Elhuyar Fundazioa
Bideoa ez da hil, baina hilzorian dago. Gero eta etxe gehiagotan ikus daitezke DVD irakurgailuak; kalitate hobea ematen duen sistema eskaintzen dute, bideoak eskaintzen ez dituen hainbat abantailarekin: soinu digitala, hainbat hizkuntzatako azpitituluak, aukera interaktiboak etab.
Baina orain arte DVDak izan duen arerio nagusia bere burua izan da, zalantzarik gabe. DVD irakurgailuak besterik ez ditugu izan merkatuan, eta, beraz, ezin genuen telebistako partidua formatu honetan grabatu, edo gauean botatzen duten pelikula horren amaiera grabatu. Horretarako bideo arruntera itzuli beharrean egon gara beti.
Amaitu dira horrelakoak, eta merkaturatu diren DVD grabagailuek epe laburrean DVDa merkatuko jauntxoa izango dela adierazten dute. Arazoa zera da: dauden grabaziorako estandaretatik zein izango da garaile?
DVDa estandarizatzeko DVD Forum izeneko erakundea osatu zuten hardware garatzaileek. Erakunde horren helburu nagusia DVD formatuen estandarrak ezartzea izan da, eta egun lan horretan jarraitzen du. Ondoko taulan agertzen den zerrendan dituzue estandar bakoitzaren ezaugarriak.
DVD grabagailuetarako hiru estandar merkaturatu dira: DVD-Ra, DVD-RAMa eta DVD RWa. Azken horrek ez du DVD Forumen onespenik, baina formatu horretan grabatutako diskoak beste edozein irakurgailutan arazorik gabe irakur daitezke.
Esan bezala, hasiak dira merkatuan DVD grabagailuak agertzen. Azkena Philipsek aurkeztutako DVDR1000 izan da. Grabagailu horrek (beste askok bezalaxe) DVD-RW formatua erabiltzen du; horrela, 4,7 GB-eko edukiera du diskoaren alde bakoitzean. DVDak Mpeg2 konpresio-sistema erabiltzen du, eta, beraz, konpresio-mailaren arabera ezartzen da grabazio-denbora. Grabazioaren kalitate handienarekin ordubete besterik ezin da grabatu horrelako disko batean, baina kalitatea DVD komertzial baten mailara jaitsiz bi orduko grabazioa egin daiteke. Dena den, badago gehiago grabatzerik, LongPlay moduko grabazioak ere eskaintzen baitituzte DVD grabagailuek, eta kalitatea jaitsiz gero lau ordura arte graba dezakete. Kontuan izan kalitatea guztiz jaitsita ere VHS arrunta baino hobea izango dela beti DVDa.
Aukera asko eskaintzen dituzte, dena den, horrelako aparatuek. Esaterako, DVD bakoitzean egindako grabazio bakoitzari irudi eta izen bat ezarriko dizkio aparatuak berak, eta horrela indize bat sortzeko aukera eskainiko du. Sistema horrekin ez dugu atzera eta aurrera ibili beharko grabatutakoaren bila, guztia digitalki grabatuta baitago.
Grabagailu horiek gaur egun duten arazo nagusia salneurria da. Gisa honetako produktuak merkaturatzen diren bakoitzean gertatu ohi den bezala, oso garestiak dira, bai grabagailuak baita DVD-RW diskoak ere. Philips-ek kaleratutako honek 2.100 Euro inguru balio du eta DVD-RW disko arrunt batek 20 Euro inguru.
Etxeko zinema delakoaren etorkizuna hemendik ote doan nahiko zalantzagarria da, atzetik datorren telebista digitala hartzen ari den abiadura kontuan izanez gero. Epe oso laburrean telebista digitalak toki berezia hartuko du gure etxeetan, eta pantaila txoro bat izateaz gain, ordenagailu txiki batez lagunduriko telebista izango dugu.
Halaber, ez da ahaztu behar zinema-munduko estudio handiek egin berri duten apustua: pelikulen alokairua Internet bidez. Horretarako banda-zabalera asko handitu beharko da, baina jada garatzen hasi diren teknologia da hori ere. Ez harritu, beraz, urte gutxi barru pelikulak zuzenean Internet bidez alokatu eta jasotzen baditugu eta egin beharreko grabazioak zuzenean disko gogorrean egiten baditugu. DVDarekin zer gertatuko den orduan? Galdetu LaserDiscari.
DVD Video DVD-ROM DVD-R DVD-RAM DVD-RW DVD Audio |