Donostiako Akuariuma

Aurreko zenbakian aipatu genuen bezala, 1997an Euskal Herriko museo batzuei egingo diegu bisita. Eta hasteko Donostiako Akuariumera joan gara itsasoaren mundua apur bat hobeto ezagutzeko asmoz. Itsas jauregia izena duen eraikuntza Gipuzkoako Ozeanografi Elkartearen egoitza da eta urtero urtero milaka bisitari pasatzen da bertatik. Sar gaitezen gu ere Itsasoaren museo honetan.

1908. urtean Gipuzkoako Ozeanografi Elkartea eratu zen. Ez zen bat-batean sortu, horrelako erakunde bat sortzeko beharraz konturatu ziren zenbait pertsona gogotsuren lanari esker baizik.1914an untzigintza eta ozeanografiari buruzko museoa eraiki zen, Aldamar kalekoMiramar etxean (zinea zegoen tokian). Hurrengo hamalau urteetan bertan egon zen Ozeanografi Elkartea eta ekintza ugari burutu zituen.

Beheko solairua: AKUARIUMA Arrainak erakusten diren kokagunea. Erakargarriago azaldu ahal izateko berritze-lanetan dago. Batez ere gure inguruko arrainak daude ikusgai, Bizkaiko itsasokoak alegia. Dena dela, badira Hego Amerika eta Australiako arrain tropikal batzuk.

1928ko urriaren lehenengo egunean, museoa tokiz aldatu eta Itsasoaren jauregia inauguratu zen, gaur egungo Akuariuma dagoen leku berean. Juan Carlos Guerra arkitektoak eginiko eraikuntzak Donostiako portuari begira du aurrealdea; “euskal” estiloa delakoaren ezaugarriak ditu, eskualdeko dorretxe eta jauretxeetan ageri diren hainbat arkitektura-elementu erakusten dituena. Badia aldera dagoen fatxada Urgull mendia inguratzen duen pasealekuaren (Paseo Berria) lerroarekin bat eginik dago porturaino.

Gipuzkoako Ozeanografi Elkartearen egoitza dugun museoan obra eta aldaketa asko egin dira. Azkeneko erreformak 1981-85 urteetan egin ziren, Eusko Jaurlaritzaren laguntzei esker. Hala ere, beheko solairuko akuariuma berritzen eta zabaltzen ari dira orain; gauzak ondo joanez gero, 1998ko udarako akuarium berria bukatuta egongo da, antzeko ondarearekin baina hobeto aurkeztuta. Jose Manuel Susteta administrazio-idazkariak dioenez, “1999rako dena berrituta egongo dela uste da”.

Helburu argiak ditu gaur egun 630 bazkide dituen Ozeanografi Elkarteak: Euskal Herriko arrantzu eta itsas historiaren ezagupidea indartu eta ozeanografia bultzatzea. Aipagarriak dira, bestalde, elkarteak berak sortutako ozeanografi ikerketarako laborategia, Arrantzu Eskola, Gipuzkoako Kofradien Federazioa, eta itsaso eta itsasgizonekin zerikusirik duten beste hainbat iharduera.

Lehen solairua: OZEANOGRAFI MUSEOA Itsasoko Natur Zientziak aurkezten dira sail honetan. Mota askotako bildumak daude, hala nola, maskorrak, hegaztiak, algak, krustazeoak, koralak, ekinodermoak, izarrak eta abar. Aretoaren erdian Gipuzkoa aldeko uretan harrapatutako azken balearen eskeletoa dago (1878). Solairu berean kokatzen dira liburutegi espezializatu bat eta laborategia.

Gaur egun hamar langile daude Donostiako Akuariumean eta Euskal Herriko Itsasoaren mundua erakustea dute helburu nagusia. Urtero 30.000 ikasle inguru pasatzen dira bertatik (gehienak maiatza-ekainean) eta oso gustura ateratzen dira bisita egin ondoren. Kontuan izan behar da bisitaren iraupena ordubetekoa dela adituak ez direnentzat. 1996an 130.000 bisitari izan ziren Itsasoaren jauregian, baina, hala ere, azken boladan badirudi bisitari gutxiago dagoela. Administrazio-idazkaria den eta Ozeanografi Elkartean 30 urte daramatzan Jose Manuel Sustetak joera hori alda daitekeela uste du: “Beheko solairuaren berrikuntzarekin bisitari gehiago etorriko dela uste dugu”. Aurrez esan bezala, urte-pare bat itxaron beharko ditugu Akuarium berria ikusteko.

Jakin beharrekoa

ORDUTEGIA

goizean 10 - 13:30
arratsaldean 15:30 - 19:30
Astelehenetan itxita
(Irailaren 15etik Maiatzaren 15era)

HELBIDEA

Kai-Arriba 34 (Portua)
20003 Donostia
Tf. (943) 421905 - 424977
Faxa (943) 430092

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila