CD-ROMa hil da, gora DVDa!

Izenburu sinesgaitz samarra irudituko zaio askori, hain zuzen ere CD-ROMa oraintxe baitago unerik oparoenean, baina disko berriek, ahaltsuagoek, zaharkituta utziko dute CD-ROMa.

Informatikaren munduan teknologiaren eta berrikuntzen abiada beldurgarria da. CD-ROMa 1985ean jaio zen, 1990ean hasi zen gure artean ezagutzen eta gaur egun guztiz zabaldurik dago. Zabaltzeak merkatzea ekarri du: 1986an 370.000 pta/ /14.000 lib. balio zuen CD-ROM irakurgailuak, 1991n 150.000 pta./ /5.500 lib. eta gaur egun 30.000 pta./1.100 lib. inguru baino ez.

Soilik itxurari erreparatzen badiozu, beharbada ez duzu alde handirik sumatuko CD-ROM eta DVDren artean. Mamiari dagokionez, ordea, aldaketa handiak dakartza informazioa biltegiratzeko sistema berriak.

Gainera, hasierako irakurgailuen transferentzia-abiadura (datuak CD-ROMetik ordenadorera pasatzeko) txikia zen, 150 KB/s-koa (segundoko 150.000 byte), baina hor ere berehala hasi ziren hobekuntzak: 1995aren hasieran abiadura laukoitzekoak merkaturatu ziren, 1996aren hasieran abiadura zortzikoitzekoak eta urtearen bukaeran abiadura hamabikoitzekoak (1.800 KB/s). Baina teknologia berria kaleratzear dago, artikulu hau argitaratzen denerako kalean egongo da, gure hiriko edo herriko informatika-dendan salgai aurkitzeko beharbada oraindik hilabete batzuk pasatuko badira ere: DVD du izena disko berriak eta laster CD-ROMa bezain ezaguna izango da.

Zer da DVD hori?

Fisikoki CD-ROMa bezalakoa izango da, baina, adibidez, 133 minutuko filme bat eduki ahal izango du barnean eta Dolby Digital AC3 Surround soinu-kalitatea izango du (6 audio-pista); gainera, filmea 8 hizkuntzatan entzun ahal izango da (erabiltzaileak hautatuko du nahi duen hizkuntza). Ez hori bakarrik, filmearen zenbait sekuentziatan erabiltzaileak ikuspegia, ikuste-angelua alegia, aldatu ahal izango du. Hori guztia sartuko da DVDan ( Digital Video Disk , euskaraz “Bideodisko Digitala”); izatez, dentsitate handiko disko optikoa da DVD delakoa. Izen generikoa da eta hortik disko optikoen formatu-sorta bat garatuko da, hau da, letra-zopa berria izango dugu:

DVD-ROM a: datuak metatzeko diskoa, oraingo CD-ROMa bezalakoa, baina askoz edukiera handiagokoa. CD-ROMak 650 megabyteko edukiera du eta DVDak 4.700 megabyte gorde ahal izango ditu diskoaren alde bakoitzean, hau da, 9.400 megabyte guztira, CD-ROMa baino 14 aldiz gehiago, alegia; dena den, bi aldeko diskoa baino, alde bakarreko baina bi geruzako diskoa kaleratuko dela iragarri dute, 8.500 megabytekoa guztira, diskoari buelta eman beharrik gabe ibiliko dena. DVD irakurgailuen transferentzia-abiadura 4,69 MB/s-koa izango da, hau da, gaur egungo CD-ROM irakurgailurik azkarrenarena baino 2,6 aldiz handiagoa.

DVD-ROM irakurgailua ordenadorera konektatuko da eta, dirudienez, oraingo CD-ROMak ere irakurri ahal izango ditu (alderantziz ez, ordea: DVD-ROM diskoa ezin irakurriko da oraingo CD-ROM irakurgailuetan). Uste izatekoa da musikako CD arruntak ere irakurriko dituela. Alabaina, badirudi gaur egungo CD-R diskoak, adibidez Kodak Photo CD diskoak, ez dituela irakurriko, DVDak laser-kolore desberdina erabiltzen baitu.

DVD-Audio a: soinua gordetzeko bereziki prestatutako diskoa, gaur egungo musikako CDak bezalakoa, baina 5 ordu edo gehiagoko iraupenekoa.

DVD-Bideo a: filmeak gordetzeko bereziki prestatutako diskoa, gaur egungo bideo-zintak ordezkatu ahal izango dituena. Iragarri dutenez, DVD-Bideo irakurgailua telebistara konektatuta egongo da, orain bideo-zintak ikusteko magnetoskopioa konektatuta dagoen bezala. Gainera, DVD irakurgailuak musikako CDak ere irakurri ahal izango ditu, baina CD-ROMak eta DVD-ROMak ez. Eta, beti ere fabrikatzaileek eman duten informazioan oinarriturik, DVD-Bideo formatua ordenadorean ezin ikusiko da, hau da, filmeak ezin ikusiko dira ordenadoreko pantailan, bideo-deskodetzaile eta audio-deskodetzaile bereziak behar baititu, oso garestiak gaur egun.

DVD-R a: behin bakarrik graba daitekeen diskoa, gaur egungo CD-R diskoen ondorengoa. Dena den, badirudi disko-mota hau 1997 arte ez dela kaleratuko.

DVD-RAM a: askotan ezaba eta berridatz daitekeen diskoa. Iragarrita badago ere, oraindik garatze-fasean dago eta gutxienez bi urte joango dira horrelako diskoa kalean ikusi baino lehen.

Disko berriak bideo-diskoa izateko asmoz garatzen hasi bazen ere, aukera asko dituela ikusita, asmatzaileek izenetik Video hitza kendu eta Versatile hitzarekin ordezkatu dute: Digital Versatile Disk , beraz. Toshiba konpainia izan zen formatu berriaren sortzailea eta berehala elkartu zen antzeko proiektu batean ari ziren Philips eta Sony konpainiekin; hiru enpresa erraldoi horiez gainera, Pioneer, Thomson, Hitachi, Mitsubishi, Time Warner (filme-etxea) eta beste batzuk ari dira DVDa garatzen, sektoreko munduko enpresa nagusiak alegia.

CD-ROMaren eta DVDaren arteko desberdintasunak

Diskoaren egituran dago desberdintasun nagusia. Geruza bakarreko DVD diskoan informazio-puntuak bata bestetik gertuago daude CD-ROM diskoan baino: DVD irakurgailuak igortzen duen laser izpiaren maiztasuna handiagoa da, uhin-luzera txikiagokoa ondorioz —”meheagoa” alegia— eta zehatzago fokalizatzen da.

Hori dela eta, informazio-puntu gehiago sar daitezke azalera berean: informazio puntuak bata bestetik gertuago daude pista bakoitzean eta pistak ere hurbilago bata bestetik.

Geruza bikoitzeko DVD diskoak (8,5 GB) bi geruza ditu informazio gehiago metatu ahal izateko. Disko-mota honetan azpiko geruzaren gainean argi-izpia fokatu ahal izateko, tarteko geruza bat erabiltzen da laserra azpiko puntuetara bideratzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila