Bolumen handiko birziklapena

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Hiriko hondakin solidoen artean handienak etxetresna elektrikoak eta altzariak izan ohi dira. Kasu askotan, batzuentzat hondakin bihurtu denak nahikoa ditu konponketa txiki batzuk, beste batzuentzat baliagarri izateko; edo hondakin horiei bestelako etekinen bat ateratzea posible da; eta, batzuetan, beharrezkoa da hondakin horiei tratamendu berezi bat ematea, poluitu nahi ez bada behintzat. Horretaz guztiaz arduratzen da duela hilabete batzuetatik Bizkaiko Berziklatu sozietatea.

Bolumen handiko birziklapena
2007/07/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Hiriko Hondakinen Kudeaketarako Bizkaiko II. Plan Integralak 2005-2016 urteetarako duen helburu nagusia da Bizkaiko hiri-hondakinen balio materialari eta energetikoari ahalik eta etekin handiena ateratzea, isurketa saihesteko (0 isurketa). Plana arrakastaz hasi da, eta dagoeneko gainditu dira Europako zabortegiei buruzko direktibak 2009rako ezarritako helburuak.

Hiritarren ahaleginari esker, bilketa selektiboak eta birziklapenak gora egin dute --2006an % 33,23 birziklatu zen, eta beste heren bat erraustu egin zen--. Aldaketa nabarmena da: 2003an Bizkaian ekoitzitako zabor guztiaren % 68,8k zabortegietan amaitzen zuen; 2006an, berriz, % 34,4koa izan zen ehuneko hori.

Eta, 2016rako jarritako helburuetara iritsi ahal izateko, beste hainbat ekimen gauzatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Horietako bat da bolumen handiko hondakinez arduratuko den Berziklatu sozietatea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garbiker enpresa publikoak eta Emaús Bilbao eta Rezikleta sozietate kooperatiboek sortu dute Berziklatu, Europa mailan arlo publikoaren eta hirugarren arloaren artean sortu den lehen sozietate mistoa --irabazi-asmorik gabeko erakundeek osatzen dute hirugarren arloa--.

Proiektuaren helburua bikoitza da: batetik, Bizkaian ekoizten diren bolumen handiko hondakinak kudeatu, sailkatu, berrerabili, birziklatu eta baliaraztea; eta, bestetik, bereizkeria-egoeran edo horretara iristeko arriskuan dauden pertsonak lanean eta gizartean integratzea.

Material guztia sailkatu egiten da, gero bakoitzari bere tratamendua emateko.
Berziklatu

Horretarako, ia bost milioi euro inbertitu dituzte zentro berrian. 3.600 m 2 -ko pabiloi bat da, eta eguzki-energiaz baliatzen da. Pabilioi horretan, hondakinak sailkatzeko eta prozesatzeko hainbat ekipamendu dago: birringailu automatizatu bat, bereizgailu magnetiko bat, kargarako hiru zinta, atzeranzko hondeamakina balioaniztun bat, trinkotzaile bat, eta abar. Gainera, aparailu elektrikoak eta elektronikoak konpontzeko gune bat du, eta baliarazte-lerro bat ere bai.

Zentroa Ortuella udalerrian dago, Bilbo metropolitarraren eremuan --lurraldeko biztanle gehien bizi den eskualdean--, eta hondakinak kudeatzeko beste azpiegitura batzuetatik hurbil --Orconerako biltegia eta BTB, Bizkaiko eraikuntza eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioa--. Horri esker, instalazio eta zerbitzu batzuk biek aprobetxatu ahal izango dituzte.

Joan den apirilaren 16an jarri zuten martxan, eta oraingoz 13 pertsona ari dira lanean. Hala ere, 30 pertsonarentzako lana izango dutela aurreikusten dute, eta horietako 20 bereizkeria-egoeran edo horretarako iristeko arriskuan dauden pertsonak izango direla.

Sailkapena eta tratamendua

Jasotako bolumen handiko hondakinak etxez etxe edo kalean bildutakoak nahiz garbiguneetatik ekarritakoak izan daitezke. Material hori, lehenik eta behin, sailkatu egiten dute, berriz erabiltzeko modukoak direnak eta ez direnak bereiziz. Berriz erabiltzeko modukoak direnak konponketa-tailerrera pasatzen dira, eta, han, konpondu, garbitu eta berriz saltzeko egokitzen dira, gero bigarren eskuko objektu gisa saltzeko.

Berriz erabiltzeko moduko materiala konpondu eta saltzeko egokitzen da.
Berziklatu

Aitzitik, berriz erabiltzeko modukoak ez diren hondakinak sailkatu eta birrintzegunera pasatzen dira. Baina hondakin-motaren arabera tratamendu bat edo beste jasotzen dute. Alde batetik etxetresna elektrikoak daude, eta haiek lerro zurikoak (hozkailuak, garbigailuak, eta horrelakoak) edo lerro marroi eta grisekoak (telebista, bideoa...) izan daitezke. Bada, CFCrik gabeko lerro zuriko etxetresnak garbitu eta desegin egiten dira birrindu baino lehen; CFCa dutenak, berriz, biltegiratu egiten dira, gero tratamendu-instalaziora bidaltzeko. Eta lerro marroiko eta griseko etxetresnekin ere gauza bera, sailkatu eta biltegiratu, gero tratatzeko.

Bestalde, altzarien zura dago. Kasu horretan, zur garbia eta zikina --pinturak eta bernizak dituena-- bereizten dira. Garbia birrindu egiten da, aglomeratua egiteko fabrika batera bidaltzeko. Zikina, aldiz, birrindu eta papertegietara bidaltzen da, han energia lortzeko erabil dezaten. Azkenik, gainerako hondakinak (lastairak, sofak...) birrindu eta baliarazte energetikorako erabiltzen dira.

Berziklatuk, Europako eta estatuko legeria betetzen laguntzeaz gain, ingurumen-kalitatea hobetzen ere lagunduko du, substantzia arriskutsuak isurtzea saihestuko baitu. Bestalde, bolumen handiko hondakinak berrerabiltzea sustatuko du, eta, hala, produktu berriak egiteko lehengai eta erregai gutxiago kontsumitzea ere eragingo du, zeharka. Gainera, ingurumen-helburuekin batera, helburu sozialak eta ekonomikoak ere biltzen ditu, eta, beraz, jarduera jasangarrien adibide on bat da.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
3
233
2007
7
038
Birziklatzea; Ingurumena
Artikulua
52

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.