Bizitza belar-itsasoan

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologiako katedraduna

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Telebistan behin eta berriro ikusi ditugu sabana afrikarreko irudiak: ugaztun-talde amaigabeak larreetan barrena, bazka bila, etengabeko migrazioan. Horien antzekoak ziren garai bateko estepak, klima hotzagoetan garatzen diren larreak, bertan biltzen baitziren munduko ugaztun ugarienetako batzuk: bisonteak, gazela mongoliarrak, basazaldiak eta abar. Gaur egun, munduko estepa gehienak desagerrarazi egin ditugu, baina zenbait leku urrunetan oraindik suma daiteke ekosistema horien behinolako aberastasuna. Ikus dezagun, bada, zer diren eta nola funtzionatzen duten.
Mongoliako ekialdeko estepa, munduan geratzen den onena. Bertan, oraindik belar ugari da, urik ez denez, ez baita ez jenderik ez etxe-aziendarik.
A. Elosegi

Ipar Amerikan barneratutako lehen kolono espainiarrak han ikusitakoarekin harrituta geratu ziren. Lehenik eta behin, ehunka kilometrotan hedatzen ziren oihan trinkoak aurkitu zituzten, beren sorterriko artadi kaskarren oso bestelakoak. Oihan horiek zeharkatzen asteak eman eta gero, gizona baino garaiagoa zen belardi amaigabea topatu zuten. Hain zen trinko eta garaia, ezen norabidea erabakitzeko zaldiaren zela gainean zutik paratu behar izaten baitzuten. Mendebaldera joan ahala, berriz, landaredia gero eta motzagoa eta bakanagoa zen, baina belardia ez zen horregatik amaitzen.

Halako zabaldiak deskribatzeko belar-itsasoaz hitz egiten zuten. Hitz honek ezin hobeki adierazten du estepetan arrotzak sentitzen duena: olatuen gisako muinoez gain, deus gutxi ikusiko duzu bertan, eta, kezkatuta, hurrengo 'irla' (erreka bat, herriska bat, mapan koka dezakezun edozein leku) aurkitzeko gai izanen ote zaren galdetuko diozu zeure buruari. Bertan egunak ematen badituzu, ez harritu agorafobiak, marinelek itsasoan dutenaren antzeko itolarriak, erasotzen badizu.

Belardi epelen izena lekuaren arabera aldatzen da: estepa, pradera, prairie, temperate grassland, pampa, veld... Horiek guztiak, ordea, ekosistema-mota berberean sar ditzakegu, antzeko egitura eta funtzioa baitute. Nik estepa hitza erabiliko dut, berau baita munduan zabalduena, eta horrela argi geratzen baita ez garela gizakiak sortutako belardiez ari.

Banaketa eta ingurunea

Estepak latitude ertainetan, klima kontinentala duten lekuetan, hedatzen dira, hots, ozeanoen eraginetik urruti geratzen diren eskualdeetan, kontinente handien erdialdean, edo mendikate handien euri-itzaletan. Munduko estepa handien eta jarraiena Eurasiakoa da, Hungariako Zabaldi Handitik Txinaraino iristen baita, iparraldera taiga siberiarra, eta hegoaldera Asiako basamortu handiak dituela. Neurriz hurrengoa Ipar Amerikako Arro Handian dago, Mexikotik Kanadara, eta hirugarrena panpa argentinarra da. Horiez gain, estepa txikiagoak ere badaude, Hegoafrikan edo Australian, esate baterako.

Estepen banaketa.

Ozeanoetako epeltasunetik urrun, estepekoa da munduko klima muturrenekoa: neguak oso hotzak eta udak oso beroak izaten dira, eta egunetik gauera ere aldea handia izan daiteke. Esate baterako, Mongoliako estepan neguan maiz samar iristen dira -40 °C-ra (-58 °C-ko minimoa izan zuten 1976an), eta udan aisa igarotzen da 40 graduz goiti; 80 graduko aldea, alajaina! Negu hain hotz eta luzeekin, landareek 5-7 hilabete besterik ez dute garatzeko, eta horrek eragin handia du floran.

Muturreko tenperatura gutxi balitz, euri gutxi egin ohi du estepetan, 200 eta 700 litro tartean, basoak garatzeko gutxiegi. Hori bai, gehiena udan botatzen du, landareek behar duten garaian, gainerakoan basamortua nagusituko bailitzateke. Dena den, aldizka lehorte gogorrak gertatzen dira, urtetik urtera prezipitazioak nabarmen aldatzen baitira; lehorte horien ondorioz, are zailagoa da estepetan bizirik irautea.

Estepetako lurzoruak sakonak eta materia organiko askokoak izan ohi dira, nekazaritzarako aproposak. Askotan loess metakinak dira lur hauen jatorri. Ingurunea zenbat eta idorragoa izan, lurzoruan orduan eta materia organiko gutxiago eta kare gehiago izan ohi da, eta pH basikoagoa. Lur azpiko uren maila gertu den lekuetan, berriz, lurzoru gaziak izaten dira, ura lurruntzean lur azalean geratzen baita disolbaturik zegoen gatza. Hortaz, mota askotako lurrak aurkitzen ahal dira zabaldiotan.

Egitura eta dinamika

Hegatxabal arrunta bezalako txori graniboro txiki ugari bizi dira estepetan.
A. Elosegi

Estepetan landare belarkarak dira nagusi, eta zuhaitzik apenas ageri da, ez bada ibaiertzetan. Belarren artean gramineoak dira ugarienak, baina konposatuak, lekadunak eta beste talde askotakoak ere ugariak dira, eta udaberrian 60 espeziez goiti lora daitezke zenbait estepatan. Belar gehienek sustrai sakonak dituzte ura ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.

Basoen eta basamortuen artean kokatzen dira estepak, eta beren egiturak gradazio hori ere islatzen du: zenbat eta klima hezeagoa izan, larre trinkoagoak eta garaiagoak dira. Horrela, baso epelen mugetan bi metroko altuera duten belardi sarriak hazten dira, eta beste muturrean, berriz, zentimetro gutxiko belarrak eta sastraka bakanak besterik ez. Zehaztu ere ez da aisa zehazten esteparen eta basamortuaren arteko muga.

Esan dugunez, urtetik urtera asko alda daiteke eguraldia, eta ondorioz, leku bateko landaredia ere nabarmen aldatzen ahal da. Lurrean makina bat hazi eta erraboil egoten dira sorraldian, eta unean uneko baldintzen arabera batzuk edo besteak hozitzen dira; ondorioz, paisaia etengabe aldatzen da.

Prezipitazioekin batera, noski, estepen emankortasuna ere aldatu egiten da leku batetik bestera, baina, batez beste, urteko eta metro karratuko 500 gramo materia organiko inguru ekoitzi ohi dira. Ekoizpen horren erdia baino gehiago sustraietara bideratzen da, hor biomasa handia behar baita negua igarotzeko eta udan ura eskuratzeko. Aipatu dugun ekoizpena baso epeletakoaren erdia baino gutxiagokoa den arren, gehiena belarra da, eta basoetan, berriz, gehiena zura izaten da. Hortaz, herbiboroek askoz bazka gehiago izaten dute, eta ugariagoak dira estepetan basoetan baino.

Estepetako animalia askok erauntsiak oso urrutitik suma ditzakete, eta euriak berdetutako larreetara jotzen dute bazka bila.
A. Elosegi

Mota guztietako herbiboroak aurkitzen dira, matxinsaltoa bezalako intsektuetatik bisonteen gisako herbiboro handietara. Horietako batzuek udan bakarrik jarduten dute, eta negua lozorroan edo arrautzetan igarotzen dute; beste batzuek neguan latitude egokiagoetara migratzen dute; eta beste batzuk, berriz, urte osoa estepan emateko gai dira. Eta, nola ez, harrapakinak dauden tokian harrapariak ere ugariak dira, intsektu, narrasti, hegazti zein ugaztun.

Herbiboroek eta suteek sekulako eragina dute estepen dinamikan. Uda-amaieran belar gehienak ihartu egiten direnez, tximistek su asko pizten dituzte. Suteok azalera handiak erre ditzakete, baina belar gehienei kalte gutxi egiten diete, horien kimuak lurpean babesten baitira. Aitzitik, zuhaitzen adamuskak kiskali egiten direnez, suak basoaren hedapena eragozten du. Antzeko eragina dute herbiboro handiek, kimuak janez zein hankapetuz baso-mugak atzeratzen baitituzte. Horrenbestez, ehiztarien erruz herbiboroak desagertu diren toki askotan basoak larreei lekua kendu die eta artzantza gailendu denetan, berriz, basoak atzera egin du.

Landareak ez ezik, estepetako animalia gehienak ere suteei aurre egiteko moldatuta daude: asko lurpean ezkutatzen dira, beste batzuek suaren aurrean ihes egiten dute, eta, azkenik, ornogabe askok sua jasan dezaketen arrautzak edo erresistentzia-faseak dituzte. Kaltegarriagoa izan daiteke neguan elur-lapasta zopatzen duen giro epelaren ondoren hotzaldi luze bat etortzea, orduan elur hezea izoztu egiten baita, eta goseak herbiboro handi asko hiltzen baitu, hormapeko belarra ahoratu ezinik.

Estepako bizidunak

Ekosistema gehienetan bezala, estepetako ekoizle garrantzitsuenak landareak dira. Zuhaitzik ezean, landare belarkarak eta sastraka txikiak dira nagusi.

Belar motzeko estepetan bizi dira marmotak eta negua lozorroan igarotzen dute.
A. Elosegi

Belarren artean gramineoak dira ugarien, herbiboroen presioari aurre egiteko ezin hobeki moldatu baitira. Beste landare askok ez bezala, gramineoek kimuak eta hazkunderako ehunak lurpean babesten dituzte, eta, hostoak jaten badizkiete ere, laster batean hosto berriak garatzeko gai dira, sustraietan metatutako erreserbei esker. Beste zenbait gramineo (espartzua, adibidez) jateko oso eskasak dira, hostoetan silizezko kristalak baitituzte. Kristal horiek ezin dira digeritu, eta, gainera, herbiboroen hortzak gastatzen dituzte. Gramineoez gain, landare konposatu eta lekadun asko dago estepetan. Gainera, larre hezeenetan urteroko espezie ugari dago, baina, leku gogorrenetan udaberria hotza eta idorra denez, ez dute aukerarik izaten, eta sastrakak gailentzen dira.

Ornogabeak ere oso ugariak izaten dira. Tximeleta, erle eta liztor batzuk landareentzako ezinbesteko polinizatzaileak dira. Beste asko herbiboroak dira, eta horien artean matxinsaltoak ikusten dira gehien. Azkenik, harrapari ugari izan ohi da, armiarma, kakalardo edo sorgin-orratz.

Baina ikusten diren ornogabe horiez gain, beste askoz gehiago, herbiboro, karniboro zein detritiboro, lurpean bizi dira, bertan baitago landareen biomasa eta ekoizpenik handiena. Detritiboro ezagunenak zizareak izan daitezke, baina nematodoak, intsektu kolenboloak edo akaro oribatidoak, ikusten zailagoak izan arren, ikaragarri dentsitate altuetan ageri dira. Dena den, larreetako bereizgarria den ornogabe-taldea aukeratzekotan, koprofago edo gorotz-jaleak hartu beharko genituzke. Izan ere, ungulatu handiak hain ugariak direnez, estepa osoa kakaztuta geratzen da. Koprofago-espezie ugari dira, baina horien artean kakalardoak eta euliak dira nagusi, eta gorotzetan dauden mantenugaiak birziklatzeko garrantzi handia dute.

Munduko estepa asko gehiegi ustiatu dituzte abeltzainek. Larre motz honetan gero eta soilgune gehiago nabari da. Argazkia ateratzean, termometroak eguzkitan 60 ºC markatzen zuen. Bai, badakit tenperatura beti itzaletan neurtu behar dela, baina zer zentzu du horrek ehun kilometroko bueltan itzalik ez badago? Bizidunak, hain zuzen, eguzkitan egotera behartuta daude.
A. Elosegi

Bestalde, estepako hegazti ugari dago. Alde batetik, txori graniboro txikiak ditugu, gehienak kolore arrekoak, eta bereizten nahiko zailak: hegatxabalak, kutturlioak, pirripioak eta abar. Zuhaitzik ez denez, habia lurrean egin ohi dute, eta lurraldea markatzeko kantua sastraka baten puntatik, edo, maizago, hegan ari direla egiten dute. Horrela, hegatxabalak minutuak pasa ditzake kantuan, biraka hegan ari den bitartean.

Espezie handixeagoak dira galeperrak, eperrak, gangak, eta hainbat usapal. Hegazti handien artean kurriloak, basoiloak edo Hego Amerikan ñanduak ditugu. Estepako harrapari tipikoenak, berriz, mirotzak dira. Horiek hegakera azkarra dute, belarra ia ukituan, eta izututa hegatzen diren txoriak harrapatzen zeharo iaioak dira.

Harrapari handiagoak ere badira, noski, hala nola zapelatzak edo estepa-arranoak, ugaztun txikiak harrapatzen dituztenak, eta saiak, batez ere herbiboro handien gorpuak baliatzen dituztenak.

Estepetan ohikoak diren hegazti horiez gain, beste espezie ugari ere badago. Alde batetik, erroia eta mika ditugu, nonahi moldatzen diren oportunistak; bestetik, tundrako espezie ugari (skua, elur-hontza...) estepetan ere bizi dira, ziur aski bi ekosistema horien egitura antzekoa delako; eta nola ez, klima idorra izan arren, zabaldi handi horietan badira ibaiak eta putzuak ere, eta horien inguruan makina bat antzara, ahate eta zangoluze bizi da.

Larre-txakurra bere zuloaren atarian, argazkilariari susmo txarra hartu eta zelatan. Zulo inguruko pezoiak eurieetan ura sartzea eragozten du.
A. Elosegi

Ugaztunei dagokienez, herbiboroen dentsitatea eta dibertsitatea oso handiak dira estepetan. Bi talde dira ugarienak: lurpean ezkutatzen diren karraskariak eta hausnartzaile handiak. Lehen taldean hainbat sagu-espezie, pikak ( Ochotona ), lur-urtxintxak, larre-txakurrak eta marmotak ditugu. Bigarren taldean, Eurasiako saiga antilopea eta gazela mongoliarra, Ipar Amerikako bisonte eta antilope amerikarrak, edo Hego Amerikako guanakoa daude.

Horiek guztiak garai batean kopuru ikaragarrietan biltzen ziren, eta euriekin batera migratzen zuten. Milaka kilometroko ibilaldiak egiten zituzten urtean zehar. Egun, ordea, beren habitat gehiena nekazaritzarako eraldatu da, geratzen diren larreak hesiz beteta daude eta ehiztarien presioa handia da. Horren eraginez, herbiboroen dentsitateak asko egin du behera. Izan ere, apenas geratzen dira estepa onak munduan. Mongoliako ekialdea da salbuespenetako bat, eta han oraindik gazelak 50.000 burutik gorako taldeetan biltzen dira migrazio-garaian. Nola ez, ungulatu-talde horien atzetik harrapariak ere ibiltzen dira, bereziki otsoak eta koioteak.

Esan bezala, ugaztun txiki gehienak lurpean ezkutatzen dira. Batzuk (sagu gehienak eta pikak) urte osoan esna egoten dira, eta negu gogorrari aurre egiteko udan bazka pilatu behar izaten dute. Hala ere, espezie haien populazioek gorabehera handiak izaten dituzte, negu zein jasa gogorrek animalia asko hiltzen baitituzte.

Munduko estepa guztietan ugaztun ugari izaten dira. Mara izenekoa Patagonian bizi da.
A. Elosegi

Beste ugaztun txiki askok, lur-urtxintxak eta marmotak bereziki, negua lozorroan igarotzen dute. Horiek belar motzeko estepan soilik bizi dira, harrapariak urrutitik bistatu ahal izateko, normalean ahaidez osatutako kolonia txikietan. Larre-txakurrek, berriz, kolonia erraldoiak era ditzakete: Texas-en 40 milioi larre-txakurreko kolonia bat izan omen zen, 60.000 km 2 -ko azalera hartzen zuena. Galeria-sistema oso konplexuak eratzen dituzte, ikusten diren sarrerez gain, ezkutuko zenbait irteerarekin. Sarreren inguruan pezoi bat eratzen dute, zuloa putzu bihur ez dadin. Noski, hain animalia ugariak eragin handia du estepan. Alde batetik, ungulatu handiek ez bezalako dieta duenez, landaredian eragina du; horrez gain, egiten dituzten zuloek lurra aireztatzen dute eta mantenugaien birziklapena azkartu; gainera, animalia askoren bazka nagusia dira (hudoak, arranoak, koioteak), eta beste animalia asko larre-txakurrek utzitako zuloetan bizi dira.

Gizakiaren eragina

Gizakiak betidanik izan du eragina estepetan. Pleistozenoko glaziazioetan, klima idorragoa izaki, estepek lehorraldearen ia erdia estali zuten, eta garai hartako jende gehiena estepetako fauna handia ehizatzetik bizi izan zen. Horrela, hainbat zaldi- eta bisonte-espezie suntsitu ziren azken glaziazioaren ondorengo aldaketa klimatikoekin, baina ziurrenik ehiztarien erruz, neurri batean bederen.

Gazela mongoliarra, belar-itsasoko nabigatzaile trebea, oraindik ere 50.000 buruz gorako taldeetan biltzen da, Mongolia ekialdeko zabaldi amaigabeetan barrena migratzeko.
A. Elosegi

Neolitoan, berriz, nekazaritza eta abeltzantza munduko zenbait lekutan bateratsu sortu ziren, eta ia beti estepen inguruan. Klimak, nonbait, eragin zuen janariak bermatzeko sistema horien sorreran.

Eurasiako estepan beste aldaketa oso garrantzitsu bat zaldia hezitzea izan zen, horrek ehizarako gaitasuna izugarri emendatu baitzuen. Hain zuzen, Asiako estepetako biztanleek, nahiz eta teknologikoki oso aurreratuta ez egon, Mundu Zaharreko zibilizazio handiak kolokan jarri zituzten milaka urtetan. Gogoratu, bestela, hunoek erromatarrei pasarazitakoak, edo magyareek Europa ekialdean lortu zuten indarra. Munduan inoiz existitu den inperiorik zabalena ez zen erromatarrena edo txinatarrena izan, Ghengis Khan-en ondorengo mongolena baizik. Horrek agian uzten du hain xumeak diruditen aurrerakuntzak (zaldia eta uztaia) zeinen garrantzitsuak izan ziren.

Dena den, estepentzat Atila baino kaltegarriagoak izan ziren nekazariak. Izan ere, estepa hezeetan bederen, lurra nekazaritzarako bikaina izaten da, eta egun gehienak garisoro edo artasoro bilakatu dira. Eskualde idorragoetan, berriz, abeltzaintza izan da jarduera nagusia, eta horrek maiz arazo handiak ekarri ditu, larreak gehiegi ustiatu baitira. Kontuan har dezagun estepetako hausnartzaile gehienak migratzaileak direla, eta aziendak beti leku berean edukiz gero, lurra galtzeko arrisku handia izaten dela. Asiako hainbat estepa, Estatu Batuetako mendebaldeko asko eta Hegoafrikako gehienak gehiegi ustiatuta daude, Bardeetako lur elkorren antzera. Kalte larriak gertatzen dira, halaber, hesien erruz, basafaunaren mugikortasuna asko murrizten baitute; izan ere, une latzetan babesgune egokiak aurkitzea ezinezkoa baita ugaztun handientzat.

Munduko estepa gehienak nekazaritzaren mesedetan desagertu dira. Horrekin batera, estepetako espezie asko galtzen ari dira. Badira, dena den, nekazarien artean ongi moldatzen diren espezieak, eta horietako batzuk (kutturlioa, besteak beste) asko zabaldu dira. (Argazkia: A. Elosegi).

Amaitzeko, zenbait lekutan larre berriak sortu dira, basoak mozteari eta su edo aziendei esker. Horietako asko ditugu, esate baterako, Euskal Herrian, eta batzuetan mendeak daramatzate egoera beretsuan. Izan ere, suari, aziendari eta segari esker estepa naturaletako dinamika isla daiteke, eta, gorotza zabalduz, emankortasun handia lor daiteke. Larre artifizial horiek estepekin duten antzaren seinalerik argiena da horietan estepetako bizidun ugari aurkitzen ahal direla. Noski, ugaztun basati handirik ez da bertan bizi, eskala handiko migrazioak ezinezkoak baitira. Baina soroetako hegazti, karraskari eta ornogabe asko estepetan oso ohikoak dira.

Biodibertsitatearen krisia dela eta, asko hitz egiten da basamortuen hedapenaz edo oihan tropikalen galeraz. Dokumentaletan maiz azaltzen dira goi-mendiak eta sabanak. Estepez, berriz, inor gutxi gogoratzen da. Ekosistema hauek oso kaltetuta ditugu, eta ezinbestekoa da egoera on samarrean geratzen diren bakanak lehenbailehen babestea, eta kaltetuta geratu direnetako batzuk berreskuratzea. Naturak eskain ditzakeen ikusgarri batzuk (bisonteen migrazioa, esate baterako) berreskuratzeko bide bakarra dugu.

Bisonte amerikarra

Belardi epeletako animaliarik ezagunena bisonte amerikarra da ( Bison bison ). Zortziehun kilotara irits daitekeen erraldoi hau ehunka milako taldeetan biltzen zen, eta Ipar Amerikako estepetan barrena migratzen zuen. Kolono europarrak hara iritsi zirenean, 60 milioi bisonte inguru zeuden, eta ziurrenik hura zen munduko hausnartzailerik ugariena. Ordura arte bisoien harrapari nagusiek, Amerikako indiarrek, ez zuten kalte handiegirik egiten, larre zabalotan oso zaila baita ehizakira hurbiltzea.

Bisonte amerikarra.
A. Elosegi

Europarrek, ordea, bi arma beldurgarri ekarri zituzten: zaldia eta su-armak. Hasieran jateko behar zutena besterik ez zuten harrapatzen, baina 1830etik aurrera ehizaldi planifikatuei ekin zieten, larruak saltzeko, eta, era berean, indiarren baliagai nagusia ahitzeko. Horien eragina berehalakoa izan zen: egun bakar batean milioi-laurden bat larru sal zitezkeen azoketan, eta hirurogei urteren ondoren ehunka batzuk bisonte besterik ez ziren geratzen, gehienak zooetan.

1895ean, ordea, bisonteen ehiza galarazi egin zen, eta animaliak berriro ere mendian askatzeari ekin zitzaion. Gaur egun 50.000 bisonte basati baino gehiago geratzen dira, hainbat erreserbatan barreiatuta. Inoiz ez ditugu berriro ikusiko behinola ortzemuga estaltzen zuten eta ibiltzean trumoiaren orroa ateratzen zuten talde erraldoi haiek, nekazari eta abeltzainek estepa gehienak guztiz eraldatu baitituzte. Baina, oraingoz behintzat, bisonte amerikarra desagertzeko arriskutik kanpo dago.

Przewalski zaldia

1878an, espedizio batean Gobiko basamortua esploratzen ari zen Przewalski koronelak zaldi basati batzuk ikusi zituen. Berria zabaldu bezain laster, munduko zoo garrantzitsuenak horien bila abiatu ziren, baita zenbait zaldi-behor harrapatu ere. Aguro ohartu ziren ez zirela basati bihurtutako zaldi arruntak, beste espezie bat baizik, eta kromosoma-kopuru desberdina zutela. Ordurako oso zaldi basati gutxi geratzen zen, eta, ehizaren eraginez, populazioak behera egin zuen.

Przewalski zaldi basatien taldea.
A. Elosegi

Azken zaldi basatia 1969ean ikusi zen. Baina geroago, munduko zooetan barrena zeuden basazaldi bakanekin ugalketa-programa garrantzitsu bat hasi zen. 1992an, giltzapeko populazioa ehun zalditik gorakoa zenean, haietako batzuk Mongoliako estepetan askatu ziren. Gaur ia 200 zaldi-behor dira bertan, eta otsoek urtero zenbait moxal hiltzen dituzten arren, populazioa pixkanaka gora doa. Orain kezka nagusia odolkidetasuna murriztea da. Hori lortuz gero, estepetan gakoa den espeziea berreskuratzea lortuko litzateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila