Botikak zein ordutan?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Giza bizitza, odol-mailen aldakuntzan, jariaketan eta barne-substantzien eta botiken metabolismoan eragina duten erritmoz erregulatzen da.

Erritmo biologiko horien ezagutzak zenbait eritasunen diagnostiko zehatzagora eraman gaitzake. Askotan, medikamentuen hartzea erritmo batekin nahas daiteke eta ezusteko ondorioak eduki.

KURAREaren eragina, muskulu-erlaxatzaile bezala, azkarragoa da egunez gauez baino, antzeko dosiak injektatzen badira. Lasaigarri gisa erabiltzen den LORAZEPAM botika, gehiago zurgatzen da goizeko zazpiak aldera. ASPIRINA azkarrago eliminatzen da gernuan gaueko hamaiketan goizeko zazpietan baino. Alergikontrako askok eraginkortasun txikiagoa dute, baina iraupen luzeagoa ordea, goizean hartzen badira. Onddoek sortutako eritasunak tratatzeko erabiltzen diren botikak eguerdian hartzen direnean, giltzurrunarentzat ez dira kaltegarriak.

Datu guzti horiek laguntza handia eskaintzen diote terapeutikari, pertsona bakoitzaren ezaugarri bereziak ere kontutan eduki behar diren arren. Unerik aproposena aukeratzerakoan, ordua ezezik janaria eta edariekin eduki ditzakeen interferentziak ere hartu behar dira kontutan: zurgatzen den botika-kopuru eta abiadurari dagokionez batez ere, KETOKONAZOL antifungikoa eta TETRAZIKLINAK adibidez, jatorduez kanpo hobeto zurgatzen dira.

Zurgapenaz gain, elikagai batzuek eragin negatiboa dute zenbait botikarekiko. Beste kasu batzuetan, ordea, interakzio edo elkarrekintza positiboa izan daiteke: sulfamidak, adibidez, hobeto zurgatzen dira janari koipetsuekin batera hartzen direnean. Edariei dagokienez, esnea ez da oso egokia: ez litzateke hartu behar antiazidoekin; ezta tetraziklina edo bestelako antibiotikoekin ere.

Ura da benetan kaltegabekoa edo, askotan, onuragarria; lehengai aktiboen disoluzio-abiadura azkartzen du, bestelako gaiek (potasioaren gatzek edo zenbait antiinflamatoriok) sortzen duten hestegorriko suminkortasuna baretzen du eta beste ahotiko forma farmazeutiko guztiekin batera eman daiteke.

Alkoholak ere, gai medikamentoso askotxoren zinetika eta metabolistmoa nahas dezake. LITIOAK alkoholari zor zaion eszitazio eta narritadura txikiagotzen ditu, baina KAFEINA edo ANFETAMINAK ez dira gai bere eragin deprimitzaile ezabatzeko. Edari alkoholikoek ekintza edo eragin ezberdinak dituzte, segun eta zein botikarekin nahasten diren: DIAZEPAM lasaigarriaren eta PENIZILINAREN zurgapena txikiagotzen duten bitartean, ERATORRI NITROGENODUNen eta zenbait BENTZODIAZEPINArena handiagotu egiten dute.

Behin eta berriro alkohola ahoratzeak sortzen duen urdail eta hesteetako suminkortasun-egoerak zenbait ANTIPARASITARIOren hestean zeharreko iragapena errazten du.

Ikusi ditugun adibideek erakusten digutenez, botika edo medikamentua erabat eraginkorra izan dadin aldi berean zein elikagai eta edari hartzen diren eduki behar da kontutan, biorritmoez batera, eta guzti horien gainetik medikuaren aginduak eta botikariaren aholkuak bete.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila