Napoleonek, Egipton egon zen garaian, ez zuen besterik buruan. Suezko kanala eraikitzea otu zitzaion, eta bere ingeniari eta zientzialariak bidali zituen posible ote zen kalkulatzera. Datuen arabera, Itsaso Gorria Mediterraneoa baino 10 metro altuago zegoen, eta horrek Napoleonen ametsak zapuztu egin zituen guztiz. Uraren mailan horrenbesteko aldea egoteak kanala esklusaz betetzea eskatzen zuen; baporeak maila batetik bestera pasatzeko azpiegitura gehiegi. Eta obra handiegia zela aitortu zuen Napoleonek.
Gero konturatu ziren ingeniariak bi itsasoen mailan benetan ez zegoela horrenbesteko desberdintasunik. Negrelli ingeniari austriarrak frogatu zuen 80 cm-ko aldea baino ez zegoela. Horrek asko erraztu zituen kanalaren lanak, baita azkartu ere: berehala jarri ziren lanean Ferdinand Lesseps frantzesaren esanetara.
Ingeniari europarrak buru zirela, eta langile egiptoarren izerdiaz, kanala 10 urtetan amaitzea lortu zuten. 163 kilometroko zuloa egin zuten Mediterraneoan hasi eta Suezko golkoraino, bidean azaltzen ziren aintzira handiak aprobetxatuta. Halaxe zeharkatu zuen kanala lehenengo baporeak 1867an. Azkeneko ukituak eman, eta bi urte geroago egin zuten irekiera ofiziala. Estreinuan Lesseps ingeniari frantziarra eta Napoleon III.aren emaztea pasatu ziren lehenik, eta, atzean, beste ehunka bapore; Egiptokokoak, Europako herrialde gehienetakoak, eta beste asko. Izan ere, Afrika eta Asia banatu zituen kanalak, baina Europa eta Asia gerturatu zituen.
Hain zuzen ere, kanala eraikitzen hasi zirenean konturatu ziren mende asko lehenago ere egiptoarrak saiatu zirela antzeko bide bat irekitzen. Karbono-14aren probak erakutsi zuen Kristo aurreko XIX. mende inguruan jadanik lotu zituztela Suezko golkoa eta Nilo ibaiaren ekialdeko adarra.
Gerora ere hainbat dinastia egiptoar saiatu zen lan horretan. Izan ere, nazioarteko merkataritzaren bihotza zen Egipto. Munduko itsas bide garrantzitsuenen lotura egiten zuen, eta ikusi zuten kanala beharrezkoa zela beste herrialdeekin harreman komertzialak mantentzeko. Baina faraoi guztiek antzeko arazoak izan zituzten kanala eraikitzeko: zuloa egin arren, ur-korronteek lurra higatzen zuten eta azkenean hareak estali egiten zuen kanala.
Menes faraoiaren garaian, arazo hori sahiestearren, ubidea egurrez eta erretxinez estaltzen saiatu ziren. Gero harria ere erabili zuten: hondoa eta alboak estaltzeko harrizko blokeak ezarri zituzten. Baina azkenean arazoa berriz ere gailentzen zen. Lehenengo saiakerak hasi eta handik 38 mendera kanal egonkorra lortu zenean, hormak zementoz estali zituzten.
Zailtasunak zailtasun, kanalak 5.000 kilometrotan murriztu zuen europarren ohiko bidea. Hainbat hileko buelta egun bakar batzuetan egitera pasa zen, eta horrek herrialde askoren helburu bihurtu zuen kanala. Batez ere Ingalaterrarena, frantzesen esku geratuz gero beraiek Indian zuten pribilegioa galduko zuten beldur baitziren.
Baina, orduan, frantzesek porrot egin zuten prusiarren aurkako gudan, eta, sortutako gastu itzelei aurre egiteko, Suezko kanalaren akzioak jarri zituzten salgai. Agintari egiptoarrek ere, gobernu zarrastelaren okerrak ordaintzeko, 1875an salmentan jarri behar izan zuten beren zatia. Ingalaterrari galdetu zioten akzioak nahi ote zituen, eta, zalantza-izpirik gabe, baiezkoa eman zien harek.
Benjamin Disraeli orduko lehenengo ministro ingelesak 4 milioi urrezko libera lortu zituen denbora errekorrean, egun batetik bestera kanalaren akzioen gehiengoa eskuratuta. Kanalaren etorkizuna Ingalaterraren esku geratu zen erabat, eta halaxe egon zen Indiatik eta Egiptotik guztiz alde egin zuen arte. Izan ere, nazioarteko trafikoaren arteriarik garrantzitsuenetakoa zen Suezko kanala garai hartan.