Zer esanik ez, astronomia ez da inoiz bere praktikotasunagatik interesgarriak izan diren eremuen artean egon. Gainera, EEBBetako Lurraren inguruko espazioaren azterketarako egitarauak ere etenaldia jasan du Challenger aren istripua gertatu zenez gero. Orain lau hilabete dela ikuspegi ezezkor hau zertxobait argitu zen, errebote baten ondorioz besterik izan ez bazen ere.
Jakina denez, joan den udaberrian Gorbatxov eta Reagan-ek burutu zuten gailurrean ez zen aurrerapenik egin arma nuklearren murrizketa edo galaxietako gerraren egitarauaren etendurari dagokionean; baina, aldiz, kanpo-espazioaren azterketa eta helburu baketsuetarako erabilerari buruzko hitzarmen bat sinatu da, astronomiaren mesederako.
Hitzarmenak bost arlotara eraman nahi du bi potentzien lankidetza:
Bost eremu hauen inguruan hamasei proiekturen lerroak egin dira, horietako lauk Martitz-ekin zerikusia dutelarik. Azken hauen asmoa oro har, Martitz-eruntz bidali behar diren misioen gaineko lankidetza, lortutako datuen elkarraldatzea eta planeta gorrian espazialuntzi bat lurreratzeko leku egokienaren bilaketa dira. Lan guzti hauen azken helburua, gainera, epe ertainean gizakia Martitz-era eramatea litzateke.
Izenburuan adierazi nahi izan den bezala, hau ez da planeta gorrirantz zuzentzen den lehenengo saioa. Sobietarrek nahiz iparramerikarrek zenbait espazialuntzi jaurtikiak dituzte, planetaren inguruan orbitatzeko eta Phobos eta Deimos bere satelite bakarren argazkiak ateratzeko zein bertan lurreratzeko. Misio sobietarrek ez zuten arrakastarik lortu azken helburuarekiko; Mars 3 untzia Martitzen kokatu arren kontaktua bigarren minutua bete baino lehen galdu bait zen. Iparramerikarrek aldiz, 1975ean jaurtikitako Viking misioko bi espazialuntzien bidez lurreratzea eta laginak analizatzea lortu zuten. Geroztik mota honetako proiektuak erabat baztertuak egon dira hamarkada batez, sobietarrek berreskuratu dituzten arte.
Belaunaldi berri honetako lehenengo bi espaziluntziak joan den uztailean abiatuak dira egun gutxiko aldearekin. Bi zunda hauek Phobos izeneko misioaren barne daude, Martitz ezezik bere satelite hau delako helburu nagusia.
Hau ez da Martitz aztertu asmoz egingo den misio bakarra. EEBB-ak Mars Observer egitaraua prestatzen ari dira 1992.ean jaurtikitzeko (hasiera batean 1990.ean bidaltzeko asmotan ziren). Mars Observer ek oso orbita hurbila hartuko du eta azterketa oso sakona egingo du Martitz osoaren gainazalean zehar. Bere konposizioa eta mineralogia arakatzeaz gain, martiztar eguratsaren eta bere osagai garrantzitsuen eta hautsaren zirkulazioa aztertuko du urtaro guztietan zehar.
Proiektu guzti hauek bukatu ondoren, sobietarrek eta iparramerikarrek elkarlanean beste misio bat prestatuko dute planeta gorritik laginak ekartzeko, Martitz-eko gainazalean higituko den rover batek jaso ondoren. Guzti hau egin ondoren bidaia hornituaz pentsatzen has gintezke, baina honetaz hurrengo batean mintzatuko gara.
Bukatzeko, sobietarrak 1992.erako Vesta izeneko asteroidea aztertzeko izen bereko misioa gertatzen ari direla iparramerikarren laguntzarekin esango dugu. Jakina denez, Vesta Martitz eta Jupiter artean dagoen asteroide zerrendako gorputzetako bat da.