DeskArtesen logika

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Telefonoz dei egin zigutenean hura zer izango ote zen galdegin genion elkarri. Diseinurako balio eta punta-puntakoa ei zen programa baten berri ematen ari zirela aurreratu eta, egia esan, ez zitzaizkigun zalantzak batere argitu. Diseinatutako produktuen azken itxura ere lor daiteke DeskArtes-en bidez. Beraz, irudi hauetako bakoitzaren atzean industri diseinu klasikoa eta artisten eskua nahasten dira. Horrela, fabrikazio-prozedura eta erabili beharreko materialak erabat zehaztuta geratzen dira; batetik, mekanizaziorako behar diren datuak despieze eta bistetatik aterako dira eta bestetik, mekanizatu beharreko materialaren kolore, testura etab. ere, irudiaren fitxategian egongo dira.

Zeren bila ari ginen eta norekin topo egingo genuen jakin gabe, hortaz, Donostiako Bulebarrean egin genuen zita, dena delako hura hortxe erakutsiko zigutelakoan.

SofLan enpresa sortu berriaren lehen notizia horrela jaso genuen. Aitzitik, ez da azkena izango, erakutsi eta kontatu zigutenak horrelako bisita gehiago eskatuko baitigu.

Jon Fernandezek eta Garbiñe Igarzak osatzen dute SofLan. Ustiapen industriala izango zuen produktu bat, DeskArtes alegia, aurkitu arte saiakuntza desberdinak egin zituzten eta enpresa bezala emandako lehen urratsak produktua ezagutzera ematea eta prototipo erakusgarriak sortzea izan dira.

Baina gatozen harira. Jon Fernandez eta Garbiñe Igarza gazteek sortutako enpresa da SofLan. Jon kimikaria da berez eta ikasle-garaiaz geroztik oso lotura estua du Donostiako Kimika Fakultatearekin. Izan ere, ikas-giro honetan ekin zion bere lana erraztuko zuten informatika-programak ezagutu eta sortzeari. Fakultatearekin elkarlanean ari zela izan zuen lehen aldiz DeskArtes-en berri. Filosofoa lehenago ere ezagutzen zuen arren, izen hauxe daraman diseinu industrialerako programarekin topatu zenean sortu zen SofLan. Lan teknikoa Jonen esku geratuko da, beraz. Garbiñeren zeregina, ostera, ez da errazagoa izango: merkatuarekiko zuzeneko harremana izan, gestioaz eta salmentaz arduratu beharko du eta.

Descartes Finlandian egindako programa da eta SiliconGraphics enpresako lan estazioetan funtzionatzeko prestatuta dago, nahiz eta beste lan-estazioetan funtzionatzeko gai izan. Informatikari- eta diseinatzaile-talde batek produkzioa erraztu, merkatu eta produktua saltzen lagunduko lukeen zerbaiten bila ari zen eta DeskArtes izeneko honetan aurkitu zuten hainbeste kostatakoa.

SofLanen bidez iritsi da Euskal Herrira diseinurako programa berezi hau eta, hain zuzen ere, Jon eta Garbiñeren eskutik ezagutu ahal izan genuen guk. Donostiako elkarrizketa harez geroztik, DeskArtesen logika ez zaigu hain arrotza.

Sistemaren logika

Hitz lauz esatearren, DeskArtes diseinu industrialerako programa bat da. Gaur egun merkatuan ezagutzen diren CAD/CAM sistemako programak osatu eta hobetu egin ditu DeskArtesek, diseinu-programen belaunaldi berria sortzen lagunduz. Ekarpenik aipagarriena programaren erabilgarritasunean eta filosofian datza. Diseinu-lana, dakigunez, proba asko egin eta makina bat proiektu zakarrontzira botatzea da. Inoiz horretan aritu denak badaki proiektutik objetura bitartekoa izugarrizko prozesu luzea dela.

Argazki-itxura duen txarro hau marrazki lerroetan oinarritzen da, baina emandako testurek errealitate bihurtu dute.

DeskArtesek horixe erraztu nahi du. Diseinatzaileak edozein momentutan ikusi ahal, izango du egindakoa; azken produktua, diseinatu ahala pantailan ikusi egingo baitu. Hiru dimentsioko irudiak sortu eta pantailan azken emaitza izango dena ikusi ahal izatea lortu du programa honek; xinplekeria irudi lezake baina edozein diseinatzailek badaki honek zenbateko garrantzia duen.

Honez gain, pantailan azaldutako diseinua ekoizteko ez du zailtasunik sortzen, egun erabiltzen diren mekanizazio-sistema guztiekin batera funtziona dezake eta.

Programa honekin lan egin ahal izateko ez dago aparteko inbertsioak egin beharrik. Silicon Graphic enpresaren estazioak 1Gb-eko disko gogorra dauka eta RAMeko memorigaitasuna 32Mb-ekoa da. Unixen funtzionatzen du eta horrek zenbait lan batera egin ahal izateko aukera ere eskaitzen du.

Nola funtzionatzen du?

Diseinatu nahi den objektua pantailan azal dadin, aginduak eskatzen dizkigu DeskArtesek. Hasi, objektuaren neurrietatik hasten da: luzera, zabalera, koordenatu eta abarretatik. Dimentsioak zehaztuta, produktuaren ebakidurak, kurbak eta profilak grafikoki bil ditzala eskatuko diogu. Hortik oso segundo gutxitara pantailaratuko da gure agindu sorta.

Objektuaren lerro nagusiak begi aurrean ditugularik, gainazala, koloreak, argiak izango duen islada eta gainerako xehetasunak kontutan hartzen lagunduko digu DeskArtesek, artxiboetan propio gordetako ereduez baliatzerik izango dugu eta.

Diseinua amaituta dago jadanik. Pantailan azaldu zaiguna ez da azken produktuari gehien hurbiltzen zaion proiektua; produktua bera baizik. Irudi izatetik objektu izatera pasatzeko, jakina, mekanizazio-sisteman landu eta DeskArtesek eman dizkigun xehetasun guztiak ongi bete besterik ez dago.

SofLan eta diseinuaren merkatua

Indutri diseinuan gero eta produktu gehiagok du kabida. Surf-oholak ere zergatik era honetara diseinatu ez?

Oraingoz bi lagun, Jon eta Garbiñe ari dira SofLan enpresan, era guztietako zereginetan. Lanean hasi berriak dira eta arestian esan bezala, produkzio, gestio eta salmentaz arduratzen dira. Orain DeskArtes Estatu Espainol eta Hegoamerika osoan merkaturatzeko esklusiba lortu dutenez, makina bat joan-etorri egin beharko dute programa ezagutarazi eta bezeroak bilatzeko. Hortxe dute gainditu beharreko erronkarik handiena. Jon Fernandezek aitortu zigunez, misiolari-lana egitea tokatu zaie, “ programa eskaini eta saltzeaz gain, era honetako produktuen aurrean errezelo handia duen jendea hezi beharko dugu eta ”.

DeskArtesen merkatua zabala dela badakite; diseinu industriala egiten duten enpresak, produktuen publizitatea egin nahi dutenak eta, oro har, beren lanaren irudia saldu behar dutenak dira SofLan-en bezero izan daitezkeenak, baina horretarako merkatuak aurriritzi ugari baztertu beharko du.

Bestalde, aurten, diseinua, eredu baten analisia edo azterketa eta pieza baten eraikuntza, egun bakar batean egingo den ikastaroan burutuko da. Horrela, DeskArtes en bidez diseinuan aurrezten den denbora garbi ikusiko da.

DeskArtes lanean ikusi genuen. Pausoz pauso azaldu ziguten pantailan eta estazioaren barruan gertatzen ari zena. Gure aurrean marrazturiko bi lerroak forma hartzen eta diseinu zehatz ere bihurtzen ikusi genuen. Agurtutako lekutik isilik abiatu ginen, hitzik esan gabe. Handik metro gutxitara elkarri honakoa galdegin genion: “Zer iruditu zaizu?”

Erantzuna ere ia batera bota genuen.”Ez da lan erraza izango, baina, dudarik gabe, izango dugu elkarren berri gehiago”.

Irudiko katilua ordenadoreak automatikoki sortu du, lehenago irudikatutako lerroetan oinarrituz.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila