Burtsaren oinarrizko sekretuak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Gainbalio, igorpen-prima, dibidendu eta Dow Jones hitzak entzunak bezain ilunak dira askorentzat. Orain, hitz horien esanahiaz gain, burtsa zer den eta nola funtzionatzen duen jakin nahi duenak badu hori modu erraz eta argigarrian azaltzen duen liburu bat euskaraz. EHUko Enpresa-ikasketen eskolako Iñaki Heras irakasleak idatzi du. Burtsa. Finantza-ekonomiaren hastapenak da izenburua, eta Elhuyar Fundazioak argitaratu du.

Burtsaren oinarrizko sekretuak
2006/03/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Chicagoko burtsa.
mec

"Bilboko Burtsa 2,58 puntu igo da gaurko saioaren bukaeran eta indize orokorra 1.955,20 puntukoa izan da". "Tokion hasitako jaitsierak Europa osoan izan du segida". Komunikabide guztiek ematen diote tarte bat burtsari buruzko informazioari. Hainbeste interesatzen ote zaio, bada, jendeari? Arrunta ote da edonork burtsan partaidetzak izatea?

Erantzuna baiezkoa da; gaur egun ohikoa da edonork parte hartzea burtsan, nahiz eta oso ondo jakin ez merkatu hori zer den edo zertarako den. Iñaki Herasek bereziki horientzat idatzi du liburua, burtsaren funtzionamenduaren oinarriak ezagutzea lagungarria izango zaielakoan.

Izan ere, nahiz eta komunikabideek burtsaren berri ematen duten, lehen baino informazio gehiago eskura izateak ez du ekarri jendeak hobeto ezagutzea. Hala eta guztiz ere, gero eta inbertitzaile txiki gehiago daude. Iñaki Herasen iritziz, neurri batean, ez da harritzekoa, azkenaldian interes-tasak oso baxu baitaude. Gehienentzat, ez du merezi dirua banketxean sartuta edukitzea, eta aurreztutako diruari etekina ateratzeko aukera bat izan daiteke burtsan parte hartzea.

Ardiak, iragarpenak eta tximeletak

Burtsan inbertitzean, arrazoi ekonomikoek ez ezik, eragile psikologikoek eta soziologikoek ere eragin handia dute jendearengan. Adibidez, inguruko lagunek burtsan dirua badute, eta irabazten ari direla esaten badute, ondokoari ere burtsan parte hartzeko gogoa pizten zaio. Eta hori oso ohikoa da gure inguruan.

Herasen ustez, ordea, kontuan izan behar da jendeak erraz esaten duela irabaziak izan dituela, eta, aldiz, isildu egiten dela galerak dituenean. Halaber, oroitzapen txarrak ezabatzeko eta garai onez gogoratzeko joera duenez gizakiak, burtsaren ikuspegi distortsionatua izateko arriskua dago.

Hona hemen 'tximeleta efektuaren' adibide bat: New Yorkeko burtsa hozten denean, Europako burtsek doministiku egiten dute.
artxibokoa

Adituek ere aztertzen dute burtsako inbertitzaileen jokabidea, eta, aldagai psikologikoak duen garrantziaren adierazgarri, badira hainbat esapide. Horietako bat da 'artaldearen jokabidea', eta horixe ikertu zuten, besteak beste,

Mallorcako Azterketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuko Victor Eguiluz errenteriarrak eta Martin Zimmermann-ek.

Ikerketa hura Nature zientzia-aldizkarian argitaratu zuten, eta oso ezaguna egin zen. Fisikan erabiltzen den metodologiaz azterketa bat egin zuten, eta ikusi zuten esamesak direla finantza-merkatuen sustatzaile nagusietakoa. Nonbait, broker-ek informazio-pila izaten dute, ia denentzat berdina, eta horrek animalia-talde baten antzeko jokabidea izatera bideratzen ditu inbertitzaileak; ondorioz, burtsaren gorabeherak ez dira ausazkoak.

Beste esapide ezagun bat self-fulfilling prophecies da, alegia, esate edo egite hutsagatik betetzen diren profeziak. Herasen liburuan azaltzen da horren adibide bat. Azken urteetan, inbertsio- eta pentsio-funtsek sekulako dirutza mugitzen dute finantza-merkatuetan. Funts horietako bakoitza akzioz osatuta dago, eta milaka partaide txikiren ekarpenak biltzen ditu.

Duten indarra aprobetxatuz, ordea, funtsek tranpa egiteko aukera dute. Aditu-talde batek esaten badu funts jakin batek gora egingo duela, partaideak hara mugitzen dira. Ondorioz, akzioen prezioa igo egiten da, eta, beraz, esate hutsagatik profezia bete egiten da.

Iñaki Heras, EHUko Enpresa Ikasketen Eskolako irakaslea, eta Burtsa Finantza-ekonomiaren hastapenak liburuaren egilea.
A. Galarraga

Eta beste arlo batzuetan erabiltzen den 'tximeleta-efektua' esapidea ere guztiz baliagarria da burtsan sarritan gertatzen den fenomeno bat izendatzeko. Horren haritik, esan ohi da New

Yorkeko burtsa hozten denean Europako burtsek doministiku egiten dutela. Are gehiago gaur egun, informatikak posible egin baitu burtsak elkarri lotuta egotea 24 orduz eta jarduera etengabea izatea.

Epe luzera...

Nolanahi ere, eragile horiek guztiak eta beste asko ere badirela kontuan hartu gabe, jendeak burtsan inbertitzen du; Herasen iritziz, gehienetan espekulatzeko asmoz. Epe motzean etekinak ateratzeko helburuarekin, jendeak akzioak erosten ditu, gero erosi dituen baino garestiago saltzeko, eta, hala, erosketa- eta salmenta-prezioaren arteko diferentzia eskuratzeko.

Hala ere, hori ez da burtsan parte hartzeko modu bakarra. Beste batzuek dirua jartzen dute akzioetan, eta hor uzten dute bi urtez, hiru-lau urtez... Hori da burtsan inbertitzeko modu klasikoa. Eta horixe egitea gomendatzen dute, hain justu, adituek. Haien esanean, burtsa da epe luzera etekin handiena ematen duen inbertsioa.

Diruari zukua atera nahian sartzen dute dirua burtsan inbertitzaileek.
artxibokoa

Alabaina, Herasek zalantzak ditu horren inguruan. Izan ere, zenbat

denbora da epe luzea? Liburuan ematen du erantzun bat: "Ekonomian, jakina da zer den epe luzea: esandakoa egia bihurtzeko behar den adina denbora, ez gutxiago ez gehiago". Eta Keynes ekonomilari ospetsuak esandakoa aipatzen du ondoren: "epe luzera denok hilda".

Beste inbertitzaile batzuek zuzenean egiten dituzte inbertsioak, Internet bidez. Epe motzean etekinak ateratzeko asmoa izaten dute, eta, horretarako, apalankatu egiten dira. Liburuko hiztegian azaltzen den moduan, inbertitzaile baten zorpetzea da apalankamendua. Inbertitzaile batek akzio bat edo beste finantza-produktu bat erostean, erosketaren balio osoa edo parte bat zorretan utzi duela adierazteko erabiltzen da termino hori. Inbertitzaile batzuk asko arriskatzen dira, eta berea ez duten dirua maileguz eskatzen dute, akzioak erosteko.

Horretan garrantzi handia du adinak. Topikoa dirudien arren, normalean bete egiten da, eta, zenbat eta gazteagoa izan inbertitzailea, orduan eta arrisku handiagoz jokatzen du, eta alderantziz. Argi dago, bai, soziologiak eta psikologiak lotura estua dutela finantza-ekonomiarekin, baina baita politikak ere.

Berezko logika

Burtsa nondik nora joango den asmatzeko, hainbat eredu garatu dituzte zientzialariek. Baina ia ezinezkoa da eredu perfektua lortzea.
artxibokoa

Burtsaren gorabeherak aztertzeko eta asmatzeko, hainbat teknika eta eredu garatu dituzte zientzialariek. Kaosaren teorian, estatistikan, probabilitatean eta beste hainbat teoria matematikotan oinarritzen dira ereduok, eta, horiek erabilita, burtsa nondik nora joango den iragarri nahi izaten dute adituek.

Alabaina, hainbeste aldagai izan behar direnez kontuan, ia ezinezkoa da eredu perfektua lortzea. Are gehiago aldagai horietako batzuk ezin direnean aurreikusi. Esate baterako, gerrek, atentatuek... sekulako eragina dute burtsan, eta askotan ezin dira aurreikusi. Nork asma zezakeen 2001eko irailaren 11n eraso hura gertatuko zela New Yorken? Hori gutxi balitz, pertsona bakar baten erabakiak ordura arteko joera iraul dezake. Zer gertatuko litzateke Bushek politika ekonomikoa bat-batean aldatuko balu?

Ezegonkortasuna burtsaren berezko ezaugarrietako bat da. Ekonomia errealarekin lotura badu ere, sarritan zaila da igartzen lotura horren logika. Askok esaten dute burtsak bere logika duela, eta horren arabera funtzionatzen duela. Eta, zenbat diru mugitzen duen aintzat hartuta, komeni da funtzionamendu horren oinarriak ezagutzea. Egin kontu: finantza-merkatuetan 21 bilioi dolar mugitzen dira, hau da, mundu osoko merkataritza-merkatuetan baino 50 aldiz gehiago. Beste era batera esanda, munduan dagoen lagun bakoitzeko 3.500 bat dolar mugitzen dituzte finantza-merkatuek. Bada zerbait.

50
Zer da...?
Hona hemen Burtsa. Finantza-ekonomiaren hastapenak liburuan azaltzen diren definizioetatik gutxi batzuk:
Burtsa: Enpresen akzioen salerosketan espezializaturiko kapitalen merkatua da.
Akzioa: enpresa baten kapitalaren zati proportzionala. Burtsan enpresen akzioak salerosten dira, eta akzioak erosten dituzten pertsonek hainbat eskubide ekonomiko (...) eta hainbat eskubide politiko (...) jasotzen dituzte.
(Argazkia: -)
Dow Jones: AEBetako burtsaren adierazlea, dudarik gabe, munduko famatuena. (...) Adierazle honek 30 industria-balore hautatu hartzen ditu barne (...). --Beste adierazle ezagun batzuk badira: Espainiako Burtsako IBEX-35, Frantziako CAC-40 eta Japoniako Nikkei 225--.
Crash: Kotizazioak hondoratzen direnean edo zerraldo erortzen direnean gertatzen dena, burtsako saio batean edo saio batean baino gehiagotan. Udazkenean, urrian zehazki, gertatu izan dira crash ospetsuenak: 1929ko urriaren 24an (Ostegun Beltza, mendeko krisirik handiena), 1987ko urriaren 19an (Astelehen Beltza), eta, gertuago, 1989. eta 1997. urteetan.
Kontratazio-bolumena: Burtsako egun bakoitzean salerositako titulu-kopurua, baloreen likidezia adierazten duena. Balio bat oso likidoa izango da, baldin eta balio hori burtsan asko kotizatzen bada (...). Balio baten kontratazioak gora egiten badu, horrek esan nahi du inbertitzaileak gehiago fidatzen direla balio horretaz.
Txitxarroa: Burtsako hizkerako esamoldea, oso zabaldua, fidagarriak ez diren baloreak, ospe txarrekoak eta lurrunkortasun handikoak izendatzeko balio duena (...).
New Yorken, arrain-saltzaileen modura
Bilboko Burtsa da Euskal Herriko handiena. 1890ean sortu zen, eta, hasieratik, zerikusi handia izan zuen Euskal Herriko ekonomiaren, industriaren eta finantza-jardueren nondik norakoarekin. Hala, bideak eskaini zituen garai hartako ontzi-konpainiak, ontziolak, merkataritza-enpresak eta banketxeak finantzatzeko.
Mundu mailan, ordea, New Yorkeko Burtsa da ospetsuena, inolako zalantzarik gabe. Zineman ere azaldu izan da, eta denei egiten zaie ezaguna broker-en irudia, erabat estresatuta, salerosketak deiadarka eginez.
(Argazkia: easyscreen)
1990eko hamarkada arte, horrela gurutzatzen ziren salerosketak burtsa guztietan, ahoz. Madrilen, adibidez, inbertitzaileak korrotan biltzen ziren, eta erdian salerosketak jasotzeko mahai bat izaten zen. Salerosketak sektoreen arabera antolatzen ziren korrotan. Sektore bakoitzeko salerosketak gurutzatzeko hamar minutu izaten ziren; salerosle-taldea desegin eta gero, ezin ziren titulu horiek saldu edo erosi, burtsako hurrengo saiora arte.
Nazioartean, oraindik erabiltzen da salerosketak ahoz egiteko mekanika, baina ia toki denetan etengabeko merkatua nagusitu da. Etengabeko merkatuan salerosketak sistema informatikoen bidez egiten dira. Saltzeko eta erosteko aginduak ordenagailu bidez ematen dira, eta merkatuko egoera ordenagailuetako pantailetan azaltzen da, etengabe eta modu jarraituan.
Baina beti dago salbuespen bat, eta New Yorkeko Burtsa da salbuespena, kasu honetan. Izan ere, munduko burtsarik garrantzitsuena den merkatu horretan, negoziazioa ez da sistema elektronikoen bitartez egiten, baizik eta ahoz, Nasdaq merkatuan izan ezik.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
218
2006
3
046
Giza zientziak; Enpresa

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group