Bigarren trenbide transiberiarra

Orain dela gutxi inaguratu berria da Sovietar Batasunean trenbide berri eta luzearen lehen zatia. Trenbideak 3.000 km. izango ditu.

Orain dela gutxi inaguratu berria da Sovietar Batasunean trenbide berri eta luzearen lehen zatia. Trenbideak 3.000 km. izango ditu eta izotz iraunkorren gainean Ekialdeko Siberia zeharkatuko du. Munduko lurralderik aberatsenetakoak daude han. Izan ere mineral eta erregai-kantitate ikaragarriak aurkitu dituzte.

Hori dela eta, Sovietar Batasunak zibilizaioa eraman nahi du bi milioi urteko denboraldiaren ondoren Ekialdeko Siberiak dituen lurralde izoztuetara. Arkeologoek iragarri dutenez, Yakut-eko taiga urrutietan Harri-aroko zibilizazioa ba omen zen duela bi milioi urte. Yakut aldea hain zuzen, Munduko lurralderik hotzenetakoa da; neguan -40°Cko tenperaturak egon ohi dira eta zolua beti izoztua dago 1.500 metroko sakoneraraino.

Baliabide handiak

Baina sobietarrek, Yakut aldeko taiga aberatsa menperatzeko projektua burutzen ari dira. Izan ere arkeologoek ez-ezik, geologoek ere egin dituzte aurkikuntza baliagarriak. Diotenez, 88 bilioi tona ikatz eta 7,7 milioi tona burdina daude han; munduan ezagutzen diren baliabidetan %10a gutxi gorabehera. Trenbide berriaren iparraldean gas pilo ikaragarriak daude, eta gorago berriz urrea eta diamanteak.

Trenbide berriaren (BAL deitzen diote: Baikal-Amur Linea) lehen zatian Nagorny herria da puntu nagusia. Han, aire zabaleko meategi ikaragarrian 13 milioi tona ikatz ari dira ateratzen urtero. Inguru haietan burdin mea ere ugari dago eta urtero 9 milioi tona tratatzeko fabrika eraiki dute. Indarretxe termiko batek bestetik, metalurgi fabrikak energiaz hornituko ditu.

Udokan inguruan kobre asko dago. Sovietar Batasuneko meategirik aberatsenak zalantzarik gabe. Baina ez hori bakarrik: titanioa, burdina eta beste zenbait metal ugari dago han. Baina metal horiek lantzeko hain beharrezko den ikatza ere ez da falta. Kholdomi ibarrean berriz, eztainu, zink, kobre, berun, wolframio, bismuto eta molibdenoa aurkitu dituzte. Metal hauek lantzeko, Baikal lakura doazen ibaietako energia hidroelektrikoa erabiliko dute. Angara ibaian eta Ust-Ilmsky-n indarretxeak eraikiak dituzte.

Trenbide berriaren bukaeran (Ekialdeko muturrean) ikatza ugari dago eta industria kimikoa garauko dute; zurgintzarekin zerikusia duena batipat.

BAL projektua burutu dutenek diotenez, oraindik ere mineral asko dago alderdi haietan deskubritzeko. Priokhoyte inguruan, burdina, fosforita, eta metal ez ferrikoak daudela pentsatzen dute. Baina batez ere zura han dago. Sovietar Batasunak du munduan zurik gehiena eta BAL trenbideak hartzen dtuen lurraldetan 4 bilioi metro kubiko zur daudela kalkulatzen dute. Dena dela, alderdi haiek munduko hotzenetakoak dira eta zuhaitzei asko kostatzen zaie haztea. Kontu handia izan beharko dute beraz taiga ustiatzerakoan.

Horiek kontutan harturik, Ekialdeko Siberiak lehengaiak merke eta ugari hornituko dizkio industria sovietarrari. Baina baita Ekialdeko industria kapitalistari ere.

Oraingo Transiberiarra gainera, zaharkitu samarra eta beteegia dago. Bestetik, mineral-tokietatik urruti doa, txinarren mugatik hurbil, eta gerra izanez gero, oraingo trenbidearen segurtasun falta begibistakoa da.

Kremlin-go arduradunentzat, BAL projektua Mendebaldeko Siberiak dituen petrolio- eta gas-piloak baino garrantzitsugoa da. Mendebaldeko tegi hauetatik dator Europa kapitalistara hain zuzen Reagan lehendakariak hainbeste gorrotatzen duen gasbidea.

Trenbide berriaren linea nagusia bukatutakoan, taigaren ustiapenerako bigarren inbertsioaldia hasiko da. Ez dira gainera ahaztekoak trenbide berri honi ipiniko dizkioten adarrak eta izango dituen elektrifikazio-projektuak.

Sovietarrek BAL en plangintza honetan, 1,5 milioi kilometro karratu hartu dituzte (Britainia Haundia adinako zazpi) eta dagoenekoz milioi bat pertsona ari da lanean lurralde haietan.

Projektuaren oztopo nagusiak

Zientzi Akademia Sovietarra, hasiera-hasieratik aritu da lanean BAL projektuan. Lurralde latz haietan, injinerutza alorrean izandako herebiziko oztopoak gainditzen Saiatu dira. Trenbide berriak izan ere, zazpi mendikate zeharkatzen ditu. Horretarako bederatzi tunel luze ebaki dituzte izotz iraunkorretan eta 126 zubi zabal eraiki dituzte neguan izoztu eta udaberrian gainezka egiten duten ibai gainetan. 700 milioi metro kubiko lur garraiatu dituzte jadanik - 40°C eta + 40 °C bitarteko tenperatura duten alderdi haietan.

Bi izan dira projektua burutzerakoan aurkitu dituzten buruhauste nagusiak: izotz iraun korrak eta lurrikarak. Ekialdeko ia Siberia osoan izan ohi dira lurrikarak: ehundik gora urtero. Eta astinaldi txikiek ere honda ditzakete izotz iraunkorrak, barrura ura sartu eta bigunduta. Mende honetako 60. hamarkadan, Olekma ibaiako zubiaren zimenduek hiru lurrikara handi (Richterren eskalan 9koak) jasan zituzten. Lurrikara bakoitzean lau metro zabaleko zuloak sortu ziren eta 5 km.ko matxurak aurkitu zituzten. Sismologoek ziotenez, 100 tonako harri-puskak aideratu omen ziren.

BAL projektuan ari direnentzat beste oztopo bat lurrikaren estatistikarik eza da. Beraz, lehen gertatu ziren lurrikara handien epizentrua aurkitzeko sistema berrien premia izan dute. Lur-zoluaren egiturak dituen deformaziotan oinarriturik, lurrikaren mapa osatu ahal izan dute. Horri esker, punturik arriskutsuenak saihestu egin dituzte trenbidea diseinatzerakoan.

Baina hala ere tsar-en garaiko Lehen Trenbide Transiberiarrean baino zailtasun handia goak dituzte BAL honetan. Izoztz iraunkorrak guztiz sakonak bat dira. Yakut inguruan 1.500 metrora dauden harkaitzak beti izozturik aurkitzen dira eta gezurra badirudi ere, injineruek izotz iraunkorrak oso Bustokoak dituzte, baldin eta urtzen ez badira behintzat.

Trenbidea egiterakoan lur-kantitate handiak erabiliz gero izotzak urtu eta putzu sakonak sortzen dira. Horregatik trenbidea izotzezko ezponda gainean doa eta izotza babestearren (eguzki-izpiak isladatzearren) harriz estali dituzte ezpondak.

Hotz eta beroaldiak, etsai gogorrak dira zubientzat ere. Ekialdeko Siberia ibaiz josia dago eta udaberritan izotzak urtutakoan sekulako uholdeak izaten dituzte. Zubiak beraz, zimendu sendo eta sakonetan tinkatu behar izan dituzte.

Hala ere lanik zailenetakoa Kodar mendien azpiko eta Severo-Musik arteko tunela ebakitzea izan da. 15 kilometro ditu tunelak eta 1979. urtean istripua izan zen, mendebaldetik ari ziren langileek antzinako ibai baten ubidera erori zirelako. Ur berozko iturriak ere aurkitu zituzten izotzen artean eta tunela bertan behera uzteko zorian egon ziren. Baina berriro ekin diote lanari, nahiz eta tuneletik orduoro 30.000 metro kubiko ur hustu behar izan. Injinerutza zibilak inoiz izan duen lanik zailenetakoa dela diote, eta 1986. urtean bukatuko duten esperantzatan dira. Bitartean, 53 kilometroko trenbidea egina dago mendiaren inguruan trenak ibil daitezen.

Oztopoak oztopo Siberiako ondasunak Ekialdeko Ozeano Barerako bidean hasiak dira. Han, Vostochny-n, injineru sovietarrak beren itsasporturik handiena eraikitzen ari dira. Handik, zura, ikatza, metalak eta material landuak esportatuko dituzte Europara.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila