Egarria: alarma-seinale bat

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Gure gorputzaren osagai nagusienetariko bat ura da; neurri edo muga batzuen barnean konstante mantentzen den osagarria.

Gure gorputzaren osagai nagusienetariko bat (nagusiena ez esateagatik) ura da; neurri edo muga batzuen barnean konstante mantentzen den osagarria. Pertsona heldu baten gorputzeko pisuaren %60 gutxi gorabehera ura da. Portzentaia hau ezberdina da gorputzeko gantzaren arabera: pertsona mehar edo argaletan %65 den bitartean, pertsona lodi edo obesoetan %55eraino jaisten da. Gorputza guztiz gantzik gabe hartuko bagenu (ia ezina gertatzen da, bestalde), uraren proportzioa askoz ere konstanteago mantenduko litzateke; %75.

Ura, gorputzean, bi espazio handitan banatzen da: bi heren zelulen barnean dagoena, eta gainerantzekoa zelulaz kanpoko likidoetan (odola, linfa, etab.). Eta banaketa hau uraren gatz mineral eta gai organikoen edukinari oso lotua dago; zelula-barnea potasioaren ioitan aberats den bitartean, zelulaz kanpoko likidoak sodioaren ioitan dira ugari. Sodioa eta potasioa beren espazio propioetan mantentzen dira, baina urak mintzak zeharka ditzake, zelula-barneak kanpora eta alderantziz igaroz.

Zelulaz kanpoko espazioan ur-galera bat gertatzen denean, zelulek beren ur-zati bat eskaintzen dute, konpentsazio gisa. Egoera honetan zelulek nolabaiteko deshidratazio bat jasaten dute; EGARRI ZELULAR izenda genezakeena. Gure gorputzeko zelulek oso aldaketa txikiak onartzen dituzte ur-kopuruari dagokionez, eta horrexegatik bizi-egoera normala mantendu ahal izateko, kanpora irteten den ur horren ordainez gorputzak likidoa behar du eta normalean edarien bidez ahoratzen da.

Baldintza normaletan, gurea bezalako klima batean eta gurea bezalako bizimodu batekin, egunero bi litro t'erdi ur galtzen dira: litro t'erdi gernuaren bidez (pix egiterakoan), 30 ml arnasketarekin, beste litroerdi bat larruazalean zehar (nahiz eta izerditu ez) eta gainerantzekoa eginkaietan. Dena den, galdutako ur guzti hori egunero berreskuratzen du gozputzak, edaten dugunarekin (litro bat gutxienez), jaten dugunak duen urarekin (beste litro bat gutxi gorabehera), eta gure metabolismoko erreakzioetatik sortzen den uretik (300 bat ml).

Baina zenbait egoeratan (beroa, ariketa, etab.) ur-galera hau normala baino handiagoa suertatzen da. Beraz, eta beti pertsona osasuntsuei buruz ari garela, oso ingurugiro beroetan eta lan-baldintza gogorretan egun batean 5-10 kg gal daitezke izerdituz, eta noski, honek edariak ugaltzea eskatzen du derrigor, gorputza egoki mantendu nahi bada (10-14 litro ur eguneko).

Ur-oreka hori ur-ekarpenak (edariak) gutxitu direlako, edo ur-galerak ahoratutako ura baino handiagoak direnean hausten denean, gorputza EGARRI da. Ahoa lehorra sentitzen da eta egarri-sentsazio hau gorputzarentzat argi gorria piztea bezalakoa da; geure erreserbak ahitu egin direla eta gorputzak gehiago eskatzen duenaren lehen seinalea. Gorputzeko ur guztiaren %10 galtzeak, aldaketa larriak suposa ditzake, eta %25 galtzen bada, heriotza berehala dator.

Klima epeletan, pertsona heldu bat urik batere edan gabe 10-14 egunetara hiltzen da. Baina iraute-epe hori asko murrizten da basamortu beroan baldin badago: egoera honetan, itzalean 30°Cra adibidez, inolako ariketarik egin gabe gorputzak 4 bat litro galtzen ditu eguneko eta 4 egun t'erdiz iraun dezake ezer edan gabe. Ariketarik egiten badu (gauez ibiltzea, adibidez), bizirik gutxiago iraungo du (3 egun t'erdiz).

Zer da gauzarik hoberena egarria kentzeko?. Ura, inolako zalantzarik gabe, eta gatz mineralak baldin baditu, hainbat hobe. Nahiz eta oso atsegina ez izan, itsasoko ur-baso bat izotz-puska batzuekin diluituta oso eraginkorra izan daiteke. Eguneroko ur-galerak konpentsatzeko goragardoa, esnea, zukuak edo infusioak (tea edo kafea, adibidez) uraren ordain egokiak izan daitezke. Edari freskagarri azukredunei dagokienez, azukre-kopuru jakin batetik aurrera —litroko 25-50 g-tan dago ezarria muga— likido horiek ez daukate ehunetara sartzerik, eta horregatik ez dute inolako eraginik egarria kentzeko. Eta esan dezagun, adibide gisa, soda batek litroko 100g azukre baino gehiago dituela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila