Burdina, metal preziatua

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zergatik estimatzen dugu hainbeste burdina euskaldunok? Herri honi lotuta mendeak daramatzalako agian, edo meatik erauzteko egin behar diren lanek nortasun berezia ematen diotelako; zaila da esaten. Kontua da ez dela lehengai soila, denborak itxitako ateak irekitzeko giltza ere bada, Agorregiko burdinolaren kasuan bezala.

Burdingintzak Euskal Herrian duen eta izan duen garrantzia ez du inork zalantzan jartzen. Bai gaur egun eta baita aurreko bi mendeetan ere euskal ekonomiaren euskarrietako bat izan da, ezbairik gabe. Zeharka bada ere, labe garaiek oso arlo desberdinetan eragin dute: lurralde-antolakuntzan, gizarte-mugimenduetan eta abar. Batek baino gehiagok burdinak euskaldunen izaera lantzen lagundu duela ere esango du.

Baina burdingintzaren historia ez zen labe garaiekin hasi Euskal Herrian, askoz ere lehenagotik dator. Aurretik burdinoletan erauzten zen burdina, eta lehenago haizeoletan.

Haizeolen eta burdinolen teknika funtsean bera zen arren, burdinoletan ekoizpen handiagoa lortzen zen, erreketako eta ibaietako uraren indarra erabiltzen baitzuten hauspoak mugitzeko, eta, hala, hauspoek botatako haizeari esker, labean tenperatura altuagoa lortzen zen. Haizeoletan, aldiz, beren besoen indarrez eragiten zieten hauspoei olagizonek; ondorioz, hauspoei eragitean erabilitako indarraren araberakoa zen labeko tenperatura.

Burdina purua lortu behar

Burdina naturan oso ugaria den arren, gehienbat oxido eran (burdin mea) aurkitzen da; horregatik, burdinoletan erredukzio-erreakzio bat erabili behar izaten zen burdina purua oxigenotik eta gainerako elementuetatik banatzeko. Erreakzio horretan erreduktorea karbono monoxidoa zen, eta hauspoek emandako airearekin ikatza berotuz lortzen zen.

Zer izango litzateke hiria burdinarik gabe?

Kimikaren aldetik ez da prozesu sinplea. Ikatzaren karbonoak aireko oxigeno-molekulekin erreakzionatzean karbono dioxidoa sortzen da. Erreakzio hau oso exotermikoa da, hau da, bero asko askatzen du. Karbono dioxidoak karbonoarekin erreakzionatzen du eta karbono monoxidoa lortzen da. Karbono monoxidoak erreduktore bezala jokatzen du: burdin oxidoak erreduzitu eta burdina purua ematen du.

Burdinoletan erabiltzen zen burdin mea hematitea (Fe 2 O 3 ) zen gehienbat. Baina zaila da hematitea guztiz erreduzitzea, horregatik, magnetitaren (Fe 3 O 4 ) eta wüstitaren (FeO) arrastoak agertzen dira gainerako ezpurutasunekin batera. Burdin oxido horiek metal purua lortzeko tarteko erreakzioetako produktuak direlako agertzen dira.

Olagizonek birrindu egiten zuten burdin mea labean sartu aurretik; hala, erreakzio-azalera handitzen zuten eta karbono monoxidoa errazago iristen zen oxidora. Ondoren, egur-ikatza eta birrindutako mea labean sartzen ziren nahasian.

Erreakzio-andana hori gertatzeko, ezinbestekoa zen labean tenperatura altuak lortzea, zalantzarik gabe. 1.400 ºC ingururaino berotzen zuten labea, burdinaren urtze-tenperaturatik (1.538 ºC) gertu, eta bospasei orduz tenperatura horretan mantentzen zen. Horretarako, etengabe ikatza gehitu behar izaten zuten. Horregatik, ikatzaren hornikuntzan arazoak izanez gero, lan egiteari utzi behar izaten zion burdinola askok.

Agorregiko burdinola Pagoetako natur-parkean dago, Aian.
E. Arrojeria

1.100 ºC-tik gora burdina ez beste konposatu guztiak urtu egiten dira. Hori aprobetxatzeko, zeharzuloa zuten labeek, urtutako ezpurutasunak labetik kanpora ateratzeko. Hala azalduta burdina eta ezpurutasunak banatzeak erraza dirudi, baina, tamalez, labeko tenperatura ez zen homogeneoa izaten eta zenbait ezpurutasun (zepa) burdinari itsatsita geratzen ziren, agoa osatuz. Burdina purua zepatik askatzeko, agoa mailuaz kolpatzen zuten.

Zergatik burdina?

Metalgintzaren historian izugarrizko iraultza ekarri zuen burdinak, baina ez zen egun bateko kontua izan. Gainera, burdina erauzteko oso tenperatura altua behar denez, eta tenperatura hori luzaroan mantendu behar denez, teknologia oso aurreratua eskatzen zuen metalgintzaren alorrean.

Burdina erauztea lortu zenean, ordura arte ezagutzen zen metalik gogorrena eskuratu zen. Horregatik, ez da harritzekoa erromatarrek Euskal Herriko zenbait mea ustiatu izana, Erromako inperioaren oinarrietako bat burdina baitzen. Halaber, erromatarrek ekarri zizkioten gure herriari aurrerapenik handienak burdingintzari dagokionez. Baina aurretik, K. a. VI. menderako, euskaldunek erauzten omen zuten burdina, ustez zeltek irakatsita.

Burdinoletan ur-jauziak egiten zituzten uraren indarrez hauspoak eta mailua mugitzeko.
E. Arrojeria

Burdingintzan gertatutako aurrerapenak Europan barrena etortzen ziren. Teknika berriak ikaragarri azkar zabaltzen zirela ikusi da, kontinente osoan aurkitutako aurrerapenen aztarnarik zaharrenak ia garai berekoak baitira. Baina teknologiaren hedatze hartan bada salbuespen deigarri bat: XV. mendean labe garaia zabaldu zen. Burdina erauzteko metodo berritzaile honen bitartez etekin handiagoa lortzen zen, baina Euskal Herrian ez zuten teknika hori bereganatu behar ez zutelako. Pentsa, ia kontinente osoan labe garaia erabiltzen zen arren, Euskal Herrian beheko labea erabiltzen jarraitu zuten XIX. mende arte.

Burdingintza tradizionalari eusteko arrazoi sendoak zituztela pentsa daiteke. Horietako bat ekoizten zen burdinaren kalitatea zen. Euskal Herrian oso lehengai egokiak zituzten: Somorrostro inguruko meatzeetan burdin askoko mea edo minerala erauzten zen, % 60 inguru burdina zuena; gainera, erregai bezala erabiltzen zen egur-ikatza paregabea zen, pago-egurretik ateratakoa gehienbat, eta hori gutxi balitz, burdina kanpora garraiatzeko portuak burdinoletatik gertu zeuden eta euskal itsasgizonak eskarmentu handikoak ziren.

Hala eta guztiz ere, labe garaia sartu zenean, burdinolek lan egiteari utzi zioten, burdingintza tradizionala galdu egin zen eta denborak arrastoak ezabatu egin zituen pixkanaka.

Agorregiko burdinola

Gure historiaren garai garrantzitsu hura hobeto ezagutu nahian, burdinoletako langintza berreskuratzeko ahalegina egin da. Horretarako, burdinola ugari katalogatu eta zaharberritu dira. Horrelakoa da Aiako Agorregi burdinolan Arkeolanek eginiko lana.

Agorregiko burdinolari buruzko dokumenturik zaharrena XV. mendekoa den arren, gaur egun berrituta ikus daitekeen eraikina XVIII.ekoa da. Berreskuratzeko prozesuan hasierako lana datu-bilketa izan zen, noski; izan ere, dokumentazioa eta testu historikoen azterketa izan ohi dira arkeologiaren oinarria. Baina Arkeolaneko lan-taldea pauso bat aurrerago joan zen Agorregin: burdinola martxan jarri eta, antzinako metodoari jarraituz, burdina erauztea lortu zuten. Lan-mota horri arkeologia esperimentala esaten zaio, eta Agorregin erabilitako programa lan-eredu bihurtu zen nazioarteko arkeologia esperimentalean.

Agorregin burdina antzinako eran erauztea lortu zuten.
M. Urteaga

Dokumentazioaren ondorengo lana lehengaiak lortzea izan zen. Baina, nola lortu garai batekoak bezalako egur-ikatza eta burdin mea? Zortea alde izan behar, zalantzarik gabe. Mea hondoratutako itsasontzi batetik hartu zuten; ontzi hori Oria ibaiaren bokalean agertu zen eta, dirudienez, Somorrostrotik zetorren Agorregi eta inguruko beste burdinolak hornitzera. Egur-ikatza, berriz, Zerainen ikazkinen langintza berreskuratzeko egin ziren saioetatik eskuratu zuten.

Aldi berean, eraikina berritu eta ubideak, anteparak, etab. garbitu behar izan ziren. Guztia prest zutenean burdina erauzteko saioei ekin zieten. Baina prozesua eta tresneria guztia ez zegoenez zehatz-mehatz deskribatuta, saiakuntza bat baino gehiago egin behar izan zituzten, proba bakoitzeko akatsak zuzentzeko hobekuntzak eginez.

Agorregikoa ezohiko burdinola zela konturatu ziren. Agorregi izena Agorria-tik dator; ingurune lehorra zela adierazten du toponimo horrek. Eta seguruenik inguruko erreken ur-emari aldakorrari zor dio izena. Hauspoak martxan jartzeko segundoko hogei litro ur behar dira, ordea, eta mailua mugitzeko gehiago. Ur-emari aldakor hari aurre egin nahirik, hiru urtegi eta bi aldaparo ditu burdinolak, teknologia eta arkitektura oso bereziak XVIII. menderako.

Azterketa hidrogeologikoa egin zen burdinolaren bideragarritasuna ikusteko. Hala jakin zuten maiatzetik irailera martxan jartzeko nahikoa lan izaten zutela, eta neguan ere, euria sarri egin ezik, burdinola gelditu egiten zela. Beraz, Agorregiko burdinolak ez zuen arrakasta handirik izan burdina egiteko orduan, baina ondare baliotsua da gaur egungo arkeologoentzat eta historiazaleentzat.

Burdin Aroa

Burdina erauzteak iraultza ekarri zuen metalgintzara Brontze Aroan, ordura arte ezagutzen zen metalik sendoena, brontzea, baino gogorragoa baitzen. Burdina erabiltzeak zituen abantailak ikusirik, burdingintza erraz zabaldu zen. Eta Brontze Aroak Burdin Aroari egin zion leku.

Burdin Aroaren sorrera Asia Txikian kokatzen da K. a. 1200 urte aldera, Troiako gudaren garaian gutxi gorabehera. Hala ere, oraindik ez dago garbi non eta noiz erauzi zen burdina lehenengo aldiz. Badirudi burdina erauztea leku desberdinetan eta aldi berean lortu zutela, hala nola, Europan, Asia Txikian eta Txinan.

Afrikan ere K. a. V. menderako burdina erauzteko gai ziren herri asko; horretarako, haizeola txikiak erabiltzen zituzten.

Indian ere indar handia hartu zuen burdingintzak, eta Antzinateko burdin-ekoizle handienetako bat izan zen; horren adierazgarri, Delin K.a. 400. urteko burdinazko zutabe bat dago.

Ordutik hona burdinak ez du protagonismorik galdu eta gaur egun ere gehien erabiltzen den lehengaietako bat da. Hala begiratuta nork esan lezake Burdin Aroa amaitu zenik?

Burdinaren madarikazioa

Sisiforen Kondairak dioenez, harri handi bat mendi-tontorreraino igotzera kondenatu zuten Sisifo jainkoek eta hartan saiatzen zen bakoitzean harria mendi-magalera erortzen zen behin eta berriro.

Halako zerbait gertatzen da burdinarekin ere: burdin oxidoetatik abiatuta burdina purua lortzen den arren, berriz ere oxidatzeko joera dauka. Oxidoa burdina purua baino egonkorragoa delako gertatzen da hori.

Burdina airearekin edo urarekin kontaktuan herdoildu egiten da, burdin atomoek oxigeno-atomoekin lotzeko joera dutelako burdin oxidoak osatuz.

Madarikazio horri aurre egin nahirik, garai hartan hainbat aleazio probatu zituzten, burdina beste sustantzia batzuekin nahastuz nekezago herdoiltzen ziren metalak lortzeko.

Gaur egun, burdinazko tresna eta objektuak margotu, koipez igurtzi edo plastikoz estaltzen dira airearekin edo urarekin kontaktu zuzenik izan ez dezaten. Burdina babesteko beste era bat errazago oxidatzen den metal batekin kontaktuan jartzean datza.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila