitu da. Plaka fotovoltaikoen materialetan dago aldaketa horren gakoa, azken hamar urteetan nabarmen hobetu baitira kalitateari eta kutsakortasunari dagokionez. Eta industria fotovoltaikoa etengabe ari da kostuak gutxitzen. Hori guztia dela eta, energia berriztagarrien instalazioak asko ugaritu dira azken urteetan, energia-eskariak eta negozio-aukerak bultzatuta.
(Argazkia: Artxibokoa)
Kalteen ondorio ekonomikoak: kanpoko kostuak
Teknologia batzuen eta besteen kostu ekonomikoez haratago, bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: energia-iturri bakoitzak berekin dakartzan ingurumen- eta gizarte-kostuak. "Kanpoko kostu" izenez ezagutzen dira kostu horiek, eta elektrizitate-ekoizle bakoitzak dituen ondorio ekonomikoak aztertzen dituzte: giza osasunean, ekosistemetan, uztetan, eraikinetan eta berotegi-efektuan, besteak beste. Prestige auzian izan ziren galera izugarriak edota gas kutsakorren emisioek osasun publikoan sortzen dituzten gastuak hartzen dira kontuan, adibidez.
Europako Batzordearen ExternE txostenak kanpoko kostuen diru-balioa zenbatetsi du. Horren arabera, kostu horiek argiaren fakturan adieraziko balira, ikatzetik eta petroliotik datorren elektrizitateari batez beste 5 zentimo gehitu beharko litzaizkioke kWh bakoitzeko. Aitzitik, zentral hidroelektrikoek sortutako elektrizitatearen kanpoko kostua 0,4 zentimokoa da batez beste, eta energia eolikoarena 0,15 zentimokoa besterik ez da. Balio horiek aldatu egiten dira herrialde batetik bestera, baina, dena dela, erregai fosilen eta energia berriztagarrien arteko aldea nabaria da. Txostenaren egileen iritziz, datuok kontuan hartu beharko lirateke ekintza politikoetan, adibidez, erregai eta teknologiarik kaltegarrienei zergak edo ekotasak ezarriz, edota koste sozioekologiko gutxien duten elektrizitate-ekoizleei pizgarriak eskainiz. Gaiak erpin asko ditu, ordea, eta ikusteko dago aurrerantzean zer neurri hartuko diren.
Etorkizunerako erronkak
Elektrizitate-iturri guztiek ingurumen-eragina badute ere, teknologia hidroelektrikoak kutsatzen du gutxien.
Donna Stooksbury
Energiaren eskaria etengabe ari da hazten urtetik urtera, eta sistema elektrikoak energia-iturri guzti-guztiak ditu beharrezko eskari horri erantzuteko: argudio hori indarra hartzen ari da azken boladan. Gainera, desabantailak onartu arren, etorkizunean energia nuklearra eta ikatza berrindartu egin beharko direla uste du aditu askok, batez ere petrolioaren krisiak utziko duen hutsunea nolabait bete beharko dela argudiatuz.
Petrolioaren eta gas naturalaren erreserbek hamarkada batzuetarako besterik ez dute ematen. Egungo ekoizpen-mailarekin eta orain arte ezagutzen diren erregai-hobiekin, petrolio-erreserbak 40 urte ingururako soilik daude bermaturik, eta gas naturala 60 urterako besterik ez da geratzen. Ikatza, bestalde, hiru mende igaro baino lehenago agortuko da. Gainera, erreserbena ez da energia-sektorearen arazo bakarra, mundu mailan izaten ari den kontsumoaren hazkunde esponentziala ere kontuan izatekoa baita.
Ezingo da, beraz, gehiago hornitu gutxiagorekin: soka eten egingo da batetik edo bestetik. Etorkizuneko gizartean, zibilizazio-eredua eta kontsumo-ohiturak aldatu egin beharko dira halabeharrez, benetako energia-bideragarritasuna lortze aldera.
(Iturria: BP Statistical Review of World Energy. 2008.)
Baina horrek ez du zertan hondamendia izan: mundu zabalean badira adibide esanguratsuak. Japonian, adibidez, oso jende gutxik erabiltzen du auto partikularra batetik bestera ibiltzeko, eta pertsona bakoitza auto baten jabe izatea pentsaezina da gizarte hartan. Londresen, berriz, hirigunera sartzeko kobratzen hasi zirenean konpondu zen trafikoa, eta Danimarkan ibilgailuen jabeei zergak asko igotzen zaizkie. Gehiengoaren nahiaren kontrako erabakiak dira, baina ez da maniobra-tarte handirik izango.
Etorkizun hurbilean zein neurri hartuko diren eta neurri horien aurrean gizarteak nola erantzungo duen ikusi beharko da. Eta hori guztia nola kudeatzen den izango da gakoa.
Ingurumen-eraginaren azterketa
Elektrizitatea sortzeko teknologia bakoitzak ingurumenean zenbateko eragina duen aztertzeko, Bizi Zikloaren Analisia (BZA) gauzatu du AUMA enpresak. Metodo horren bidez, teknologia bakoitzak bere bizitza osoan ingurumenari sortzen dizkion kalteak hartzen dira kontuan: ustiatutako lehengaiak, ekoizpen-prozesua, erabilera eta tratamenduak, sortutako emisioak eta hondakinak, birziklapena... alegia, jaiolekutik hilobirainoko ibilbidea analizatu ohi da. Azterketak barne hartzen dituen parametroak dira, besteak beste, erabilitako lurzorua, sortutako erradiazioak, soinua eta bibrazioak, beharrezko eraikuntzak eta erasotako biodibertsitatea.
Iturria: AUMA. 2008
(Argazkia: G. Roa)
Teknologia bakoitzak dituen eragin kaltegarriak lau multzotan banatzen dira ondoren: giza osasunari sortutako eraginak, ekosistemari eragindako kalteak, lehengaien ustiaketa eta klima-aldaketan duen eragina. Kalte edo eragin bakoitza balio normalizatu batzuen arabera kuantifikatzen da, eta puntu guztien batura da elektrizitate-iturri bakoitzaren ingurumen-eragina adierazten duena. Azkenik, puntu-kopuruaren arabera, rankingean postu bat edo beste ematen zaio teknologia bakoitzari. Grafikoan ikus daiteke ondorioen laburpena.
Erregai fosilak, kutsadura-rankingaren lehen postuetan
Zentral termiko guztiek modu berean funtzionatzen dute: erregai fosilen bitartez sortzen den energia termikoak sorgailu elektriko bat birarazten du zentral horietan, turbina bat medio. Ingurumenari eragiten dizkioten kalteei dagokionez, atmosferara emititutako karbono dioxidoa eta bestelako substantzia inorganikoak aipatu behar dira nagusiki. Emisio horiek berotze globala eta arnasketa-arazoak sortzen dituzte, hurrenez hurren.
Ikatza da berotegi-gas gehien emititzen duen erregaia. Ikatz-moten artetik, lignitoa da ingurumen-eraginik handiena duena; izan ere, antrazitak eta harrikatzak baino bero-ahalmen txikiagoa du lignitoak, eta, beraz, eraginkortasun txikiagoa.
(Argazkia: voestalpine Stahl GmbH)
Petrolio-zentralak desagertzeko bidean dira, eta sortzen duten elektrizitatea energia-eskari handiena dagoen uneak hornitzeko soilik erabiltzen da.
Gas naturala erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentralei dagokienez, asko ugaritu dira azken urteetan. Beste erregai fosilekin alderatuz, eraginkortasun handiagoa dute, eta gas gutxiago emititzen dituzte.
Energia nuklearra, probabilitatearen abantaila
Energia-iturri polemikoa da teknologia nuklearra. Zentral nuklearrek ez dute gasik emititzen, baina istripu larriren bat gertatuz gero ingurumen-eragina beldurgarria litzateke, hondamenezkoa. Hori gertatzeko probabilitatea oso txikia da, ordea. Bestalde, azkenaldian gertatu diren istripu arinek zeresan handia eman dute, eta mendebaldeko zentral nuklearren zahartasunari buruzko eztabaida berpiztu dute.
(Argazkia: AmerenUE)
Zentral nuklearrek ingurumenean eragiten dituzten kalteak aztertzeko, haien jarduerak sortzen duen erradiazioa, sortutako hondakin erradiaktiboen tratamendua eta biltegiratzea, eta inguruko uretan eragindako ekotoxikotasuna hartzen dira kontuan.
Energia nuklearraren erregaia uranioa da. Zentral nuklearretan, atomoen nukleoak zatitzean askatzen den energia-kantitate handia baliatzen da elektrizitatea sortzeko.
Hidroelektrikoa, eolikoa eta fotovoltaikoa
Energia lortzeko modu klasikoa da zentral hidroelektrikoena. Ur-salto batek turbina bat mugiarazten du, eta mugimendu hori elektrizitatea sortzeko baliatzen da. Ingurumen-eraginik txikiena duen teknologia da, eta eragin hori zentralen eraikuntzari loturikoa da: zementua eta makineriaren erregaiak, batez ere.
(Argazkia: fcimpiantielettrici)
Zentral eolikoek, berriz, haizearen energia elektrizitate bihurtzen dute aerosorgailuen bidez. Zentral horien ingurumen-eragina, batez ere, dorre eolikoak ekoizteko mineralen erauzketari eta funtzionamenduan okupatzen duten lurzoru zabalari dagokie. Inguruko hegaztietan sor ditzaketen kalteak ere kontuan izatekoak dira.
Bestalde, energia berriztagarrietatik ingurumen-eraginik handiena duen teknologia fotovoltaikoa da. Eguzkiaren erradiazioa energia elektriko bihurtzen dute eguzki-plakek; baina plaka horiek ekoizteko energia eta lehengai ugari xahutu behar da. Hori dela eta, plaka fotovoltaikoen ekoizpenak berekin dakartza gas-emisioak, likido-isuriak eta hondakinak. Azken urteetan plaken kalitatea eta kutsakortasuna asko hobetu den arren, gaur egun, industria fotovoltaikoaren erronka nagusia kostuak gutxitzea da, eta ez plaken errendimendua handitzea.
Berriztagarrien indarra
Iberiar penintsulan eguzkiaren eta haizearen indarra baliatuz sor daitekeen energia-kantitatea askoz handiagoa da lurralde horretako elektrizitate-eskaria baino. Hori da Teknologia Ikerketarako Institutuak (IIT) Greenpeace erakundearentzat garatutako Berriztagarriak 2050 txostenaren ondorioetako bat. Datu horiek adierazten dutenez, energia berriztagarrien indarra eta aukerak erabat ustiatuz gero, Iberiar penintsulako elektrizitate-eskaria 56 aldiz hornitu ahal izango litzateke.
Euskal Herriko datuei erreparatuta ere, txostenaren ondorioak baikorrak dira: eguzki-energia eta energia eolikoaren aukerak guztiz ustiatuko balira, gai lirateke biztanleriaren energia-eskaria halako 15 betetzeko. Potentzial hidroelektrikoa, ordea, oso mugatua dela ondorioztatzen du txostenak, ez bailuke emango Euskal Herriko elektrizitate-eskari osoaren % 5 betetzeko ere.
(Argazkia: Peterm/123RF)
Berriztagarriak 2050 txostenaren ondorioak ikusita, Greenpeace erakundeak energia berriztagarrientzat pizgarri eta hobari fiskalak eskatu ditu. Era berean, erregai fosilei, energia nuklearrari eta zentral termikoei diru-laguntza oro kentzea eta kanpoko kostuengatik ekotasak ezartzea aldarrikatu du erakunde ekologistak.
Egungo kontsumo elektrikoa energia berriztagarriekin hornituko balitz, asko gutxituko litzateke ingurumen-eragina, batez ere berotze globalari, lehengaien agortzeari eta emisio kaltegarriei dagokienez. Bestalde, teknologia eolikoaren eta fotovoltaikoaren eraginez, mineralen ustiapena eta lurzoruaren okupazioa handituko lirateke. Baina, oro har, iberiar penintsulako egungo sistema elektrikoarekin alderatuz, energia berriztagarrien ingurumen-eraginaren puntuazioa 5,8 aldiz txikiagoa litzateke, AUMAren BZA metodoaren arabera.
Urruzola Arrate, Manex
3
247
2008
11
031
Energia
Artikulua
32
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.